IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2005 - 16. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Kepa Matxain

Kepa Matxain

AITORMENA

Doinua: Bizia ez da nehoiz egiten



BERTSOA
D KATEGORIA


1.-
Institututik irten orduko,
bukatzean nire lana,
arratsaldea igarotzera
beti joaten naiz zugana.
Ezin da hitzekin adierazi
zugan sentitzen dudana,
zugatik emango nuke nire
barruan daukadan dana
zuk uste baino askoz gehiago
zaitut gogoko laztana.
2.-
Izugarri dotorea zara
eta biziki eztia,
nahi zenukeen dena emango
nizuke, banintz aztia.
Halabeharrez, kasualitatez
izan banintz eguzkia,
zugana bidaliko nizuke
maitasunaren izpia,
printza harexek argi diezazun
zure bizitza guztia.


3.-
Nire eskua pasa nahi nuke
zure azal leunean
gorputza xuabe-xuabe laztanduz
biok elkarren parean.
Baina gauza bat esan nahi dizut
aitortuko dut ostean:
nire kasuan lehengo eguzkia
zu zara azken finean,
nire bizitza argitzen baitzait
ikusten zaitudanean
4.-
Bihotz-bihotzez maite dudana
aurkitu dut azkenean,
arratsaldetan eseri ohi naiz
maiz zure aldamenean,
gure artean isiltasuna
beste ezer ez denean,
gure begiradak elkarrekin
gurutzatzen direnean,
nolabaiteko sentimendu bat
sortu ohi zait barrenean


5.-
Zu ikustean sarri ahotik
atera ohi zait lerdea,
nire ondotik joango bazina
galduko nuke kordea.
Nahiz ta arratsa ematen dudan
zure alboan gordea,
zure aldean dirudit arras
zikina eta urdea.
Zu niretzako egina zaude
ni zuretzat ez, ordea.
6.-
Egun orotan agurtzen zaitut
baina zuk kasurikan ez;
hitz egidazu arren, faborez,
hitz egidazu mesedez.
Lehenago arras lagunak ginen
baina orain da aldrebes;
konturatzen naiz, azkenaldian,
egin nahi didazu ihes,
zure burutik azkar joango naiz
baina zu niretik nekez.


7.-
Gauero, maite, zure alboan
egin nahi dut lo, jakina!
amak, bestalde, ez dit uzten ta
horrek ematen dit mina.
Nola ez dakidan maite nauzun
nik zu maitatu adina,
hona maitasuna aitortzeko
egin dudan ahalegina,
bertso sorta hau zuretzako da
nire sofa pinpirina.