|
IZAR BAT IZAN NINTZEN
(Doinua: Naufragoarena)
|
|
Izengoitia: Maradona
Lehiaketa mota: bertsoa
Kategoria: F
|
|
|
-1-
Trapuzko baloi, trapuzko bota,
trapuzko etxe eta arropa.
Mundu zuriak ahaztutako
herri batean jaiota. (bis)
Eguneroko borroka
familiaren erronka,
ni, berriz, pozez saltoka
ez gosea ta ez miseria
ez zitzaizkidan inporta,
zeinen aberats sentitzen nintzen
baloiari ostikoka. (bis)
|
-2-
Nahiz izan txiki, nahi izan mehar,
nola ez nintzen ibiltzen baldar
Europa aldetik begiraleek
egin zidaten deiadar. (bis)
Nahiz haseran joan koldar
aldatu nintzenez azkar,
ni bihurtu nintzen izar.
Lehen taldera igo ninduten
baina agian azkar samar,
beti goseak ibili eta
orain mundua jan behar. (bis)
|
|
|
-3-
Denboraldi on ta aproposa,
ni zoriontsu, zaleek poza.
Gol batzuk sartu nituen eta
heldu zitzaidan kaosa: (bis)
Talde handien ahotsa
ez zitzaidanez arrotza
milioiz bete nuen poltsa.
Nondik netorren ahaztu nuen
oroitze hutsez naiz lotsa,
txin-txin bihurtu zitzaidalako
bihotz taupadaren hotsa. (bis)
|
-4-
Mila partida ta erremate,
zulatu nuen milaka ate,
garaikurrekin nituen gure
klubaren bitrinak bete. (bis)
Arrakasta hain zen merke,
ospea nuen estalpe,
oinak lurretik aparte.
Lehenengo mailan pasa nituen
dozena erdiren bat urte,
lehen nik maitatzen nuen futbolak
ni maite ninduen arte. (bis)
|
|
|
-5-
Famatu egin eta gutxira
aldizkaritan nuen segida:
-Begira horri, honekin dabil.
-Keba, harekin hasi da. (bis)
Zurrumurruen erdira,
hori ez nuen desira.
Ez ziren nitaz gupida.
Baina astero irteten nintzen
zelaiko foku argira,
ez nintzen lasai ez banituen
milaka begi begira. (bis)
|
-6-
Urteek egin zuten aurrera,
diruz betea nuen kartera.
Lesio batek erditik moztu
zuen nire ibilera. (bis)
Gero ez nintzen lehengo bera
eta azkenean zera:
erretiroa hartzera.
Nahiz ta kostata iritsi nintzen
bizitzaren gailurrera,
ohartu gabe erori nintzen
amildegitik behera. (bis)
|
|
|
-7-
Bihotz barruan nolako pena,
zenbat arazo, zenbat problema.
Bakardadea nuen zigorra,
bakardadea kondena. (bis)
Ez nintzen lehen nintzena,
galdu nuen nuen dena,
hara egiten nuena:
maiz hauts zuria sartu ohi nuen
sudur zulotan barrena
bera bihurtu zitzaidan arte
nire lagunik onena. (bis)
|
-8-
Urrezko baloi, urrezko bota,
urrezko etxe eta arropa.
Zenbat argazki, zenbat aipamen,
zenbat sari eta kopa. (bis)
Lehen sartzen nuen gol sorta
eta orain, berriz, koka.
Neure burua gorrota,
ez dirua ta ez arrakasta
ez zaizkit eta inporta,
zeinen pobrea sentitzen naizen
bizitzari ostikoka. (bis)
|
|