IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2005 - 16. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Iera Aranburu

Iera Aranburu
KATUXA
D KATEGORIA
GUTUNA
2.989 KARAKTERE


2005eko urtarrilaren 14a

Liburutegiko arduradunari,

Ni “Eraztunaren Jauna”-ren lehenengo liburua naiz, “Eraztunaren elkartea”, eta apalez aldatzeko eskatzen dizut. Eskaera hau betetzea nahiko nuke, zeren ondokoekin bizikidetza ezinezkoa baita; ezin dut gehiago jasan! Ez badidazue sinisten, irakurri ondoren datozen bronkak, arazoak, …

Ni, dakizuenez, abenturetako eta fantasiazko liburu bat naiz eta liburu batzuekin lehia handia dut erosteko garaian eta liburutegian liburuak uzteko garaian. Ba, horietako liburu batzuk “Harry Potter” eta “El código da Vinci” dira. Eta, nola ez, irailean liburutegiak irekitzean, liburu batzuk apalez aldatu zituzten, eta horietako bat ni neu izan nintzen, eta, zoritxarrez, liburutegian zegoen tokirik okerrenean jarri ninduten: nola ez, “Harry Potter eta sorgin harria”-ren eskubian eta “El código da Vinci”-ren ezkerrean. Hura bai zela infernua! Nire liburu-bizitzako egunik okerrena izan zen (nire emaztea izan zenarekin ezkondu nintzen eguna kenduta). Lehenengo egunetik bizitza ezinezkoa egin zidaten: lehenengo gauean, ni jada lotan nengoela, nire ezkerrekoak (“Harry Potter”ek) eskubirantz bultzatu ninduen eta “El código da Vinci”-ren aurka joan nintzen. Kolpeak esnatu egin ninduen, eta, tamalez, hura ere bai. Amorru biziz, nik nahita bultzatu niola uste baitzuen, karrerila hartu, eta bultzada handi-handi batez lurrera bota ninduen. Gau osoa lurrean buruz behera botata egon nintzen.

Hurrengo goizean, garbitzaileek lurrean aurkitu ninduten, eta, ezer gertatu ez balitz bezala, berriro nire tokian utzi eta hurrengo saileko lurra garbitzera joan ziren. Aurreko azala erdi puskatuta nuen, eta ez zidaten kasu zipitzik egin. Noski, nire tokian berriro uztean nire eskuinekoak hau esanez mehatxatu ninduen: “Berriro molestatzen banauzu, ez duzu zure bigarren kapitulu osoa berriro ikusiko, ados?”. Eta nik, ikaraturik, hau erantzun nion: “Ados, baina …”. Esaldia bukatu gabe geratu behar izan nuen, bota zidan begirada ikustean. Benetan, beldur handia ematen zuen! Eta, nire ezkerrekoa, hau guztia gertatzen ari zen bitartean, barreari eutsi ezinik zegoen. Denboraldi batez ez zen ezer gertatu, baina urriaren 23an, berriro jokaldi berdina egin zidaten. Oraingoan “El código da Vinci”-k bultzatu ninduen, eta “Harry Potter”-ek lurrera bota. Honetan, atzeko tapa zeharo hautsi zitzaidan, eta ez hori bakarrik, 17. eta 18. kapituluak galdu nituen. Eta handik aurrera, ez dira gelditu ere egin. Gorputzeko kapitulu guztiak galdu ditut, hasiera izan ezik, zorionez hasierarekin jarraitzen dut

Uste dut apalez aldatzeko arrazoi nahikoa dela. Jada nire urteak ditut eta nitaz aprobetxatzen ari dira. Orain ez da gaztetan bezala gertatzen, erori eta bi egunetan ondo jartzen zinela. Ez zait asko falta jubilatzeko eta nire edizio berdineko kide bat etortzeko ni ordezkatzera. Horregatik, nire azken egunak toki lasai batean eman nahiko nituzke. Adibidez, “Hobbit” liburuaren ondoan, edo “Eragorn” ere ez litzateke gaizki egongo … Badakizu, oso liburu erakargarriak dira eta…

Hori zuen esku dago, baina, mesedez, alda nazazue tokiz! Asko eskertuko nizueke. Eta bide batez, Okendo liburutegia uztean, nire herentzia nire anaiei utzi nahi diet. Eraztunaren Jaunaren bigarren eta hirugarren liburuei erdibana. Nire azken bi desirak betetzen badituzue, lasai joango naiz. Berriro eskertzen dizuet eta nire saileko arduradunaren zain gelditzen naiz, eskuetan hartzeko eta bi liburu nazkagarri horiek atzean uzteko.

Adeitasunez,