|
Urteen egoitza, 2004ko abenduaren 31
2005 urte maitea,
Zer moduz zure estreinu aurreko egunean? Urduri, ezta? Ba lasai, ez larritu, ni ere halaxe nengoen duela 365 egun, nire estreinu aurreko egunean, eta seguru 2003, 2002, 2001 eta gure aurretik egon diren gainerako urteak ere berdin egon zirela. Normala da zure aldian zer gertatuko denari buruzko ezjakintasun horrek lasai egoten ez uztea, eta aldia nolakoa izango den jakiteko nahia edukitzea. 1945. urtea bezain gatazkatsua izan zaitezke, ala 1969 bezalako abenturazale eta modernoa, edo agian 1970. hamarkadakoak bezain musikaria. Baina hori orain ez duzu jakiterik, eta, noski, zuk ezin duzu ezer egin hori erabakitzeko. Beraz, nire esperientzia jarraituz, zera gomendatzen dizut: lasaitu zaitez, irakurri nire gutun hau arretaz, eta prestatu ordu gutxi barru hasiko den zure bizialdirako.
Lehenengo eta behin, nik, 2004ak, nire bizialdian gertatutakoa kontatuko dizut. Ni ere zu bezala hasi nintzen, urduri, 2003 zaharraren erreleboa hartuta. Ez nuen egiteko erraza, egia esan, urte gehientsuenok bezala. Aurreko urteak arlo askori buruzko kezkak uzten zizkidan, besteak beste gatazkak egon zirelako, pobrezia nabari zelako, aurrerapen teknologiko berriek konponbide asko bai baina zalantzak ere ekarri zituztelako, ingurunea gero eta kutsatuago zegoelako, izaki bizidunen espezie asko galtzeko arriskuan zeudelako... Orokorrean, aurreko urte askotan gertatu zen bezala, honek ere gauza asko zintzilik uzten zituelako nire aldiak konpon zitzan. Egia esan, egoera okerragoak ikusita nituen, hala nola, historiako klaseetan ikasi izan ditugun Mundu Gerretako urteen egoera, lehen aipatu dizudana. Baina seguru nago zuk ere klaseetan asko ikasiko zenuela zure aldia prestatzeko, eta ikusiko zenuela aldi bakar bat ere ez dela erraza, nirea ere izan ez den bezala.
Beno, eta azkenean, galdera horiek guztiek eta nire barruan zeuden dudek etengabe kolpatzen ninduten bitartean, nire lehenengo orduan sartu nintzen, nire lehenengo minutuan. Eta momentu hartan, urduritasun eta larritasun guztiak desagertu egin ziren. Eta badakizu zergatik? Lehenago kontuan hartuta ez nuen zerbait gertatu zelako, gauza zoragarrien artean zoragarrienetako bat: nire aldiko lehen izaki biziduna jaio zen. Eta sinesten erraza ez den arren, 2005 maitea, lehenengo jaio zen izaki bizidun hori ez zen munduaren kontrola lortu duen gizakien espezieko haur bat izan, ez. Lehenengo izaki bizidun hori bere arrautzatik atera zen dortoka txiki bat izan zen. Eta izugarri hunkitu nintzen! Hala, egun hartan jaio ziren izaki bizidun guztiekin txoratzen jarri nintzen, hazi txiki batetik sortutako landaretik hasi eta gizakiek izandako haurretaraino. Hurrengo egunekoekin ere izugarri gozatu nuen, eta hurrengoekin, hurrengoekin...
Eta hori da esan nahi dizudana. Nik nituen zalantzak munduko arazo handienetan kokatuak zeuden, gizarteari begiratuta kontuan hartzen nituen arazoetan. Eta horietan atentzioa jartzea gaizki ez dagoen arren, ez da hori, ezta gutxiago ere, begiratu behar den bakarra. Nire bizi aldiko egun bakoitza zoragarria egin duena izaki bizidun bakoitzaren bizia izan da. Egia da batzuk besteek baino hobeto iragan dituztela. Egia da baita ere hasieran nituen arazo handi horiek bere garrantzia izan dutela biziak hobeto ala okerrago eramateko. Eta ez dut zalantzarik zuk izango dituzun kezka nagusi horiek ere oso garrantzitsuak izango direla esaten dudanean.
Baina, nik, urte berri, arren eskatzen dizudana zera da: ni bezala urte amaieran, edo urteko edozein momentutan, ordura arte gertatutakoaren ikuspuntu bat eman behar duzunean, ez zaitez begiratzen jarri arazo handiak konpondu dituzun ala ez. Begiratu egunero eman diren gauza txikiei, egunero emandako jaiotza bakoitzari, besteak beste. Horrek bakarrik ekartzen duen zoriona nahikoa baita zoriontsu sentitzeko.
Eta ondoren, historiako klaseetan, etorriko diren urte berriek guri buruz ikasten dutena, hori bai ez zaigula horrenbeste inportako! Urte alaiak izan garen, musikariak, dantzariak, ekologistak, eraikitzaileak, margolariak, modernoak, aurreratuak, hunkigarriak, gatazkatsuak, garrantzitsuak... Hori dena bigarren mailan geratzen da, urte horretako gauza txiki guztiek eman duten zorionaren aldean.
Beraz, 2005, honekin agurtzen naiz. Ezin naiz gehiegi luzatu bestela gutuna berandu iritsiko delako, eta urtez urte mantendu dugun ohitura hau hautsiko nukeelako. Baina nik eman nahi nizun aholkua argi geratuko zitzaizulakoan nago.
Ez dut beraz besterik esateko. Gozatu orain hasi eta 365 egun iraungo duen zure aldia, zurea soilik izango delako eta errepika ezina.
Agur bero bat,
2004 urtea
|