IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2005 - 16. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Uxue Navarlaz

Uxue Navarlaz

BIZITZA ALDATU ZITZAIDANEKOA



Izengoitia: Loti
Lehiaketa mota: Gutuna
Kategoria: C
Karaktereak: 4.886


Orain dela egun batzuk Donostiara iritsi nintzen. Gurasoak banandu zirenetik, ama eta biok honantzako bidaia egiten eman genuen denbora guztia. Ni alaba bakarra naiz. Lehen Parisen bizi ginen. Nik ez nuen Paristik alde egiteko asmorik, han izan nahi nuen hil arte. Hamabi urte bete nituenean nire ametsa hondatu zidaten hiri hontara ekartzean. Hemen ez nuen lagunik, oso hiri itsusia zen… eta okerrena, ez nekiela hemen erabiltzen duten hizkuntzaren arrastorik ere. Abuztuan, amak esaten zuen hondartzara joan behar genuela, baina… nik ez nekien zer zen ere. Aste hura bukatzean ikastolara joan behar nuen.

Nire ikastolako lehen egunean oso urduri nengoen. “Nolakoak izango ote dira nire lagun berriak?” pentsatzen nuen. 8:10ean ikastolan sartu eta batzuk, ni seinalatuz, horrelako zerbait esan zuten:

Hogi ez al da guge gelaga etogiko den neskato begia?

Nik ez nien ezertxo ere ulertu. Zortzi eta erdietan gelara sartu ginen denok eta irakasleak eskuaz keinu bat egin zidan ni berarengana joateko. Denak eserita zeudenean, irakasleak ni aurkeztu egin ninduela uste dut. Ni, orduan, tomatea baino gorriagoa jarri nintzen. Ondoren, Euskara jartzen zuen liburua hartu nuen. Nik, tapan, horrelako zerbait irakurri nuen: “DBH, Euskaga, hizkuntza”.Nik euskarazko hitz pare bat ikasi nituen egun hartan: “kaixo” eta “agug”. Bigarrengoa ikastea kosta egin zitzaidan. Arratsaldearekin batera etxera joateko garaia heldu zen. Ama etxean zegoenez, oinez joan behar nuen etxera. Etxera iritsitakoan, oso triste jarri nintzen. Lehen egunean ez nuen lagunik egin eta ez nuen ia ezertxo ere ikasi.

Aste bat pasatakoan berdin jarraitzen nuen. Beno, euskara zertxobait ulertzen nuen, baina lagunek burla egiten jarraitzen zuten. Beti bezala, ikastolara joan nintzen. Ikastolan sartu orduko, nitaz hitz egiten hasi ziren. Gelan sartutakoan irakasleak nola nengoen galdetu zidan. Nik, noski, ondo nengoela erantzun nion, egiazko irribarrea imitatu nahian. Baina, konturatu egin zela uste dut. Klaseak betikoak izan ziren: Matematika, Gizarte, Euskara, Ingelesa, Natur eta Frantsesa. Ni, pentsatuko duzuen bezala, frantsesean onena nintzen, baina besteetan, euskara ez nekienez…, desastre hutsa. Bazkal ordua iristean, Mikel eta bere koadrila eroa ogia botatzen hasi zitzaidan. Batzuk platerera botatzen saiatu ziren eta hau esaten zuten ingurura iristen baziren:

Ia sartu dut!

Edota:

Uiiiiiiiiiiii!

Ni kezkatzen hasia nintzen, konturatu bainintzen ikaskideek baztertu egiten nindutela. Geroxeago, atarian geundela, 6. mailako batzuk hurbildu zitzaizkidan hau esanez:

Nola duzu izena?

Nik ez nien ezertxo ere ulertu eta hau erantzun nien:

Nik,ez, zuei ulertu.

Guk zuri izena galdetu dizugu.

Ah! Nire izena Monique da. Eta zuena?

Nire izena Itziar da. Eta hauena: Maite, Eneko, Jaione, Ainhoa…

Horrela bere koadrilako guztien izenak esan zizkidan. Niri izenik errexenak ere ahaztu egin zitzaizkidan. Handik gutxira hau esan zuen Ainhoak:

Beno, ni gelarantz noa, irakasleak zigortu baino lehen.

Korrika joan zen, eta besteak, bere atzetik. Ez zidaten ez “agur” ezta “bihar arte” esan. Ni ere gelara joan nintzen.

Arratsaldeko seiretan etxera iritsi nintzen. Amak kezkaz betetako aurpegia jarriz, hauxe galdetu zidan:

Ondo al zaude?

Nik dena kontatu nion. Amak, ni poztu arren, boilo denda batera eraman ninduen. Han gauza goxo guztiak erosi genituen: bonboiak, kurasanak, tarta bat eta txokolate zati bat. Etxerako bidean, Josune izeneko ikaskide bat hurbildu zitzaidan. Hauxe galdetu zidan orduan: .

Etorri nahi al duzu nire etxera?

Nik, amari irribarre handi batez begiratu, berak irribarrea bueltatu, eta baietz erantzun nion Josuneri. Amak hauxe esan zidan alde egin baino lehen:

Nahi baldin baduzu konbida dezakezu lotara, baina zortzi eta erdietan etxean.

Nik muxu bat eman nion eta Josunerekin bere etxerantz abiatu ginen. Hau izan zen bidean izan genuen gure arteko elkarrizketa .:

Ez zabiltza oso ondo, ezta?

Ez. Ikastolan ez dit inogk kasu egiten, hizkuntzagekin agazoak ditut eta bugla egiten didate.

Nahi baduzu, lagundu egingo dizut, baina nik ez dizut ezertxo ere agintzen.

Eskegikasko, eskegikasko. Benetan eskegtzen dizut.

Konturatu ginenerako zortziak ziren eta nik etxerako bidea hartu nuen. Hurrengo egunean ez nuen ezberdintasunik nabaritu.

Azterketa garaiak iristen ari zirenean, Josunek eta nik batak besteari laguntzen genion. Berak Frantseseko azterketa guztiak suspenditzen zituen eta nik Euskarakoak. Nik berari frantsesa erakusten nion eta alderantziz. Piskanaka ikasten hasi ginen. Azterketa garaia iritsi zenean, biek, bi hizkuntzetan Bikain bana lortu genuen. Ni pozez txoratzen nengoen, “rr”a esaten ere ikasi bainuen. Ikaskide guztiek galdetzen ziguten nola egin genuen. Erantzuna jaso zutenean denek izan nahi zuten gure lagunak.

Orain lagun asko ditut eta oso pozik bizi naiz Donostian.