IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2005 - 16. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Jon Iraola

Jon Iraola

HITZ MAMITUAK

(Inprobisazioa)





Izengoitia: Oliver Bulls
Lehiaketa Mota: Ipuina
Kategoria: F
Karaktere Kopurua: 26.078





solairu. iz. 1. Eraikin bateko bata bestearen gaineko bi maila edo pisu bereizten dituen egitura horizontala, goikoaren zoladura eta behekoaren sabaia osatzen dituena.

Goiko solairuko neskatxa noiz dutxatuko zain egoten nintzen ohean etzanda sabaiari begira. Ni baino bi urte gazteagoa zela esan zidaten, baina bost axola niri. Zer arraio. Gasaren instalazioa eta gure eraikinaren egoera kaxkarra aprobetxatuz, nire gela eta bere dutxa konektatzen zuen zulotxoa egitea lortu nuen egun hauetako batean. Eta idatzi laburrak bidaltzen nizkion zulotxotik batzuetan, hitz soilak gehienetan.





laba. iz. GEOL.Erupzioan dauden sumendietatik jariatzen den materiala. Hoztean solidotu egiten da eta harri bolkanikoa osatzen du. Sumendien inguruko eremu zabaletan hedatzen dira.

Baina ez dezagun gertakaririk aurreratu. Don Alfontso irakasle dotore-dotoreak besoak airean astinduz eta kizkurrak ezker eskuin tenkatuz esango lukeen bezala, gatozen harira, has dezagun istorioa hasiera-hasieratik. Idazlea bera ere biluztu arte!, gehitu ohi zuen lizun halakoak.

Liburu onak laba bolkanikoaren antzekoa izan behar du, jarraitzen zuen batzuetan: irakurtzean eragindako eztanda eta berotasunaz aparte, denbora jakin batera, demagun hamar hilabetetara, edo, agian, lehen irakurketatik bost urtetara, irakurketa honek gugan sortutako geruza bolkanikoak burmuinean iraun behar digu. Are gehiago: magma horrek ez digu momentuan burmuina urtu behar; beste jakinduria kapa bat erantsi behar digu.

Konparazio horretan bertan ari nintzen pentsatzen, ohean etzanda, mugitu ezinik, begirada sabaiko lanparan nuela, nire bizilagun berriaren arropa izerdituek eta honen gorputz biluziak biok banantzen gintuen horma lehen aldiz ukitzen sentitu nituenean. Larraitz zuen izena. Larraitz, afaltzera!, Larraitz, etxeko-lanak egin al dituzu?, Larraitz, txukundu al duzu gela?... Eta labak dagoeneko burmuina urtu baldin badigu zer?





saxofoi. iz. MUS. Metalezko haize-instrumentua, klarinetearen antzeko mihi bakarra eta giltzak dituena. Zazpi saxofoi-mota daude baina erabilienak sopranoa, altua, tenorea eta baritonoa dira.

Baina goazen denboran atzerago. Askoz ere atzerago.

Larraitz gure eraikinera etorri aurretik, saxofonista itsu bat nuen bizilagun. Blues-a atsegin zuen eta ezkutuan, sukaldearen bakardadean mozkortzen zen. Negar egiten nuen bere kantekin, ume abandonatu eta amaorde gupidagabeak baitziren beti istorio labur horien protagonistak. Mozkortzean, egunen batean saxofoia leihotik behera botako zuela egiten zuen ulu, eta egun horretan bertan anaiari barkamena eskatuko ziola, eta zerritoki hura salduko zuela, eta anaiarekin batera Pragako langostinoekin batuko zela.

Saxofoi triskatu bat gure eraikinaren ondoko espaloian ikusi nuenean jakin nuen itsuak behin betiko ospa egin zuela.





haginak berdindu. (B) Heldutasuna iritsi, zentzutasunera heldu.

Haginak txikitu zizkidatenean berdindu zitzaizkidan. Halaxe gertatu zen, eta eskerrak. Oraingo neskei gizon helduak gustatzen baitzaizkie.

Hip-hop eta break-dance zalea nintzen. Zale amorratua. Nire lagun min Josuk eta nik neuk, gure artea kanporatzeko saiakeretan, herriko lekurik erakargarrienetan dantzatzen genuen. Musika eskolan hasi ginen, nahiz eta gure benetako estreinaldia (kartel propagandistiko eta guzti) zaharren egoitzan izan. Gutxi batzuk antzina herrira etortzen ziren ijitoak ginela uste izan zuten lehenengo aldian, a ver qué potingues nos intentan vender, beste batzuk, berriz, gure musika eta discman-en aurkako azaldu ziren, esos cachivaches no deben ser buenos pa´ los oídos… tanto bombo y platillo…, askok eta askok, komunistak izaki, gazteria berriaren iraultza gose deformatuarekin identifikatu zuten gure emanaldia, batek daki zergatik. Arropa amerikar eta bost puntako izarren nahasketagatik akaso.

Hala ere, hurrengo pausua gure emanaldien helburu, egitasmo eta lekuak aldatzea izan zen. Gure intentzio irmoenak probokatzea eta propaganda egitea ziren. Ildo beretik, nolabaiteko mezu bat igortzen genuen lau haizeetara, Etzegokena. Ez genekien nondik zetorren, ezta jatorrian forma bera zeukan ala ez, baina bion ustetan egokiena zen. Diferenteak baikinen. Berriak. Iraultzaileak.

Behin baino gehiagotan dantzatu genuen ume txikien parkeetan, arrats eguzkitsu batean plazako kioskora ere igotzea lortu genuen bost bat minutuz… Alabaina, gure emanaldirik gogoangarrienak kale nagusiko zebrabideetan egin genituen. Berria herri osoan zehar zabaldu zenean, Josu eta bioi jarraitzaile talde txiki bat elkartu zitzaigun. Etzegokena taldea osatu genuen. Zebrabide erdian dantzatu ohi genuen, imajinatu ezineko auto-ilarak sortuz. Gutako batzuk gorputzarekin asfaltoan barraskiloak eta airean dragoiak marrazten genituen bitartean, besteek foileto eta paperak banatzen zizkieten etsitako gidariei.

Esperientzia aberasgarria izan zen, polizia batek gomazko pilota horietako batekin gutako bati gibela desitxuratu eta auto batek bortizki harrapatu ninduen arte.





helize. iz. Ardatzean dituen palak motor batek biraka mugituz dabilen propultsio-, euste- edota trakzio- -aparatua, ontziak eta hegazkinak abiarazteko erabiltzen dena.

Ohean etzanda igarotzen nituen orduak. Aste batzuen buruan ibiltzeko gai izango nintzela, baina bitarte horretan egunaren zati handienak etzanda igaro beharko nituela jakinarazi zidaten. Amak ohea leihora begira jarri zuen, muinoa eta zerua gutxienez ikus nitzan. Azken honetan hegazkin baten arrasto zurixka begiztatu nuen behin, hodeiei hankazpian kilima eginez. Hauen helizeak imajinatu nituen, jira eta buelta, ezereza behin eta berriz moztearen poderioz aspertuta. Neure burua ere helizeen erotasunarekin hasi zen martxan, oraingoan gogaitasuna xehatzearren. Hankarik ez duenak, antza, burua erabili behar.

Bai, haginak berdindu zizkidaten. Boterearen aizkora zorroztuarekin.

Taldea behin betiko utzi nuen. Jarraitzaile eta partaide kopurua handiagotzen ari zen arren, eta Josuk mugimendu honen sortzaile, aitzindari eta ideologo nintzelako milaka bider taldea ez uzteko erregutu izanagatik, bertan behera utzi nuen dena. Pikutara. Hortik aurrera, eta hankak osatu zitzaizkidan arte, ez nuen lagun bat bera ere ikusi.

Bizilagun berriak genituela konturatu nintzen eta hauen kide zen Larraitz zelako neskatxaren ordutegiak aztertu eta memorizatzeari ekin nion.

Poesia idazten hasi nintzen.







Capri. Italiako irla, Napoliko golkoan; 8.000 bizt. Turismoa. Zitrikoak. Erromatar aurriak.

Julen Capri medikua zen eta hanketan nuen arazoa konpontzeko etortzen zen gurera. Harmonika jotzen zuen, zirkulazioarentzat ona zela esanez, plaketak eta globulu gorriak animoso jartzen zituelako. Nik musika jotzen banekiela esaten nion, eta hankek akordeoiaren pisua jasan zezaketenean arteriak ere dantzan jarriko nizkiola agindu nion.

Bere arbasoak italiarrak zirela kontatu zidan behin, Capri irla Napoles ondoan baitago. Umezurtz-etxetan abandonatutako haurtxoei jaio ziren lekuko abizena jartzen bide zitzaiela azaldu zidan, kasu honetan Capri. Eta seguru zegoela erregetasunaren odol urdina zebilkiela zainetan barrena, irla hori jauntxo eta aberatsez populatua egon baita betidanik. Familiako ardi beltza izango zela erantzuten nion horrelakoetan.

Julenek nire poesia irakurtzen zuenean barre egiten zuen. Mindu egiten ninduen bere jarrerak eta bihozgabe hutsa zela aurpegiratzen nion. Hark bolada hura jada pasea zuela esaten zidan, urteen poderioz barrenak ez zizkiola horrenbesteko gorabeherarik ematen eta dena nire hormonen alterazioei egozten zien. Zahartzen ari haizen seinale, botatzen nion orduan. Bere baiezkoarekin amaitzen genuen tirabira.







pipi. iz. 1. ZOOL. Anoboidoen familiako intsektu koleopteroen izen arrunta. Landare-substantziez elikatzen dira eta zenbait espeziek altzarietako egurra jaten dute.

Pipi bihurtu nintzen aldi batez.

Leihoaren zirrikitutik zeharka-meharka zetorren goizeko behe-lainoak adimena estali zidan eta ezin izan nuen ametsik zehazki gogoratu. Hori bai, mugitua izan zen, nahasia, urduria.

Jaiki orduko ohartu nintzen nire belztasunaz. Bi begi nituen, handiak oso eta elkarrengandik zeharo urrunduak. Ahoan mingainaren ordez metalezkoak ziruditen gako-formako bi xafla sentitu nituen eta azala guztiz sumaezina zitzaidan. Honen ordez plastiko moduko geruza batek babesten ninduela ohartu nintzen, eta hauei atxikita hiruki formako hamar hankatxo grinatsu nituela.

Bat-batean, indar ezezagunen batek eraginda segur aski, alehop! sabaira egin nuen salto. Zorionez, atzeko bi hankatxo ezinduak ez ziren traba nahi nuen moduan alde batetik bestera mugitzeko.

Birritan pentsatu gabe lanari ekin nion. Larraitz eta biok banatzen gintuen zati fisikoa karraskatzen hasia nintzen amaren lehen deiadar kezkatia entzun nuenean. Non zaude bihotza?

Momentu horretan nire gurasoek ohetik altxa ere ezin zuen semea desagertua ikusteak ez zidan inporta. Momentu horretan, nahiz eta bost milimetrokoa izan, pipi atomikoa bainintzen.

Erran eta egin, halaxe funtzionatzen zuen ene inkontzienteak. Nire logela Larraitzen bainugelarekin elkartuko zituen zulotxoa bukatu bezain laster hartu nuen lo eta goiz partean, esnatzerakoan, gizaki nintzen berriz ere.





nolako. 1. gald. (izlag.) Zein eratakoa, zein modutakoa. Nolakoak nahi zenituzkete? 2. Harridura adierazteko hitza.

Ile kizkurra, luzea eta soltea, sudur argal eta makurra, kokospeko eta patila finak, gelako atea adinako gizon gihartsua zen Julen Capri medikua. Askotan, hitz egiten ari nintzaionean batez ere, nire begirada saihestu eta leihotik begira jartzen zen. Bere begietan teilatu proletarioetako ke mardulen isla ikusten nuen, gailurrera sigi- -sagan doazen bide malapartatuak bailiran.

Paisaiak barrena xurgatzen zionaren ziurtasuna nuen.

Poltsikotik harmonika atera eta nire hitz jarioa lehortu arte itxaroten zuen notak elkarren artean harilkatzen hasteko. Azken putzaren ondoren galdera edo istorioak kontatzen zizkidan koma bakoitzean nekatuta erortzen zen tonuarekin. Ea noizbait hegazkinen helizerik ikusi ote nuen, ea idazleen autoak hagitz poetikoak zirela ba al nekien, lagun batek poeta ona izateko gidari txarra izan behar omen zela esan bide ziola, izaki mikroskopikoen fabula ezagutzen al nuen…

Mon cher médecin deitzen nion nik. Hark, zekien frantses apurra Moustakiren letretatik ikasi zuela esanez, le écrivain esaten zidan.





hipokrita. iz.eta izond. Hipokrisiaz jokatzen duena, barruko benetako izaera ezkutatzen duena.

Bere gaztetako poemak irakurri zizkidan goiz batean kontatu nion dena. Izarekin aurpegia erdizka estali nuen eta sabaian zulotxo bat egin nuela esan nion, nire poemak goiko neskatxaren eskuetan bakarrik irudikatzen bainituen. Lan bikaina egin nuela esan zidan eta ideia apartekoa zela, baina nahitaezkoena ekintza zela, hau da, luma bat hartu eta ganoraz idazten hastea. Baina lumak ez zuen nolanahikoa izan behar. Pertsonen barrua orrialdean islatzen abila izateaz gain, hein handi batean hipokrita ere zen boligrafoa ei zen egokiena. O poeta e um fingidor, omen zioen Pessoak.

Julenek hitz eman zidan nerabezaroan erabili zuena ekarriko zidala. Batzuetan hegan sentituko nuela abisatu zidan, bestetan malgu, noizbehinka pisutsu. Pantasi kontua, mon écrivain, pantasi kontua.





mauritaniar. izlag. Mauritaniakoa dena. Mauritania. (ar. Al-Jumurijah al-Islamijah al-Mauritanijah; fr. République Islamique de Mauritanie). Afrikako M-ko estatua. Lurralde desertikoa da eta klima lehorra du. Artzantza nomada da. Burdin hobiak esportazioen oinarri dira.

Gurasoak oheratzean, play sakatu eta betaurrekodun baten ahots deformatua entzun ohi nuen. Nola garraiatzen ninduen sentitzen nuen, akorde bakoitzak bere bultzada emanez, memoriaren labirintora. Bertara sartu, ate bat ausaz ireki eta akordatzeari ekiten nion.

Banuen lagun bat lehenengo aldiz elurra ukitu zuenean "sua, sua!, erre, erre!" garrasi egin zuena. Mendi garaietara joatean hodeiei sugar deitu zien, eta mendiei sumendi. Zeruan dauden hildakoen penak euriaren bidez erreketan barrena itsasoratzen zirela esan zigun eta, ondorioz, gizakiok beti edukiko genuela tristuraren bat ura edaten jarraitzen genuen bitartean. Behe-lainoa zuhaitzen hatsa zela erakutsi zidan, eta biluztu bitartean estalki moduan erabiltzen zutela aipatu zidan.

Basamortuan bizi zen garaian ilargi osoa ikustea laket zuela aitortu zidan eta behin baino gehiagotan, zeru gaindiko legeak desafiatuz, pomelo bilakatzen zela. Ilargia pomelo bihurtzean, isurtzen zuen tanta bakoitzeko izar berri bat sortzen omen zen. Eta tantaka jarraitzen zuen, harik eta eguzkiak gaua lehortzen zuen arte. Zerua ere, gauez, basamortu zen, kontatu ezineko pomelo tantek, iluntasuna estaltzearren, hondar aleen moduko mantua osatzen baitzuten.

Bizikleta zaharkitu bat erregalatu genion. Pintatu egin genuen eta saskitxo bat jarri genion atzeko gurpilaren gainean. Bizikletan kaleak erakutsi nizkion, eraikinak, parkeak, tren geltokiak, tabernak. Bukatzeko, hondartzan bainatzen ginen, uretara zein lehenengo iritsiko lasterka. Hark, etxera bueltan ginen batean, bizikleten jira-biran eta olatuen joan-etorrietan oinarritutako adiskidetasunak luze iraungo zuela esan zidan. Besarkatu egin nuen.

Zoritxarrez, beharrak eraginda, udazkeneko lehen arrasto gorriztekin batera egin zuen alde hiritik. Malkoak besarkada eta bizkarreko kolpe lagunkoiekin estali genituen eta, hurrengo loraldia amaitzean, ilargia pomelo nola bihurtzen zen elkarrekin ikusiko genuela egin nion zin.





estreina(tu). du ad. 1. Zerbait lehen aldiz erabili. Soineko bat estreinatu. 2. Filme, antzezlan, komedia edo bestelako ikuskizunen bat lehen aldiz eman edo antzeztu.

Hankak aste luzez mugitu ere egin gabe eduki ondoren, errehabilitazio prozesua hasteko ordua zela erabaki zuen medikuak. Aurrez abisatu zidaten legez, era honetako prozesuak basamortuko maratoien parekoak ziren eta oraindik lehen kilometrora ere iritsi ez nintzeneko sentsazioa nuen. Bidea luzea eta nekeza duk eta dauden oasiak ilusio optiko huts baino ez dituk, esan zidan osasun-zentrokoak. Bizitzaren antzera, pentsatu nuen.

Kontsulta amaitzear zegoenean, gurpil-aulkian bazen ere kalera atera nendin aholkatu zidaten. Antza zenez, Julenek segituan igarri zuen ene kopetiluna eta mota horretako aulkiei nien ezinikusia. Une horretan bertan, nire gurasoei ea nirekin batera pelikula bat ikustera joan zitekeen proposatu zien, film beltz baten estreinaldirako bi txartel omen zituen-eta. Aita-amek, ezezko argumentuen faltan, plana onetsi zuten eta Julen eta biok hurrengo gaueko hamarrak aldera nire ezkaratz aurrean biltzekotan geratu ginen. Errehabilitazioa hasteak Julen etxera gehiago ez etortzea esan nahi zuen, eta biziki eskertu nahi izan nion nirekin zuen harremana mantendu nahi izan hori. Zer egingo ote diat hire harmonikaren kexurik entzun gabe, mon cher médicin.

Baina egun hartan, aurreko estreinaldi horiez guztiez aparte, humanitateak ezagutzen ez zuen beste bat nerabilkien eskuartean: arrats partera, nire lehen poema bidali behar nion Larraitzi.





gerrate. iz. Gerra-garaia; gerra jakin bat. Kubako gerratea. Liberalen eta karlisten arteko gerrateak.

Eguerdian, saloira sartu bezain laster, horman zintzilik zegoen argazkian neure burua ikusi nuela iruditu zitzaidan. Zigarroa ezpainetan, fusila bizkarrean, kakiz jantzita, kamara baino haratago, etxeko sutondora beharbada, iritsi nahi zuen begirada etsituarekin.

Argazki hura atera zidanari zigarro bat eskaini nion. Haizeak herria inguratzen zuten galsoro emankorrak emeki orrazten zituen. Soldaduak, aspaldian merezitako bazkari oparoaren eraginez, erdi lokartuak zeuden postuetan. Santu-zeinua esan ondoren, mezulari bat herrira sartu eta jeneralaren etxera trostan zuzendu zen, kale nagusiko hautsa harrotuz.

Argazkilariak bere jantzi xelebreei begira harrapatu ninduenean txarolezko zapatak, koloredun gorbata eta gomina bohemioaren beharrezko osagarri zirela esan zidan. Gerizpean patxadan erretzen genuen bitartean, ea andregairik banuen galdetu zidan eta nik bizitza osoan edukitako bakarra bidaltzen nizkion karten poetikotasun faltagatik galdu nuela ihardetsi nion. Berarekin Parisera joateko eskaintza luzatu zidan, argazkietarako balio nuela eta horrelako begitartea edukita zelaian gainka ari ziren zaldien antzera ibiliko nintzela esanez. Cabaretean dantzatzeko moduko jenerala edukita ni zertarako eraman behar ninduen galdetu nion. Biok barre egin genuen.

Azken zupadarekin batera txistu bat entzun genuen. Eta ondoren tiro bat, eta gero garrasiak. Herriko gizonak eta soldaduak, oraindik erdi lotan, eskopeta eskuan zutela atera ziren kalera eta emakumeak haurrak eskutik hartuta ezkutatu ziren. Sartaldetik egin ziguten eraso, potentzia handiko tankeekin murrua suntsituz. Ez geunden prest era horretako armei aurre egiteko, baina jeneralaren agindua ahalik eta gehien eustea zen.

Herrian gora eta behera zerriak ikusi nituen kurrinka, zaldiak asaldatuta eta hainbat ukuilu sutan. Etsaiak galsoroan ezkutatuta zeuden eta genuen esperantza apurra balen txistuek isilarazten ziguten.

Harri puska baten atzean babestu nintzen eta, noizean behin, gari artera itsu- -itsuan egiten nuen tiro. Kapitaina nire alboan babestu zen eta ondorengo mezu hau igorri zidan. Joder, qué puterío. Soldado, siento comunicarle que el espía Márquez ha sido abatido. ¿Tienes un cigarro? Tabako preziatua. Azkenekoa eman nion. Tenemos que sustituirle y el general te ha asignado la tarea de comunicar a los pueblos cercanos el inminente ataque de las tropas enemigas. Corre chaval, que tienes al caballo esperándote. De buena te has librado. ¡Corre, corre!

Zaldiaren bila joan nintzenean gertatu zen. Sentitu nuen azkeneko gauza atximur soil bat izan zen bizkarraldean. Eta gero ezereza, hutsa. Konortea galdu aurretik argazkilariaren aurpegia eta gure jeneralaren irudia etorri zitzaidan gogora, goitik behera putaz jantzita eta Parisko burdel zikin batean cancan dantzatzen.

* * *



Saloira sartzen nintzen bakoitzean aitonaren argazkia ikustea nahikoa nuen nire helizeak martxan jarri eta imajinatzen hasteko. Argazki hura bere bakarra zen.

Atea ireki eta gurpil-aulkian korridorea zeharkatu nuen nire gelara iritsi arte. Larraitz bainatzear egongo zen, eta estreinako poema bidaltzeko momentua taupadaz taupada gerturatzen zihoala sentitu nuen.





Westminster-eko Zubia. A. Derain-en koadroa, 1905-1906 urte bitartean pintatua. Fauvismoaren puntu gorenetako bat da eta pintorea kolore garbi eta nahastu gabeen aberastasunaz, forma soilen nagusitasunaz eta perspektibaren sinpleziaz baliatu zen. 1956an Parisko Louvre museotik lapurtua izan zen.

Ezkaratzeraino jaisten aitak lagundu zidan. Mediku horretaz fidatzen zela, baina badaezpada ere segapotoa beti piztua eramateko abisatu zidan. Lasai egoteko eta hain mesfidatia ez izateko esan nion haserre. Hala ere, despedida musurik ez nion ukatu.

Julen garaiz iritsi zen eta salut, mon chere médecin esanez agurtu nuen. Larruzko gabardina eta jean zabalak zeramatzan soinean. Qu´est-ce qui ce passe, écrivain? Nahiz eta Larraitzi idatzi nion poema errezitatzeko desiratzen egon, abagune egokiago bat kausituko zela pentsatu nuen eta Juleni freskagarriren bat hartzera joateko proposamena luzatu nion. Halaber, eskerrak eman nahi nizkion bere gaztetako luma hipokrita uzteagatik.

Medikuaren beso irmoek gurpil-aulkia kale zabaletan barrena farolen babesean eraman zuten. Non bizi zen erakutsi zidan, eta institutuaren ate aurrean zigarroa ahoan zuten gazteak ez ikusteak harritu egin zuela esan zidan. Horretaz aparte, urrungo zuhaitzak kimatu berri zituztela kontatu zidan, eta dagoeneko auzoan ez zegoela pizgarririk, eta zerua zen mantu beltzak hiria denboraldi baterako lurperatu egingo zuela, eta hiri honen gorpua autoak ziren zomorroen menpe geratuko zela.

Pelikula ikustera joatearena ez da izan aitzakia huts bat baino, bota zidan taberna aldamenera iritsi ginenean. Agur besterik ez dizut esan nahi. Baina, nola agur, zergatik agur, galdetu nion. Freskagarria hartzen dugun bitartean argituko dizut, ihardetsi zidan.

Hura ezustekoa Julenek izen frantseseko pintore baten koadroen bilduma egiten zuela esan zidanean. Artelan horietako gehienak osaba ezezagun baten herentziari esker eskuratu ei zituen eta ondoren bilduma bere kabuz osatzen joan bide zen. Sorta bukatzeko azkena falta zitzaiola adierazi zidan eta honen jabea apustu zale aberats bat izateaz baliatuko zela hainbeste desiratutako pintura erdiesteko.

Londresera joango omen zen biharamunean, hilabete luzez apustua zehatz-mehatz antolatzeko. Solasean jarraitu genuen, mugikorraren txilioak berandutu egin ginela informatu zigun arte.

Ezkaratzean esan genion agur elkarri. Mon cher médecin azken aldiz besarkatu nuenean, Larraitzi bidali nion poema sartu nion poltsikoan. Gurasoengana joan nintzen orduan eta eskuarekin agur egin nion, kale kantoi batek irentsi zuen arte.

Agur esan nion, agur betiko, margolan bat bereganatzeagatik munduari auskalo zer eratan bira eman nahi zion gizonari.





AGT (Abiadura Geldoko Tren). Oro har, gehienez 40 km / h abiadura har dezakeen tren- -sistema.

Aitonak esaten zigun eran, loa eta ametsak estazio batetik besterako bidaiak besterik ez ziren. Ez nion sinistu Julen despeditu nuen gauean neure burua horietako amets batean ikusi nuen arte.

Esnatzean, trenaren kirrinkan bidaiarien oroitzapen argalek oihu egiten zutela akordatu nintzen. Eta trena herdoilduta zegoela, eta bidaiarien hitzak ahoskatu orduko orbel bihurtzen zirela, eta azkenerako trena orbelez gainezka zihoala.

Nik bidaiariei isildu zitezen agintzen nien, nire hitzak ere orbel bihurtzen zirela ohartu gabe. Baina jendeari bost axola, hitz eta pitz jarraitzen zuten. Orbelaren presentzia jasangaitz izatera iritsi zen, eta arnasa nekez har nezakeen. Alboko leihoa irekitzen saiatu nintzen, bertatik salto egiteko. Izoztuta zegoen. Hotz zegoen kanpoan.

Eskerrak trena gelditzen ari zela. Orbel artean igeri eginez, ate parera iristea sikiera lortu nuen. Trena gelditu eta ateak ireki zituenean, tonaka orbelekin batera lur izoztura jaurtikia izan nintzen.

Hosto mortuen hatzaparretatik alde egitea lortu nuenean trena abian zen. Azkeneko bagoiko bidaiariak ozta-ozta begiztatu nituen, orbelaren eraginez beiran masaila zuriak zanpatuak zituztela.

Trena tunelean murgildu zen, estazioko nasa ere mugiarazi zuen barre beldurgarriarekin.





buka(tu). da/du ad. 1. Amaitu, zerbaitek bere azkena izan. Amaitu da jaialdia. 2. Kopuru batetik dena hartu edo erabili, agortu. Amaitu zaigu olioa. 3. Hil, akabatu.

Edukitako ametsa memorian oraindik present, eztanda egin nuela uste izan nuen. Bai, eztanda egin nuen, nituen atomo guztiak erdibitu, imajina ezineko energia askatu eta lente baten bidez Larraitzen gorputzean kontzentratu izan banitu bezala. Azken egun horietan bidali nizkion poemak bonba batek eragin zituela iruditu zitzaidan. Olatuei buruz hitz egin nion, bizitzari buruz, taupadei, basoei, animaliei, itsasadarrei buruz. Baina bukatu, agortu, ahitu denaren sentipenak erromatar orgetan zutituta nire hesteetan barrena ibiltzen hasi ziren. Eta orduan, orduan trikuharri bat besterik ez nintzen desertuaren erdian.

Ohean agondurik, bitarte horretan bonbak suntsitutako lurraldean nengoela etorri zitzaidan burura. Burua hanka-artean ezkutatu eta, argiak itzalita, itxaron egin nuen.

* * *



Arratsaldean logelako zulotxotik Larraitzen mezua iritsi zitzaidan. Fusilatutako poetaren hitzak erabiliko zituela eta adi egoteko idatzi zidan. Eta azkenik, bi galdera iltzatu zizkidan: non eta noiz batu. Papertxoa sakelan gorde nuenean, goiko pisuko disko-jogailuaren marrantaren gainetik, pianoaren laguntzaz, fusilatutako poetaren ahotsa goratu zen. Bitartean, ur hondoko errotik askatutako bi itsas zaldi bailiran, masailean behera trostan, emozioaren emozioz bi malko abaildu zitzaizkidan.

Corren les nostres ànimes com dos

rius paral.lels.

Fem el mateix cami soa els mateixois

cels.

No podem acostar les nostres vides calmes:

entre els dos hi ha una terra de

xiprers ide palmes

En els meandres grocs de lliris, verds

de pau,

sento, com si em seguis, el teu batec

suau.




Ahal nuen gisara, Geraldine zeritzan vals batekin erantzun nion. Larraitzen arteriak lotsati baina dantzan nabaritu nituen.





loraldi. iz. 1. Loratzea (batez ere irudizko adieran); loratze-aldi bakoitza. Euskal literaturaren lehen loraldia Lapurdin gertatu zen. 2. BOT. Leku bateko landare edo espezie baten loraketak irauten duen denboraldia.

Zutitu nintzen azkenean. Zutitu egin nintzen eta egunero, ogia erostera joaten nintzenean, barre egiten nion gurpil-aulkiari. Baina honek begirada itzultzean isildu beste aukerarik ez zidan ematen. Hala ere aske nintzen, azkenean libro.

Askatasuna niretzat euria ari zuen egun batean aterkirik gabe kalera atera eta eztulka hasi arte korri egitea zen; goitik behera etxera lokaztuta iritsi eta ezer egin baino lehen arropak garbitzea; maldan behera itzulipurdika, zein lehenago iritsiko, lagunik lodienari apustu egitea. Ordu osoko dutxetan hiru aldiz masturbatzen nintzen, ondoren gurasoen ohera joan eta saltoka sabaia ehun aldiz ukitzeko.

Ezkaratzera eskaileretan behera korrika jaitsi nintzen arrats batean sentitu nuen neure loraldi partikularraren zoriona. Eskutitzaren igorleak Médecin zioen. Londresetik bertatik igorri zidan, eta bere asmoen hainbat xehetasun kontatzen zizkidan. Bizkarrean atxikitako planeagailu batekin emango omen zion buelta munduari, motorrezko ibilgailuak kilometro kopuru jakin batera arte erabil zitzakeelako nonbait. Bizikleta eta belaontzian ere bidaiatzeko asmoa zuela eta bira osoa burutzeko sei hilabete zituela azaldu zidan. Dema irabazteko asmo zuzena zuen. Benetako abentura baten zain egon omen zen bizitza osoan, eta ez omen zuen hutsik egingo. Ni ere abenturazalea nintzela erantzun nion Londresera bidalitako kartan. Baina, ausardia faltagatik-edo, liburuetan hondoratzen nituela gose hegaldun aitorrezin horiek.

Gutunaren amaieran azaldu zidan bezala eskuz erantzun nion, Larraitzi eskaini nion poema irakurri zuenetik letra paregabea nuela konturatu baitzen. Postontziari ene hitzak irentsi zitzan eskatu nionean, Julenen gutunaren mezuetako bat gogoratu nuen, Egunkaria irakurtzeko, eta idazten, idazten, irakurtzen, irakurtzen jarraitzeko.

* * *



Beti bezala garrantzitsuena ahaztu zait: Larraitz. Non eta noiz batu galdetu zidan. Bitan pentsatu gabe, orrialde hauek nik neuk eskaini nizkion. Eskura. Atea kask- -kask jo eta itxaron egin nuen. Ireki zidanean bekokian muxu eman eta idatzia entregatu nion.





Sena. fr. Seine. Frantziako ibaia; 776 km. Langres-ko lautadan du iturburua, eta Champagne-Ardennes, Parisko arroa eta Rouen (Normandia) alderik alde igaro ondoren, Mancheko kanalean itsasoratzen da estuario zabala eratuz.

Auskalo non irakurriko dudan, baina Afrikako tribu bakanetako gazte ugari, bizitzan hazi eta heldu bihurtzeko, ezpata txiki bat eman eta oihanean askatzen dituztela jakingo dut. Gaztetxo horien antzera, neu ere oihanera bidaliko naute gurasoek, baina ez nolanahikora, Parisekora baizik. Basatienera. Ezpata txikirik hartu gabe ez diot agur esango, ordea, trenaren arnasestuetan eta behe-laino artean utziko dudan herriari. Hau da, akordeoi eta guzti askatuko naute, eta honekin sastatuko ditut Parisko bihotz dirudunak, honekin konkistatuko ditut, halaber, aurpegirik gabeko neskatilen gorputz anonimoak.

Eta, kapela eta gorbata soinean edukiko ditudan horietako batean, eskala minor bateko hirukotxoek eraginda akordeoia zotinka hasiko denean, txanpon hotsa entzun ordez billete baten jausialdi pausatua eta honen lurreratzea sentituko ditut ene kutxan. Eta kaxatxora begiratuko dut lehenengo, paper bat aurkituz, paper zati txiki bat, surprise, eta ondoren kaleko espaloira eroriko zaizkit begiak, eta pirripitaka alde egingo dute maldan behera emakume baten takoi finek zapalduko dituzten arte. Egun horretako saioa amaitu dela erabakiko dut, paper zatia zabaldu eta Rue de la fartre 3-6A irakurtzeko. Jendezko ibaiari bizkar emanez akordeoia jasotzeko makurtuta egongo naizenean, eskuartean dudana begiak zapaldu dizkidan takoien ibilera berberak idatzitako papertxoa dela bururatuko zait.

* * *



Rue de la fartre 3-6A.

Leiho zabaldutik izarrek gaua josi dutela ikusiko dut, isiltasuna alegiazko jostorratzaren begi ilunean lotuta. Gaua zetazko oihal baten moduan irristatuko da teilatu marroietan eta haizeak geldiro eragingo dio, maitekiro laztanduko nauten kiribil ikusezinak eratuz. Ilargiak bihotza ziztatuko die begirale bakartiei eta, ziztatua sentitzearen beldurrez, Larraitzen gorputz biluzia indartsuago besarkatzen saiatuko naiz.

Ohean etzanda, orain ere isil-isilik, hatz mamien laguntzaz masaila arakatuko diot, eta hau gorritzen denean lepoa, eta ondoren bularrak. Aldaketan behera jarraituko dut, altzifreen adarrek goizeko lehen izpiak jasotzen dituzten arte.

Parisi larba baten tankera hartu diodala xuxurlatuko diot emakumeari. Metamorfosiaren lozorroan gaudela, eta gerturatzeko gehiago, gerturatzeko, larbatik at hegaldatzen garenean erdituko gaituen egunak gorputz bakarra ikus dezan.

Besarkatuta lo hartuko dugu orduan. Begi niniak lurrundu aurreko liparrean gosaltzeko bizkotxo bat egingo diodala aginduko diot. Eta, azkenik, heze iraungo duten ezpainak elkartuko ditugu betiko.