IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2005 - 16. edizioa: saritutako lanak »  Olerkia » 

BIHAR ARTE, LAZTANA



Gauaren jarraian dator egunsentia,
isiltasunaren bide garretatik noraezean,
loratuz doa eguna
gelako argizpi gardenak lausotuz.

Isiltasuna bakardadearen zelatan.
Errealitate gogorrari ihesiz,
ilusio amaigabeari jarraiki doan ameslariak
ez du mintzatuko ustelkeria
mingostasuna, garraztasuna eta atsekabea.

Begia zabalik, baina minez estalirik.
Pausuak emanez, baina geldi,
entzule nahiz gor.
Berritsu eta mutu,
arnasa hartuz,
eta jadanik mundu honetan itota.

Bizi-nahirik ez dugunean,
hala bizi gara,
ametsetan, ezinean,
faltsukerian,
mundu sorginduetan,
gezurrezko gertaeretan.

Hosto gabeko zuhaitzak ikusten ditut,
urdin gabeko zeruak,
belarrik gabeko zelaiak
Merezi al du denak hala jarraitzea?

Ametsekin dantzan,
zuhaitzari kolaz erantsiko dizkiot hostoak,
akuarela txit batzuekin margotuko dut zerua,
hazi magikoz landatuko ditut loreak
zure faltak sortarazten didan oinazea finkatzeko.

Esaidazu, laztana,
zer esan behar diodan gaur gabean
ohe barnean gordetzen dudan bihotz saminduari?
Zugatik galdetuko dit, eta berriro ere
ezingo diot esan ezin zaituela ikusi,
ezin dela zurekin egon
eta egia esanik,
ez duzula maite.

Esango diot eskuminak eman zenizkiola beretzako,
eta poltsatxo batean berari bidaliko dizkiozula.
Baina hain handia zen zure mezua,
non ezin izan zenuen poltsatxoan gorde.

Eta…,
paper batean hizkiak preso gelditzen diren bezalaxe,
ni ahaleginduko naiz zure muxua
poltsatxo horretan gordetzen,
Baina hain zen librea zure mezua
Hegaka joan zela poltsatxotik.

Ea bihar lortzen dudan errealitatea bizi izatea.
Zurekin ez nagoenean,
euriz, kolaz eta akuarelaz apaindu behar dut eguna,
zeu baitzara laztana,
nire aho, begi eta bihotz

Gaurkoz banoa lotara,
hainbeste une goxo gogoratzen ditudan
ametsen dantza horietara.
Gurekin hain gaiztoa den distantzia
neu naizen lur,
zeu zaren planeta batekin topo egitera.

Telefonoz bidaltzen dizkizudan muxuak,
nire ezpain garraztuak pausatzera,
deskribatzen dituzun une goxoak,
goxotasun handienarekin zurekin bat egitera.
Gabon, musu bero bat, laztana.
Bihar arte.


OLERKIA
E KATEGORIA