![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
SUTAN JARTZIAN... |
|
-1-
Iratzargailu soinua entzun, ohetik altxatu bela laranja zuku baso bat hartu, eta kafesne epela pestiloari eragin diot niretzat da bainugela ispiluari begiratuta daukat aurpegi goibela. Nola pixkana txikitzen ari den bizitzaren kandela zer nintzen lehen, ta zer naiz orain urteak pasa direla. Masaila daukat morea eta begi-ondoa ubela ta uste nuen amodioa arrosa izaten zela. |
-2-
Nire senarra, nire borrero bihozgabe ta zitala ezkon bizitza, heriotza da: ilunpearen itzala nire bihotza, zulo beltza da: ezerezaren magala kolore gorriz blaituta daude sukaldea eta sala. Nahiz eta Joxek egurtzen nauen iritsi ta berehala nahiz begietan nabaritu ni hiltzeko nahia daukala mina etsipen bilakatzen zait eguna pasa ahala odol tantoak malko artean itotzen diren bezala. |
|
-3-
Gogoan daukat hasierako maitasuna ta arreta itsasertzera zenbat itzuli ta parkera zenbat buelta zenbat hitz goxo, zenbat hitz xamur zenbat muxu ta fereka ni gabe ezer ez zela ere esan ohi zidan tarteka. Momentu haiek dauzkat gogoan altxor modura gordeta maitasunaren sua zelako zorionaren erreka... Ta gaur gorputza belztuta daukat begiak malkoz beteta lehen berotzen ninduen suak kiskali egin nau eta. |
-4-
Gogoan daukat, eztei eguna: nerbioak eta lotsa gogoan daukat bere trajea ta pianoaren hotsa gogoan daukat nire soineko zuri eta aproposa elizan gure alde agertu arren Jaunaren ahotsa gau hartan bertan bilakatu zen amodioa morrontza gau hartan bertan agertu baitzen nire senarraren bortxa. Zeinen bekatu gordina eta zeinen bekatu zorrotza Jainkoak berak bedeinkatzea deabru baten ezkontza. |
|
-5-
Nire bizitzan dena da laino, ekaitz, euri eta lanbro ezkon bizitza da saminetik heriotzarako txango. Haurtxorik ez dut ta izateko asmorik ez dut egundo bera ez dadin izan piztia makur baten ondorengo. Nahiz Joxek seme-alabaren bat nahi duela jakin ondo berari behintzat inoiz ez diot zorion hori emango. Nola senarrak isurarazi didan jada odol frango nire odola duenik ez da bere umea izango. |
-6-
Lehen miresten nituen denak gaur behar ditut gaitzetsi nire lagunak nire ondotik joan baitziren ihesi. Ta egoera agertu arren auskalo zenbat juezi etxekoandre soil batek ezin du justizian sinetsi. Eguneroko sufrimendura dut dagoeneko etsi esperantzaren ate guztiak dizkidatelako hertsi orain negarrak eta antsiak denak ohi ditut irentsi mundu txar honek ez duelako malkorik ere merezi. |
|
-7-
Bakardadea dut adiskide, bakardadea dut etsai batetik Joxe kanpoan dela nago aske eta lasai baina bestetik nire buruak buelta eta buelta darrai zenbat ideia nahasi dauden nik noiz antolatuko zai. Nire etxean, nire hilkutxan nola ez nagoen alai beste batekin bizitza berriz hastea baizik ez dut nahi... Bete ezin den amets horretan pentsatzen dut malkotan blai: amodioa hil baitzidaten eta bizitza ere bai. |
-8-
Bainugelatik balkoira noa hau dut goizeroko lege oskarbi dago, eguzkia zein polita den alafede bere itxura, bere indarra egin nahi nituzke nere hainbeste argi, hainbeste bero eta hainbeste botere. Joxe nahi nuen nire eguzki ustez bainuen mesede ni izatea bere erregin ta bera nire errege. Ezkondu eta nire bizitza argitzea nuen xede baina ordutik ez dut ikusi izarren argirik ere. |
|
-9-
Nire begiak etxe aurreko parkera joan heinean bi ume txiki ikusten ditut balantza baten gainean. Biak parean, orekan zeuden aldarterik onenean batak gora ta besteak behera egin dute azkenean. Bizitza ere orekan neukan ezkontzaren egunean baina gaur Joxe gainean daukat, ta ni altxa ezinean. Bizitza bera ere balantza ez al da azken finean ta ni lurrera erori nintzen ezkondu nintzen unean. |
-10-
«Malkorik gabe agurtzen zaitut gutun hau dela bitarte zu zinen Joxe, zu, bizitzaren amesgaiztoaren parte nire bizitza egin duzunez tristeziaren itzalpe heriotzaren ametsa nuen zorionerako ate. Ta gaur balkoitik jauzi egin dut poza hartu zenezake baina bakarrik, bakar bakarrik!!! bizitzea duzu kalte. Zerutik hona so egingo dut nahiz eta egon aparte bakardadean usteldu zaitez infernuan erre arte!» |