IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2004 - 15. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Unai Gaztelumendi

Unai Gaztelumendi

HANKARIK GABEKO IBILERA



Doinua: Munduko ilunabarra



-1-
Nik buruan daramadan
hura kontatu dezadan
begira zer zen iragan
laurogeiko hamarkadan.
Egun batean nire autoan
banindoan abiadan,
baina kamioi handi bat nuen
aurrean jarria traban.
Halakoetan sarri entzuna
daukat nik azken boladan:
gazte denboran bizitza pasa
ohi dela arrapaladan,
baina nirea ez zen pasatu
bertan gelditu zitzaidan (bis).
-2-
Arrisku aurreko grina
gelditzeko ahalegina
lehertu zen adrenalina
ezin gelditu jakina.
Herio aurrean ikusten nuen
ta ezer egin ezina.
Odol tantoak, izerdi hotza,
negarra eta samina.
Ez zen buruan lehertu zitzaidan
oinaze zorrotz, gordina,
ez zen sabela zapaltzen zidan
burdinaren eragina,
ezer sentitzen ez nuela zen
nik sentitzen nuen mina (bis).


-3-
Zoritxarreko istripu!
Indar guztiak ahitu,
ezin ninteken zutitu,
ezin gorputza sentitu.
Esnatu eta ospitalean
nire burua aurkitu,
«sendatuko haiz» esanaz neuzkan
ondoan hainbat mediku,
baina aspaldi ohartu nintzen
ezingo nintzen mugitu.
Barruan dudan damuarekin
ezin gehiago sufritu,
behin azkarregi joan nintzen da
bizitza guztiz gelditu (bis).
-4-
Ospitaletik etxera,
ohe batetik bestera,
etxean zain nuen Eva,
eta esan zidan zera:
«hemendik zazpi hilabetera
guraso izango gera».
Nahiz momentuan poza iritsi
zitzaidan bihotz barnera,
haurtxoarekin pentsatu eta
ipintzen nintzen artega.
Arantza nuen bihotz barruan
sartuta, ezin atera:
ezin nintzela joan haurrari
ibiltzen erakustera (bis).


-5-
Ibili ezinik oinez
urteak joan direnez
zapuztu da hainbat amets
dena irten da aldrebes.
Hamabost urte luzetan nago
ohetik jaiki ezinez.
Semeari so jarri natzaio
tristuraz eta negarrez,
ez duelako inoiz aurkitu
aitaren besotan babes,
ez duelako inoiz ikusi
bere aita irribarrez.
Agian berak barkatuko dit
nik neure buruari ez (bis).
-6-
Oinazearen leizea
malkotan dago hezea,
hau da min ezin asea,
urtetako oinazea.
Ezin dut jasan bihar goizean
ere ezin jaikitzea.
Seme ikusten al duzu ohe
ondoko mesanotxea?
Eskatzen dizut horko pilula
niri ahoan sartzea.
Nahiz ta gogorra izan liteken
agian aita galtzea
nik hilda bizi baino hobe dut
nire bizitza hiltzea (bis).


E mailan (14-16 urte) saritutako bertsoa