![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
HANKARIK GABEKO IBILERA |
Doinua: Munduko ilunabarra
|
-1-
Nik buruan daramadan hura kontatu dezadan begira zer zen iragan laurogeiko hamarkadan. Egun batean nire autoan banindoan abiadan, baina kamioi handi bat nuen aurrean jarria traban. Halakoetan sarri entzuna daukat nik azken boladan: gazte denboran bizitza pasa ohi dela arrapaladan, baina nirea ez zen pasatu bertan gelditu zitzaidan (bis). |
-2-
Arrisku aurreko grina gelditzeko ahalegina lehertu zen adrenalina ezin gelditu jakina. Herio aurrean ikusten nuen ta ezer egin ezina. Odol tantoak, izerdi hotza, negarra eta samina. Ez zen buruan lehertu zitzaidan oinaze zorrotz, gordina, ez zen sabela zapaltzen zidan burdinaren eragina, ezer sentitzen ez nuela zen nik sentitzen nuen mina (bis). |
|
-3-
Zoritxarreko istripu! Indar guztiak ahitu, ezin ninteken zutitu, ezin gorputza sentitu. Esnatu eta ospitalean nire burua aurkitu, «sendatuko haiz» esanaz neuzkan ondoan hainbat mediku, baina aspaldi ohartu nintzen ezingo nintzen mugitu. Barruan dudan damuarekin ezin gehiago sufritu, behin azkarregi joan nintzen da bizitza guztiz gelditu (bis). |
-4-
Ospitaletik etxera, ohe batetik bestera, etxean zain nuen Eva, eta esan zidan zera: «hemendik zazpi hilabetera guraso izango gera». Nahiz momentuan poza iritsi zitzaidan bihotz barnera, haurtxoarekin pentsatu eta ipintzen nintzen artega. Arantza nuen bihotz barruan sartuta, ezin atera: ezin nintzela joan haurrari ibiltzen erakustera (bis). |
|
-5-
Ibili ezinik oinez urteak joan direnez zapuztu da hainbat amets dena irten da aldrebes. Hamabost urte luzetan nago ohetik jaiki ezinez. Semeari so jarri natzaio tristuraz eta negarrez, ez duelako inoiz aurkitu aitaren besotan babes, ez duelako inoiz ikusi bere aita irribarrez. Agian berak barkatuko dit nik neure buruari ez (bis). |
-6-
Oinazearen leizea malkotan dago hezea, hau da min ezin asea, urtetako oinazea. Ezin dut jasan bihar goizean ere ezin jaikitzea. Seme ikusten al duzu ohe ondoko mesanotxea? Eskatzen dizut horko pilula niri ahoan sartzea. Nahiz ta gogorra izan liteken agian aita galtzea nik hilda bizi baino hobe dut nire bizitza hiltzea (bis). |