Herio jaun agurgarria:
Zuregana zuzentzen naiz pertsonalki, zenbait konturi buruz hitz egiteko asmoz:
Izan ezazu, jauna, kontuan, zure negozioa zorrotz aztertu, eta egoeraren berri dudala; egoera hori dela eta, zenbait gomendio egin nahi nizkizuke.
Lehenik eta behin, zure negozioko bezeroei ematen diezun informazio urriari buruz hitz egin nahi nizuke. Benetan lotsagarria da, bizidun guztiak zure bezero izanik, inork beraiekin zer egingo duzun ez jakitea. Zure enpresaren monopolioa urrutiegi joan da, ene Balbea jauna; ikusi al duzu gizakia, zure bezerorik garrantzitsuena, zer sinistera iritsi den bere ezjakintasunaren erruz? Eta, ezagutzen dituzu jakina, haren hiru galdera erantzun gabeak, hura hainbeste kezkatzen dutenak; "nondik gatoz?" "nor gara?" "nora goaz?". Bai, ene jauna, zuk hiruak erantzun zenitzake... bai, badakit egiak askori izugarrizko eragina eragingo liekeela, baina... ez al da egia, halako ume ipuinak baino hobea?
Badira, bestalde, zure gorentasunari atxiki nahiko nizkiokeen beste zenbait kontu; ez al zaizu iruditzen zure bezeroez aprobetxatzen zarela, beren "mundua agurtzeko" izugarrizko sakrifizioa lur zati batekin ez besterik ordaintzean? Gizakiak ez ezik, munduko izaki guztiek dizute izugarrizko errespetua. Bizitzan, mikrobio txikienetik balea urdineraino, landareak barne, zuregatik borrokatzen dute; ez zaitu inork maite. Beste erremediorik aurkitu ez dutelako diraute zure bezero eta esklabo; ahal izanez gero, ziur nago bi aldiz pentsatu gabe aldatuko liratekeela. Eta ez dezagun gure burua engaina, Balbea jauna; gizakiak, edozein momentutan aurkituko du bizitzaren sekretua, hau da, zure negozioaren klabea. Eta hori aurkituz gero, badakizu zer gertatuko litzatekeen; gizakiak, zuri konpetentzia egiteko gai izango litzatekeen negozio berri eta hobeagoa eraikiko luke, eta urte gutxi barru, zure enpresa gainbehera eroriko litzateke.
Beraz, nire gomendioa duzu, hori saihesteko, eman dizkizudan azalpenez baliatuz, nola edo hala izaki bizidunak bere beldurrik handienaz aldendu, eta heriotza gauza jasangarria bihurtzen ahalegintzea.
Besterik gabe, agurtzen da;
BIZITZA.
E mailan (14-16 urte) saritutako gutuna
|