|
eta bere abenturak
Kaixo, Olium Botellum naiz eta nire bizitza triste eta penagarria kontatzera natorkizue. Lehenik eta behin nire burua aurkeztuko dizuet:
Ni jaiotzez Vall de Boi-koa (Lleida) naiz. "Arbequina" olibez egindako zukua. Botila dotorean sartu ninduten eta jarraian merkatal zentro erraldoi batera eraman gintuzten. Ni eta nire erako edo antzeko beste ehunka botila, hango apaletan ezagutu ginen. Bertan, lagun min bat egin nuen; bera Rivieras del Duero-koa zen, manzanilla izeneko olibez egindako zukua.
Makina bat barre algara egiten genuen egunero, gure aurretik pasatzen zen jendearen kontura! Itxura guztietakoak izaten ziren : argalak, gizenak, garaiak, baxuak... Batzuk dotore jantzita etortzen ziren, besteak berriz zarpailtsu... Noizbehinka umeren bat ere agertzen zen. Behin ume moko batek ia-ia lurrera bota ninduen.
Apalak pixkanaka-pixkanaka husten ari ziren. Egun batean nire zorigaitza heldu eta nire bihotza bi zatitan puskatu zuen, emakume gizen eta aberats batek erosi egin bai ninduen. Itxuraz nahiko alaia ematen zuen, baita jatuna ere. Egoera horrek, nire bizitza laburragoa izango zela adierazten zuen. "Nireak egin du" esan nion nire lagunari, agurtzeko asmoz.
Autoan sartu ginen bai anderea eta bai ni. Andereak ez zuen niretzat toki egokirik aurkitzen. Leku guztiak miatu zituen: automobileko maletategia, atzeko eserlekuaren gainean eta azpian eta azkenik bere alboan utzi ninduen. Egun hura nire bizitzako txarrenetakoa izan zen. Emakume hark izugarri azkar gidatzen zuen eta gainera bere etxerako bidean bihurgune ikaragarri zeuden. Segurtasun neurriko gerrikoa jartzekotan egon nintzen, DINBI! eta DANBA! Alde batetik bestera. Hura jasanezina zen, erabat zorabiatuta sentitzen nintzen! Azkenik iritsi ginen bere etxe handi eta dotorera.
Bere etxea altzariz beteta zegoen: egurrezko arasak, jantoki dotorea, liburutegi erraldoia, ... Emakumeak ez zekien zein izango zen nire bizileku berria, eta morroiaren esku utzi ninduen. Morroiak esklaboa ematen zuen, afrikarra alegia. Traza eta ibilera berezi xamarrekoa. Honek arasa batean sartu nahi ninduen. Atea ireki zuen lehen unetik ohartu nintzen leku ilun hartan ez nuela lagun askorik egingo, baina ez zen horrela izan. Lagun bat egin nuen eta ez batere lagun makala. Lagun honen izena ozpina zen. Ozpin hau ez zen nik supermerkatuan ezagutzen nituenen berdina, bera " Modena-koa" (Italia) zen. Egun guztia hitz egiten jarduten genuen, berak niri, berari pasatako abenturak kontatzen zizkidan eta harrituta gelditzen nintzen, txundituta. Gurekin batera bizi ziren beste elikagai guztiak eguna guri iseka egiten pasatzen zuten, beti amorratuta edukitzen gintuzten.
Anderea, bere senarra eta bi umeekin bizi zen, laurak jatun onak. Umeetako batek Garazi zuen izena eta honek egun batean ia-ia lurrera bota ninduen; supermerkatuan beste egun batean gertatu zitzaidan bezala.
Adelak (horrela izena du andereak) gauero ateratzen gintuen, bai ozpina eta bai ni, entsaladari zapore gehiago emateko. Adelak era guztietako jakiak erabiliz entsalada prestatzen zuen. Pixkanaka-pixkanaka nire barruko olioa gutxitzen ari zen, hori bai, oso mantso. Emakumeari behin entzun nion azkeneko zipriztina bukatu arte ez ninduela zakarrontzira botako.
Ekainaren 9an gaueko zortziak aldera (ez da oso ordu zehatza, azkenaldi honetan jangelako erlojua ez baitzebilen oso fin) ohizkoa zen bezala zerbitzariak mahaira atera bezain azkar zerbitzatzen hasi ziren unean ozpina lurrera jausi zitzaien. A zer nolako aurpegia gelditu zitzaigun denoi, eta niri batez ere, bere lagun mina izanda. Min eta samindura handia sentitzen nuen nire lagunarekiko.
Hurrengo egunean, BERRIAko eskelan atera zen nire lagun zena, jendea bere hileta elizkizunetara joateko eskatuz. Arratsalde partean abiatu ginen San Prudentzio elizarantz. Ozpina kanpotarra izanik, oso jende gutxi etorri zen elizkizunera. San Prudentzio elizan leku falta aitzakiarik ez zegoen. Ozpinaren zerraldoa gure aurrean zegoen, lorez inguraturik. Lore batzuen ondoan, ozpinaren argazkia agertzen zen. Egia esan oso elegante zegoen, inoiz ez bezala. Arratsaldeko bostak eta erdietan, apaiza aldarera igo zen. Lehenik eta behin gu agurtu gintuen eta lasai egoteko esan zigun, oso gustura deskantsatuko zuela zeruan. Elizkizuna bukatu ondoren, hilerrian lurperatu genuen eta bertan azkeneko agurra eta muxua eman nizkion.
Hurrengo egunak ez ziren batere xamurrak izan. Nire eguneroko bizitzan hutsune erraldoi bat sentitzen nuen. Ez nituen egunak lehen bezala gozatzen, alderantziz, egunak oso luze egiten zitzaizkidan. Niretzat egun guztiak melankoliaz betetakoak ziren.
Egunak joan ahala, barruan nuen olio zukua agortzen ari zitzaidan. Horretaz ni ez ezik, besteak ere konturatzen ziren (gatza, ozpin berria...). Entsalada osatzen zuten beste partaideak ere, horien artean: tomatea, eskarola, apioa, erremolatxa... aurpegi arraroz begiratzen zidaten.
Hauetako egun batean, nire barruko azken tantak atera zizkidaten, hau da, olioa bukatu zitzaidan. Morroiak etxeko hondakin guztiak biltzen ziren zakarrontzira bota ninduen. Egun batzuetarako hau izango zen nire bizileku berria. Leku hura benetan nazkagarria zen. Han dena faltan botatzen nuen, baita arasa ilun hura ere. Oro har oso leku zikina ematen zuen, baina denetan txarrena bertako usaina edo kiratsa zen. Jasanezina zen: arrain ustelak, arrautza ustelak, arratoi akabatuak..., zer ez ote zegoen han.
Erdi lotan nengoela, kamioi baten hotsa entzun nuen; ez zen edozein kamioi, gure bila zetorrena hain zuzen. Honek automatikoki igo eta barrura bota gintuen. Han, gauza gehiago pilatzen ziren, hau da, askoz hondakin gehiago zeuden. Bertako kiratsa ez zen hobea. Hamar bat gau eta egun jardun nituen bertan. Azkenean gau batean iritsi zen iritsi beharreko kamioia (birziklatzeko instalazioetara eramango gintuena). Kamioia topetaraino beteta zihoan eta zabor guztiaren artean ni. Ertz batean nengoen bakar-bakarrik, triste-triste. Momentu hartan nire aurrean bihurgune bat ikusi nuen eta kamiotik erori nintzen. Kasualitatez auto baten leihotik sartu nintzen, baina jabeak oso usain txarra nuela ikusirik beirazko edukinontzira bota ninduen. Han supermerkatuan egindako lagun hura topatu nuen. Egia esan ez zuen oso itxura onik. Mantzanila olibez egindako olioak berari pasatako abenturak kontatu zizkidan. Kontatu zidan nola erosi zuten ni erosi eta hurrengo egunean. Baita ere esan zidan lagun bat egin zuela, baina hil egin zela. Orduan nik esan nion niri antzeko zerbait gertatu zitzaidala eta bera txundituta gelditu zen, ni neu bezala. Elkarrekin azken orduak igarotzeak asko poztu gintuen. Biok aditzera eman genuen hauexek izango zirela gure azkeneko minutuak. Birziklatzera eramango gintuen kamioiaren gidariak esan zigun denoi, birziklatzeko instalazio batera eramango gintuztela eta bertan urtu egingo gintuztela, baina lasai egoteko, ondoren gurekin beira botila probetxugarriak egingo zituztela eta.
Azkenik elkar besarkaturik eman genion agurra gure bizitza triste eta penagarriari.
AMAIERA
C mailan (10-12 urte) saritutako ipuina
|