1. IGANDEA 13:00
Epa! Arjimiro dut izena, ez da entzun duzuen izenik politena izango, baina originala bai behintzat. Amona eta aitonaren etxean aurkitzen naiz, izeba, osaba, lehengusu eta gurasoekin batera. Igandero amonaren etxera etortzen gara denok elkarrekin bazkaltzera. Aitaren ideia izan zen hau, gutxitan elkartzen ginen eta. Aitak Jose Mari du izena eta amak Mila. Aita psikologoa da eta familia inoiz banandu ez dadin, bazkari hau egitea garrantzitsua dela dio. Normalean bazkaria desastre hutsa izaten da: izeba Lutxi, semearekin haserretzen da; aitonak, mozkortuta bukatzen du beti; osaba Don Luisek lokuluxka bat egiten duen bitartean, bi lehengusuek dirua kentzen diote patrikatik, eta Prexenek erdi negarrez bukatzen du bazkaria. Prexen eta izeba Lutxi beti oso gaizki eraman izan dira elkarrekin, eta beti istiluren bat sortzen dute. Nik aldizkari batekin pasatzen dut bazkari guztia.
Aitona mahaiko bere tokian eseri da dagoeneko, bazkaltzeko prest, ardoz beteriko basoa eskuetan duela eta soinean kaka egiteko ere kentzen ez duen militar jantzia daramala. Soldadutzan egon zenean, kapitain izatera pasatu zuten eta horrek kristoren ilusioa egin zion, gero bere lagun mina zenaren erruz postutik kendu zuten eta horrek, berriz, kristoren amorrua eman zion. Horrexegatik ez du inoiz kentzen. Egunen batean bere lagun zahar harekin topo egiten badu, momentuan akabatzeko jartzen du, oso burugogorra baita aitona. Bada aitonari kristoren amorrua ematen dion beste zerbait, bere izenak: Pipin. Xelebrea benetan! Institutuko garaian denek egiten zioten barre, amonak izan ezik. Amona Petra oso zintzoa da, beti dabil bueltaka sukaldetik jangelara. Bazkaria prestatzen du jangelako mahaia garbitzen duen bitartean. Amonak bi gauza batera egin ditzake, trebea da oso! Dena garbi egotea gustatzen zaio, baina pasatu egiten da. Etxean sartzean lehendabizi trapu batzuk jartzen dizkigu lurrean alfombra zikindu ez dadin; gero denoi, ume txikiei ipurdia garbitzeko erabiltzen diren traputxo horiekin, eskuak garbitzen dizkigu mahaia ez zikintzeko, egongelan esertzeko eskatzen digu eta ez mugitzeko; noski, sofa eta aulkiak plastikoz estaltzen ditu. Igandeetan bakarrik du horrela etxea, gu bazkaltzera gatozenean, zerri batzuk bezala hartzen gaituela pentsatzen dut batzuetan, baina bihotz onekoa da, hori bai. Izeba Prexen eta osaba Don Luis bi gaizkile txikiren gurasoak dira, bikien gurasoak, Mattin eta Maddiren gurasoak hain zuzen ere. Don Luisek itxura oso xelebrea du, txikia, lodia eta kristoren sudurra du. Prexen beti dabil bikien atzetik, lur jota bukatzen du eguna, ulertzekoa da bi seme-alaba horiekin… horrexegatik handitan ez dudala seme-alabarik izango diot beti. Izeba Lutxi eta osaba Martin dotore-dotore joaten dira bai zakar poltsak botatzera, baita korrika egitera ateratzen direnean ere. Gaur ere txarolezko zapatak, larruzko berokia eta pamela gorri bat darama izebak; osabak, berriz, gorbatadun jantzia. Imanolek aldiz, Lutxi eta Martinen semeak, txakurrek lepoan eramaten duten pintxozko lepoko bat darama, gerrian bi-hiru kate, eta goitik behera beltzez jantzita doa. Ile luze beltz eta zikina du. Lutxik goitik behera begiratzen dio nazka aurpegia jarriz eta gurasoak lotsarazten ditu. Bere neska-laguna ere bertan da. Bera ere beltzez jantzita doa, motorreko kaskoa eskuetan du eta aurpegi zuri-zuria eta ezpainak beltzez margotuak ditu. Tania du izena. Izeba Lutxiri ez zaio batere gustatzen Imanolen itxura. Berak bere semea azkarra, ederra, diruduna eta emazte estilodun eta argi batekin ezkontzea nahi zuen baina dena alderantziz atera zaio.
Bazkaltzen hasiak gara eta oraindik ez da ezer ere gertatu. Denak isilik daude eta Imanol eta Tania musika zaratatsua entzuten ari dira. Izeba Lutxi osabari gorbata ondo jartzen ari zaio:
Ezin dugu honela jarraitu! Nazka-nazka eginda nago! Familia hau krisialdi batean dagoela esango nuke nik, laguntza behar dugu! Ez al zarete konturatzen? Isil-isilik pasatzen ditugu bazkalordu guztiak, eta noizbait hitz egiten ari bagara, istiluren bat sortu delako izaten da. Gaur bertan deituko diot medikuntzan lan egiten duen lagun bati, guri lagundu diezagun! Eta ez dut ezetzik onartuko.
Aita haserre dagoela esango nuke, ezin baititu jasan istiluak eta isiltasuna, batez ere familiaren arteko istiluak badira. Ama dagoeneko negarrez hasi da. Imanol eta bere neska ez dira ezertaz konturatu, musika zaratatsua entzuten jarraitzen baitute. Amona urduri jarri da eta sukaldea garbitzeari ekin dio. Aitak esandakoak denok lur jota utzi gaitu. Izeba-osabak mahaitik jaiki eta etxera doaz, baina:
Bihar 16:30ean nire kontsultan! Han itxoingo dizuet, eta denok han egon beharko duzue!
Esan die aitak aulkitik atxatzen ari zirela.
2. ASTELEHENA 16:20
Kontsultan ama, aita eta hirurok aurkitzen gara. Oraintxe sartu dira Lutxi eta Martin, eta Imanol amak belarritik heltzen diola. Harritzekoa da amona eta aitona garaiz ez iristea, amona garaiz iristen baita beti leku guztietara eta aitona ere bai, noski, amonarekin dagoenean. Ezustekoren bat gertatuko zitzaien. Bat batean:
Redios, ez zekiat zeba ez hauten hi ere bertan akabatu! Kamioi nazkagarria!
Aitona, lasaitu zaitez! Horrela jarriko ez bazina, ez litzateke ezer ere gertatuko!
Baina zer demontre gertatu da ama?
Badakizu, lagun harekin aurkitu gara eta…
Bai, baina errua berea izan da! Kamioia gure kotxearen aurrean pega-pega eginda uzten ari zela, txak! Eta danba! Kotxeari kristoren danbatekoa eman ez dio, ba! Gainera nork eta Juliantxok, kapitain postutik jaitsi ninduen berberak!
Eta gero, noski, kamioitik jaitsi denean aitona oihukatzen hasi zaio eskua aurpegian jartzen zion bitartean, eta ni Pipin geldiarazi nahian nenbilen.
Ez iezadazu Pipin deitu! Badakizu ez zaidala gustatzen!
Utzi berriketak! Non sartu dira Prexen eta Don Luis? Bi seme-alaba horiekin… ez da harritzekoa.
Inork ez daki non sartu diren osaba eta izeba. Isiltasuna nagusitu da. Bat-batean, bata zuria soinean daraman tipo xelebre bat sartu da kontsultan. Betaurrekoak daramatza. Segur aski guri laguntzera datorren gizona izango da:
Egunon! Amadeus nauzue, zuen laguntzailea edo aingerua jaja…
Txisteak ez digu batere graziarik egin, aitari izan ezik, baina nik uste bere nagusia delako egin duela barre:
Beno, txantxak alde batera utzita, ez al da inor falta, ez al zineten 12?
Ez, 10, bikiek ez dute etorri behar, txiki samarrak dira oraindik.
Noski, etxeko bi animalia txikiak, jeje…
Amadeusen txisteek ez dute batere graziarik. Aitak hitz egiten du denon partez eta ondo iruditzen zait, gauza hauetan gehien dakiena baita. Amadeusek eskuan margoak daramatza, baita orri batzuk ere. Tipo arraroa benetan! Nik uste nuen gizon batekin hitz egitera gentozela, ez marraztera! Denok isilik eta serio aurkitzen gara, Imanol joateko irrikitan dago, bere nexka lagunari dei galduak egiten ari zatzaizkio, izeba Lutxi bere azazkalei errepaso bat ematen ari da eta aita oso urduri dago, dena ondo ateratzea nahi du eta.
Barkatu, berandutu egin gara. Badakizue Mattinek ez zuela eskolara joan nahi…arrastaka eraman behar izan dugu.
Bai, lasai, ni Amadeus naiz, eser zaitezte. Hasteko, zuek nahi zenuketen familia marraztuko didazue orri hauetan.
Ezta pentsatu ere, margo zikin horiek azazkalak kakazturik utziko dizkidate!
Denok aho zabalik utzi gaitu, Lutxi batez ere. Bakoitzak orri bana hartu du eta marrazten hasi gara. Nik osaba-izeba alai eta jantzi politekin marraztu ditut, eta lehengusu lasaiak, ondo jantzita; aitona-amonak aulkietan eserita marraztu ditut eta militar jantzirik gabe. Hemendik Imanolen marrazkia ikus dezaket, bera eta Tania marraztu ditu, ondoan bi txakur eta mutiko gazte bat dituela eta beltzez jantzita, ile motz-motzarekin, ni naiz! Ze itxura dudan! baina ez du inor gehiago marraztu, noski. Imanolek beti nahi izan du gurasorik gabe bizi. Izeba Lutxik eta Martinek antzeko marrazkia egin dute, denok dotore eta apain jantzita goaz, eta izugarrizko gaztelua marraztu dute atzean, kurtsiagorik… Aitonak, berriz, bere garaiko jantziekin jantzi gaitu, berak militar jantzia darama, noski! Bai familia bitxiak marraztu dituztela!:
Marrazkiak nik gordeko ditut. Orain familian pasatutako gauza politak gogoratuko ditugu. Badakizue, familiarekin pasatako egun politak, dibertigarriak…
Borobilean eseri gara eta aitak eskua jaso du:
Nik gogoratzen dut elurretara joan ginen egun hartan oso ondo pasatu genuela!
Bai, beno, elurra egon izan balitz hobeto pasatuko genukeen, ez duzu uste maitea?
Bai beno…eta ez duzue gogoratzen taberna hartan egindako gau pasa, egun hartan bai ederki pasatu genuela!
Bai, baina Don Luisek nexka hari musurik eman ez balio hobe! Nazkagarri halakoa!
Emakumea, ez zaitez horrela jarri… nik ez nuen nahi izan, baina nexkak ni mozkortuta nengoela aprobetxatuz musukatu ninduen, bai neskato lotsagabea!
Isil zaitez, mesedez! Zuk uste 20 urteko neska batek ez duela mutiko gazteagorik musuak emateko, hala tuntuna naizelakoan! Kontxo!
Hobe izango dugu beste gauza batekin jarraitzea… zera proposatu nahi nizuen: Bihar mendira joan gintezke egun pasa, honela nik familia honen krisialdiaren arrazoia zein den ikusteko aukera gehiago izan ditzaket; gainera, denbora-pasa ederra dela iruditzen zait!
Bai primerakoa iruditzen zaigu, ez da hala?
Bai, primeran pasatuko dugu…
Ez da egia ez dugu primeran pasatuko, aitonak gogo gutxirekin esan du primeran pasatuko dugula, eta aitak aurpegi alaia jarri arren, badakit berak ere badakiela desastre hutsa izango dela.
3. ASTEARTEA, MENDIRA EGUN PASA.
Egunon! Jaikitzeko ordua da! Esna zaitez ohekoi halakoa!
Aita, oso goiz da, goizeko zazpiak ez dira oraindik ere! 12:00etan gelditu gara, zertarako jaiki behar dugu hain goiz?
Kexa gutxiago eta jaiki zaitez! Eguraldi zoragarria egiten du eta! Gogoratzen al duzu? Gaur mendira goaz denok, familia guztia, ez al da zoragarria?
Bai…gogoratzen dut…zzzz!
Tira esna zaitez! Gosaria prest duzu, ama motxila prestatzen ari da logelan, zuk bitartean gosal ezazu eta ni janari bila jaitsiko naiz beheko hipermerkatura.
Utz iezadazu lo gehiago egiten, mesedez!
Ezta pentsatu ere! Gaurko eguna zoragarria izango da, ezin dugu denborarik galdu!
Aitak pertsiana guztiak ireki ditu eta ondoren badoa hipermerkatura. Oso pozik dago, egun zoragarria egiten baitu, eguzki izpiek nire logela argitzen dute. Aitak gaur dena ondo ateratzea nahi du. "Piribiri, piribiri…" norbait deika ari da:
Ama!! Har ezazu telefonoa!
Ama motxila prestatzen ari zela, lo seko geratu da. Nik hartu beharko dut telefonoa:
Bai, esan?
Arjimiro, zu al zara? Izeba Lutxi naiz!
Bai ni naiz, izeba, zer nahi duzu? Zerbait gertatu al da? Izan ere oso arraroa iruditzen zait zu ordu hauetan esna egoteak…ez ezazu gaizki hartu…
Ez, lasai motel, ez zaigu ezertxo ere gertatu. Zera, aita etxean al da?
Ba ez, beheko hipermerkatura jaitsi da orain minutu pare bat. Zer behar duzu?
Tira, ez dakit mendira joan ahal izango dugun, izugarrizko pena ematen digu baina…badakizu, mendiko botak erabat zaharkitu zaizkit eta aurtengo modarekin ez dute zerikusirik; gainera, Imanol gaixoa ez da ondo aurkitzen. Zuk ulertzen diguzu, ezta? Ez dadila haserretu aita, beste batean joan gaitezke, ez duzu uste?
Ez! Aita oso pozik dago, gaurko eguna zoragarria izango da eta! Gainera, mendira goaz eta ez Parisko ‘alta josturako’ desfile batera! Hobe izango duzue 12:00etan etxe aurreko plaza aurrean egotea aita konturatu baino lehen!
Hori esanda moztu dut deia, izebak edozer gauza asmatuko edo egingo luke mendira ez joateagatik. Txorakeria hori asmatzea ere! Sukaldera jaitsi eta gosaltzen hasi naiz, ama ere nire atzetik sartu da sukaldera:
Egunon Arjimiro… Baina, zer demontre da hau guztia!!
Egunon familia! Esnatu al zarete dagoeneko? Prest al zaudete?
Hara! Hemen zaude, zer da hau guztia? Maitea, mendira goaz, ez oporretara!
Noski! Mendia arriskuz beterik dago, eta zer uste duzu, zuhaitzetako fruituak jango ditugula? Bazkaria ere eraman beharko dugu. Fida zaitez nitaz!
Plazan denok aurkitu gara, baina Amadeus ez da inon ageri, eta aita kezkatzen hasia da. Izeba Lutxik moda-modako bota berriak ekarri ditu; telefonoz, berriz, mendiko botak zaharkitu zitzaizkiola esan. Hara! Hor dator Amadeus! Baina ze kristo dakar eskuetan? Bitxia da, gero, Amadeus. Soka bat dakar.
Egunon familia! Zer moduz? Gaurko eguna zoragarria izango dela esaten dit zerbaitek. Prest bazaudete, has gaitezke ibiltzen, bide luzea geratzen zaigu eta!
Nola? Oinez? Eta bota berriak zikindu? Inola ere ez!
Jajaja…txantxa besterik ez zen, hor da mendira eramango gaituen autobusa!
Amadeusen txantxak geroz eta grazia gutxiago dute. Autobusa zikin-zikin dago. Lutxik goitik behera behatu du autobusa, eta gero bere bota berriei begiratu die; nazka aurpegia jarriz, Martin bera kontsolatzen saiatu da:
Lasai printzesa, pentsa ezazu hau familia elkarrekin egon dadin egiten dugula, pozik egon behar zenuke!
Pozik? Nahiago ditut bota berriak!
Autobusean sartu gara denok eta Amadeusek musika jarri du autobusa girotzeko.Ordu erdiko bidaia izan da gutxi gorabehera; Iritsi garela uste dut, leku liluragarria da, aire freskoa arnas daiteke, txorien kantuak, kolore guztietako hostoak, belar berde eta garbi-garbia! Aaaa! Zoragarria da!
Gu ondoko zelaira joango gara! Hemen ez daukagu bazkaltzeko mahairik, baina beste alde hartan bai!
Nola? Baina beste alde hori simaurrez beterik dago, behi piloa dabil eta lokatzez beterik dago dena! Nahiago dut hemen geratu eta lurrean bazkaldu!
Aizu! Zer uste duzu zuk, umemoko lotsagabe halakoa! Hemen garrantzitsuena familia elkarrekin egotea da, simaur pare batengatik ez duzu horrela jarri behar; gainera, joko piloa dut prestatuta gaurko!
Amadeus nazkagar…
Semetxo, ez zaitez horrela jarri, nire nagusia da; baita gure psikologoa ere, eta berak esandakoa egin behar dugu. Argi geratu al da?
Amadusek agindu bezala atzeko zelaira joan gara eta mahai batean motxilak utzi ditugu:
Etor zaitezte hona denok, mesedez. Sokaz lotuko dizkizuet eskuak, soka bakar batekin guztiok lotuko zaituztet eta horrela elkarrekin igaroko duzue egun guztia!
Nola? Lotu egin behar gaituzula? Hau zure txantxetako bat izatea espero dut! Baina zuk zer uste duzu, panpinak garela, ala!
Ez al gara hona etorri zuek elkarrekin egon zaitezten? Ba horixe da egiten ari naizena, zuek elkartu!
Azkenik konbentzitu eta eskuak sokaz lotu dizkigu. Hau lotsa, jende guztia begira dugu! Gainera, orain basoan barrena bidali nahi gaitu eskutik lotuta, fruitu bila. A ze kopeta duen gizon honek! Sartu gara basoan. Zuhaitzen hostoek eguzki izpiak estaltzen dizkigute erabat, ilun dago beraz. Imanolek, bere institutuko lagun batekin egin du topo basoan, Imanolek ez gintuela ezagutzen esan dio. Lotsarazi egin dugu. Lehenengo aldia da bere aurpegia zuria ez den beste kolore batez ikusi dudala, gorri kolorez. Imanolek 20 urte ditu dagoeneko. Kurtsoa gainditzea asko kostatzen zaio, noski, ez du golpe zorririk jotzen eta, Taniarekin pasatzen baititu egun guztiak.
Nazkatu naiz, gizon honek patrikak hustu nahi dizkigu! Ez al duzue ikusten bere freskagarriarekin trankil-trankil etzanda eta gu hemen izerdi patsetan gaudela?Bera ez da medikua lapurra baizik!
Lutxi nazkatu da, baita besteak ere. Ez da harritzekoa! Hiru ordu daramatzagu hemen kakazturik. Amona, harri koskor baten gainean eseri da dagoeneko; ama zuhaitz batean bermatu da, eta aita kezkaturik dago:
Baina Lutxi, honelakoak izaten dira sesio familiarrak, ez al duzue inoiz pelikuletan ikusi? Bera psikologoa da eta berak jakingo du zer egin, ez duzu uste?
Ez! Ez dut uste, nork daki noren patrikatik hartu duen ekarri gaituen autobusa ordaintzeko dirua…
Alokatutako autobus bat besterik ez da, emakumea!
Aita egoera konpondu nahian dabil, baina ez du lortuko, aitona eta amona, osaba-izebak, Imanol eta ama ados jarri dira Lutxik emandako planari ekiteko.
4. PLANARI EKINGO DIOGU.
Ados?
Ados!!! Ekin diezaiogun planari!
Soldadutzan egondako garaiak gogorarazten dizkit plan honek. Haiek bai garai ederrak! Ni kapitaina izateko jaio naiz eta inork ez dit eragotziko, oraingoan ez!!!
Ondo, beraz, ulertu duzue plana? Oso erraza da, Don Luisen ipurdiko poltsikoan dagoen labana hartuko dut nik, izan ere gertuen nagoena naiz; gero soka moztu eta hemendik alde egingo dugu!
Baina, Lutxi, zoratu al zara? Nola bueltatuko gara gure etxeetara? Gainera, nire nagusia da eta haserre bizian jarriko da nirekin!!!
Neuri asko gustatzen zait Lutxiren plana. Hiru ordu daramatzagu bueltaka baina aitari ez dio grazia zipitzik ere egin, eta negarrez hasteko zorian dago. Aita gaixoa! Baina, hala ere, planari ekingo diogu. Niri Amadeusen poltsikotik autobusaren giltzak hartzea tokatu zait. Lutxi labana hartzen ari da, saiatzen behintzat, asko kostatzen baitzaio. Izeba Prexen haserre dago, ez baitzaio batere gustatzen Lutxik bere senarraren ipurdia ukitzea.
Aizu, Lutxi! Mugi zaitez, ze gustura nire senarraren ipurdia ukitzen, ze ederra den ezta? Soka hau kendu bezain pronto kristoren zaztakoa emango dizut, lotsagabea!
Tira, maitea, ez zaitez horrela jarri. Ez zait ipurdia ukitzen ari labana hartzen baizik.
Zer diozu? Zuri ere gustatzen al zaizu Lutxik zuri ipurdia ukitzea ala? Ez nuen horrelakorik zugandik espero, nazkagarria! Biok akabatuko zaituztet!
Ama Prexen lasaitu nahian dabil, hiru ordu hauek basoan kalte handia egin digute buruan. Azkenean hartu du labana eta mozten hasi da:
Emakumea, ekarri labana hori. Nik moztuko dut azkarrago!
Aizu! Nik zu bezain ondo moztu dezaket!
Neska bat besterik ez zara eta!
Baina nola ausartzen zara, matxista zikina! Ipurditik sartuko nizuke labana, baina ez dut egingo, onegia naiz eta!
Aizu, Lutxi, ez zaitez pasatu nire senarra da eta!
Hori da, ez zaitez nirekin pasatu!
Zu iso, nazkagarria! Oraindik ez dut lehengoa ahaztu eta! Gainera egia da matxista zikin bat zarela, baita zerria ere!
Lortu dut!
Lutxik soka moztea lortu du eta denok askatu gaitu. Prexen zutitu eta bere senarra jo du, buruan zaztako bat eman dio, eta hori bai zaztako ederra!
Tori! Merezia zenuen eta!
Utz ditzagun berriketak alde batera eta abia gaitezen Amadeusengana!
Aizu, baina Lutxi, ez ezazue jo! Ez ahaztu…
Bai! Ez dugu ahaztuko zure nagusia dela Jose Mari, mila aldiz errepikatu baitiguzu eta, baina kasu honetan gure psikologoa ere bada!
Bai, tira… arrazoi duzu, nik ere… lagunduko dizuet plan bitxi honetan! Baina jakin ezazue hau gugatik egiten dudala! Familiagatik!
Ongi! Denok prest gaude! Arjimiro, joan zaitezke giltzen bila!
Bai, izeba Lutxi, gustatuko litzaidake giltzen bila joatea, baina…baso erdian gaude, hori uste dut nik behintzat, egia esan, ez dakigu ezta erdian gauden ere. Nola joango naiz galduta bagaude?
Kontxo! Ahaztu egin zait. Nola irtengo gara?... Badakit!
Izebari beste ideia bat etorri zaio burura. Ez nekien izeba hain jakintsua zenik! Burua arroparen konbinaketetarako besterik ez zuela erabiltzen uste nuen. Gezurra dirudi, baina plan honek gu inoiz baino gehiago elkartzea lortu du; agian hori izango zen Amadeusen plana! Lutxiren oraingo plana ez da lehengoa bezain ona, zera dio: Norbaitek (norbait hori ni izango naiz, seguru nago, etxeko txikiena eta trebeena bainaiz) besteon laguntzaz zuhaitz batera igo beharko du, zuhaitz handi batera; gero bertatik Amadeus ikusi ahal izateko. Esaten ari nintzen bezala, ez da plan ona:
Tira, Arjimiro jar ezazu zure eskuin hanka nire eskuen gainean, bultzada batez adar horretara igo ahal izango zara eta!
Hau ez zait batere gustatzen. Lutxiren esku delikatuen eta bere azazkala margotu berrien gainean igotzeak, beldur handia ematen dit. Igo naiz adarrera, azkenean Martinek igo nau eta ez Lutxik, ez zuen arriskatu nahi badaezpada, orain ez dakit zer egin: aitonak eskuineko adarrera igotzeko esaten dit; Osaba Martinek ezkerrekora, sendoagoa dela; Osaba Don Luisek nire gainean dagoen adarrera igotzeko eta aitak berehala jaisteko dio. Azkenean, goiko adarrera igo naiz Don Luisek esan bezala, eta bertatik Amadeus ikusi dut:
Amadeus! Hor da Amadeus, nire aurrean!
Ongi semetxo! Goazen denok!
Bai goazen!
Aizu, Lutxi... barkaidazu lehengoarengatik, ez nintzen ondo aurkitzen eta nire senarraren ipurdia ukitzen ari zinela iruditu zait...
Tira, nexka! Barkatuta zaude!
Ezin dut sinetsi, Izeba Lutxi eta Prexen besarkatzen! Don Luis oso pozik dago biei begiratzen dien bitartean. Amonari hankako minak joan zaizkiola esango nuke nik, korrika atera baitu basotik. Egia esan, denok atera gara lasterka, nazkatuta baikaude. Azkenean, denok elkarrekin, istilurik gabe, aaaaa!!! Zein pozik dagoen aita:
Aizue! Momentu bat! Ez al zarete konturatzen? Hiru ordu hauek ezerk baino gehiago elkartu gaituzte! Istiluak alde batera utzita, goazen elkarrekin bazkaltzera, istiluekin galdutako bazkari guztiak berreskuratzera!
Azkenean, Amadeus mendian utzita, gertuen aurkitu dugun jatetxe batean bazkaldu dugu. Ederki pasatu dugu! Ez dakigu zer gertatu zaion Amadeusi,baina bost axola guri, beno guri…aitari ez, zeren eta bihar lanera joan behar izango du eta bertan Amadeus aurkituko du; eta, noski, bi sesioak ordaintzea eskatuko dio…Aita gaixoa, dena berari gertatu behar!
5. IGANDEA, AMONA ETA AITONAREN ETXEAN BAZKARIA.
Kaixo, Arjimiro naiz berriro ere. Amona eta aitonaren etxean aurkitzen gara denok, bazkaltzeko prest. Aitona, jakingo duzuen bezala, mahaian eseri da, ardoz beteriko baso bat duela eskuan; eta, oraingoan, ez ditu militar galtzak jarri eta zera dio: Lagun hura ikusi zuela ikusi behar zuenean, eta orain ezin duela orain direla urte asko gertatutako zoritxar hori aldatu, orduan, hori ahaztu eta mendian pasatu genuen egun zoragarri hartan (zoragarria ez hiru ordu baso hartan kakazturik pasatu genituelako, baizik eta azkenean familia elkartzea lortu genuelako) emandako galtzak jarri ditu, inoiz ez ahazteko. Amona, beti bezala, etxea garbitzen eta bazkaria prestatzen ari da. Aita eta ama oso pozik daude, aita batez ere, Amadeusi ordaindutako guztia ordaindu eta gero oso pozik jarraitzen du, nahi zuena lortu baitu. Izeba Lutxi eta osaba Martin Imanolekin batera etorri dira, oso dotore noski, beno… Imanol ez da oso dotore etorri, baina tira, galtza bakero dotoreak jantzi ditu behintzat! Lutxik aginduta, bistan denez. Prexen eta Don Luis bikiekin etorri dira. Hauek ez dira ezertxo ere aldatu. Beren bihurrikeriekin jarraitzen dute, baina Prexeni ez dio axola, diren modukoak direlako oso pozik dago. Den-denok gaude ikaragarri pozik!
D mailan (12-14 urte) saritutako ipuina
|