IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2004 - 15. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Jon Iraola

Jon Iraola

WHITE QUEEN





Txuku-txuku-traka-traka... burdin kirrinka, trena balaztatzen hasi da trenbidea zarramazkatuz. Ireki dira ateak. Takoi hotsa, denak presaka, galtza luze italiarrak, Lacoust, Laiberto, gizon elegante baten zapata marroi ilunak, lehenengo klasea, agian? Denak erdi lasterka, atzetik akuilua ziztaka edukiko balute bezala, ojo! Tupust egin eta ia lurrera erori da andere apaindu bat, mugikor baten oihua, baina inork zirkinik ere ez.

Batzuk soslai begiratzen diote, zein ote da gizajo hau, drogak usteldutako yonkia zirudik, puaj, urrundu hadi, bestela... Beste askok bere kantei entzungogor egin eta aurrean geratu eta zentimorik eman gabe, bere bidea jarraitzen dute. Gutxi dira alboan geratzen zaizkionak, hatzekin onespen keinu bat egiten diotenak, errukiorrak, pena ematen die.

Hutsik dago estazioa. Joan dira, bai gizaki eta bai tren guztiak ere, lotara... Izara beltza hiriaren buru gainean zabaldu orduko amaitu dira eguneroko estropozuak, malkoak, zapi zurien astinduak, zineko aktore bihurtutako mutilak, neskalagunarekin bukaeraraino egon nahian nasa osoa trenaren erritmo berean, azeleratuz, igarotzen dutenak, esaiozu agur, agur arbola, agur tren geltoki, begira amona, esan agur amonari, agur, agur...

Hippyaren bi akorde nahiko izan dira alboko harriak aztora daitezen, la-do-mi-la, baita zuhaitzek ileak harrotu eta, txistu eginez edo besoekin erritmoa markatuz, kantaren amaiera asmatzen saia daitezen ere.

Klak. Argindar eta lanparek ez dute kanta honen lekuko izan nahi, bestela zer esango ote diete bihar goizean, lehen orduan, ailegatzen diren bidaiariek. Klak. Nola azaldu espektro bilakatutako kantari baten notak hunkigarriak zirela, nola adierazi bidaiariek entzuten jakin ez zutena miresteko gai zirela. Klak. Eternalki gizakien menpeko izan nahi dutelako desagerrarazten dira. Klak, azkeneko kriseiluaren adioa.

Estazioa ospela, iluna, hitsa da. Bere ttipitasunean ezkutatzen saiatzen den lau horma eta metal fineko xafla kurbatua, hori besterik ez. Besozabalik hartzen du, ordea, ile luzedunaren kanta beroa. Three little birds dio, oh, brother, I got them, got horri zer nolako enfasia jarri dion, gitarrarekin duen borroka moduko horretan galtzailearen garrasi urratua adierazi nahi du, garrasi oldarkorra, got!. My heart..., haizeak lapurtutako kexa, anytime, anywhere, erritmo aldaketa segituan sumatu dute entzule mutuek, my heart will believe in, durunda bihurtu da azkeneko bertsoa, believe in, elieve in, lieven, even, ven...

Isilpearekin batera esnatu dira atzoko egunkarien azken aztarnen, plastikoaren, krispeta poltsen dantzak. Berandu iritsi direla baldin badakite ere, abeslaria tentatu nahi dute, emaiok motel, eta bere horretan dabiltza, ilargiaren inguruan, jira eta buelta, queremos marcha, marcha, eleak eginez, tócala otra vez, Sam. Beranduegi, pentsatzen du, pentsatzen duk gitarra eskuartean duala altxatzen haizen bitartean. Hankeko zauria gero eta sakonagoa dela sentitzen duk, arima harramazkatzen ariko balitzaik bezala, femurrera iritsi nahian. Atzo gertatu huan, plaza nagusia gurutzatzen duen kalearen txoko ilunenean, kaskamotxak zituan denak, txupa beltza, piercing probokagarri eta kate luzeak, zakurren moduko koilare zorrotzak, una, grande y libre!, garagardo hatsa, ostikadak, ahal huen moduan aide, baina eginak zeudek ebaki eta orbanak. Orbanak. Belaun bakoitzean pare bat bai gutxienez, eta beste bat bekondoan, eta hiru bat buru atzean. Hauen oinazea arindu eta bakanka agertzen zaian odol sena asetzeko asmo zuzenarekin gitarra muturretik heldu eta plastikozko poltsak inarrosten hasi haiz, hanka hemendik!, alde batera eta bestera, zabuka, emanaldia bukatu da!, zakarrak uxatzeko intentzioarekin. Hauek, berriz, gitarraren gorputzera itsasten dira, hanka hemendik!, tximak ezker eskuin, rock´n´roll kontzertu batean balego bezala mugitzen dituk, kitar kolpeen erritmo bizian. Nahikoa da!, ezin dituk aldendu, Nahikoa da!, hire gauzaeza, ezintasuna agerian geratu duk, akitua hago eta lehendanik inoiz sentitu gabeko nahigabea nabaritu duk saihetsean, atzoko jipoiaren seinale, barnea ito eta ikusmena lausotzen dian atsekabea, eta pott erori haiz, kitar, poltsa, motots, koilare eta guzti, lurrera, lur latzera, harri txintxarrez betetako lurrera, non harri ororen ezten gartsua, banaka, hire bizkarrean nola xartatzen den sentitu duk.

Gaueko kilker hots eta haize bortitzaren estalkiak lozorro sakon batean tapatu aurretik, arnasa sakon hartu eta, hiretzat garaitezin diren poltsen desioen aurrean belaunikatuz, inoiz amestu ez duan egundoko kantarik xarmantenari ematen diok hasiera, mendeen poderioak nekez makurtuko duen frantses eresiari...



Les bateaux reposent encor 74. Domingo, 15 de febrero de 3003. WHITE QUEEN, LA PIEDRA PRECIOSA QUE DESTROZÓ LA CIVILIZACIÓN CAPITALISTA, HA SIDO ENCONTRADA POR EL FAMOSO ARQUEÓLOGO JOHN FITTE

[ ... ] En la segunda parte del siglo XX estuvo primero en manos de Mariano Beitia. Pero una de sus amantes le robó la joya, guardándola en "Amelus", su caserío natal. Cuando este caserío fue abandonado, aproximadamente en 1999, un trabajador de Mudanzas Goierri "requisó" la piedra, llevándola hasta su tumba, donde hoy en día, mil años después, ha sido encontrada por John Fitte. Sin lugar a dudas, esta imprevista desaparición de la joya causó diversos estragos en la familia de la amante...


---------------------------------------------

Sí, lo de siempre. Bueno, déjame un poquito por arriba (barre algarak).

Autoen burrunba gogaikarria, goizeroko periodiko usain nazkagarria, langileen korrikaldiak, zein baino zein azkarrago. Korbatadunen pauso irmo eta seguruak eta hain dotore ez dihoazenen ibilera zalantzatia biltzen dituen izerdiz perfumaturiko ibaia geldiezina da.

"...de viajar el próximo sábado al Camp Nou. Ocho menos cuarto, siete menos cuarto en Canarias, la hora de la ronda del tiempo. Comenzamos en Galicia [...] País Vasco, Ramón Sánchez. Con tiempo revuelto, cielos cubiertos y algunas lloviznas en el sur. Nubes y claros con temperaturas suaves en el interior. Temperaturas agradables en las principales ciudades y amplios bancos de niebla que tardarán en despejar en...".

Xirimiria. Jertsearen kremailera goraino igo duk hemen earki natxiok eta zorioneko sentitzen haiz, kanpokoen presa eta sufrimendua ikustean. Haize boladen zartada gutxi balitz, lehen tanten kilimekin nahigabetuta, marmarka hasi dira, gajoak, zerura begira. Eskutik helduta saltoka eskola bidean dabiltzan mutikoen kantuak ere, "que llueva, que llueva..." oinezkoen atsekabea handiagotu du eta burua bufanda edo gabardinen lepoen babesean kuzkurtuz, pausua nabarmenki azkartu dute.

40. MUNDO. SOLDADOS ISRAELÍES MATAN A TRES PALESTINOS EN LA FRANJA DE GAZA La incursión tenía como fin...

Nubes y claros, nubes y claros! Siempre lo mismo! Ondoko aitonak irakurtzeari utzi eta, eskuartean duen egunkaria erditik tolestu ondoren, San Ferminetan baldin bageunde bezala biribildu du. Xelebrea duk: ezin hobeki hago agure burusoil hauen artean, alaitu egiten haute pentsionista antzu horien barre lizunek, beren extremadurar hitz jario itxi eta biziak, En efectivo o con tarjeta?, anaiari astoak alde egin zionekoa Manuelek zer nolako gatz eta piperrarekin kontatzen duen, ikaragarria duk, En efectivo, mi señorita hori bai dela artista izatea, publikoari barre eraginaraztea, demasié, badoa Manuel, egunkari eta guzti besazpian, bertako egunkaria gainera, espabilatua gizona.

Irás a ver a la amona, supongo. Dale un tirón de orejas de mi parte. Ezker aldean kurbatuta, zimelduta daukaan Martin gaztetan amonaren bikotea izan omen zuan; edo neskalaguntzan ibilitakoa; beno, ez dakik gauza segururik, baina garai horretako dantzaldietan gehien arrimatzen zitzaiona izango zela susmatu duk, Hollywood-eko aktore erretiratu baten planta zaukak-eta. Gabonetako afari ugari horietako batean ere, alkoholaren deabrutxoak erraietan lurperatutako isilgordeak argira ateratzen dituenean, zerbait entzuna huen, donjuanaren fama zeukala, neska askorekin ibili bide zela. Hipotesi gisa ontzat emango huke, are gehiago mutilzahar berritsuaren ahotsak duen nostalgia kutsu magikoa antzeman duanean. Sí, claro, iré sin falta. Zortziak! Amona dagoeneko esnatua egongo duk! Pero si sigue cortando a esta marcha, creo que no llegaré nunca. ¡Qué coño! ¡La visitaré ahora mismo! Manolo, ¿a las seis te viene bien? Tengo prisa y... ileapaintzailearen baiezkoarekin batera altxa haiz, altxa da, agur Krispin, deja ya de leer el Marca, sigue así Manolo, estás rejuvenecido, ya hablaremos Martin, baina aibala! Karmelo! Aspaldiko-ze-muz-momentu-txarrian-harrapau-nazu-andria-ondoez-ta-pozten-naiz-beno-jun-biharra-dakat-amonaren-urtebetetzia-da-ta-bai-ez-kezkatu-emango-izkiot-eta-bi-musu-zure-partetik-aio!, berokia ez beza ahaztu, kontuz ate aurreko koskarekin –ieup!- iasta, kalera atera da.

Karrika-bazterrak garbitzen ari den kamioi txikitxoa, txirrindulari lasterketa bateko "camión escoba" (nola esaten da euskaraz?) bailitzan, azken langile atzeratuak pilatzen ditu bata bestearen gainean. Nola hala, langileen pelotoia saihestu eta maldan gora abiatzen da gaztea, "Peluquería-Caballeros. Único establecimiento abierto desde las 7:30. Horario tarde: 6:00-8:00" jartzen duen kartela atzean utziz, zaharren egoitzarantz eta umetan ikasitako kanta ezpainartean xuxurlatuz:

Astelehena
jai ondoren alferra,
ezer ez egiteko,
ez goaz lanera...


Dans les eaux profonds du port,

AL PARECER, TORTURARON A LAS VÍCTIMAS ANTES DE ASESINARLAS

OSTOCK dio kartelak, letra larriz, eraikuntza guztia menperatuko balu bezala. Urrutitik begiztatu daitezke zaharren egoitzaren jantzi diren adreilu argi eta plastiko berdeskak, baita heriotzaren etorrera aldentzea helburu duten kristal distiratsu ugariak ere. Horietako batetik edadetu bat da ageri, amorantearen zain dagoen neskatxa iduri, besoak bular gainean gurutzaturik, begiak, burua eta arima zeruertzera lotuta dituela. Zizpuru bakoitzaren amaieran, segundo batez edo, aurreko errepideari egiten dio so, berriz ere arima, buru eta begiak zeruertzera kateatzeko.

Euri atergabeak laztandutako platano biluziak zeharkatu eta barrura sartu da mutila, zahar usaina, plastikozko landare faltsuak izkina guztietan, Picasso pare bat horman zintzilik, imitazio ezinhobeak dudarik gabe. Mojaren irribarre gozoak egin dio harrera, egongelan egon ohi da ordu hauetan, edo, beno, ez dakit, zuk itxaron iezaiozu bertan, gelara bere bila joango naiz-eta oraintxe.

Argitsua da egongela, eserlekuak, mahaiak, mus, dekorazio biziz hornitutako horma zuriak, no hay mus, zimurrez betetako gazte asko inguruan, intxaur helduak, enbido, liburuak irakurtzen, argudiatzen. Aldez aurretik ikusitako edadetuaren antzera agure bat, bakarrik, leiho ondoan zut, besoak bizkar atzean, ipurdi inguruan, euki, burumakur, begiak erdi-itxita dituela, beirazko itsasoaren sakontasuna aztertzen. Buelta eman du, enbido txikia, eta gutxi gorabehera salaren erdian kokatu arte iraungo duen pauso mantsoan ibiltzen hasten da, paso, zerbait ahoskatu duela iruditu zaio mutilari, ria edo ia, pariak ez, edo horrelako zerbait, ezta, dagoeneko salaren erdira iritsi da. Hitz berdina errepikatuz darrai, ahozpez, baina geroz eta ozenago, dagoeneko ongi entzun diezaioke, entzun diezaiokek, Maria dio, suabe-suabe, hire amonaren bila ote dabil?, Maria berriz ere, altuxeago, Maria, bere maitaleari deika ari zaiola dirudi, Maria, inork ez dio kasu zipitzik egiten, jokurik ez, Maria, nik bai, azal itzak, Maria, agurearen intziri xumea garrasi bihurtuko da laster, Maria!, egongela guztia isilarazi du. Maria!!!

Hitzetik hortzera, agurearen azken oihuarekin batera, eskaileretatik behera datozen urrats zakarren hotsak inbaditzen dik hire belarria, eta eserita hagoen sofan bertan buelta ematen duk, zer izango ote da zalaparta guzti hori, hurbiltzen ari dira, senti ditzakek, orain dela minutu eskas hitz egin duan mojaren deiadarra entzuten duk, ai ama, ai amatxo maitia, amonari ez ote zaio ezer txarrik pasa, ez mesedez.

Lehena eskuan pistola duela jaitsi da, arriba las manos todo el mundo!, aurpegia buru-beroki batez estalia, begiak betaurreko beltz batzuekin; ondorengo hirurek hire amona zeramatek, ahoa estalita; azkenak, lehenengoak ez bezala, metraileta bat zeramak eskuan eta pistola patrikan. ORAIN ESANGO DIADANA BETIRAKO GORDE BEHAR DUK HIRE BURUAN, SEME. NIRI ZERBAIT PASATZEN BAZAIT, JOAN HADI ZIZTU BIZIAN AMONARENGANA ETA LIBURUXKA NON GORDETZEN DUEN GALDEIOK, BITXIAREN KOKALEKUA ZEIN DEN ESATEN DUEN LIBURUXKA NON DAGOEN ESAIOK. Instante batean, hire eta amonaren begiradek bat egin diate, bere eskua nola irekitzen den informatu nahi duen begiradak eta hireak topo egin diate, maskurrez betetako bere hatzetatik paper zati txiki bat nola erortzen den esan nahi dian begirada eta hirea aurkitu egin dituk.

Amona auto beltzean sartu duten unean sortu da benetako iskanbila zaharren egoitzan. SMS bat jaso berri duk, Iñaki, hire lagun desleiala berriz ere deika ari zaik, Ap i!Gar gbn jrga!Betko lekn, 9tan. Tolsako 2nska ezgtu dtut. Stan muu bnas. Oprretako azkn euna aprbtxtzea! Iufa! sx&drgs&rckanrll!. Papertxoak lurrean jarraitzen dik, har ezak, har ezak ahal duan azkarren, hori duk, eta orain ospa, bizkor!



épuisés par leurs longs voyages.

Kaixo, arratsaldeon [...] Berria al zara hemen? Gutxitan ikusi zaitut, baina... bai, zure aurpegia ezaguna egiten zait, ez al dituzu HIESari buruzko hitzaldiak ematen? A, barkatu, badakizu, gauza horietarako oso txarra naiz, imajina ezazu, Nelson Mandela eta beste politiko hori, bai, eztakitnongo lehendakaria dena, erakunde garrantzitsu horietako batena uste dut, bai motel, azkenaldi honetan teleberri guztietan ateratzen den beltz altu hori. Bai, horixe! Xelebrea irudituko zaizu, baina elkarrekin nahasten ditut! Eta hori ez da okerrena, pufff, mila adibide eman diezazkizuket... Horrelako bizar kiribildua ikusi dizudanean, hitzaldiak ematen dituen intelektualarekin erlazionatu zaitut, ez daukat erremediorik! Sakatu ezazu botoia motel, bestela hemen egon beharko gara betiko eta, a, okupatuta dago, barkatu, igogailu zahar hauek, nik ere edifizio hau aukeratu behar, hirian beste mila edukita!

Ez zarela berria? Zenbatgarren pisuan bizi zara ba? A! Orduan, bizilagunon erkidegoko administratzailearen gizona zara! Gutxitan ikusi dugu elkar, ezta? Zure andrearekin hitz egiten... bai, bileretan eta horrela. Bai, beharbada... Bai, horregatik izango da. Campusera joateko goiz samar ateratzen naiz eta etxera bueltatzerako... Ez, ez da oso gogorra, baina aurten bezalako uzta txarra tokatzen bazaizu... malo, malo. Psicología social delakoaren irakasle naiz eta, ez pentsa, azterketak direla, zuzenketak, klase orduen prestaketa... Jakina, ohitura kontua da. Pentsa ezazu, goizeko zortzietarako kalean naiz, eta bueltatzeko bederatziak inguru. Egun guztia kanpoan: klaseak, bazkaria, liburuen irakurketa... Begira, Los fundadores de la psicología social: S. Freud, G.H. Mead, K. Lewin y B.H. Skinner, James A. Schellenberg-ena, biharko klasean aztertu eta sakontzen hasiko gara, interesgarria da, hori bai, hobeak irakurri izan ditut.

Beno, zer pasatzen zaio igogailu honi? Matxuraren bat, ziur nago. Edo hirugarreneko andere kuxkuxero marijakintsu hori izango da, ile gogor eta lisodun fox-terrier horietako bat duena, joder, zakur potrohandi hori, zenbat gau izorratu ote dizkit, txiki eta babesgabea dirudi, kabroiak, baina bere zaunkek... astakeriarik ez dezagun esan, ez dezagun esan. Ez didazu ukatuko...? A, esaten nuen ba. Noski, nazkagarri hutsa da. Bere izena ere... Ximon. Ximon deitzen ziotek zakurrari. Ximon, Ximon, etorri hadi, hori da Ximon, oso txintxoa haiz, har ezak gaileta hau. Ximon, zimur, zimel, zimaur, zimarroi galant hori! Esaten ari nintzaizun bezala, hor egongo dira bi amona, bata hirugarrenekoa eta bestea seigarreneko atsoa, elkarrizketan, igogailuaren atea erdi-irekita, ez atzera eta ez aurrera, biak bertan, txutxu-mutxuka, a que no sabes que la Luisa..., oye, no me digas, pues no me he enterado, ¿y qué más, y qué más?, pero qué fuerte, y eso no es nada comparado con..., sí chica, tenías razón... Lepoa jokatuko nikek!

A! Eta esamesekin hasi garenez, zer egin behar dugu 5A-koekin? Ez, nik ezin dut horrela jarraitu, posible ote da? Alua, urde nazkagarria! Zer nolako iskanbilak, hori mendi puntakoa da, Urtain, Urtainen antza hartzen diot, eta horrela bukatuko du, egun guztia Mikeltxonian sartuta, basoerdiz basoerdi, nola edaten duen, ikusgarria da, behin bertan izan nintzen eta, bai, gelditu gabe eta andre zorigaiztokoa, hurrengoan deitu egingo dut, 112 eta punto. Eta okerrena zera da: Josu, ume gaixoa. Askotan bakarrik ikusi izan dut, ezkaratzean, izkina ilun hortan, negarrez.

Aizu, gaur bertan Gartziatarrenean gertatutakoa ere gehiegizkoa da. Zenbat gorila agertu ote dira gizonaren bila? Bost, agian? Askok Polizia dela diote, baino ez, ni ziur nago, gorilak ziren, gorila malapartatu batzuk. Politikan zebilela uste dut edo akaso kontrabandoan sartua egongo zen. Auskalo. Baina tipo horien sartu-irtena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan, ez horixe, goizeko zortziak aldera, garrasiak, aieneak, seme txikia ere bertan zuan, apalak txikituta, dena hankazgora eta anartean gizona eraman diate. Eta hori dena bost minututan. Aitak ez zeukan gaizkile itxurarik, oso jatorra zen gainera eta nirekin betidanik oso ongi portatu izan da. Hara! Igogailua badator.

Berriketa amaitu dutela dirudi.

Hi berriz eskaileretan eserita, ezkutatuta, zelatan, baina tipo horien sartu-irtena ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan, harrituta, bi gizonen hizketaren politikan zebilela uste dut azken datuak memorizatu nahian gorilak, bost minutu, gaizkile itxura. Aita bahitu diate! Hotzez dardarka..., tindua galdutako papertxoa duk eskuartean. Begi sakonean dago egunkaria... zion negar beltzak.



LA POLICÍA RECUPERÓ LOS CUERPOS DE LOS DESAPARECIDOS 96 HORAS DESPUÉS DE SU SECUESTRO

Moi, j'en appelle au vent du large

DESPOJARON A LOS CADÁVERES DE LOS RELOJES, EL DINERO Y TODO LO QUE LES PARECIÓ DE VALOR

Haizeak altxatutako harearen, azala zulatzen duen harearen joaldi bizia pairatu beharrak sortutako amorrazioa egunkari ezkutuaren misterioak baretzen dik. Begi sakonean dago egunkaria..., non bestela! Labar zorabiagarrien magalean aurkitzen da, hondartzari bizkarra emanez, ezkutuan. Pirata ugariren gordeleku izan omen zen. Arrantzaleentzat "Begi Sakona", zientifikoentzat urak indusitako bi zulo. Baietz dozenara iritsi, ordea, azken hiru aste hauetan garezur mistiko horren barnean, begi bat esku batez tapatuta edo herrenka, orain dela berrehun urteko piratak bailiran, "ni naiz kobazulo honetako kapitain pirata!" garrasi egin duten umeak. Geroz eta gertuago hago txikitan amonaren eta hire ezkutaleku izan zen "Begi Sakonetik". Bota astunak askatzeak, hondarrean oinutsik ibiltzeak, lebitatzeak, kalean zehar maiz sentitutako ibilera baldarraren sentsazioa uxatu dik; itsasoaren taupada diren olatuen astinduetatik ihes egindako tanten laztanak kresalaren usain gazi-gozoa ekarri dik gogora. Haserre dagoenean askoz ere erakargarriagoa bihurtzen da itsasoa, bere azala zaurituko duten itsasontzirik gabe, hi eta itsasoa, intimitate kutsua duen zita modura. Bera infinituaren horizontetik datorrela, indartsu, bortitz, hi besarkatzeko asmotan, hire aurrean belaunikatuz, oinak musukatu nahi dizkik; hi, berriz, xume, eta ahul, eta leun, inondik ez hatorren gizaki ñimiño, besarkadei uko egiten diek, behatzetako kilimak aldendu nahi dituk. Hala ere, egunero egoten haiz itsasoari begira, honen mugimendu guztiak hautematen, bere besarkada onartzeko tentazioa aldendu nahian, begien bidez hire arimaren zati ederrenetako bat bertara isuriz, arnasa elkarbanatuz. Bi mundu, hirea eta berea, bat bilakatzen dituk. Bi mundu...

Hodei mardulek olatuen jarraipen eta isla dirudite, langarra noizik behin, ateri aldizka. Forma eta kolore gris eta argien ikusle sentitzen haiz, ikusle huts bakarrik, artelan batean bizkarra emanez aterako zatekeen gizonaren antzera. Los campeones mantienen la cabeza fría en los momentos cruciales, futbolak eguneroko bizitzan erabilpena duela pentsatu eta eskuan zimur-zimur egina daukaan etxean prestatutako zirriborroa zabaldu duk, barnean gordetako ezinegona eta azken ordu hauetan gertatutako ekintzek buruan eragindako nahastea desagerrarazteko:


Astelehena, 7:00-7:30 Gosaldu, aita-amari bi musu. Ileapaindegira abiatu. Ikastolan besteak baino beranduago hasiko gara.


7:45 inguru Ileapaindegian. Manuel kabreatu eta alde egin. Martinekin elkarrizketa. Honek luzaro iraungo du, amona zoriontzera joatea erabaki. Arratsaldean moztuko didate ilea. Bidean Karmelorekin hitz egin.


8:00 Zaharren egoitzara iritsi. Euria. Andere bat leihoan. Mojarekin hitz egin, egonlekura joateko esan. "Maria! Maria!" Agure batek amonaren izena behin eta berriz errepikatu. Zer nolako erlazioa ote du amonarekin? Amona bahitu. Papertxoak amonaren egunkaria "Begi sakonean" dagoela dio. Iñakiren SMS-a. Gauean juerga?


8:30-18:30 Paseo lasai bat eman, hausnarketan. "Autoa nora? Zergatik amona bahitu? Hainbeste aldiz entzun dudan bitxiarekin erlaziorik ba ote du honek?" Etxera ez dut dei ere egin. Dagoeneko jakingo dute.


18:30 Etxera. Eskailerak igotzen hasi eta bizilagunen hizketa entzun. Aita ere bahitu! Etxera iritsi, denok negarrez hasi.


19:00 Aitak txikitan aipatutako egunkariaren bila "Begi sakonera". Hor egongo ote da? Bien bahiketak egunkariarekin eta botere misteriotsuak dituen bitxi horrekin zerikusi zuzena edukiko ote du? Ondoren: juerga bai ala ez?

Lehen arrotz egiten zitzaian labarra hire aurrean, aspaldiko erregeen tronuen antzera, hondartzaren agintari ageri da. Tronua ezezik, hartz baten hatzaparraren itxura daukala iruditzen zaik, National Geographic-eko hartz baten hatzaparra zirudik, uretatik arrainen bat, izokinen bat, harrapatu nahi duen hatzaparra. Plazer hutsa, hori sentitzen duk paisaje erromantiko honen aurrean, ikaragarri gustatzen zaik irakurtzea, ikasketetatik ihes egiteko aparta duk, Carpe Diem, gora autore erromantikoak, agur eta ohore, Blake, Goethe, Schiler, SEGÚN LOS escritos del propio Friedrich, todos los elementos de la composición tienen carácter simbólico. Las montañas son una alegoría de la fe, los abetos representan la esperanza. Los colores fríos, ácidos, la iluminación clara y los contornos contrastados potencian los sentimientos de melancolía, aislamiento e impotencia humana frente a la fuerza inquietante de la naturaleza que se expresa en su obra.

"Begi Sakonaren" sarreraren aitzinaldean kokatu haizenean hasi duk txikitako oroitzapenen bonbardaketa etengabea. Lau pauso, kantatzen zuen amona Mariak kobaren sarrerara heltzean, Lau pauso hutsal nahiko dira / azukre usainezko itsaso / zuharrak fruituak jaso / ditzan. Lau, pauso, lau bira, lau pauso, lau bira. Eta –alehop!- pauso bat ematen huen, piraten modura, "Begi Sakonean" barruratuz. Hiru pauso, hiru guztira. / Zeharka ezineko baso, / zuk didazu esan lasai asko: / gera hadi atzera begira, atzera begira. Ume ttattar bat hintzeneko jakinmin eta bizitasuna sentitzen dituk, borborka, hire barnean. Pauso bat gehiago aurrerantz, el corazón propulsa la sangre merced a las presiones creadas en sus cavidades, beste bat ezkerrerantz, las contracciones del corazón están controladas por su sistema nervioso, horixe duk egunkaria dagoen puntu zehatza, amona eta bion txikitako gordelekua, la frecuencia cardíaca varía según las situaciones fisiológicas, harpeko sabaitik erori eta hire izerdi hotzarekin nahastu den tanta batek igurtzi hau, orain egin behar duan gauza bakarra sabaiko harria gorantz bultzatzea da, ondoren ezkerrera eta, la frecuencia cardíaca es más elevada, azkenik, hatzekin eskuin aldean dagoen zulotxoa arakatu behar duk, las pulsaciones pueden llegar a 200 por minuto en estas edades.

Qui me fera quitter le bord.

Txirrin hotsa. Bat-batean oihuak ugaritu egiten dituk eta, goizeroko errutinak aginduta, motxilaren helduleku bat sorbaldan ezarriko duk eskailerak igo aurretik. Eserlekuan jesartzen lehenengoa izango haiz eta baita irakasleari egunon freskoenak emango dizkiona ere. Baina ondotxo dakik egunerokoa sakelean edukitzeak ohizko gertakizunak errotik eraldatuko dituela.

Biharamuna, kaixo, kaixo! ...motxilak, neskatoen takoi altuak, joder, orain gazte-mate daukagu, mutilen zapladak, nesken besarkadak, atzoko kazkarraren ajea eta parrandako oroitzapen bakanak... Gogoratzen al haiz? "Gertakizun polit bat… kupela, kupela", tipitipitipi, trikitixa ederki dominatzen ziala, hor zeok koxka! "Talde bat osatu zen mutil bat eta neskatxa tragotikan tragora zer nolako martxa!" tipitipitipitipi...

Piper egiteko egun paregabea, bai horixe. Kristalaren erreflexuaz baliatuz ikasleen artaldea eskaileretan gora nola abiatzen den espiatuz igaroko dituk ondorengo hamar minutuak, noizbehinka kanpoko paisaiari so eginez, pinu berdeak, haritz marroixkak, ume bat zetorrek aldapan gora, hara!, eguzkiaren lehen pausoekin batera zetorrek, eskutik helduta. Atzo ez hintzen atera, kaguen sos, alkoholetan bustitako akorde errepikakorrak entzun gabe geratu haiz, Iñakirentzat izango zituan Tolosako bi neskatxak, baina beno, zorroan lotan dagoen amonaren egunkariak bi neska horiek baino mila bider gehiago balio dik, ziur hago.



FUERON ACRIBILLADOS A BALAZOS

Ezin duk gehiago. Amaitu dira paisaiari eta ikasleei begira alferrik galdutako minutuak. Ikastolaren irtenbide den aldapa korrika jaitsi eta bi urteko umeekin jolasean dabiltzan jubilatuen lurraldean makurtuta barneratu haiz, deigarri den gaztetasuna ezkutatzeko asmoz. Konifero sendoaren gerizpean eseri eta goizeko biolontxeloen txioak bultzatuta, motxila ireki eta liburutxoa eskuratu duk. Garai batean gogorra izan zen azala hezetasunak karraskatutako paper pusketa bihurtu duk, hil zorian zegoen altxorra berpiztu duen heroia haiz beraz, zorionak. Hamarkadetako isilunea haustekotan hago, dar-darka, hire eskua teinkatu ondoren askatutako malgukiarekin nahastuko likek edozein miopek, lasaitasuna behar duk, hartu arnasa, sakon, sudurretik, orain bota ezak pixkanaka-pixkanaka, ahotik, hori duk, horrelaxe, mantso-mantso. Botere ezezagunak dituen bitxiaren ezkutalekua bertan deskribatua egongo duk, orain egin behar duan gauza bakarra kateatzen duten soka finetatik askatzea duk, ederki. Ireki ezak behingoz egunkari malapartatua, amai dezagun lehenbailehen istorio honekin, erdialdetik irakurtzen hasiko al haiz?, beno, ez ziok axola, aurrera.

La nuit que déchire l'aurore

1998.ko otsailak 12. Euskal Herria.

Oso geldoak dira Ostock-eko gauak. Amets gaiztoen mamuak sortutako garrasi pare bat, haize bolada indartsuak, gorbelaren kris-kras geldiezina, negar-intziri jarraiak. Chopinen Nokturno baten moduan, hasperen pausatuek zuzentzen dituzte gela iluneko gorabehera bakanak: arima iragazkaitzeko erizain lodiaren bisita eta zaporerik gabeko afari eskasak eragindako protesta.

Eta bakardadea... Ilargi beteko gauak miresten, isiltasunaren melodiaren misterioa estimatzen irakatsi didan lagun fidela, betiere alboan. Haizeak hodeiak desagerrarazi ditu eta, gauero bezala, pianojole ezagun baten pieza etorri zait gogora. Momentu hauetan ez dut oroitzen artistaren izenik; hala ere, presente dut honen doinu nahasi eta iradokitzailea, musikariaren sentiberatasuna, agerikoa dut ilargiaren ispilu den itsaso bihurrian murgiltzen naizenaren sentsazioa. Olatuak marrazten dituzten notak azkartzen doaz, haizearen baitan moldeatuak, eta beren puntu gorenera iristean ez dute onartu nahi, ez, makurtzea beste zereginik ez dutela. Orain mantsotzen, itsasertzean, dagoeneko ihartu eta nekatuak, beren azken hasperen urratua entzuteke, hildako itzalak bailiran...

Lehen aldiz entzun nuen momentua buruan dut, tinko geratu zait. Marianok hain gogoko zuen taberna intelektualean izan zen, sozialismoa, zoriona, politika, etika eta teoria pertsonalek tabakoaren behelainoarekin nahasi eta musika klasikoarekin dantza egiten zuten topalekuan, Lucksien’s –en, hain zuzen.

Gortina ia opakoa zen ke-laino zerratuaren atzean zerrauts bihurtutako bohemioak ikus nitzakeen, tabernako argi lotsatien pean zein baino zein ezberdinago: bixar akrobatikoak, eskuartean zuten mariak atondutako txapel mistikoak zeramazkitenak, haien inspirazioak kiribildutako bufanda antiestetikoak, XIX. mendeko probokatzeko asmo horrekin, demodé hauek ere, baina biharko egunean udaletxean ikusiko ditun, pentsatu nuen, lasai egon hadi, egunero bizkarra makurtuta bizi direnek amestuko luketen soldatarekin, gainera.

"Norena da?", galdetu nion. Ez zidan erantzun. Marianok berean ziharduen, bitxia lapurtu zionari lepoa bihurrituko ziola, bi eguneko epean ez bazen azaltzen jakingo zuela nor zen Mariano Beitia, harribitxiaren lehen eta benetako jabea, ez zekitela norekin ari ziren jolasean. Harrotzen hasi zela iruditu zitzaidan eta, berriz ere lasai zedin, hatz erakuslearekin bere ezpainak kateatu nizkion, aurreko galdera berritzearekin batera. Ezpainen askatasun nahia errespetatuz, hatza aldendu eta begiradarekin apal-apal ahoskatzea baimendu nion. Amoroski, murmuriora ere iritsiko ez zen tonuarekin libratu zuen izena, frantses landu eta elegantearekin: Debussy, Claude Debussy-rena.

Mariano delakoaren izena leku guztietan azaltzen da, egunkari-zati ugari daude, "DETENIDO TRAFICANTE COLOMBIANO, RELACIONADO CON EL BUSCADO MARIANO BEITIA", "LA GUARDIA CIVIL HA INCAUTADO ESTE FIN DE SEMANA 2.400 KILOS DE HACHÍS", "CONOCIDO CAPO SE ESCAPA DE LAS MANOS DE LA POLICÍA", "DETIENEN A 14 NARCOTRAFICANTES", "INTERCEPTAN EN ALTA MAR UN BARCO CON CINCO TONELADAS DE COCAÍNA"..., baita "White Queen" deituriko harribitxi famatuari erreferentzia egiten dieten testuak ere, betiere honen jatorri eta indarrei buruzko hipotesi eta teoriak azaltzen dituztenak: "Diamonds are found in a rare type of volcanic rock called kimberlite. They also occur in river gravels, where they can easily be mistaken for worthless pebbles. Many scientists think that the "White Queen" might be formed in the Earth’s mantle in conditions of extreme heat and pressure, like any other diamond", "At depths of about 150Km, diamonds develop a compact atomic structure that gives them their hardness. Volcanic eruptions bring the diamonds to the surface of the Earth.", "On the other hand, other scientists think that we must go back to the 18th century, when an iron meteorite about 120 m across fall to Earth. They say that the White Queen has its origins in the space. This theory tries to explain the supernatural properties of…"

Era batera ala bestera, ekintza guztiak elkarren artean uztartuak daudela konturatzen hasi haiz. Beste orrialde bat ausaz ireki eta kabitu ezineko ikusmirarekin irakurtzen hasi haiz:

N'est plus que l'envers du décor

1985.eko abenduak 18. Philadelphia

Kaset grabatuaren soinu kraskatuaren isla den etorbidetik, milagarrenetik, pausoka, eskuak bakerotan, haizeak momentuoro lapurtzen didan hatsarekin jolasean, zirkuluak dibujatuz. Eguzkiak pintatutako hostoak, uso ñabarren hegaldia, biak zuloan, ni ere zuloan, zerura begira dauden dorre sendoen zorabioak sortutako zuloan. Sirena, klaxonak, eta ibai geldoa neure aurrean, oharkabeko oinezko baten antzera, hor doa. Drin-drin, bizikletak, aita-semeak lehian, zigarro bat piztu dut, bi minutu gutxienez pasa dira, gutxiago agian, nikotina garuneraino iritsi aurretik, esertzeko premia dut. Etxeko moketa berdea oroitu dut, etxeko moketa goxoa, azkenaldi honetan herrimina ugaldu zait erraietan, nire atzealdean norbaitek Maria ahoskatu, buelta eman eta ezaguna agurtzea nahiko nuke. Hogeita hamar urte hauetako isiltasuna puskatzea desiratzeraino iritsi naiz azken egun hauetan, zintzarriek urrutiko harkaitzetan irristatzean jaiotako oihartzuna entzun nahi dut berriz ere, txoritxoak bakarrik aztoratuko dituen garrasia bota nahi dut, hartu dut erabakia, bihar bertan erosiko dut bueltako txartela.

Ilunpearekin batera hiriaren barrenak argitzen hasi dira, hodei lotsati bat. Ostertzean. Beso baten forma du, esku eta hatzdun beso batena, Morfeoren eskuak dira agian, eguzkia hartu eta lokarrarazten duten eskuak. Argia flash bat da, turistak, etxe-orratzak enfokatzen saiatzen dira, punta zorrotzeko zeru-harraskariak, kristalezkoak diruditenak. Sokasaltoan dabiltzan haurren gurasoek amaitu dela esaten diete, akabo, goazen etxera. Bi polizia, egonean egon, patruilatzen, arraunlariei begira.

Sarritan pentsatu dut, eta bai, nire bizitza bat ez datozen puzzle baten piezez osatua dago: jaiotza, baserria, lana, apaltasuna, itzulan igarotako orduak, erlijioa, lana, errezoa, lana, ikasketak; unibertsitatera joan nintzen lehena izatea, parranda, hiria, parranda, Mariano Beitia, "Kotta", azpisugea ezagutzea, parranda, Marianoren putita pertsonala bihurtzea; "Kottarengandik" urruntzea, nire senarra izango dena ezagutzea, honekin ezkontzea, baina Kottarengandik inoiz ere gehiegi banandu gabe, honek ezohizko indarrak dituen harribitxia aurkitu zuen, harribitxia lapurtu nion, nire heriotza sinestarazi nion; hogeitamar urtetako erbestea, bakardadea, harribitxiaren inguruko ikerketa, herrimina.

Atzo iritsi zitzaidan nire semearen karta. Amona izango naiz hemendik aurrera, amona Maria.



LAS VÍCTIMAS FUERON IDENTIFICADAS

Gelakideak Biokimikako klasean egongo dituk, hormonas polipeptídicas, síntesis de proteínas, ovoalbúmina, C9H11N5O3=biopterina... Eta hi, berriz, parkean, egunkari zahar bat irakurtzen, hire amona hogeitamar bat urtetan Mariano Beitia delako mafioso batengandik ihesi ibili zela deskubrituz. Alu hori izango zuan, ez daukak inolako duda izpirik, amona eta aita bahitu dituena. Amona Maria hilda ez zegoela konturatu denean, bere heriotza fartsa bat izan zela jakin duen momentuan joan duk haren bila. Ziur zegok Mariano zerri hori, bazekik bitxia bere maitale izan zen Mariak lapurtu ziola. Eta ondoren Philadelphiara alde egin zuela. Dena zekik. Bizia barkatuko ote ziok...

De tous mes rêves périssables.

1974. eko martxoak 3, Euskal Herritik gertu

"Dios te Salve, María Santísima, Hija de Dios Padre, Virgen Purísima antes del parto, en tus manos ponemos nuestra fe para que la ilumines, llena eres de gracia..."

Urdindutako iledun zuhaitz segailak eta garaiak, arbola trinko eta ahulak, gerri lodikoak, adaska xumeak dituztenak, kamustuak, beso luze eta zabalekoak, bere ekintzen bidez adierazten du gazteak jokaera garbi eta zuzeneko izango ote den. Makurtuak dirudite, balantzaka dabiltza, zeruaren oinazearen eta negarraren erruki dira antza. Ai sustrai, sagarrondo eta arantza biluzi enea, hitzez jositako sarea! Zerutrumoitximistak, zapal nazazue, ametsen isiltasunean bilduz, itzal iezadazue behin-betiko oihu mutuen goibel dantza.

"Dios te Salve, María Santísima, Hija de Dios Padre, Virgen Purísima antes del parto, en tus manos ponemos nuestra fe para que la ilumines, llena eres de gracia..."

Xirrika korapilatsuaren borroka geldiezina, sasien buztan solteen harramazkek mintzen badute ere, aurrera darrai, ez duzu inor hilko. Ez duzu ezkontza nahastuko. Ai amatxo, amatxo maitea. Ez nuen horrelakorik egin behar, ez duzu lapurretarik egingo. Ez duzu gezurrik esango eta ez duzu esango faltsukeriarik zeure lagun hurkoaren aurka, non gorde harribitxia, hor zegoen koxka, ez duzu nahi izango inoren gauzarik. Non zaudete lore apain ederrak, lats bihurri eta bizkorrak, non aspaldian inguratzen zintuzten belaze zabalak, baso zarbatsu eta korapilatuak.

Meandroa igaro eta beherantz, berezko gaztetasun itsu eta amaigabea agertu nahian, amuarrainaren jauzia dakusazu, honen askatasun oihua imaginatu eta keinu bat egin ote dizun galdetzen diozu zeure buruari, etor zaitez, batera gaitezen. Bere gonbitea onartzekotan egon zara, segundo batez bakarrik, baina beranduegi da, tapizaren antzera, gorputz osoa astinduz berriz ere ezkutatu da eta.

"Dios te Salve, María Santísima, Hija de Dios Padre, Virgen Purísima antes del parto, en tus manos ponemos nuestra fe para que la ilumines, llena eres de gracia..."

Basoko biztanleriaren kantu malenkoniatsuaren entzule ohiko bihurtu izan zara Euskal Herrira eginiko bisita motz honetan. Bai animalia, bai pagadi, baita mendi kurbatu eta zapalduak ere: denak dira aho bateko, denek abesten dituzte tragedian bukatzen den tangoaren nota jarraiak.

Erbestera noa berriz, agur ene lur maite, ez iezadazu azken musurik eska, zure baitan gordeta baitut ene altxor preziatuena, jaiotetxearen ikuiluko askaren azpian. Orain banoa, haizeak narama, inork harrapatuko ez nauen lurraldera...

Nahaste-borraste honetatik atera daitezkeen gauza argi bakarrak egunkariko papertxo huts batean idazteari ekin diok:

1. Amona, hiriak sortutako aldaketa zela eta, zeharo lardaskatu zen eta garai horretako azpisuge garrantzitsuenaren neskalagun bihurtu zen, aitona ezagutu zuen arte.

2. Nahiz eta aitonarekin ibili, amona Mariak "Kotta" delakoa askotan ikusten zuen. Garai horretan, White Queen delako bitxia lortzen du mafiosoak.

3. Amonak bitxia Marianori lapurtu, baserrian gorde, bere heriotza antzeztu eta Philadelphiara alde egin zuen, familia, lagun eta aita-semea Euskal Herrian utziz.

4. Ni jaio nintzenean, amona, pasaporte faltsua erabiliz, Euskal Herrira bueltatu zen eta herriko zaharren egoitza hartu zuen bizilekutzat.

5. Aitari bitxiari buruz zekien guztia kontatu zion: bere kokalekua, lorpena, ezaugarriak...

6. Honengatik guztiagatik, zera esan dezaket: aita eta amonaren bahiketak bitxiaren misterioarekin uztartuak daudela.

7. Ondorioz: Mariano Beitiak, alias "Kotta" doilorrak, bitxiaren kokalekua dakiten nire bi familiar maiteak harrapatu ditu eta, duda izpirik ez da, berak hain ongi ezagutzen dituen metodoen bidez, altxor preziatuena jaiotetxearen ikuiluko askaren azpian dagoela ateraraziko die. "Amelus" baserrira nor lehenago iritsiko, hor dago koska. Bitxia beste lekuren batean ezkutatzeko astirik izango al dut? Eutsiko al diote sekretuari?



J'en appelle au désert de sable

Eskailerak jaitsi, ezkaratzean lagatako bizikleta lozorrotik esnatu eta pedalei etenik gabe eraginez, poligonoaren gibelean dagoen mendiaren magalera ailegatu haiz. Ez duk atsegin hauei darien kiratsa, ezta ke lodiak eragindako burukomina ere. Hire baserria, mendiko harkaitz eta bizidun guztien antzera, inklinatua zegok, industriaren mehatxutik ihes egin nahi balu bezala. Aldapa gora hasi bezain laster, mendiko usain fresko eta lurrintsuek hiriko usain txar beltzekin duten borroka atzeman duk, txapa eta adreilu ilunen baitan sorturiko usain txar beltzekin duten borroka.



TODAVÍA SE DESCONOCE LA IDENTIDAD DE LOS ASESINOS

Poliziak ez dik taxuzko lanik egingo, hori badakik, ez ditiztek zakur horren hatzaparretatik salbatuko. Aita eta amonarengatik bada ere, beren omenez bitxia beste leku batean gordetzeko betebeharra daukak, Mariano aurretik iritsi baldin ez bada. Urde nazkagarri hori edozein momentutan azalduko duk baserrian, seguru hago.

Tour de France-eko txirrindulariak etorri zaizkik gogora, Rominger, Virenque, hik ere pikan gora Ventolinen laguntza edukiko bahu...! Sutan hago. Gorputzaren barnean gertatzen ari diren erreakzioek sortutako beroa nola kanporatzen den dakusak, laino forman, etengabe, pinu erraldoien itzaletan deuseztatzen den arte. Berrehun bat metrok banantze hau White Queen ezkutatua dagoen abandonatutako baserritik. Amalusen pilatuta dituk txikitako pasadizo ugari, TEOren ipuinean bezala hire aitarekin batera txabola eraiki huenekoa, 100 metro inguru falta dituk, gaztaina erreen zaporea, amaren irria, berrogeitamar, goitibeheran eginiko apustuak, urrutira begitandu dezakek Amelus, "Beltz"-en zaunka lehorra, iritsi haiz.

Baserri koitaduak huntza elikatzen igaro dizkik azkeneko bost urte hauek eta, horretaz aparte, ahul dagoela iruditu zaik, iruditu zaio, amona Mariaren antzera. Bizikleta alde batera utzi eta lasterka zeharkatu duk sarrerara eramaten hauen bidexka, sastraka xumez inguraturiko zidorra. Erdi-irekitako atean, ama birjinaren irudia; sarreran, marguldutako armairu bi; sukaldean, lehengo mendeko txuri beltzean dagoen egutegi xarmant bat, hiru urteko mutil bat arrosa gorri bat eskuan duela azaltzen dena, ondoko neskari maite duela esateko zorian.

Azkenean, heldu da momentua. Nahiz eta ahal duen sakonen hartu arnasa, bihotzaren zorabioa gero eta gertuago sentitzen du, honen dantza geldiezinak belarri ondoan eragindako bum-bum-bum -a erotzerainokoa da. Ikuiluko atea ireki eta zuzen-zuzenean askara abiatu da, White Queen-a behingoz eskuratzeko irrikitan. Baina bat-batean, aska alde batetik bestera mugitzekotan dabilela, motor hotsa entzun du, auto indartsua dirudi, galgatzen hasi da, geratu da. Autoko atea ireki da, sí, está aquí, bere aitaren ahotsa!, pausoak, Mariano malmutz hori!, gerturatzen ari dira. Azkar ibili beharko du gazteak bitxia eskuratu nahi baldin badu, aska mugitzez amaitu du, bere azpiak arakatzen hasi da. Bai! Bertan dago, kaxa nahiko txikia da, White Queen. Baina, baina... sarraila bortxatua dago! Kaxa ireki eta... ezer ez! Manos arriba, jovenzuelo! Dánosla! Es nuestra! Pero, pero... ¿Dónde la has escondido? ¡Dónde coño está el puto White Queen!



INVESTIGAN DETENCIÓN DE SUPUESTOS ASESINOS, RELACIONADOS CON MARIANO BEITIA



Qui me fera trouver de l'or.


Zu-niri... Jon
Zakizkidake, zenkizkidake, zenkizkidakeen. Zakizkidan, zenkizkidan. Zakizkit.
Ederki. Gu-haiei, Elena.
Gakizkieke, genkizkieke, genkizkiekeen. Gakizkien, genkizkien. Eta aginteran, berdin.
Parfait. Ni-har... Hor nor falta da?
Oliver –ihardetsi zion Elenak irakasleari.
Gaixorik al dago? Atzo ere etzen etorri.
Eztakit, eztet uste. Atzo bertan ikastolan ikusi genuen, leihotik begira. Piper intzula ustet.
Ongi da. Non genbiltzan? A bai! Ni-hari, Xabier.



Txuku-txuku-traka-traka..., amaitu dira gaueko kanta eta baita honen inguruan egindako ametsa ere, egunsentia, burdin kirrinkak eta irekitzerakoan ateek egiten duten hotsak hippya esnatu dute. Takoi hotsa, denak presaka, galtza luze italiarrak, Lacoust, Laiberto, gizon elegante baten zapata marroi ilunak, beti berdin. Gitarra eskutan hartu eta, atzo egin zuen moduan, kantatzeari ekin dio, White Queen -en ametsa gogoratzen duen bitartean: « Les bateaux reposent encor… »

Eresia amaitzearekin batera, haizearen baitan dantzan dabilen papertxoa hartu eta sakelean gorde du:

1993.eko apirilaren 29a. Euskal Herria

Amaitu beharreko filmaren ikusle berezia lotsaren lotsez hurbildu zitzaion, raust! Tipiti klaus! Mozkorren dantzan garaile geratu eta ilunaren saria eman zioten. Zein gauza ederra ilunarekin jolasean ibiltzeko gaitasuna! Gaur putetxe batean, bihar jatetxe txit galan horretako komunetan. Kaxa igurtzi eta iluntasuna zen ageri... beti melodia berberarekin...

Kontxo, motel, esnatu hadi! Berriz ere LDS-aren efektuak dit eragin, TOPO zikin honetako aterpean, ostiralin. Askotan bizitza musikari marjinal batek konposatutako kanta ote den galdetzen diot ene buruari, kartoi gogorrak baitira nire koltxoi, abandonatutako aldizkarien orrialdeak nire izara... Eta kutxa bat dut esku artean...

E mailan (14-16 urte) saritutako ipuina