IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2004 - 15. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Lorena Orozko

Lorena Orozko

TXIMELETAREN HEGALDIA





"Ezin politagoa da, urdin more eta arrosa. Bere hegaltxoak astinduz, lorez lore, mundua ezagutzen dihardu zeru urdina zeharkatuz. Hegan, gure gainetik. Hegan, bere bizitza laburreko une guztiak biziz, bizitasunez betez. Aske. Aske eta eder."

Zer da hau? Begi bat zabaldu eta hortxe ikusi dut eguneroko kafe beltza, beroa. Barne-barneraino sartu zait hain gogoko dudan usaina. Egun berri bat hastear da.

Iraila da, udazkena. Leihotik sartzen den haize hotzak laztantzen dit bisaia. Isiltasunean, zuhaitzek hostoei xuxurlaturiko hitz eztien musikaz gozatzen, ohean nago etzanda. Gora begiratu eta sabai zuria ikusi dut. Lasaitasuna jabetu da nire gorputzaz, lasaitasuna da nagusi nire ariman. Burua biratu eta hor zaude, irribarretsu.

Egunkaria hartu eta egunak zer berri dakartzan ikusteari ekin diot. Betikoa: hilketak, gerra eta politika... batek A esan eta besteak, berriz, B; guztia gezurra. Egia esan, interes handirik gabe irakurri ohi dut egunkaria, ohitura gisa gehienetan, baina orrialde baten azpialdean kokaturiko argazki txiki batek atentzioa eman dit oraingoan. "Bost urteren ostean, ’Izar ‘ etxean berriz ere". Arnasa sakon hartu, eta argazkiari erreparatu diot... bai, Mikel da, ez dago zalantza izpirik. "Lasaitu hadi, Nora!". Baina nola lasaituko naiz?! Argazkiak, irudiak, hitzak eta sentimenduak bata bestearen atzetik pasatu zaizkit, film batean bezala.

Aurpegia zurbildu ei zait, Asier harriduraz begira ari baitzait ohearen beste aldetik. Garrantzia kendu nahian, egunkaria ohean utzi eta dutxa bat hartzera noala esan diot. Goitik behera erortzen zait ur beroa, norabide berean doaz nire amets gaiztoak hustubidean zehar, nigandik urrun. Hustubide guztiak, hala ere, itsasora iristen omen dira, itsaso zabal eta askera, eta etxeko bidea ahaztu gabe, ametsok berriz ere gugana heltzen dira, zure antzera.

Egia esan, ez dakit nola sentitzen naizen. Amorruaren amorruz negarrari eman edo pozez saltoka hasi, ez dakit zer egin. Urte luzez egon nintzen momentu honen desiran, nire ipar izarraren esperoan hilabete amaiezinak pasatu nituen. Egun baino urte gehiago bai, zure beharrean. "Hi ez hadi sekula kontu horietan sar". Gogoan ditut amaren hitzak, behin eta berriz bere pausoak jarrai nitzan oztopatu nahian. Burugogorra atera zitzaion alaba ordea, tematia, bera bezalakoxea alegia. Nola ireki, bada, harkaitz bati argi izpi bat sartzeko zirrikitua? Ezin. Itsuturik eta amaren esanak bazterrean utzita, neurearekin jarraitu nuen beraz. Zurekin hasi nintzen, zurekin jarraitu eta zurekin ezin bukatu. Ezin ahantz dezaket arratsalde hotz ura, amaren negar garratzek nireekin bat egin zuten egun hura. Negarrez bai, zuregatik negarrez. Eta ama, ama niregatik. " Esan ninan..." aitaren esana. Bai, esan zidaten bai, baina maitasunaren indarra ezer baino handiagoa da, arrazoia eta zuhurtasuna baino handiagoa, atsekabe eta nahigabea baino handiagoa... Lurrikara bat balitz bezala, ezin kontrola daiteke, ezin asma nondik eramango gaituen bizitzan zehar.



"Ezin politagoa da, urdin, more eta arrosa"

Polita zara bai, ederra zinen bederen, baina orain, nola egongo zara orain? Urteak pasatu ditut etxetik urrun, gau luzeak zure desioan. Baina amaitu da, bukatu da amets gaizto hau eta banator, zugana itzultzear naiz. Pozik, baina aldi berean beldurtuta nago, zure begi urdinen beldur naiz, Nora, zure begirada sakonaren haserrearen beldur. Betiko maiteko ninduzula esan zenidan behin, egia ote? Sinetsi nahi nizuke, betiko elkarrekin egonen garela amestuz, baina era berean ez dut nahi, ez dut zu gaizki sentitzerik nahi. Zer nahi dudan jakingo banu... Zer espero dudan? Zu, zu espero zaitut, zu soilik maitea.

Gero eta ordu gutxiago falta dira etxean egoteko. Azkenik! Paisaia idorrak atzean utzi eta jantzi gorri eta laranjak daramatzaten zuhaitzak ikus ditzaket errepidearen bi alboetara. Hodei ilunek estaltzen dute zerua. Urte hauetan guztietan nire masailetatik eroritako malkoak bailiran, euri tantak agertu dira kotxearen ispiluetan. Haize hotza eta kresal usaina. Itsasoa... ene itsaso maitea! Horrenbeste denbora zu ikusi gabe, horrenbeste uda zu nire azalean sentitu gabe, zure olatuekin jolastu gabe, zure ezpainekin... Leihoak ireki ditut haizeak nire barrena bete dezan, itorik egon diren birika hauek berriz ere arnas dezaten, bizi daitezen...

Urrutian, gure herri maitea gertu dago, bai, mendixka horren atzean dago ezkutaturik. Gogoan ditut txikitako garaiak. Herrian zehar amona Jaxinta eta aitona Euxebiorekin egindako ibilalditxoak, aitarekin perretxikotara egindako irteerak. Eta ametsak... amaren magalean goxo-goxo izandako ametsak, fantasiak; umetako desirak eta nahiak. Aitona hil zen momentu beretik mediku izango nintzela erabaki nuen, baina etorkizunak beste zerbait zuen gordea niretzat...

Herrian sartzearekin batera zure aurpegia ikusi dut, ur garbia baino argiago, izan baliteke. Gaztetako ametsak dira orain nire buruan. Zu, azken finean. Zoratuta, halaxe baininduzun ni, txora-txora eginda zure esanetara. Zure irribarre eztia, eta adats beltzarana... begi urdinak. Zure ezpain eta eskuak, azal leuna, gorputza... Zure hitzak, berbak eta irriak...denak gogoan, zu gogoan.



"Bere hegaltxoak astinduz..."

Dutxatik atera eta janzteari ekin diot. Hain naiz zalantzatia, ezen ordu bat igarotzen baitut jantzi beharrekoa aukeratzen. Lanera noa, ikastolara. Betidanik nahi izan dut andereño izan, eta besteek baino urtebete gehiago behar izan banuen ere, lortu nuen azkenik. Gogoko dut nire lana, izugarri gustatzen zait. Egunero ilusioz gainezka joaten naiz bertara, astelehena izan ala ostirala, beti pozik. Gaur, ordea, nire hankei jarraitzen diet soilik, mamu baten antzera, betikotasunaren menpean. Ezin dut goizean irakurritakoa burutik kendu.

Joan zinen une berean esan behar izan nizun agur, agur bai, betiko agur. Adorea lotsati zebilen ordea, eta atera ezinean, "egonen gara" esatera besterik ez zen ausartu. "Agur" esan ez, eta "kaixo" esan ezinik geratu nintzen gainera, ezin bihotza beste inori zabaldu, agur esan nahi baina ezin. Zure begirada, eskuak eta musuak uneoro ziren nire buruan bueltaka. Bihotza, berriz, gotorleku hautsiezin bihurtu zitzaidan, bertako jaun eta errege zinelarik zu.

Itxita, itxita egon nintzen denbora luzean, zure parekorik aurkitu ezinean, iraganean izozturik eta iluntasunean galdurik. Hain izan al zinen ona? Hasieran bai, maitatua eta babestua sentitu bainintzen zure besoetan, pozez gainezka zure ezpainetan. Amets bat izan eta hor zinen zu, ametsa egia bihurtuz. Zu zinen nire ametsa, zu soilik. Gero, ordea, aldatu egin zinen, aldatu... Espero nuenaren erdia ere ez zinen izan, nahi nuenaren laurdena ere ez zenidan eman... Baina, hala ere, agur esan ezinik, izozturik eta iluntasunean galdurik.

Obsesio batean legez, apurtzeko gutxi falta zaion sokari heldu nintzaion. Hari bat hausten zen bakoitzean hau josi eta soka sendotzen saiatu nintzen behin eta berriz, baina egunero ahulagoa zen eta gaixotasun kroniko batean bezala, bere sua pixkanaka itzaltzen zihoan. Eta agian hobeto hala, ez? Zugandik aske, zure oroimenetatik aske egoteko modu bakarra baitzen hura.

Tuntuna izan nintzen. Tuntuna zu bezalako pertsona bat hobetu nahi izateagatik. Ezagutzen zintudala uste nuen, neure burua bezain ongi ezagutu ere. Gauza onak eta txarrak, dena, baina ume txiki batek hitz egiten hasi eta bere berba berriekin ama harrituta uzten duen bezala utzi ninduzun ni ere; zur eta lur. Ni nintzen ama eta zu umea. Umea bai, haiek bezalaxe jokatu baitzenuen, harria bota eta eskua ezkutatu, aurpegia eman ez. Ezin dut ulertu nola aldatu zinen horrenbeste hain denbora gutxian. Ez dakit, agian hasieratik izan zinen horrelakoa, amak arrazoi zuen apika.

Baina bukatu da, amaitu. Aurkitu dut gotorlekuen zulatzailea, aurkitu ateak apurtu eta ilusio berriak sortu dizkidan amorantea. Goizeko kafea, goizeko berriak eta gaueroko laztanak ditut maite. Ziurtasuna, babesa eta segurtasuna. " Asier, hik Asier maite dun, Nora!".



" ...lorez lore, mundua ezagutzen dihardu zeru urdina zeharkatuz"

Zeru, mundu eta lurralde ezberdinak ezagutu ditut, bai. Nahigabe, atsekabe eta gorrotoaren lurraldeak. Minaren, damuaren eta amorruaren mundua.

Iritsi naiz azkenik etxeko atarira, alaitasun eta maitasunaren sarrerara. Urduri nago. Gertatuko denaren beldur naiz, baina aldi berean pozik nago. Amona dut atean itxaroten. Urteak ondo portatu dira berarekin, gogoratzen nuen bezalaxe baitago bost urteren ondoren. Argalago agian, txikiago eta hauskorrago; zaharrago, azken finean. Malkotan ditu begiak, eskuak dardara bizian. Zimurrez beteriko hatzak nire aurpegian pausatu ditu eta honek laztan bat jasotzea zer den ahaztu izan balu bezala, hotzikara batek zeharkatu nau goitik behera, bizkarretik hanketaraino.

Neuri ari zaizkit orain malkoz betetzen begiak, amonaren atzetik ama atera baita. Emakume indartsua da, adoretsua. Orain lau urte, aita hil eta lanean hasi behar izan zuen nire atzetik zetozen anaiek nik izandako aukera berberak izan zitzaten, nahiz eta, sekretuan bazen ere, banekien nik bezala buka ez zezatela errezatzen zuela gauero-gauero. Banekien, halaber, maite ninduela. Zer esan jakin gabe, irri lotsati bat egitera ausartu naiz soilik, "kaixo, ama". Musu ezti bat eman dit kopetan, txikia nintzenean egiten zuen moduan "kaixo, seme". Negar egin dut, inoiz ez bezala negar egin ere. Ander eta Irati anai-arrebek ere bat egin dute nire pozezko malko garratzekin. Ba al dago ba kontrako sentimenduen, samina eta pozaren, adierazle diren negar eta irriak batzea baino gauza ederragorik? Zirraraz beteriko eta sabelean sortu zaigun korapilo gogor horren eztandako unea da, harrigarria benetan.

Etxeko usainak sartu zaizkit barneraino, faltan sumatutako usainak, bai. Nire logelara sartu naiz. Dena dago utzi nuen moduan, txukunago agian. Musika kaseteak, posterrak eta argazkiak... lagunen argazkiak, Noraren argazkiak. Kataluniako kamping hartan batera igaro genuen astea, gure lehenengo oporrak elkarrekin. Gure lehenengo gauak, lehenengo aldia... Betiko zela zirudien, inoiz bukatuko ez zela.

Baina amaitu zen, edo amaitzera bultzatu gintuzten bederen. Modu txarrean agian, baina agur esan gabe joan nintzen, ezin bainuen. Ezin nizun agurrik esan, gehiegi maite baitzintudan horretarako. Nola esan agur zure begirada sakonari? Nola ahaztu betiko zure aurpegia? Portuan emandako azken paseo hartan esan nien agur herriko txoko guztiei, egun hartan ikusi nituen azkeneko aldiz betiko lagunak, herriko jendea... Sumatzen nuen hura izango zela nire azken eguna herrian, azkenetarikoa behinik behin. Lozorro luze batean murgildu nahi nuen, lo hartu eta ekaitza baretzean esnatzeko, zu utzi beharrik ez izateko. Baina gauzak hala ziren, ezin nuen atzera egin jadanik, eta ez nuen nahi gainera. Haiek ziren oker zebiltzanak, ez ni.

Azkenekoz egon ginen elkarrekin gau hartan eta urte hauetan guztietan altxorrik ederrena izango balira bezala gorde ditut gau hartan jasotako zure azken laztanak, azken musuak. Malkoei eutsi ezinean banindoala esan nahi nizun, baina irri handi batekin estali nuen nire tristezia, nire ezina. Lurra uraren gainera botata ere, honek beti aurkitzen du zirrikituren bat azaleratzeko, eta ur horren moduan, arrazoiak eutsitako malkoak ere beren bidea topatu zuten nire begietan barrena, masailetan behera. Maitasunezko malko gaziak, gozoak... "Zer duk, laztana?" "Maite haudala, besterik ez".



" Hegan, gure gainetik"

Portuan zehar nabil oinez, nora noan jakin gabe. Edo agian bai... Ez dakit zergatik, baina hemen eseri naiz, zu berriz ikusteko agian, zergatiak aurkitzeko beharbada. Txoko honetan, hementxe agurtzen genituen elkarrekin udako eguzki beroak ilargi argiei ongietorria eginez, arratsero-arratsero. Kresal usainak estaltzen nau ipar haizeak jotzen nauelarik zuzen, ilea nahasiz eta zurrunbilo bat sortuz nire inguruan. Gogoan ditut elkar ezagutu genueneko garaiak. Ezin misteriotsuagoa zinen niretzat, eskuraezina. Segituan sorgindu ninduten zure begiek, sorgindurik utzi zure izaerak, zure ahotsak. Ama eta ingurukoek, ordea, liluramendu hartatik atera nahi izan ninduten, mutil hori ez baitzen niretzat, ez baitzuen ingeniaritza industriala ikasten, ez beste ezer. Ez, mutil horrek taberna batean egiten zuen lan eta etorkizunik gabeko gaztea zen haien begietan, ezer ere ez. Niretzat ordea, Mikel dena zen, mundua zen niretzat eta lortu nuen azkenik. Lortu nuen bere ezpainak ukitzea, desiraz jositako gorputzek bat egitea, zoriontsu izatea, finean.

Asierrek utzi egin nau gaur goizean. Bi aste-edo igaro dira Mikelena jakin nuenetik. Egia esan, ez dakit nola sentitzen naizen. Hiru urte hauetan Asierrekin eraikiriko segurtasun, babes eta bizitza milaka zatitan apurtu da, lurrera eroritako ispilu zatien antzera, txikituta geratuz. Beti pentsatu izan dut zoriontsua nintzela Asierrekin, edota hori sinestarazi nahi izan nion neure buruari, nork daki. Maite nuen, egia da, baina anaia bat maitatzen den bezala maite nuen, segurtasuna eskaintzen zidan lagun baten moduan. Asierrek beti somatu zuen gure inguruan Mikelen mamua, bere lagun onenaren mamua. Eta arrazoi du: " Ez hadi engaina, gezur gehiago ez baita sartzen hire bihotzean". Bihotza, hori baita azken finean munduan zehar gure pausoen gidaria, gure ipar izarra. Eta nirea? Mikel izan zen nirea, baina galdu egin ninduen, elkar galdu genuen.

Zalantzaz josia nago. Ez dut Mikel ikusi, baina hemen dagoela dakidanetik urduri nabil, urduri eta minez. Mina ematen dit berarekin hitz egingo dudala jakiteak, berarekin hitz egiteko zoratzen nagoela onartzeak. Bihotza milaka orratz txikirekin zauritzen ariko balitzaizkit bezala sentitzen naiz; baina, hala ere, ezin dute ezer egin sentimendu hori isilarazteko.

Harkaitzetan pausatzen diren kaioak ikus ditzaket urrutian, olatuak hauen kontra apurtzen, haserre bizian. Zerua belzten hasi da, hodei potoloak estali baitute lehen urdin eta eguzkitsu zegoen zerua. Lurrean etzan eta hodeiei so geratu naiz. Hegan pasatu da txori bat nire buru gainetik, hegan eta txioka, pozik dagoen seinale. Askotan nahi izan dut txori izan, hegoak astindu eta urrutira alde egin, inoren menpe egongo ez den herri batera ihesi joan. Askatasunerantz... Tanta bat erori zait sudur puntan eta esaten denez, lehenengoaren bustia jasotzen duena da tuntunena. Ni neu. Zerutik lurrera jaitsi naiz berriz ere, hankak zoruan itsatsiz. Asier joaten utzi dut, geratzeko ere ez diot eskatu, saiatu ere ez naiz egin. Eta beldur naiz, berriz ere egunerokotasun zoro horretan bizitzearen beldur, babesik gabe, segurtasunik gabe.



"Hegan, bere bizitza laburreko une guztiak biziz, bizitasunez betez"

Bi aste igaro dira etxean nagoenetik. Ikusi ditut aspaldiko lagun zaharrak, koadrilako hamar zoroak. Ez dira aldatu, berdin-berdin daude denak ere. Unai ezkondu egin da eta haurdun dago bere emaztea. Neskatila bat izango omen da. Asier ere ikusi dut, aspaldiko partez. Bi urtez bisitan etorri zitzaidan arren, azkeneko hirutan agertu ere ez zen egin. Okerrena pentsatu nuen, baina ongi dago, oso ongi ere. Ez dakit zer sentitu dudan Norarekin hiru urte daramatzala esan didanean. Alde batetik ulertzen dut, hogeita bost urte bainituen joan nintzenean. Norak hogeita hiru. Nola eska emakume eder eta gazte bati bere bizitzako urterik ederrenak zaborretara bota ditzala ni bezalako gizon batengatik? Ez, ni ez naiz horietakoa. Bizitza guztiz bizi behar da, bi egun izango balira bezala; azken finean, hori baita bi eguneko ilusioen dantzaldia, eta dantzatu beharra dago, momentu zailenetan ere hankak musikaren melodiarekin batera mugitu behar dira. Ezin gara, beraz, bihar gertatuko denaren zain egon, ezin biharko utzi gaur egin dezakeguna; nork daki, ba, bihar hemen egongo garen? Beste aldetik, ordea, ez zait buruan sartzen Asier eta Norak, biek, horrelako zerbait egin izana. Gehien maite nituen pertsonek bizkarra eman baitidate. Haserrea bai, haserrea eta jelosia nagusitu dira nire barnean, baina betiko mutil xumea izanik, barnean gorde ditut guztiak, bihotzaren zokorik ezkutuenean.

Astebete igaro da, bai, baina ez dut Nora ikusi, ez haren deirik jaso, ez haren mezurik. Ez du nirekin hitz egin nahiko segur aski, ezta nire berri jakin nahiko ere agian. Portuan zehar nabil bueltaka, nonbaitera iritsi nahian, norbait ikusi, zu ikusi nahian. Urrutian, garai batean zoratzen ninduten zure gorputzaren formak antzematea iruditu zait, zure adats beltzarana haizearen doinuekin dantzan entzutea. Urduritasuna zabaldu zait zainetan barrena, nire gorputzean zehar. Pentsatu gabe, buelta erdia hartu eta herrirantz zuzendu naiz, beldurtuta, izututa. "Zertan hari haiz Mikel ?!" Egia da, zertan ari naiz? Egunen batean ikusi beharko zaitut berriz ere, egunean batean hitz egin beharko dut zurekin. Pixkanaka, poliki, zugana hurbiltzeari ekin diot. Zu zara bai, ez dago zalantzarik. Ez dakit zer esan. Hitzak ahaztu egin zaizkit eta hauek bata bestearen atzean jarriz, esaldiak sortzeko ez naiz gai. Gelditu ezinik, hala ere, banoa zuganantz, hankak bakarrik doazela dirudi, ni burdin zati bat eta zu imana izango bazina bezala. Zure atzean nago. "Kaixo, Nora". Burua biratu duzu, harriturik. Nire bihotza saltoka hasi da, lehertzear, gogor. Hitzak, bata bestea baino lehenago atera nahian, trabatu egin dira elkar oztopatuz eta isiltasuna nagusituz nire ezpainetan. Hala zaude zu ere, isilik eta niri begira. Ez zara asko aldatu. Oroitzen zintudan moduan zaude; eder, ezin politago. Zure ile beltzaranak, azal ilunak eta gorputz lirainak lehen bezala jarraitzen dute. Maitemindu ninduen eta hitzez adierazi ezin daitekeen zera berezi horrek ere hor dirau. Zure begiak, ordea, aldatu egin dira, ez da berdina zure begirada. Nire bizitza itsasargi batek legez argitzen zuen eta itsasoan galduriko ontzi bati bezala, etxerako bidea erakusten zion argia galdu dute. Ilun daude zure begiak, triste antzera. Baina hobeto begiratzean sumatu dut azkenik itxaroten ari nintzen poztasun sentimendu hori, maitasun begirada hori. Besarkatu nahi zintuzket, lehen bezala nire egin eta neure besoez bildu, inoiz berriz ez askatzeko. Betiko elkarrekin egoteko. Ez, ez naiz joango Nora, ez dizut berriz ere hutsik egingo, hemen nago, hemen betiko, laztana.



"Aske"

Bat-batean, hurbiltzen ari zaidan hots bat entzun dut nire atzean. Zapata hotsak dira, nigana gerturatzen. "Kaixo, Nora". Burua biratu eta hor zaude, geldirik, isilik. Zure urduritasuna suma dezaket, nirearen berdina baita. Izoztuta geratu naiz baina izotzaren bihotzean sua nabaritu dut, maitasun eta desioaren sua, beharraren indarra. Bi aldiz pentsatu gabe joan naiz zure besoetara, bi aldiz pentsatu gabe musukatu ditut zure ezpainak desertu batean lore batek duen egarria asetuz, azkenik. Iraganeko haserre, negar eta beldur guztiak ahaztuz, berriz ere liluratu naute zure begiek, berriz ere aztoratu zure begiradak, zure besarkadek. Betikoa dirudizu, betiko galtza eta betiko jertsearekin.

Herrirantz abiatu gara, hotz egiten hasi baitu. Euria ere hasi du, gelditu ezinean, goitik behera. Babesteko asmotan sartu gara taberna txiki eta goxo honetan. Bi kafesne eskatu ditugu eta hainbeste urtez gorderiko sentimenduak batak besteari kontatzeari ekin diogu. Bihotzaren presondegitik atera, eta behingoz aske izanik, batak besteari bere beldur, min eta atsekabe guztiak jakinarazteari.

Ez dakit zer egin, zer pentsatu. Batzuetan, duela bost urteko gizon berbera dirudizu, baina bestetan ezagutzen ez zaitudala uste dut. Bihotzez. Maiteminduta al nago? Zutaz? Ala zure mamuaz?

Aurrera egin dute orduek konturatu gabe, aurrera orratzek erlojuan, guk antzeman gabe. Gaztetan bezala, orduak minutu iruditzen zaizkit zure ondoan, minutuak segundo. Hamabiak dira dagoeneko eta ilargirik gabeko gau beltza da gure zain tabernatik kanpo.

Etxera joan gara. Zure eskuari heldurik, begiak itxita naramazu gelan barrena. Behatzen arteko jolas ahaztuak gogoratuz, ezin diot irribarre egiteari utzi. Irria ezpainetan eta urduritasuna bihotzean.

Zure ezpainak, ezpain gozoak nireekin elkartu eta eztiz bete didate ahoa. Beren gosea ase nahian beherago jaitsi dira ondoren, haragi pusketatxoak jaten egongo bailiran, nire lepoan.

Zure eskuak, segurtasunez betetzen nauten eskuak, nire gerrian pausatu eta zuganantz hurbildu nauzu. Tarterik ez da gure gorputzen artean, nirea bukatu eta honen jarraipena izango balitz bezala, hasten baita zurea. Zure beroak estaltzen nau guztiz, zure usainak inguratu beldur eta nahiaren artean. Beldur, lotsa eta desioaren artean. Guztiek lehia bizian borrokan diraute nire barnean, baina "maite haut" besterik ez dioten begiek desio eta nahiari ireki diote bidea, eta dardara, lotsa eta beldurrak gainetik kendu ditut alkandorarekin batera. Irriak...Zu zara orain urduri dagoena. Zure besoek berriz ere inguratu naute nire ahoak zurea bilatzen duen bitartean. Izarrek gauetan ilargiaren argia desiratzen duten bezala desiratzen zaitut nik zu eta gozamenezko dardara bizi baten erdian, zure egin nauzu berriz ere, musuak koska jostari bihurtuta.

Barealdia izan ohi da nagusi ekaitzaren ostean eta halaxe, barealdian murgildurik hartu duzu lo nire besoetan. Nik ordea ezin dut lorik egin, ezin begirik bildu. Zoriontsua naiz, zoriontsua berriz ere eta dena zuri esker. Ezin dut sinetsi berriz ere zure ondoan nagoenik, ezin ditut arestian belarrira xuxurlaturiko zure maitasun hitzak sinetsi. Amets bat da hau, inoiz ez bukatzea nahi nukeen amets ezti bat. Zure begirada bat nahikoa da nire eguna alaitzeko, zure hitz bat pozez zoratzen nagoela sentiarazteko. Denak lehen bezala jarraitzen du, duela bost urte bezalaxe.



"Aske eta eder"

Begi bat zabaldu eta zure gorputz biluzia ikusi dut nirearekin elkartuta. Erabaki bat hartu dut, lotan nengoela, nire subkontzienteak hartutako erabakia beharbada: banoa hemendik, herritik, familiarengandik urrun, zugandik urrun. Maite zaitut bai, bihotz-bihotzez eta nire indar guztiekin maite ere, baina batzuetan maitasuna ez da nahikoa zoriontasuna lortzeko. Zalantzaz josia nago, baina argi dut ez dudala berriz ere lehengora bueltatu nahi. Ez dut beldurrez bizi nahi. Ez dut lokartu eta hurrengo egunean hor egongo zaren zalantza eduki nahi. Gauerdian zure bila etorritakoek esnatuko ez nauten ziurtasuna eduki nahi dut. Ez dut bizitza bihar bukatuko balitz bezala bizi nahi, lasaitasuna behar baitut beste ezeren gainetik. "Hau al da emango didan azken musua?" "Hau al da azken laztana, azken hitza?".

Ispilu bat bezala agertzen zara nire aurrean, eta ez da gezurrik sartzen gure artean, ez. Engainatu ninduzun behin, ez orain ordea. Badakizu? Aldatu egin naiz, argi ikusi dut orain. Zuk, ordea, lehen bezalaxe jarraitzen duzu, berdin-berdin, eta jada ez zara mundua niretzat. Zure itzulerak soilik itzali ditu nire barneko mamuen oihuak, zure itzulerak argitu nire bidea. Eta eskertzen dizut, zorretan izango naiz betiko zurekin. Maitasuna zer den erakutsi didazu, laguntasuna eta errespetua zer diren jakinarazi. Maite zaitut, Mikel, baina zure izarra itzali egin da betiko nire zeruan, zure ahotsaren oihartzuna isilarazi nire belarrietan, zure irribarrearen distira galdu nire begietan.



"Pozik nauk zoritxarrari irri bat edo beste osteko gai naizen neurrian, eguzkiari izpi bat eta hiri musu bat, begirada bat".

Tximeleta bat zara, gure gainetik hegan egiten duen tximeleta koloretsua. Hauskorra eta txikia, beharbada, baina inguruko landare, animalia eta gizakiak sorgintzeko lain sorginkeria baduena aldi berean. Polita eta ederra, zoragarria benetan. Beti nahi izan duzu txori bat izan, hegoak astindu eta urrutira, aske, hegan egin nahi izan duzu beti, eta lortu duzu azkenik, aske eta eder, nire kartzelatik atera eta zeru-lurrak zeharkatu baitituzu.

Atearen hotsa, zure hutsunea. Entzun ditut belarrira xuxurlatu dizkidazun azken hitzak, sentitu zure ezpainak nire kopetan pausatu diren azken aldia, berotasuna. Betiko joan zara.

Aldatu egin zara, argi ikusten dut orain. Baina ni ez, nik lehengo bera izaten jarraitzen dut, denbora gelditu egin baita bost urte hauetan niretzat. Zuretzat, ordea, erlojuek aurrera egin dute, eta egutegiko egunak banan-banan ezabatuz, bost urte luze igaro dira. Inoiz ezer maite ez dudan bezala maite zaitut, laztana; eta ustez lortua nuen zerua milaka zatitan puskatu da bat-batean zure joanarekin. Betiko izango zaitut gogoan, maitea; betiko oroimenean.

"Ezin politagoa da, urdin more eta arrosa. Bere hegaltxoak astinduz, lorez lore, mundua ezagutzen dihardu zeru urdina zeharkatuz. Hegan, gure gainetik. Hegan, bere bizitza laburreko une guztiak biziz, bizitasunez betez. Aske. Aske eta eder".



F mailan (16-18 urte) saritutako ipuina