IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2008 - 19. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Maddi Labaka

Maddi Labaka
AUGUSTINE

Maddi Labaka Mayoz
Antigua Luberri BHI
Bertsoa «D» Kategoria


1.
Erietxeko gela egin zait
Hotzean handiegia
Gaitz bat medio bainago hemen
Ezinegonez eria
alboko neska oso larri da
hain du zurbil aurpegia…
Galdua baitu bihotz alboan
denok degun arteria
aspaldidanik itxia zuen
ta zabaltzean begia
egia esan ez zait gustatu
ikusi dudan egia.(bis)

2.
Ondokoaren gaitz berezia
ez da oso ezaguna
hodi luze-mehe bati lotuta
igaro ohi du eguna
gure hizkuntza ez du mintzagai
ez da neska euskalduna
eta lastozko panpin xumea
soilik da bere laguna
konponbide bat bilatu nahian
ez bada egiten jarduna
etorkizuna izan liteke
azala bezain iluna.(bis)

3.
Augustine da bere izena
aita gabeko alaba
lau hilabete igaro ditu
erietxe hontan jada
pentsatu ohi dut ume dezente
dagola bere gisara
itxaropenez oso urria
du beraren begirada
nire buruak utzi heinean
eman nahi diot bultzada
ohe honetan eman ez dezan
bihotzak azken taupada.(bis)

4.
Hiltzeko gutxi falta zuela
Bere sorterritik alde
Euskal Herrira ekarri zuten
Hilzorian eta grabe
eta harrera familia bat
egin zen beraren jabe
bere historia entzun ostean
ni sentitzen nahiz herabe
“Posible al da?” egiten diot
nere buruari galde
baina azkenik bukatu ohi dut
erantzunik jaso gabe.(bis)

5.
Bisitentzako denbora izan
ohi dugu egunez bitan
eta jendea etorri ohi da
berarengana sarritan
momentu hauxe iritsi nahian
egoten da irrikitan
lausengu asko jasotzen ditu
egun bakoitzeko zitan
animo hitzak entzun ostean
jarri ohi naiz inbiditan
beltza den arren neska txuriak
joaten zaizkio bisitan.(bis)
6.
Bere burua martxan jartzean
zer-nolako parabola
jateko zerbait emanez gero
datorkio deskontrola
ura ukitu edo edatean
nahasten zaio odola
bere herrian ura urria
delako jartzen da hola
hainbeste maite duen amatxo
ezin du ahaztu inola
eta hargatik ur txorrota bat
oparituko diola.(bis)

7.
Erietxeko senide denak
gogoan dauzka seguru
berriro haiek besarkatzea
Augustinek du helburu
hemen ez zaio ezertxo falta
bihotz haundiz hartu dugu
bere ustetan dena daukagu
miretsi egin gaitu gu
gora begira pasatzen ditu
zazpi bat ordu inguru
telebistako dizdira duen
marrazkiak harritu du.(bis)

8.
Gure laguntzak aldatu dio
Augustineri bizitza
Lagundu nahian denok lanean
buru-belarri gabiltza
izango al dugu guk euskaldunok
bera sendatzeko giltza?
Nahiz gure hizkuntza berarentzat den
arrotza eta bortitza
aberasteko asmoa dauka
bere hizkera murritza
eskerrik asko da hark euskaraz
ikasi duen lehen hitza.(bis)

9.
Bere onera badator eta
laister zaigu sendatuko
bere herria ta familia
izango ditu gertuko
beste neska bat izango dugu
hemendik irten orduko;
lagunak triste jarriko gera,
Augustine da poztuko
bere laguna izateari
ez diot egingo uko
bere lagunak izan geranak
inoiz ez gara ahaztuko.(bis)

10.
Sendatu zaigu, ondo jarri da
pozgarri da albistea
amets gauzatu bat da guretzat
bera horrela ikustea
festa handi ta berri ona da
erietxea uztea
bere bihotza zaharra zegoen
ta orain dago gaztea
gogorra izan da malko artean
bera agurtzen hastea
gauza bakarra eskatu diot
gutaz inoiz ez ahaztea.(bis)