IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   













HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2008 - 19. edizioa »  Bertsoa »  Ane Labaka

Ane Labaka
BETIKO ZIRUDIEN, BETIKO AMAITU DA

Ane Labaka Mayoz
Antigua Luberri Bhi
Bertsoa «E» Kategoria
Saritu Nagusia


1.
Festak, herriko taberna,
ordubiak eta piko…
«Jońo, ze mutil guapoa!»
Esan nuen nerekiko.
Hiru kalimotxo hartu
Beste hainbeste zurito.
Hurbildu, pare bat muxu,
Hiru hitz erromantiko…
Ordutik pasa ditugu
Horrenbeste gau majiko.
«Ez zaitut maite, gurea
Hemen bukatu da, kito.»
Bazenekien agurrak
Ez nituela begiko…
Betiko zirudiena
Bukatu baita betiko.

2.
Kolpera desagertu zen
haserako poz kutsua
Lehen amets ibaia zena
orain malkozko putzua.
Suarekin jolastea
Omen da arriskutsua
Egurra bota ezean
Itzaltzen omen da sua.
Aukeran askoz nahiago
Dut zure mingain urtsua
Nahiz jada den beste neska
Zortedun baten luxua…
Nahiz eta urduri eman
Lehenengo muxu sutsua
Askoz ere zailagoa
Izan zen azken muxua.

3.
Zurekin pasa ezkero
Gaua edota arratsa
Une gozoei gailendu
zaie zapore garratza:
Nola igo genituen
Buruntza eta Andatza,
Nola laztandu genuen
Zurriolako hondartza,
Izarrei begira nola
Egin genuen gaupasa…
Guztiak ahaztea nola
Ez den batere erraza,
Zu galdu zintudan baina
Badut nigan konfiantza
Azkena galtzen dedana
Izan dedin esperantza.

4.
Azkenaldian nirekin
Zeunden hotz eta arraro.
Gertu ta aldi berean
Inoiz baino urrunago.
Sumatu nuen moduan
Gure artekoa akabo.
Nahiz ez ditugun alperrik
Hainbat une on igaro
Sentitzen naiz tristeena
Baino askoz tristeago,
Nire zoriontasuna
Soilik zure esku dago.
Berriz saiatuko gaitezen,
Esan beharrean nago;
Maite zaitut inork, inor
Ta inoiz baino gehiago.

5.
Ez dezu entzuten nire
Gaueroko negar hotsa
Ez dezu sentitzen nire
nahigabearen morrontza
Norbere bakardadean
Ezin genezake goza,
Ustez zinen printze urdin
Perfektua, aproposa,
Guk bizitako ipuina
Izan zitekeen arrosa…
Maite nauzu, onartzeak
Nahiz ematen dizun lotsa.
Barren-barrenetik entzun
Maitasunaren ahotsa;
Buruak diona ahaztu,
Ez traizionatu bihotza.

6.
Bihotzaren sentipenek
Dute hainbeste garrantzi
Zure irriparra inoiz
Ezin nezake ahantzi.
Eztarria urratzeraino
Egingo nuke garrasi
Baina ixiltasunean
egin nahi nuke aharrausi
Hain neska zoriontsua
Ninduzun sentiarazi
Norbait maitatzea zer den
Zenidanez irakatsi
Orain zugatik burua
Galdu dedanean kasi,
Ahaztu nahi ez dena ahazten
Ezin nezake ikasi.
7.
Perfektua zirudien
Beso artean hartzean
Baina guztia galdu da
Istorioa amaitzean,
Ametsak bukatzen dira
Bat-batean esnatzean.
Samina nagusitzen da
Nire logela hotzean,
Ezpainak hezetu nahirik
Zure ezpainen hezean.
«Gorroto zaitut!» esanez
Nahiz jartzen naizen trantzean
Madarikatu ohi zaitut
Negar malko bakoitzean
Baina kontrako guztia
Sentitzen dut bihotzean.

8.
Zugan sentitzen dedanak
Bere hortan berdin darrai…
Zu gabe ezingo nuke
Eta zure ondoan bai.
Lehenago ni babesteko
zenbat ahal, zenbat dohai
Ta orain, berriz, alperrik
Egon ninteke zure zai.
Argazki adina malko,
Begi parea malkoz blai,
Amets berriak sortzea
Besterik ez dedanez nahi
izara bilakatu dut
nire etsipenen talai
Gauero oheratzen naiz
Baina ez naiz amesteko gai.

9.
Joan zinenetik zeruan
Ez zaigu pizten izarrik,
Ez besarkada, ez muxu,
Laztan edo irriparrik.
Gauetan ezin lo egin
Ta amesten det itzarrik
Nahiz kuadrilaren ondoan
Egon babestu samarrik.
Iruditzen zaidanean
Ez daukadala indarrik
Lagunek hala diote:
«Miren ez egin negarrik,
Mutil gehiago badaude
Ez duzu bere beharrik»
Esatea erreza da
Baina nor dago bakarrik?

10.
Berriz laztandu nahi nuke
Zure azal suabea
Zu berriz izan zaitezen
Lehengo mutil herabea
Zoritxarrez maitemina
Sendatzeko edabea
Egiteko ez du inork
Izan abilidadea.
Maitatzean omen datza
Maitasunaren klabea,
Maitatzetik maitatzera
Bada, ordea, aldea
Asko estimatuko nuke
Nire lagunen taldea
Nire lagunik onena
Ez balitz bakardadea.

11.
Hamabi habanerekin
Gaur moldatu naiz neurrira,
Lehen kantatzen nizkizunak
Baliozkoak balira!...
Kantatuko nizkizuke
Goxo-goxo belarrira.
Boligrafoa hartzera
Mugatu beharko, tira
Nahiz eta jaso orduko
Bota zakarren ontzira
Nerekin ere berdina
Egin ez balu sikira…
Behintzat penak itotzeko
Lagungarri izan dira.

12.
Alperrik dira bagenu,
Balu, banu eta balitz,
Lehen ere beste neska bat
Zeneukanez jota begiz
Utzi genuen, halare,
Gu itzuli ginen berriz.
Beste behin ere guztia
Konpondu genuen irriz.
Orain nere masailetan
Dantzan hiru malko dabiltz
Noizbait maite zintudala
Nahiz ta esan nizun egiz,
«agur eta inoiz arte»
egokiak diren lau hitz,
Ni ez naiz harri berean
Eroriko hiru aldiz.