|
ZU GOXO-GOXO ZAUDEN BITARTEAN
Nerea Agirre Zulaika
Xabier Zubiri-Manteo Bhi
Gutuna «D» Kategoria
|
Lagun maitea:
Negua da. Kalean nago eta ez dut dirurik. Badakit ez naizela inoiz oso lagun ona izan, baina zuri idaztea erabaki dut.
Trapu zatar eta zarpail batzuk bakarrik ditut jantzita orain eta zuk, berriz, gutun hau irakurtzen ari zaren bitartean goxo-goxo egongo zara zure etxeko sofan eserita berogailuaren beroak epeltzen zaituen bitartean. Gaueko hamarrak paseak dira eta oraindik ez dut aurkitu lo egiteko lekurik. Uste dut, aste guztian zehar bezala, kaxa artean egin beharko dudala lo, zuk zure ohe goxo horretan lo egiten duzun bitartean. Badakit zuk ez duzula dirurik soberan eta, beraz, ...eskatzea alperrik izango da ezta?.
Ez naiz ondo bizi, ezta gutxiago ere, baina okerrena ez da dirurik, janaririk edo lo egiteko tokirik ez izatea. Okerrena bakardadea da. Bakarrik nago. Ez dut inorekin hitz egiteko aukerarik.
Zubi baterantz noa baina oso nekatua nago eta parke ilun bateko banku eskas batean eseri naiz. Dena oso ilun dago, nire bihotza bezain beste. Jendeak ez dit dirurik eman nahi. Uste dute ni beste guztiak bezalakoa naizela: droga edo alkohola erosteko erabiliko dudala. Oker daude. Nik bizitzeko behar dut. Kalean eskatzen nagoenean jendeak ez ikusiarena egiten du. Sentimendurik ez baneukan bezala. Hori oso gogorra da. Hutsaren hurrengoa naizela pentsatzen dute. Badakit ni egoera onean nengoenean ere berdina pentsatzen nuela, baina badakit oker nengoela. Ez da orain egoera horretan aurkitzen naizelako, baizik eta ni bezalako beste pertsona batzuekin egon naizelako eta beraiek ere bizitzea merezi dutelako.
Tristea da bizitza. Nirea behintzat. Jende asko kexatzen da ezin duelako jertse garesti bat erosi edo ezin dituelako egunero “Valentino”ren arropak jantzi. Beraiek ez dute ulertzen zer den ez edukitzea ezta jateko ere. Eta uste dut zuk ere ez dakizula.
Lehen pertsona erabat normala nintzen. Familia bat neukan, lana eta lagunak, baina hori guztia pikutara joan zen kale gorrian utzi nindutenetik. Nire emazteak ere utzi egin zidan eta bakarrik gelditu nintzen. Bakar- bakarrik.
Ezin dut horrela jarraitu. Ezin dut.
Bizitza gogorra izan dut eta horrela jarraitzeko nahiago dut bizitzarik ez izatea.
Zubira iritsi naiz. Toki batera iritsi eta beste batera joango naiz.Nire bizitza
kaskar honetako azkeneko lerroak dira hauek. Ezingo nauzu inoiz
gehiago ikusi. Banoa. Agur betiko.
|
|
| |
 |
 |
|