IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2008 - 19. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Vinaixa Gartzia

Vinaixa Gartzia


IRITSI EZ ZITZAIZUN GUTUNA

Vinaixa Gartzia Ezeiza
Axular Lizeoa
Gutuna «E» Kategoria
Kaixo Aita!!!!!

Lehendabizi agur bero bat eman nahi dizut maitasun guztiarekin. Oroitzapen asko ditut zutaz txikia nintzenetik orain arte. Gogoratzen dut txikitan zuri esnatzeko begiak irekitzen nizkizula, niretzat oso logikoa baitzen; esna zinenean begiak irekita baldin bazenituen, lotan zinenean esnatzeko, begiak ireki behar nizkizun eta nik hala egiten nuen. Beste oroitzapen batzuk Orioko hondartzan dira, batera bainatzen ginenean eta olatuak hartzen zenituenean; edota sukaldean erakusten zenizkidan gauzatxo batzuk udarako gau haietan, afaria prestatzen genuen bitartean; edo oporretan, beti irrifartsu, karabana bultzatzean aginduak ematen; edo Etxarrin edo etxean barbakoak nola egiten ziren erakusten zenidanean. Hilerokoa lehen aldiz eduki nuenean, amatxok esan zizun “badugu beste emakume bat familian”, zuk zorionak eman zenizkidan, baina nik ez nuen ezer ere ulertzen; edo azkenaldi honetan, fakturak nola egiten diren erakutsi didazunean; edo hankazpian dituzun pilo bat kilimez gogoratzen naizenean, ezinezkoa iruditzen zait negar tantarik ez isurtzea eta negar egiten dut isilpean.

Gogoratzen naiz ere zure muxu goxoez, ezpainetan ematen dizkiguzunean, gure ezpainak zure listu zipriztinez bustitzen dituzunean. Pixkanaka pixkanaka, denoi agur esaten joan zara zenituen indar guztiekin eta azken momentura arte lanean aritu zara zure ametsetan, Ataungo aparkalekua egiten.

Oso gorra egiten zait zu joango zarela pentsatzea eta gainera, oraindik ez dut sinesten. Nire lagun baten amari berdina pasa zitzaion.

Amatxok esaten dit zuk guretzat onena nahi duzula eta orain lau izango garela eta beti faltako zaigula bosgarrena, eskuko hatzetan bezala, baina aurrera jarraitu behar dugu, barnean dugun indar guztiekin, zuk nahi duzun bezala. Amatxok ere esaten dit zu lau zatitan banatuko zaitugula literalki, bakoitza norbera izango da eta zurearen laurden bat gehiago. Badakit oso gorra eta zaila izango dela denontzat, batez ere guraso batzuentzat, seme bat hain goiz galtzea ez delako oso naturala eta berdin anai-arrebentzat, emaztearentzat, seme-alabentzat eta familia eta lagun eta ezagun guztientzat. Amatxok kontatu dit berari antzekoa gertatu zitzaionean bere aitarekin momentu haietatik alaien gogoratzen duena nik puzzleak egiten nengoela erresidentziako atean, bera Alainez haurdun zegoela, eta berarentzat herentziarik boteretsuenak zuen hiru altxorrak direla: Gabirel, Alain eta Ni.

Ez dut imajinatzen mundu hau zu gabe, amets bat edo broma bat balitz bezala sentitzen naiz eta onartu behar dut, baina oso zaila iruditzen zait.

Goizegi joango zara, ez nauzu ikusiko ikasten, baina prometitzen dizut handia izatean bi gauzen artean hautatuko dudala: lehenengoa arkitekta, zu bezala izateko eta Amatxo eta Gabireli laguntzeko edo bestea onkologiako medikua, zure etsaia nire etsaia delako eta zuk ezin izan duzunez bere aurka egin, nik egingo dudalako zuregatik. Nik ez nuen hau espero, baina goiz edo berandu pasa behar zuen eta badakit zailagoa dela maite duzun norbait galtzea, norbera joatea baino. Amatxok esan dit zure urtebetetzetarako ez zarela iritsiko, baina nik aldez aurretik ZORIONAK eman nahi dizkizut hain pertsona ona izateagatik eta ni mundura ekartzeagatik. Eskerrik asko. Agur bero bat maitasunez eta milaka muxu erraldoi. Guri itxarongo diguzulakoan nago. ESKERRIK ASKO.

IKARAGARRI MAITE ZAITUT ETA
BETI IZANGO ZAITUGU GURE ALBOAN,
GURE BIHOTZEAN, IRRIFARTSU,
LANGILE ETA ALAI. ZURE ALABA

P.S.: Karta hau Aitatxo hil baino 6 ordu lehenago bukatu nuen idazteaz eta nire Amatxok Aitatxori irakurtzea nahi nuen nire lanbidea hautatzeko, baina 2007ko uztailaren 9an, goizeko 1:00etan lo hartu nuenean eta hurrengo egunean nire Amatxok esnatzean konturatu nintzen ezinezkoa izango zela, nire Aita ez zela inoiz itzuliko, nahiz eta betirako nire bihotzean eraman.

GEHIEGI MAITE ZAITUT NEGARRARI EUSTEKO ETA EZINEZKOA EGITEN ZAIT AGUR ESATEA.