IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2008 - 19. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Oihane Agirre

Oihane Agirre


ZORIONEKOA ZU

Oihane Agirre Iturrioz
Gutuna. F kategoria
Sto Tomas Lizeoa
Duela urtebete egin behar nuena egiteari ekin diot gaur.

Lotsagabea ni.

Urtebete igaro da geroztik.

Bai, urtebete, oso-osorik..

Bere gora-behera eta joan-etorri guztiekin, bere ilbehera eta ilbete guztiekin, bere itsasgora eta itsasbehera guztiekin, bere 365 egunekin, urtero legez egutegiari hutsik egin gabe.

Urtebete,bai.

Esan bezala, urte oso-oso bat.

Tartean izan dira ilargiak lekukoa hartzearekin batera begiak itxi ezineko gauak. Izan dira eguzkiaren irririk gabe gelditu diren egun desiratuak. Izan dira ezkutuan oihukatutako garrasi isilen oihartzun mutuak...

Izan dira hamaika jardun.

Izan dira hamaika zio.

Izan dira hamaika oinaze.

Erraz esaten da bai, baina urtebete.

Urtebete, oso-osorik.

Eta berriro diot. Lotsagabea ni.

Izan dut basamortuko hondar ale guztiak, bat bera ere ahantzi gabe kontatzeko astia. Ezertarako denborarik uzten ez diguten eta hainbeste miresten ditugun ditxosozko erloju gorrotatuetan orratzek zenbaki bakoitzari muxu eman eta nola beste batera jauzi egiten duten ikusteko tartea hartzea ere posible izan zait.

Inor gutxik egiteko aukera duen zerbaiten erregina izan naiz urtebeteez.

Konturatzerako 16 udaberri daramatzat bizkar gainean, zure gisara eta oraingoz udaberri arinak direla esango nuke. Arinak, pisuz; beteak, hostoz; epelak, haizez; baliotsuak, ustez...

Urtebete egun harez geroztik. Bere hamabi hilabeteekin.

Urtebete zure hitzak nire eskuetara heldu zirenetik.

Urtebete hitzekoa izateari utzi nionetik.

Urtebete beteko ez nuen zerbait nire ahopetik irteten utzi nionetik.

Urtebete, urtebete eta urtebete.

Zoratzeko modukoa.

Urte honetan zehar, egunero joan naiz hazten eta egunero txikitzen.

Biharko sufrimendua ekidin nahian, uko egin diot oraina bizitzeari.

Malkoak isurtzearen beldurrez, “irri” deritzon ezpainen bidez egin ohi nuen keinua egiteari utzi diot.

Txikitzen, beraz...

Baina hazi ere egin naiz.

Ohartu naiz ezinezkoa dela gezurretan maitatzea; ohartu naiz larrosarik garestienak arantza zorrotz mingarriak ezpatatzat dituen bezalaxe, larrosarik goibel eta tristeenak ere baduela zauria egiteko balio ez duen punta leuneko ezpatatxo maitekor bat; ohartu naiz zinez pobreak garela, hainbesteko aberats nahi horren pean itsutzen garenean; ohartu naiz jaikitzen naizen oro egun bat gutxiago dudala sentitzeko, egun bat gutxiago ikusteko, egun bat gutxiago entzuteko, egun bat gutxiago maitatzeko...

Modu batean edo bestean, egun bat gutxiago...

Hazten, beraz.

Txikitu, hazi; ahuldu, indartu; erori, zutitu; suntsitu, berregin; galdu, berreskuratu; eman, jaso...

Hauexek izan dira tira-bira guztiaren oreka mantenduz, eguneroko monotoniara bultzatzen nautenak. Beraz, ez naiz ez hazi ezta txikitu ere.

Lehengo bera izaten jarraitzen dut, lotsagabe hutsa.

Egunero joan naiz aitzakia bat jarriz neure burua armiarma sare batez inguratzen.

Egunero.

Atzo itolarria sentitu nuen arte.

Eta tira, ez dizut gezurrik esango.

Nahikoa egin duzu gaur arte aho itxiarekin izan dugun komunikazioa mantentzearekin.

Oso ondo ulertu dugu elkar.

Ondo ulertu izan dituzu eskolako pasilloetan elkar gurutzatu eta zure begirada saihesteko ahaleginak eginez hormara zein lurrera begira igarotzean nire aurpegian hautematen ziren oparotasunik gabeko begiradak.

Askotan, horrelakoak ulertzeko ezinbestekoa izaten da jakitea zer dioen isiltzen denak ixiltzen denean. Eta, dirudienez, zurekin behintzat portaera ulerkorra dute ilusioa aspaldi galdua zuten bi begi inozo horiek...

Gaur, aldiz, nire nahiak zeharo aldatu dira.

Zure begiei so egin nahi diet, arretaz begiratu. Eta zer dioten irakurtzen saiatu. Zure algarak gertutik sentitu, elkarrekin hazi. Eta txikitu, eta ahuldu, eta indartu, eta erori, eta zutitu, eta suntsitu, eta berregin, eta galdu, eta berreskuratu, eta eman, eta jaso... Betiko monotonia beste behin bizi. Baina zurekin, oraingoan. Zeharo ezberdina.

Zenbait urte atzera jota oraindik ere garbi ikus ditzaket zurekin, une berean eman ditudan pausu guztiak. Bide luzez ibiliak gara elkarrekin, bai.

Lastima da oroimen kontuetan denborak ezabagomaren papera hartzen duela. Onerako nahiz txarrerako. Baina ez dago besterik.

Eta azken urte honetan berriz, antzezle bat izan naiz zure aurrean, zugandik asko jaso eta gutxi eman duen antzezle ergela.

Horrexegatik une batez gaur lagun hurkotzat dudan ezabagoma izoztu, bizipen guztiak besapean hartu eta eguzkipean eskegi nahiko nituzke. Batek daki bihar gerta daitekeenaren berri. Batek daki bihar eguzki izpiek azken antzezlan hau txorien kantuen tonu alairen batekin apainduko ote duten...

Orduan bai, zorionekoa ni!

Bitartean... Lotsagabe hutsa.

Eta orain, esadazu, zer da zuk sentitzen duzuna?

Norainokoa da zure samina?

Malkoen arrazoi den min horren jabe al naiz ni?

Galdetzea ere...

Gaur, 365 egun beranduago, gogoan ditut esan zenizkidan hitz horiek. Denborari protagonismoa kenduz bere aurrean nagusitu eta ez du hizki bat bera ere ezabatzeko ausardia izan. Benetan ari naiz.

Eta oraingoan ere ez dizut gezurrik esango. Kajoian daude, erdi itorik. Baina badakizu, haizeratzen ez diren bitartean, hitzek bizirik diraute.

Arnas har zezaten gaur atera ditut. Irakurtzeko asmoz hasi naiz, irakurtzeko asmoa bete ezinik bukatu dut.

Hain magikoak diren zure hitz putzuek malko artean itoarazi naute.

Gaur 17. udaberria gehituko zaizu bizkar gainera.

Zorionekoa zu!

Beste behin, eta azkenekoz, baina murmurio ahotsez oraingoan, esango dizut badakidala azken urte honetan oso urrun izan dudala lotsa.

Ez naiz izarrak irakurtzen iaioa,

Baina ahal dudan neurrian kantatuko dizut duten doinuan,

Gaurkoan polita dute eta.

Gogoan izan bihar jaikitzearekin batera jaikitze bat gutxiago duzula.

Usaindu ezazu bizitza azken eguna balitz bezala, errepara iezaiozu behin betiko bailitzan, arnas ezazu sakonki bere esentziak zure baitan sustraiak bota arte, maita ezazu atzo, gaur edo bihar bezalaxe...

Niri ZORIONAK esatea besterik ez zait gelditzen.

Edonork badu ere zu zoriontzeko ohorea, utzidazu gaur niri modu bereziago batean egiten.

Gaur bakarrik...

Bihar goizean pasilloetan gurutzatzen garenean lehengo garai haien moduan irri zabal batez erantzuten badiozu nireari, urtebete beranduago bada ere, zorionez gauzak bere onera itzultzen ari diren seinale izan dadila.

Besterik ez,

ZORIONAK, LAGUN!