IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2008 - 19. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Maddi Goikoetxea

Maddi Goikoetxea


SAHARA

Maddi Goikoetxea Juanena
Ipuina. D kategoria
Ikasbide ikastola
National Geographicekoa baino paisaia politagoa ikusten da nire etxetik. Ikusi duzu noizbait laranja koloreko eguzkia, kanela dirudien hondarretan ezkutatzen? Ez dut uste, Saharan bizi ez bazara, halakoak izaten baitira hemen eguneroko ilunabarrak. Ziur zuk nik ez dudan gauza asko duzula, baina nik National Geographicekoek baino argazki hobeak atera ditzaket, hori bai, ez dut argazki kamerarik.

Saharan, ez dugu jogurtik, ez haragi askorik, ez fruitu tropikalik, baina begi handi eta politak dauzkagu, azal beltzarana, kolore biziko gure arropa propioa eta herriaren maitasuna, eskuzabaltasuna eta lurralde zoragarria, aberastasun gutxikoa, baina zoragarria. Pozik bizi naiz. Sharifa izena dut eta orain dela hamalau urtetik gozatzen dut basamortuko magia.

Argi gelditu ez bazaizue, hamalau urte ditut. Aisha izena duen lagun bat dut, nire bizilaguna da, gure kanpamentuan denok gara bizilagunak. Ali izena duen anaia txiki bat daukat, bi urtekoa; baina biberoia bukatzen den bakoitzean negar egiten duen hau, ez da nire jainkoa, nire jainkoa, Alá da. Badut aitaorde bat alfonbra zahar koloretsu bat duena, eta honen gainean errezatzen duen bakoitzean, dauzkagun ahuntz bakanak hil ez daitezen eskatzen duena, ahuntz esnerik eta artilerik gabe geldituko ginatekeelako. Ez badu gosaltzen, lanera joan ezin diren gizon horietakoa da, nire aitaordea. Esan behar dut familiako gizon hau, nahiko alferra dela, batez ere lan egiten dutenak etxeko emakumeak baitira: Ama, izeba, amona eta Mahasa. Azken hau ez da familiakoa baina izango balitz bezala da. Orain dela hiru urte bizi da etxean, alargun gelditu zenetik, Siljash izeneko nik baino urte bat gutxiago duen semearekin. Mahasak ez zuen gizon batekin berriro ezkondu nahi, maitasunik gabe, nire amak egin zuen bezala, Saharan ez baita ondo ikusten emakume batek bera bakarrik familia bat aurrera ateratzea.

Etxeko emakumeak arduratzen dira artilea landu ondoren gizon bati saltzeaz. Gizonak diru apur bat ematen digu artilearen truke. Fabrika baten jabea da, artilearekin jertseak egiten dituzte bertako langileek. Fabrika horretaz direnak eta ez direnak esaten dituzte: langile gehienak nire adineko edo adin txikiagoko neskak direla, ordu pila lan egiten dutela bi txanpon irabazteko, asko bortxatuak izan direla…

Kanpamentuan ez gara artilea fabrikako nagusiari saltzen diogun bakarrak. Badago beste familia bat ere horretan aritzen dena. Nire aitaordeak gorroto dio, eta ama eta gainontzeko emakumeak estutzen ditu beste familiak baino artile gehiago landu dezaten. Amak (nortasun handiko emakumea), ordea, sahararrez pare bat irain esan eta berriz kontu horiekin etortzen bazaio aldameneko “jaima”ra joango dela bizitzera oihukatzen dio. Hori gertatu ondoren, aita “Emakumeak!” esanez ateratzen da etxetik, haiek barrez lehertzen diren bitartean.

Ama, emakume gizena eta sendoa da, bular handikoa, eta jenio bizikoa. Nire aitaordea, berriz, bibote handikoa, mehea eta alferra, emakumeak asko gustatzen zaizkio, baina ez ama bezalako emakumeak, emakume argalak, isilak, politak eta gazteak. Amak horietako bati begira ikustean, zaplazteko bat ematen dio.

Izeba, 35 urteko neska zaharra da, eta ez dut uste izateari utziko dionik ere. Izaera aldetik amaren berdintsua da, fundamentuzko emakumea, baina ez da ama bezain gizena. Saharan, emakume gizen gutxi dago, nahi bagenu ere, ezingo genuke. Amak dioenez umetan hartutako ahuntz esneagatik da; orain ere hartzen du, baina gutxiago. Amak kontatutakoari amonak esaldi hauetako bat gehitzen dio jarraian: “Haiek garaiak, haiek, beroa ez zen hainbestekoa eta ahuntzek ederki irauten zuten”. “Gaur egun ez, ez duzue lehen janaria lortzeko egiten genuen lana egiten, orain SOS Saharak ematen digun atuna jaten dugu!” beti marmarka. Bada amonak askotan esaten duen beste zerbait ere: gure familia mantentzen duen eginkizun bakarra artilearen negozioa dela, eta fabrikako jabeak ez lukeela ezer edukiko guk artilerik salduko ez bagenio. Eta artileak ez lukeela eduki behar auskalo nongo etiketa, baizik eta hemengoa, “MADE IN SAHARA” horixe da egia eta.

Beno ba, hasiko naiz eguneroko kontuekin.

- Sharifa! Esna zaitez, neska, ura putzutik ez da bakarrik aterako!- Ahots horrek esnatzen nau egunero goizeko seietan. - Bai, amona…- erantzuten diot erdi lo, eta nire lo aurpegia eta biok sandalia zaharrak jantzita putzura goaz ur bila. Bi kilometro daude kanpamentutik putzuraino, zortea dugu, basamortuan oso putzu gutxi daude eta.

- Kaixo Aisha.

- Epa, Sharifa. Zer, gaur ere atsoaren oihuek esnatu zaituzte? Nik neuk ere entzun dut.

- Ja, ja,ja! Bai.- eta kanelazko dunen artean desagertzen gara, kubo baina eskuan.

Itzultzean, anaia Aliri biberoia ematen diot, baldin badago behintzat. Siljash ere ondoan edukitzen dut (Mahasaren semea), eskolara joateko zain. Jarraian, Siljash, Aisha, ni eta Mohamed eskolara abiatzen gara. Mohamed beste lagun bat da, ile kizkurra eta kafe koloreko begiak dauzkana.

Eskolan frantsesa ikasten dugu, baina nik ez dut ulertzen zergatik, gutako asko hemen jaio garen bezala, hemen hilko garelako. Eskola atsegin dut, ez dut denborarik izaten eskolan aspertzeko, oso ordu gutxi egoten bainaiz bertan.

Eskolatik aterata, elkarrizketa hauek izaten ditugu gehienetan.

- Eta, Mohamed, zer egingo duzu gaur?

- Ba, betikoa. Beharbada anaiari laguntzera joango naiz, aldameneko kanpamentura.- Mohameden anaia sendagilea da.

- Ba nik amari-eta lagunduko diet artilearekin.- esaten dut nik.

- Nik anaia zainduko dut.- Aishak.

Horrela pasatzen ditugu arratsaldeak, bero itogarria uxatu nahian. Iluntzean, ia egunero bezala, berorik egiten ez duenean, Aisharekin batera duna altueneraino igo gara, eguzkia ezkutatzen ikusteko.

- Zer gertatu zaizu, Aisha? Lepoa gorrituta daukazu. - A, bai…?- erantzun dit urduri.

- Berriro jo zaitu.

- ....Bai. Ama hil zenetik ez du lanik egiten, egun osoa kanpoan ematen du eta anaiari nik eman behar izaten diot jaten. Askotan, ez da jateko ezer egoten, eta ondokoek eman behar izaten didaten arroz pixka bat edo. – Ia negarrez hasi da Aisha.

- Jolin, ba hurrengoan etorri gurera eta afaldu gurekin, azkenaldian oso juxtu gauden arren.

- Zer ba, artile kontua?

- Bai. Faltan botatzen dut familiako berotasuna, tea hartzea, denok elkarrekin egotea, zapi koloretsuak jostea... Gure familia ere ez dago onenean.

- Bi gara orduan.

Eta eguzkia ezkutatu da. Denboratxo bat igarota, norberaren jaimara itzuli gara. Baina, sartu baino lehen, ama oihuka entzun dut, esanez:

- Baina nola ausartzen zara alaba…saltzen!

- Mesedez, ez jarri horrela, ez nuen beste irtenbiderik! Badakizu nolakoa den tipo hori, ezin zaio ezetz esan! Artile asko zor diogu!

- Baina zu, zu… Sharifa urrun eramango dute, ez da itzuliko, esklabo bat bezala tratatuko dute fabrika horretan!

- Begira ezazu alde onetik, emakumea, aukera izango du “MADE IN SAHARA” jartzeko etiketan, eta… beste langile bat ondo datorkienez, ez digute merke eskertuko..

- Alua! Alde hemendik!- amonak ere, azkenean.

- Jadanik ezin dugu ezer egin, bihar goizean goiz etorriko dira bere bila!

Nik ezin dut entzun dudana sinetsi, korrika hasi naiz, soinean daramadan zapia lurretik arrastaka, Aisharen jaimarantz.

- Aisha, Aisha!

- Sharifa?- Aisha negar zotinka ikusi dut aurpegi gorriarekin (haserrearen haserrez).

- Erotuta dago, Sharifa, erotuta…

- Berriro jo zaitu? Ba ni jostunen fabrikara bidali nahi naute!- ni ere bai negarrez.

- Hemendik alde egin nahi dut, heriotzari ez diot beldurrik.- Esan du Aishak basamorturantz begira. - Bai, nik ere bai…edo ez, edo bai, ez, bai, ez! Ez dugu urik ez dugu janik, hil egingo gara!- esan dut nik etsita.

- Mohameden etxean bai ordea.- Aisha oso ziur dago, basamortua zeharkatu nahi du, baina ni beldur naiz.

Mohamedek janaria, ura, manta pare bat eta iparorratza eman digu. Nik, gero eta ziurrago nago, ez dut norbaitena izan nahi, askea naiz, eta heriotzak nire askatasunarekin bukatu behar badu, aurrera; baina ez fabrikako nagusi batek.

- Aisha, jabetzen al zara zer egiten ari garen? Basamortua zeharkatu nahi dugu, familia atzean utzita, ezingo dugu.

- Nik dudanari ez nioke familia deituko, zaude isilik eta jarraitu oinez, bidaia luzea dugu. Guztiz iluntzen duenean, lotarako geratuko gara.

Ordu erdi barru, ilun dago, mantak jarri eta basamortuari aurre egingo diogu, oso zaila izango da gau hotz hau bizirik igarotzea, ez dut txantxetan esaten.

- Sharifa, dardarka zaude oraindik eta eguzkia atera da.

Bai, basamortuari burla egin diot, gaua igaro dut.

- Goazen lehenbailehen jarraitzera, Aisha.

Aishak eta biok ez dugu asko hitz egiten ibilaldia hasi dugunetik. Egoera gogorra da, beranduegi da itzultzeko eta ez dakigu amaierara iritsi ahal izango dugun.

Nire bihotzean zerbaitek esaten dit ezetz, ez garela hilko, ez horrela, ez orain, ez hemen.

Gainera, ez dut nire bizitzaren zergatia, esanahia jakin, beti pentsatu izan dut zerbaitetarako bizi naizela, zerbait egiteko, oraindik ez dakidan zerbait, edo zerbait bizitzeko, oraindik bizi ez dudan zerbait, eta momentu honetan gertakizun berezi horren bidea egiten ari naizela.

Bai, basamortua zeharkatzea bilatzen ari naizen hori aurkitzeko bidea izan liteke. Edo orain arte egindako bidea da benetan garrantzia duena. Baina errealista jarriz gero hil egin gaitezkeela pentsatzen dut, beste jende asko bezala, besterik gabe, bihotzak odola ponpatzeari utzi, ezer berezirik lortu gabe, heroiak izaten bukatu gabe, ur eta janari faltagatik.

Pelikuletan norbait hil baino lehen modu berezi batean hiltzen da, bere azken minutuetan heroi bihurtzen da, norbaiten bizia salbatzen du, hunkigarria den zerbait esaten du, norbait edo zerbait babesten hiltzen da…

Baina hau ez da pelikula bat, hau Sahara da, eta hemen eguzkiak gogor jotzen du buruko mina jarri arte, oinutsik nago ondar beroa zapaltzen, egarria dut, nekez erortzen naizen bakoitzean hondarra ahoan sartzen zait; gose naiz, haizeak gogor jotzen du eta jantziei eutsi behar izaten diet hark eraman ez ditzan… basamortu erdian nago.

Nire eskuetan zegoena egin dut, erabakia hartu nuen, basamortua zeharkatu nahi nuen, esperientzia berriak bizi eta arazoak ahaztu. Baina, ene Sahara maitea, nork ahaztuko zaitu zu?

Basamortua zeharkatzen lortzea ez dago nire esku, nik jarraitu, jarraituko dut, baina basamortuak ni geldiarazi nahi banau, egingo du.

Nire buruari hitz eman diot, zeharkatzea lortzen baldin badut, noizbait itzuliko naizela, ateratzea lortu dezakedan bezala, itzuliko naizela.

Eta berriro ikusiko ditugu ilunabarrak, Aishak eta biok, duna altuenera igota, eta berriro sentituko dugu haize epel hori eguzkia ezkutatzean, eta berriro edukiko ditugu hitzaldi luze horiek, ur bila goazen bitartean, eta berriro izango gara Aisha eta Sharifa, betiko bi neska sahararrak, jende guztiak ezagutzen dituenak, inoiz alde egin ez zutenak… Hitz sakonak alde batera utzita, bidaia honetako eguneroko elkarrizketa etsigarri bihurtzen ari direnekin jarraituko dut.

- Hankak erreta dauzkat, hondarra sartu zait begietan, haizeak eramango nau…- esan dut nik.

Aishak ez dit erantzun, bera ez da kexatzen, baina bere begi beltzek esperantza galtzen hasita dagoela diote, eta ez da harritzekoa, kanela itxurako infernu honetan kiskaliko garela badirudi.

- Zorabiatuta nago.- Kexatu naiz ahots ahulaz berriro.- Ur gehiagorik badaukagu?-

Ez dit inork erantzun, eta ohartu naiz ez ditudala Aisharen sandalia zaharrek hondarraren kontra egiten duten soinua entzuten. Jiratu naiz, eta Aisha lurrean ikusi dut. Burutik pasatu zait hilda dagoela, baina ez, ezin liteke… pare bat minutu ondoren, erreakzionatu egin dut:

- AISHA! AISHA!! Ez, ez nazazu bakarrik utzi, ez…- negarrez nengoen bitartean zarata gogor bat entzun dut, gora begiratu eta… “SOS SAHARA” idatzita daraman helikoptero bat ikusten dudala iruditu zait.

Ikusi dudana egia dela ohartu naiz, mutil batek artile fabrikako nagusia denuntziatuko dutela, eta etxera naramatela esan didanean. Momentu honetan nire historia nola dakien galdetu diot nire buruari. Baina horrek orain ez du axola.

Lasaitu egin naiz eta nire ongizatea ahaztu dut, Aisha nola dagoen jakiteko. Baina, Aisha, Sahara zoragarriak irentsi du. Momentu honetan, National- Geographiceko argazkirik tristeena lortuko nuke Aisharen hildako irudia enfokatuko banu.