|
BESTE GIZON BAT
BARRUTIK ETA KANPOTIK IKUSITA
Joseba Barrages Puentes
Xabier Zubiri-Manteo BHI
Ipuina «E» Kategoria
Sari nagusia
|
-A zer gizon bitxia! –pentsatu zuen Smith jaunak. Pozik zetorren afera on bat egin zuelako ganadu azokan. Horrelako Ingalaterra horretan ez dago poztasunarentzako lekurik. Jacobo II.ak 1685 horretan izan zen koroatua, eta herri ingelesarentzat denboraldi txarrak zetozen seinale eman zuen. Horregatik, uste zuen Smithek, afera eta garagardo on bat, garai ilun horietan, eskertzekoa zen. Eta hain zuzen tabernara zihoan pentsamendu horietan zebilen gizon horrekin topo egin zuenean.
-Egun on denoi –esan zuen Smith jaunak tabernako ateak zabalduz-.
Tabernako izkina guztietan bilatu ondoren, lagun bat ezagutu zuen eta berarekin eseri zen.
Tabernaria etorri zitzaion eta garagardo bat eskatu zion.
-Honelako egun eguzkitsuak ez dira arruntak urteko hilabete honetan –esan zuen Smith jaunak-.
-Ez, alajaina! –erantzun zion lagunak-.
Tabernariak ekarri zion garagardoa, eta bi trago eman ondoren, bere kotoizko kasakaren ezkerreko mahukarekin bere ezpainak lehortu zituen.
-Hona nentorrela, gizon arraro bat ikusi dut –beste trago bat edateko pausatxo bat egin zuen-. Zerura begira zegoen, ibiltzean, begirada galduarekin. Ileak nahastuta zituen, zapatak askatuta eta sagar bat jaten zetorren -edalontziari azkeneko tragoa eman zion-. Hura bai gizon xelebrea.
Momentu horretan tabernako atetik gizon bat sartu zen
nahiko larrituta zirudiena.
-Eta -erantzun zion lagunak-, hura al da ikusi duzun gizona?
Smith jaunak bira eman zuen.
-Bai, dudarik gabe.
-Eta, nola?, ez al duzu ezagutzen? Gizon hori Isaac Newton jauna da! Gure herrialdeko jakintsu ospetsuenetariko bat.
Newton inor agurtu gabe tabernako izkina bateko mahai batean eseri eta bere burua sabaira begira jarri zuen.
-Kalean beti dabil bere munduan sartuta -jarraitu zuen lagunak-. Eta, begira, ikusten al duzu bere aurpegia? Herritarrok ikasi dugu, bere aurpegian horrelako begirada galdua duenean buruhauste berri batean sartuta dagoela.
-Tira, zerbait esatera hurreratuko naiz -aulkia atzera bota eta altxatzean bere lagunak eskutik heldu zion-.
-Ezta pentsatu ere! Ezin zaizkio bere pentsamenduak eten! Bere pentsamenduetan murgilduta zegoela, behin, ordua eskatzea bururatu zitzaidan eta burura bota zidan edalontzi bat. Tabernariak, Mariek, hori ere ondo badaki, eta horregatik beti mahai berean uzten dio garagardoa Newtoni, bera iritsi aurretik. Hobe da bakarrik uztea, sekulako umorea baitu.
-Ondo da –eta bere aulkian eseri zen berriz Smith jauna-.
Tabernako beste mahai batean, bezero batzuk Marieri kexaka daude:
-Ez al dira iritsiko inoiz pinta horiek, Meyer andrea? –esan zuen herriko sotolari batek, haserre-.
-Iritsiko dira erosi dizkizudan garagardo upelak hona iritsi bezain laster! –erantzun zion Mariek haserre-.
-Beste bi pinta, tabernari!
-Egarri gaude –beste mahai batetik-.
-Noizbait iritsiko dira edariak, Meyer andrea?
-Gure eztarriek ezin dute gehiago itxaron –oihukatu zuten albo bateko bezero batzuek parrez-.
Eta Marie Meyer andreak, oso lanpetuta zegoela, albo batetik bestera, mahaiz mahai erretilua eramanez, bezero egonezinez inguratuta, ezin zuen gehiago jasan eta pazientzia agortu zitzaion:
-Joan zaitezte denok........
Momentu horretan bezero baten hankarekin topo egin eta, nahigabe, erretilua eskuetatik joan zitzaion, lurrean bukatuz, bertan zeuden garagardo pintak eta txanponekin batera Newtonen mahaiaren ondoan. Newtonen arreta deitu zuen gertakizun honek, eta bere begirada desbideratu zuen Marierantz. Bere aulkitik altxatu, eta dena jasotzen lagundu zion tabernari haserreari, jasotzen ari zen bitartean, biraoka zebilela. Ondoren altxatu egin zen, tabernako jende guztia begira zegoela.
-Tabernako andere eta jaunak! -oihukatu zuen Newtonek, tabernako pertsona guztiek entzun ahal zezaten-. Ikusi al duzue zer gertatu den? -jarraitu zuen-.
Inor ez zen ausartzen ezer esatera. Bat-batean atzetik zetorren ahots batek esan zuen:
-Bai! Meyer andrea gero eta baldarragoa dagoela!
Tabernako jende guztiak barre egin zuen, Mariek, eta Newtonek izan ezik. Lehenengo hori, gorritu egin zen, eta behera begiratuta, ontziak hartzen jarraitu zuen. Newton, ordea, pentsakor geratu zen. Segundo batzuk geroago esan zuen:
-Tira, nire ustez istripu bat izan da. Baina esan nahi dudana da ea norbaitek zerbait berezia ikusi duen.
Une batzuk geroago, inork ezer esaten ez zuenez, jarraitu zuen:
-Tompkins jauna -bere besoa altxatu, eta ikusleen artean zegoen gizon baterantz zuzendu zuen bere besoa-, oso sentibera zarenez, zure begiek zerbait berezia ikusi dute?.
Tompkins jauna pentsakor geratu zen une batez, Marieri begira. Esateko zerbait bururatu zitzaionean, arnasa sakon hartu, eta pauso bat aurrera eman zuen.
-Beno, Newton jauna, esan diezazukedan gauza bakarra da Meyer andreak jaso dituela txanpon guztiak, gizon horren –eta seinalatu zuen albo batean zegoen mozkor bat- oin eskubiaren azpian zegoen txelin bat izan ezik.
Mozkor hark, lotsaz beteta, buruarekin ezetz esan zuen.
Orduan, Marie altxatu eta mozkorrarengana hurbildu zen. Bere oina altxatu eta gero, ikusi zuen nola, hain zuzen, txelin bateko txanpon bat zegoela.
-Lapur gezurti madarikatua! Harrapatzen bazaitut! –eta mozkortia korrika irten zen tabernatik. Algara horretan, jendea parrez zegoela, Newtonek isiltasuna egin zuen.
-Oso behaketa ona. Ikusten dudanez sasoi onean zaude. Baina txanponei eta edalontziei gertatu zaien zerbait bereziaz ohartu zareten jakin nahi nuke. Bertan zegoen jende guztiari begiratu ondoren denbora luzez, zerbait berezia egitea erabaki zuen.
-Ondo da. Ikusten al duzue denok... –bere poltsikotik libra bat atera zuen eta guztiei erakutsi zien- ...libra bateko txanpon hau? Meyer andreari mesede bat eskatu nahi nioke –honen baieztapena ikusi ondoren jarraitu zuen-. Txanpon hau Marieri utziko diot, bera gorde dezan. Bihar, ordu honetan, hona itzuliko naiz, eta asmatzen duenak zer gertatu den hemen, txanpona irabaziko du. Marie, utziko al zenidake, mesedez, paper eta idazluma bat?
Paper horretan zerbait idatzi zuen. Idazten bukatu bezain laster, papera tolestu eta Marieri eskaini zion:
-Paper honetan idatzi dut gertatu den zerbait berezia, erretilua lurrera erori denean edalontziak eta txanponekin. Meyer andrearen zainpean utziko dut. Meyer andrea izango da papera ikusteko eskubidea izango duen bakarra, eta berari esan beharko dizkiezue zuen iritziak, eta idatzitakoarekin bat baldin badatoz, libra bateko txanpona emango dizue. –Eta bere poltsikotik erloju bat atera zuen-.
Bihar, ordu honetara arte daukazue; eguerdi on jaun eta andereak, joan beharra daukat. Tabernako aterantz zihoala, jendea hasi zen bere atzean marmarka.
Taberna atzean utzita, bere etxerako bidea hartu zuen, Londreseko kanpoaldean zegoena.
Bidean, momentu batez, bere pentsamendu zientifikoak bere sukaldariak prestatuko zion bazkari gozora desbideratu ziren. Ahots batek eten zituen pentsamendu gozo horiek.
-Eguerdi on, Isaac!
Albert errementaria zen. Albert gizon gihartsu eta garaia zen. Bere buruan ile gutxi zuen. Begi marroien gainean bi bekain beltz eta handi, kopeta zabaleren izerdia gelditzen zuten. Egun eguzkitsua zegoenez, lastozko teilatua zuen bere harrizko lantegitxoaren kanpo aldean lan egiten zebilen. Albertek esku batean denborak belztu zuen mailu bat eusten zuen. Orduak eta orduak lan egin ondoren, etengabe mailukadak eman ondoren, bere kopeta izerdiz blai eginda zegoen, eta beste besaurreari lotuta zegoen zapi zikin batekin lehortzen zuen. Gerritik behera, hankak estaltzen zituen larruzko mantal marroi erre bat zuen. Bere oinak bi larruzko sandaliek inguratzen zituzten. Gerritik gora alkandora horitxo bat zeukan jantzita, mahukak belztuta zituenak. Albert, lan zakar horretan lan egin arren, oso gizon jatorra eta argia zen. Newtonekin askotan hizketa eta eztabaida luzeak izaten zituen.
-Berdin –erantzun zuen Newtonek bideko albo batera eginez, errementariaren lantegirantz abiatzeko-.
-Dirudienez, zuretako bat egin duzu –esan zuen Albertek mailukada gogorren artean-.
-Zergatik diozu hori? –erantzun zuen Newtonek harrituta errementariak bete-betean asmatu zuelako-.
-Badakit oso ondo identifikatzen inork asmatu ezingo duen buruketa bat planteatu duzunean, aurpegian agertzen zaizun irri berezi horri esker.
-Ondo ezagutzen nauzu, bai. Tabernatik nator, bertan planteatu dut buruketa. Eta jostaldia dohain aterako zait, bihar, apostatu dudan txanpona berreskuratuko baitut. Bertan egon izan bazina, beharbada libra bat aberatsagoa izango zinateke.
-Ez dut uste, Isaac, nire ustez pobreagoa izango nintzateke –mailukadak emateari utzi zion, besaurrea kopetatik pasa eta mailua lurrean utzi zuen-.
-Zer ba, Albert?
-Zera, tabernan egon izan banintz, irabazitako libra baino gehiago gastatzeaz gain, metalak lantzeak ematen didan bakea galduko nuke ere, eta horrekin, egunean zehar bururatzen zaizkidan gauzak baita.
-Eta zer da bururatu zaizun azkeneko gauza?
-Naturaren botereaz pentsatzen ari nintzen....
-Naturaren botereaz? –galdetu zuen Newtonek harrituta, erantzun hori espero ez zuen eta-.
-Bai, naturaren boterean –erantzun zion errementariak irri eginez-. Metala gorituta ikusi dudan lehen aldia ez da izan gaur goizekoa. Hala ere, bizitzan lehen aldiz bururatu zait mailuarekin nola deformatzen dudan metala, naturaren boterearekin konparatzea. Zeuk, Newton jauna, zure denbora inbertitzen duzu naturak ezkutatzen dituen sekretuak aurkitzeko, eta horrela inguratzen zaituen ingurua hobeto ezagutu. Neuk, ordea, uste dut natura oso sinplea dela: natura sutegi erraldoi bat da, bere buruari itxura ematen diona suz eta kolpez. Naturak suaz, adibidez baliatuz, bere indarra erabiltzen du edozer bere nahietara modela dadin. Gizonek ere erabiltzen dituzte sua eta kolpeak gainontzeko gizonak dominatzeko, neuk kolpez eta suz burdina modelatzen dut, sumendiek ingurumena modelatzen dute suaz. Honekin esan nahi dudana da zu zeure erara saiatzen zarela ingurumena osatzen dituen gertaerak esplikatzen. Baina era honetara gertaerak berdin adieraz daitezke, matematiken bidez saiatzen zaren predikzio zehatz horiek bezala.
Etxerako bidean zegoela, Newton pentsatzen zebilen errementariaren filosofia errazean, nola honek pentsatzeko zerbait eman zion, eta nola ere, bere erara, mundua esplikatzeko nahikoa zen, era sinplean. Errementariaren bizitza xumearentzako nahikoa.
Gauean, ohean etzanda, horiek izan ziren eguneko bere azkeneko pentsamenduak. Lo hartu zuen errementariarengan pentsatzen.
* * *
Zalgurdia berandu iritsi zen Newtonen etxera. Newton, bere etxeko andrearen ondoan zegoen zalgurdiaren zain Londreseko erdialdera joateko.
-Newton jaunari bost minutu galarazi dizkiozu, John –esan zion gidariari etxeko andreak.
-Barkaidazue, ikus dezakezue nolako eguna dagoen.
Newton jauna etxeko andrearen ondoren sartu zen zalgurdian.
-Nora goaz, jauna? –galdetu zuen txoferrak-.
-Eraman gaitzazu Londreseko Isabel I.aren akademiara.
Goiza euritsua zen. Hodei grisek Londreseko zerua guztiz estaltzen zuten. Noizbehinka euri tanta batzuk erortzen ziren, lurzorua hezetuz. Goiz hartan, Newtonek aurreko egunean eraman zituen arropa berberen gainean lumazko beroki bat jarri zuen, euriaz gain, hotza zegoen eta. Bidaian zehar, Newton bere pentsamenduetan murgilduta egon zen, akademiako bere lagunek esan behar ziotenarekin kezkatuta. Newton oso sentibera zen besteek egiten zioten kritikekiko. Ez zituen ondo jasotzen, eta horregatik bere kezka. -Brown anderea, kontu bat darabilt nire buruan, eta zure iritzia jakin nahi nuke.
-Newton jauna, zu beti zaude pentsatzen, burua beti hausten. Buruketa zail horiek egiten. Zer da oraingo honetan?
-Brown anderea, zure ustez, zer gertatuko litzateke altuera jakin batetik tamaina bereko, baina pisu ezberdineko, bi pilota botatzen baditut?
-Zer galdera arraro egiten dituzun, jauna! Pisu handieneko pilota lehenago iritsiko da –erantzun zuen Brown andereak oso ziur-. Zer ba galdetzen didazu hori?
-Ezergatik, bakarrik kuriositatez. Ikus dezagun zer esaten didaten akademiako kideek. Londreseko erdialdeko plaza handi batera iritsi zenean zalgurdia, zalgurditik jaitsi, eta Newtonek, bere etxekoandreaz jarraituta, bere oinak harrizko lurraren gainean jarri zituen.
-Eskertzen dizut, benetan, Newton jauna hona ekarri izana nire ahizpa ikustera. Nire oinak ez daude jadanik horren bidai luzea egiteko.
-Ez da ezer izan, Brown andrea.
-Beno, presa daukat. Hiru ordu barru hemen egongo naiz zure zain, jauna. Gero arte –Eta Brown anderea plazaren eraikin baterantz abiatu zen-.
Plazaren albo batean zegoen akademiaren eraikinera begira jarri zen Newton. Isabel I.aren akademia, plaza hartako eraikin handiena eta garaiena zen. Egurrezko atearen alboetan harri grisezko bi zutabe karratu zeuden. Bi zutabeen kapitel gotikoen gainean zegoen arkitrabean, eraikinaren aurrealdea eusten zuena, inskripzio bat zegoen latinez. Arkitrabearen gainean balkoi bat zegoen, alboetan bi txikiago zituenak. Balkoi nagusiaren leihoaren gainean, dorre garai baten puntan, erloju handi bat zegoen. Eraikin gogor eta simetriko horrek Londresen 1666. urtean gertatutako suteari eutsi zion bere albo bat erreta geratuz. Newtonek sarritzen zuen jakintsu elkartearen sedea zen eraikin hori.
-Egun on –esan zion Newtonek ate zaindariari-.
-Egun on, Newton jauna.-erantzun zion-. Zure kideak liburutegian zain dauzkazu.
-Eskerrik asko.
Newtonek bazekien akademia hartako liburutegia non zegoen, eta hara abiatu zen marmolezko lur irristakorraren gainetik. Liburutegiak bi solairu zituen eta gela biribila eta garaia zen, sabaia kupula bat izanik. Apalategiak ebanozko egurrez eginak eta edozein gaietako liburuz josita, horma biribiletara adaptatuta zeuden. Atea osatzen zuen arkuaren gelako kontrako alboan, bigarren solairura joateko eskailerak zeuden. Gela hartako erdialdean, mahai biribil bat zegoen, eta bertako hamabi aulki, hamabi gizonek betetzen zituzten. Horietako batzuk idazten zeuden, beste batzuk liburuak irakurtzen, beste batzuk soilik pentsatzen, eta hirukote bat erretzen eta hitz egiten zegoen. Newton gelan sartu zenean, gizon baten begirada erakarri zuen.
-Egun on, Newton jauna! –hasi zen talde hartako burua zirudiena-.
-Berdin David –esan zion David jaunari-.
Eta gainontzeko hamaika gizonek begira jarri zirenean erantsi zuen:
-Eta baita zuei ere, jaunak.
Bere berokia kendu zuen, eta atearen ondoan zegoen pertxero batean jarri zuen. Hamabi gizonak altxatu ziren, eta Newtoni begira jarri ziren.
-Pentsatu al duzue proposatu nizuenari buruz? –galdetu zuen Newtonek-.
-Bai, Isaac –erantzun zuen, berriz, buruzagia zirudienak-. Gainera esperimentua egin dugu, eta gure emaitza eta konklusioa oso garbiak izan dira-.
-Zuen ondorioak entzuteko irrikaz nago-.
-Isaac, esan zenigun moduan, bi metrotako garaieratik bota ditugu forma berdineko, baina lodiera ezberdineko bi liburu. Bata, bi zentimetroko lodiera duen Shakespeareen Sonetoak, eta bestea Euklidesen Elementuak, bost zentimetro dituena.
-Eta zein izan da emaitza? –galdetu zuen Newtonek.
-Emaitza. Bi liburuak aldi berean iritsi dira lurrera, eta ez bata bestea baino lehen, uste genuen bezala.
-Hortaz –esan zuen Newtonek irabazleek egiten duten bezala- ez al zen egia esaten nizuena?
-Bai, baina ez.
-Nola bai baina ez?
-Kontua da, Newton jauna, zeuk esan zenuen bezala, bi liburuak aldi berean erori direla lurrera, gure ustearen aurka zihoana. Hala ere kontuan ez genuen izan garaiera hori gutxiegikoa dela.
-Gutxiegikoa? –galdetu zuen Newtonek harrituta-.
-Eta taldekideok, aho batez, uste dugu garaiera handiago batez berdina gertatuko litzatekeela. Newtonek espero zuen horrelako erantzun bat. Une batzuetan pentsakor geratu zen, eta esan zuen:
-Benetan, zuek bezalako ilustratu batzuengan ez nuen horrelakorik espero, jaunak.
-Kontua da, Isaac, gizakiak jakin ezin dituen erantzunak bilatzen saiatzen zarela. Une batzuetan pentsatzen geratu ondoren, kideei beste aukera bat ematea erabaki zuen.
-Ondo da. Ikusten dudanez zuen buru gogorrak zientziaren aurrean jarri dira. Eta kontatzen dizuedan fenomenoa azaltzen saiatu ordez, altuera gutxiegikoa dela esaten duzue. Nik, hala ere, edozein altueratik bi liburuak aldi berean iritsiko direla lurrera mantentzen dut. Zer egin genezake ni konbentzi nazazuen, jaunak?
-Altuera handiago batetik bota liburuak, adibidez –bota zuen azkar, bizar txuri bat zuen gizon batek, Charles izenekoa-.
-Nolako altuera? –galdetu zion Newtonek-.
-Dorre batekoa...-gizona pentsatzen geratu zen-. Eraikin honen erlojuaren dorretik, adibidez.
-Hortaz, ados al zaudete Charlsek dioenarekin, dorre hartatik berriz saiatzea, alegia?
Buru guztiak, David jaunarena izan ezik, baieztatu zuten. David jaunak, bere kideei begiratu eta gero esan zuen:
-Zer esan beharko nuke? Ados baldin bazaudete denok, ondo da.
Newtonek aurpegi alaiago bat jarri zuen, bere esperimentu txikia eskala handiago batean egin zezakeela ikusita.
-Ondo da. Esperimentu berbera berriz egingo dugu. Baina zerbait berria proposatuko dizuet. Bigarren saiakera honetan bi esferekin egingo dugu. Bata berunezkoa eta bestea egurrezkoa izango dira. Neuk ekarriko ditut bi esferak.
Gizon guztiak ados zeuden horrekin. Hurrengo orduetarako gai askori buruz hitz egiten ibili ziren, baina liburuen kontuaz hitz egitea ahaztu egin behar izan zuten, Newtonek horretaz hitz egitea ukatu baitzien. Hiru orduak igaro ondoren, Newton aulkitik altxa, berokia hartu, kideak agurtu, eta sartu zen atetik irten zen. Kalera irten zenean, Brown anderea eta zalgurdia itxoiten zeuzkan. Zalgurdira igo, eta etxerantz abiatu ziren.
-Brown anderea, ba al zenekien akademiako kideek, nahiz eta asko ikasi, zu baino jakintsuagoak ez direla?
-Zaila egiten da zuri ulertzea batzutan, Newton jauna.
- Ez larritu, eta zer moduz dago zure arreba, Brown anderea?
-Oso ondo, eskerrik asko.
Newton konturatu zen aurreko eguneko tabernako kontuak. Bere erlojua begiratu, eta hamaikak bost gutxiak zirela ikusi zuen.
-John -deitu zion Newtonek gidariari-.
-Bai, jauna?
-Oraintxe gogoratu dut atzoko kontu bat, eta gure bidea apur bat desbideratu beharko duzu.
-Norantz, jauna?
-Galeseko printzearen tabernara, mesedez.
Brown andereak ez zion kasurik egin, eta isilik jarraitu zuen. Minutu batzuk geroago, tabernara iritsi ziren. Zalgurdia gelditu, eta Newton jaitsi zen.
-Beharbada kontu hau luza daiteke, John. Eramango al zenuke Brown anderea nire etxera, mesedez?
-Noski, jauna -erantzun zion gidariak-.
-Beno, Brown anderea, bazkalorduan ikusiko zaitut. Agian berandu iritsiko naiz, orduan has zaitez bazkaltzen nahiz eta ni ez iritsi.
-Ondo da, Newton jauna. Agur.
Zaldi gurdia irten zen taberna ondotik. Newton tabernako jendeak zer esango zuen soluzioa entzundakoan imajinatzen hasi zen. Tabernako atea bultzada batez zabaldu, eta bertara sartu zen. Jende asko zegoen eguerdi horretan. Denak jarri ziren Newtoni begira, eta aldi berean hitz egiten hasi ziren.
-Newton jauna, Newton jauna! Asmatu dut!
Edalontzi batean sagardoa zegoen, eta bestean, ordea, te eta sagardo nahasketa bat! Newtonek, gaztearen ziurtasuna ikusi arren, buruarekin ezeztu zuen.
-Neuk bai asmatu dudala -bota zuen beste gazte batek-. Libra batek hango mahaiko bezeroen edariak ordaindu zituen, eta bost penike horiek barran zegoen bezero batenak ziren. Argi dago ez zela, hori ere ez, erantzun zuzena. Panorama ikusita, Newtonek erabaki zuen jendearen komentarioak ez entzutea. Marie, tabernaria papera ikusten zegoen, jendeak gauzak esaten zizkioten bitartean.
-Ez! -esan zuen Mariek-. Hori ere ez. Ezetz esan dizudala!
Gizon batek paperean idatzita zegoena ikusten saiatu zen.
-Aizu, zaplazteko bat jaso nahi al duzu? - oihukatu zuen Mariek-.
-Zer, Marie, hemengo norbaitek asmatu al du erantzuna?
-Ez, hemengo kirten talde honek ez luke sekulan asmatuko! Ederra prestatu didazu, Newton!
-Bai, ez nuen uste honelako emaitzarik jasoko genukeenik.
Newtonek jendartean bidea egin zuen, aulki bat hartu eta bertara igo zen.
-Jaun eta andereok! -oihukatu zuen Newtonek, baina jendeak ez zion kasurik egiten-. Jaun andreok -berriz saiatu zen-. Hirugarrenean haserretu zen. Mahai batetik hutsik zegoen edalontzi bat hartu zuen eta indar handiz horma baten kontra bota zuen jendea isilaraziz- Jaun andereok! Oraintxe amaitu da zuen soluzioak aurkezteko denbora.
Jendeak gaizki erantzun zuen, baina isilik jarraitu zuten.
-Mariek esan didanez, eta nik neuk egiaztatu izan dudanez, inork ez du asmatu paperean idatzi nuena.
Esaldi horrek ikusleengan kexuak eragin zituen. Hala ere, azkenean isildu behar izan ziren, eta Newtonek jarraitu zuen.
-Hortaz, erantzuna zein izango den irrikaz zaudetela suposatuz, Marie, esango al zeniguke zer dagoen idatzita paper horretan, mesedez?
Mariek, papera ezkutatuta zeukan, jendeak idatzita zegoena ikus ez zezan, eta bere begien altueran jarri zuen, eta ozen irakurri zuen:
-Nahiz eta txanponak edalontziak baino askoz gutxiago pisatu, erretiluaren erorketa bertikalean ez dira airean geratu.
Newtonek sortutako isiltasuna amaitu zen Mariek hau irakurritakoan. Momentu horretan zalaparta handia hasi zen. Batzuk, hori gezurra zela zioten. Beste batzuk, ordea, Newtoni tranpatia, gezurtia, gezurrontzia eta orokorrean mota horretako irainak jaurtitzen zizkioten. Newton ez zen mindu, erantzun eta erreakzio horiek espero baitzituen. Hortaz, aulkitik jaitsi, Marierengana joan, eta ez zion txanpona eskatu, ez zuelako nahi jendeak zuhurra izatea leporatzea. Horren ordez, esan zion Marieri txanponarekin gera zitekeela, lehenengo apurtutako edalontzia ordaintzeko.
-Beno jaun-andereok, joan beharra daukat. Nire erantzunak dirudienez asetu ez zaituztenez, zuek zeuek egin dezakezue esperimentua. Eta beste esperimentu bat ikusi nahi baduzue, etor zaitezte datorren igandean Isabel I.aren akademiara. Agur.
Newton aterantz abiatu zen, eta atea ireki zuenean, edalontzi hautsi eta txanponen soinua entzun zen. Horren ondoren, jendearen isiltasuna. Newtonek, bere etxera abiatzea pentsatu zuen lehen, baina ideia aldatu, eta Albert, errementariari, bisitatxo bat egitea bururatu zitzaion.
Egunak txarra jarraitzen zuen, haize hotz eta indartsua zebilen, baina ez zegoen jada euri arriskurik. Hala ere, Albert ez zegoen, aurreko egunean bezala, bere lantegiaren kanpoaldean lan egiten. Lantegiko atea itxita zegoen, eta hura irekitzean, Albert aurkitu zuen, beti bezala, lan egiten. Lantegia oso txukuna zen. Ondo argituta eta garbia zegoen lan hori izan arren. Loreontzi bat bost arrosa ederrekin zuen, kontu handiz zaintzen zituenak.
-Eguerdi on Albert –esan zuen Newtonek atea itxiz-.
-Berdin, Isaac. Bisita honek plazerarekin edo lanarekin du zerikusia?
-Zurekin hitz egitea beti da plazer bat, Albert, baina gaur mesede bat egitea nahiko nuke.
-Esadazu ba, Isaac.
-Egin al diezazkidakezu bi esfera, tamaina berekoak, bata berunezkoa eta bestea egurrezkoa, beltzez margoturik?
Albertek mailukadak emateari utzi zion. Pentsatzen geratu zen.
-Edozein pertsonari eskaera hori entzunda, ez nioke jakingo zer esan. Baina zugandik etorrita, zerbaitetan sartuta zaudela esatera ausartuko nintzateke. Zer da oraingo honetan?
-Bai, Albert, asmatu duzu. Esperimentu batean sartuta nago, akademiaren lagunekin batera.
-Eta zer frogatu nahi duzu orain?
-Kontua da, nire kideek ez nautela sinisten pisu ezberdineko, baina forma bereko, bi objektu altuera jakin batetik botata, aldi berean lurrera iritsiko direla esaten diedanean. Horregatik erabaki dugu akademiaren dorretik bi esfera, bata bestea baino pisutsuagoa botatzea.
-Beraz, horregatik egurrezko eta berunezko bi esferak. Eta, orduan, zure kideek bi esferen artean, lurrera lehenago iritsi dena hautatu behar dute, ez?
-Bai, hala da.
-Nire ustez galtzeko aukera oso handia daukazu.
-Zergatik diozu hori? –galdetu zuen Newtonek harrituta-.
-Isaac, ez al zara konturatu, nahiz eta bi esferak lurrera aldi berean iritsi, zure kideek bat hautatuko dutela, eta kasualitatez aukera egokia egin dezaketela?
Newton harrituta geratu zen, eta pentsatzen gelditu zen.
-Albert, zuregana etortzen naizen bakoitzean gero eta harrituago uzten nauzu. Eta zer proposatzen duzu?
-Hamar esfera. Hamar esfera botatzea biren ordez. Horrela, denak lurrera aldi berean iristen badira, asmatzeko aukera gutxiago daukate.
-Ideia bikaina. Orduan egingo al dizkidazu bederatzi berunezko esfera, eta egurrezko bat?
-Bai, noski. Eta noiz izango da esperimentu hau?
-Datorren igandean Isabel I.aren akademiaren dorretik. Eta bertan egon zaitezen gustatuko litzaidake.
-Ondo da. Eta hamar esfera perfektu egingo dizkizut. Sagar bateko tamainakoak nahikoak iriditzen al zaizkizu?
-Bikain iruditzen zait.
-Hain zuzen, sagar bat nahi duzu? –eta erretilu batean zeukan sagar askoren artean bat eskaini zion-.
-Bai, eskerrik asko. Newtonek Albert agurtu zuen eta kanpora abiatu zen. Pentsatzen ibili zen zenbat laguntzen zion Albertek, bere jatorriak xumeak izan arren. Albert zientzialari ona izango litzateke baina txikitatik ogia irabazten ibili behar izan zuen, eskolara joan ordez. Aldi berean, zientziak zenbat pertsona galdu zituen pentsatzen ibili zen ere, arrazoi horregatik.
Sagarrari azken hozkada eman ondoren, jaurti zuen urrun, eta joan den eguneko arazoetara itzuli zen.
-Zergatik erortzen dira gauzak lurrera, eta ez dira airean flotatzen geratzen edo gora joaten? Eta garrantzitsuena, nola kalkula daiteke zientifikoki objektuaren posizioa zehazki?–pentsatzen zebilen Newton-. Aurpegiz aldatu zuen. Beste ideia batek kolpatu zuen, arazo handiago bat sortzen zuena.
-Nola jakin dezakegu, sagarra erorketa askean uzten dugunean, Lurra ez dela sagarrerantz mugitzen, eta ez alderantziz? –larrituago galdetu zion bere buruari-. Ikuslearen ikuspuntutik ez dago erarik desberdintzeko sagarra Lurrera erortzen den, ala Lurra sagarrerantz mugitzen den. Etxerako bidean, afarian eta ohean horretan pentsatzen ibili zen. Pentsamendu horiek Newton entretenitu zuten loak garaitu zuen arte.
* * *
-Baina zer egiten ote du horrenbeste jende hemen?
-Gutxiesten duzu zeure burua, zeu eta zeure ospea, Newton jauna –erantzun zion Davidek-.
Hala zen, bai. Tabernatik hasi, eta iganderako ahoz aho, etxez etxe eta herriz herri azkar mugitu zen berria. Jendea hurreratu zen inguruetara, batzuk kuriositatez, beste batzuk denbora pasatzeko, eta banaka batzuk, maisuz eta jakintsuez osatuta batik bat, inbidiaz jota Newtonen jakinduriarekin, beraien etsaia belzteko aukera bat ikusita. Baina kontua da jende kopuru handia bertan bildu zela. Zerua oskarbi zegoen, goiza beroa eta argitsua zen. Umeak alde batetik bestera zebiltzan beste umeekin jolasean. Gurasoak, ordea, beraien artean hitz egiten zeuden esperimentuari buruz, eta noski, Newtoni buruz. Festa-giroa zegoen, hala ere gutxik, inor ez esateagatik, Newtonek egia ziola uste zuten. Zer burutan sar zitekeen esfera astunak, arina bezain laster lurrera iritsiko zenik?
Jendartean Newtonen kideak bereizi zituen urreratzen.
-Egun on, Newton jauna, beti bezala garaiz –esan zuen Charlesek-.
-Egun on. Dena prest al dago? –galdetu zuen Newtonek-.
-Bai, noski. Perkins! –deitu zuen Charlesek zerbitzari bati-.
-Bai jauna! –erantzun zuen gerturatzen ari zitzaion zerbitzariak kutxa bat besoetan eramanez-.
-Newton jauna –esan zuen Charlesek kutxa irekitzen zuen bitartean-, esferei azkeneko begirada eman nahi diezu?
Newtonek une batez begiratu zituen Albertek prestatutako hamar esfera biribil, beltz eta disdiratsuak. Lan ona izan zen, hamar esferak beraien artean bereiztezinak ziren. Inork ezingo luke bereiztu begi hutsez zein zen egurrezkoa.
-Nigatik aurrera, jaunak –esan zuen Newtonek-.
Davidek kutxan egurrezko esfera bilatu eta hartu zuen.
-Ziur al zaude, Newton jauna, honekin jarraitu nahi duzula? –galdetu zuen Davidek, atzera egiteko azkeneko aukera emanez, pisu diferentzia ikaragarria zela ikusirik-.
-Bai, aurrera jarraitzen dut.
-Ondo da. Perkins, eraman ezazu kutxa dorrera. Perkins eraikinaren ateetatik desagertu zen.
-Eman diezazkiogun une batzuk Perkinsi dorrera iristeko, eskailera aldapatsuak igo behar ditu eta. Eta onar dezagun, ez dago jada horren gazte –esan zuen Charlesek-.
Une batzuk geroago Perkins akademiako teilatutik irten, eta dorrera zeramaten eskailera kiribilak igo zituen.
-Nahi duzunean, Charles jauna –oihukatu zuen Perkinsek ia arnasarik gabe dorretik-.
-Oso ondo Perkins, aurrera! –erantzun zion Perkinsi-.
Perkinsek kutxa ireki zuen, eta dorrean zeuden bost zerbitzariei, dorrean itxoiten zeudenak aspalditik, bina esfera ematen zien. Zerbitzariak, bertan zegoen epaileak aginduta, dorrearen kantoira hurbildu ziren eta altuera berean eseki zituzten esferak, bana esku bakoitzean. Epaileak egiaztatu zuen esfera guztiak altuera berdinean zeudela.
-Dena prest, Charles jauna! –oihukatu zion berriz Perkinsek kantoira hurbilduz-.
-Dena prest, Newton, jauna. Nahi duzunean hurbil gaitezke hobeto ikusteko. Jendetza, oso zaratatsua ordura arte, isildu zen bat-batean. 500 begi bikote dorrearen goialdean zeuden hamar besoei begira zeuden arnasa hartu gabe. 13 jakintsuak, Newton barne, akademiaren oinera hurbildu ziren, baina segurtasun distantzia bat mantenduz.
-Charles jauna, dirudienez zure ziurtasuna urritzen ari da –esan zuen Newtonek irribarretsu.
-Zergatik diozu hori?–erantzun zion Charles-.
-Ba, zuk diozunez, berunezko esfera egurrezkoak baino askoz lehenago iritsiko dira lurrera. Hortaz, ez litzateke beharrezkoa izango eroriko diren puntura horrenbeste hurbiltzea.
-Beno.... –esan zuen urduri Charlesek-. Utz diezaiogun berba egiteari eta seinalea eman dezagun....
Charlesek eskubiko eskua altxatu, eta jaitsi zuen azkar. Perkinsek seinalea ikusi, eta halaber, zerbitzariei, beste seinale baten bidez, agindu zien esferak askatzea. Esferak erortzen ari zirela, denbora motelago zihoala zirudien, ia gelditu zela. Jendea saiatzen zen egurrezkoa zein zen asmatzen, zein geratzen ari zen atzean, zein izango zen iritsiko zen azkena. Horrela jarraitu zuen jendeak lurrean zarata soinubakar bat entzun zen arte. Isiltasunak jarraitzen zuen leku hartako jabe izaten, jendea protagonistek ziotenaren zain zegoen eta, isiltasun osoz. Segundo batzuk geroago Newtonek hautsi zuen isiltasuna.
-Eta? –galdetu zuen Newtonek-.
Charles ahozabalik zegoen. Une bat geroago bere burua biratu zuen Newtonerantz.
-Ez nuke jakingo esaten zein izan den azkena iritsi den esfera –esan zuen Charlesek txundituta, bere begiek ikusi zutena azaldu ezinik-.
Charlesen aurpegiaren keinuak beste kideen pentsamenduak ere adierazten zituen. Jendeak ez zuen gehiago itxaron. Marmarka hasi zen. Ezin zuten sinetsi ikusi zutena.
Jendeak, plazatik urrundu ahala, ikusitakoari buruz hitz egiten jarraitu zuen. Hurrengo egunetan gertakizun honi buruz tabernetan eta merkatuetan asko hitz egin zen, eta denbora luzez londrestarren buruetan jarraitu zuen. Plaza husten zen heinean, Newton Albert bilatzen hasi zen, hura, irri eginez, Newtonengana hurbildu zen arte.
-Dirudienez, berriz irabazi duzu, Newton jauna –esan zion Albertek irribarrez-.
-Benetan, hori ez da izan horrela. Horixe bera esan zuen zientzialari italiar batek aspaldi, eta behin eta berriz errepikatu diet hori kideei. Baina nire lagunek bakarrik ekintzak ikustean dira gai sinisteko. Jakintsu bat ere gai izan behar da ikusi ez duen gauza bat onartzeko. Elkarrekin itzulera hasi zuten. Isilune sakon baten ondoren, Newton hasi zen hitz egiten.
-Albert, gezurra badirudi ere, gaur gertatutako ezerk ez du nire arazoetako bat konpondu–esan zuen Newtonek pentsakor-.
Isilune baten ondoren jarraitu zuen.
-Nire arazo handiena da kontua dakidala, baina ez zergatia. Badakit gauzak erortzen direla, baina ez zergatik-.
Beste isilune bat egin zen.
-Zergatik erortzen dira gauzak? –Newtonek galdetu zuen-. Isilune txiki bat.
-Zergatik erortzen dira sagarrak sagarrondotik? –galdetu zuen berriz-.
-Newton jauna Albertek Newton azkar eten zuen-, mundua ezagutzen dudan moduan, esferak, sagarrak eta gauzak orokorrean, mugitzen dira zerbaitek bultzatzen dielako. Fraideari bere fedeak bultzatzen dio. Zuri, zure jakin nahiak bultzatzen zaitu ikerketak egitera. Eta ni, arruntagoa naizenez, egarriak bultzatzen nau tabernara garagardoa edateko.
Isilunea itzuli zen.
-Esan dezakegu zerbaitek bultzatzen duela sagarra lurrera eror dadin –jarraitu zuen Albertek-.
-Eta bultzada horren jatorria non aurkitu behar dugu? –pentsatzen geratu zen Newton-. Gauza hori gelditzen den lekuan –jarraitu zuen-.
-Hortaz, sagarra lurrera erortzen da......- pentsakor geratu zen Albert-.
Newtonen aurpegia guztiz aldatu zen Albertek esandakoa entzundakoan. Bekainak zabaldu, eta irri zabal baten artean pentsatu zuen:
-Eureka! Lurrak erakartzen du sagarra!
Ez zuen arreta jartzen Albertek esaten ari zuenari, bere pentsamenduetan inoiz baino gehiago murgilduta zegoen eta. Bidebieta batera iritsi arte isilik eta pentsakor egon zen Newton. Bi lagunak banatu behar izan ziren.
-Aizu Albert, orain konturatzen naizenez, inoiz ez dut jakin zure abizena.
-Einstein –esan zuen Albertek urrunduz zihoala-. Nire izen osoa Albert Einstein da.
|
|
| |
 |
 |
|