|
FAROLAK
Kepa Matxain Iztueta
Antigua Luberri BHI
Ipuina «F» Kategoria
|
Farola bakartien etengabeko joan-etorriak lapurtzen zion Ramoni begirada. Bazetorren… eta bazihoan. Jada ezin zuen ikusi. Segidan beste bat, bazetorren…eta joana zen, azken bihurgunea hartzearekin batera. Etortzen zirenak joan egiten ziren, baina joaten zirenak ez ziren etorriko. Farolak atzera, baina denbora aurrera zihoan etengabe. Eta Ramon pentsatzen hasi zen.
Hemezortzi urte igaro ziren farolei begiratzen hasi zenetik. Zabor-biltzailea zen, eta gauez egiten zuen lan kamioiarekin zaborrontziak husten. Atsegin zuen lana. Gauaren bakardadea oso bere sentitzen zuelako izango zen, edota gizartearen aurkako norabidean joaten ohitua zelako, akaso. Bai. Ramonek gaztetatik sufritu zuen. Eskolan, lagun gutxi zituen, eta zituen apurrekin aspaldi galdu zuen harremana. Hargatik, Ramon bakardadean hazi zen eta bakardade horrek, denbora aurrera joan ahala, hoztu, gogortu egin zuen. Gurasoak hilak zituen eta seme bakarra izaki, familiarik ere ez zuen. Laika zakur zaharrarekin bizi zen etxean. Agian, ongi pentsatuta, hori izango zen bere lana atsegin izatearen arrazoia, hau da, bere eta gauaren bakardadea pareko iriztea. Baina, ez pentsa, Ramonek inbidia zion gauari, honek farolak baitzituen argi egiteko, ilargia gidatzeko. Berak, ordea, ez zuen bere barnea piztuko zuen inor topatu oraindik, eta urtetan aurrera zihoan.
Gogoratzen zela, neskalagun bakarra eduki zuen, eta hura hamabost urterekin. Nekane. Hilabete eta erdi iraun zuten elkarrekin, baina neskak utzi egin zuen esanez ez zela berak uste zuen bezalako pertsona, tipo arraroa zela eta nahiago zuela saskibaloi taldeko kapitaina, argiagoa eta ederragoa zelako.
Egia esan, ez zen zaila. Itsusia zen Ramon. Kopeta azpian zuen marrak pizten zuen arreta lehen begiradan. Bi bekainak elkartuak edukitzeak begiak ez ikustea ahalbidetzen zuen, eta kasik hobe, gaztetan betokerra baitzen. Orain, berrogei urtetik pasa ondoren, aurpegia gorri samarturik zuen, alkoholaren mendekuz.
Hau zuen lagun fidel, inoiz huts egingo ez zion bakarra. “Pentsa ezak, Ramon, pentsa ezak, bizitzak emandako aukera bakarra nola baliatzen ari haizen…”, bihotza hasi zitzaion hizketan. “Pozik bizi nauk”. “ Ez ezak heure burua engainatu…hik emakume bat behar duk, maitatuko hauena, goxatuko hauena. Ramon, gainera, aita ona hinteke”. “Ez nauk horretarako jaio”. “ Nola ezetz, hik ere balio…”. Walky- Talkiko ahots lakarrak moztu zuen lehia.
-Hi, Ramon!- Jaimek neskak zituen buruan.
-Zer?- Ramonek, lehor. Ez zion grazia handirik
egin pentsamenduak uzteak.
-Berriro ikusi diat, Ramon, gaur ere bai!
-Pozik egoteko arrazoiak dituk, motel. Aizak, eta zer edo zer esango hion ez?
-Ez diat astirik ere eduki, presaka zihoaan eta korrika igaro duk nire paretik. Hala ere, pasatakoan ipurdiari begiratu zioat… galtzak pega-pega eginda zitian eta ipurdia marka-marka eginda. Hori duk atzealdea, hori!
-Bai, polita zaukak bai.
-Eta aurrealdea ere ez duk txantxetarako, hi! Korrika ari zela, titiak gora eta behera boteka zitian… dotoreak! Ez dituk ez handiegi eta ez txikiegiak, perfektuak…eta ederki jarriak zeuzkak!
-Bai, ondo jarriak bai.
-Aizak, hurrena ikustean nirekin zerbait hartzera etorri nahi duen galdetuko zioat.
-Ez duk egingo.
-Bai, oraingoan bai, ikusiko duk. Oraingoan seguru.
-Beno ba, ikusiko diagu. Aizak, Jaime, ni iristen ari nauk eta hitz egingo diagu bihar.
-Bai, Ramon, aio.
Bera baino okerrago zeudenekin hitz egiteak Ramoni kezkak asetzen laguntzen zion. Hirigunera iristen ari zen Ramon. Bidean hain bakarti ageri ziren farolak biderkatu egiten ziren hirian. Ramonek nahiago zituen bidekoak, errepide bazterrekoak…balio gehiago zutela irizten zien. Bidean farola bakoitza zen garrantzitsua, bakoitzari tokatzen zitzaion bere inguruko lurraldetxoari argi ematea. Hirian, farolen argiak elkarrekin nahasten ziren, ez ziren bidean bezain ongi antolatzen, eta ondorioz, Ramonek ez zuen euren lana hainbeste eskertzen.
Baina, are gutxiago gustatzen zitzaizkion beste argi haiek, kalea alde batetik bestera zeharkatzen zuten haiek. Azaroaren erdialdea zen, eta Gabonetako argiak hiriko zoko ezkutuenera ere iristen ziren. Ikusten zituen bikote gazteak, gizon helduak eta atso zaharrak eskaparateetako kristala mingainarekin zupatuz. Berari ere halako sentsazio bat sortzen zitzaion barnean, norbaiti opari bat egin behar ziola iruditzen zitzaion. Baina ondoren ohartzen zen zakur zaharra soilik zuela gertuko. Horregatik, ez zitzaizkion argi haiek gustatzen. Eta amorrarazi egiten zuen urtero goizago jartzen baitzituzten.
“Beno, gaurkoa ere egin diagu”. Azken metroak kamioian. Bi kamioi iritsiak ziren jada, baina Jaime oraindik bidean zen. “Gizarajoa, nahiko lan badik gaixoak”. Goizeko zazpiak. Ramonek hankak lurrean pausatu zituen.
Txema
Nagiak atera zituen Ramonek. Logura zen. Lana gauez egiteak egunez lo egitea dakar, eta Ramoni ere hasi zitzaion loa erasoka. Kafe bero bat hartzera abiatu zen “Basajaun” era. Inguruan hamaika kafetegi baziren ere, Ramonek hara joateko ohitura zuen aspalditik. Garai batean oso neska polita ibili ohi zen zerbitzari lanetan, eta Ramon hargatik hasi zen “Basajaun” era joaten. Orain, tabernako barraren beste aldean bizardun potolo bat besterik ez zegoen. Hala ere, gosari goxoa zerbitzatzen zutenez, hara joatea zuen gustuko.
-Betikoa?- bizardun potoloak.
Ramonek buruarekin baietz esan zuen. Bizarduna kafea berotzen hasi zen eta Ramonen begirada barra gaineko egunkarian galdu zen. Egunero irakurtzen zuen. Aspaldian, ez zuen ohiturarik baina ohartu zen jende askok irakurtzen zuela, eta iruditzen zitzaion bizitzan nor izan nahi bazuen egunkaria irakurtzen hasi beharko zuela. Beraz, jende gehienak erosten zuena irakurtzeari ekin zion. Zerbitzari potoloak Ramon egunkariari begira ikustean, elkarrizketari eman zion:
-Aizak, enteratu al haiz?
Ramonek zerbait garrantzitsua igaroko zela pentsatu zuen. Gauez kamioian zihoala ez zuen irratia pizteko ohitura handiegirik, nahiago zuen gogoeta egin, edota besterik gabe, Jaimerekin hiru hitz esan.
-Zer dugu oraingoan?
-Beste hamabost atxilotu ditiztek erakundearekin zerikusia dutelakoan. Ramonek azalari erreparatu zion. Halaxe zen. Argazkian aurpegi ezagun bat ikusi zuen gainera. Bai, dudarik gabe, hura Olatz zen, garai batean klaseko azkarrena zena. Ramon harritu egin zen.
-Nola aldatzen diren pertsonak urteak aurrera joan ahala…
Zerbitzaria kruasanekin zetorren. “Ederki jan behar diat”. Ramonek egunkariaren azken orriak errenkadan pasa eta barran utzi zuen berriro ere.
Bizardun potoloari begiratu eta ondoren garai bateko zerbitzari liraina gogoratu zuen. Pentsatzen jarraitu zuen gosaldu bitartean, bere kruasana baino gozoagoa zen neska harengan. Nora joan ote zen? Zergatik? Norekin? Bazuen gogoa berriro ikusteko…
Zerbitzariari “bihar arte” apal bat esan eta etxerantz abiatu zen. “Orain lo geratuko nauk, seko lo”. Etxe txiki batean bizi zen, zabor biltzaile soldatak ez zion gehiagorako ematen. Hala ere, nahikoa zuen bera eta Laikarentzat. Pauso bizkorrean zihoan etxerantz, espaloiko erronboak ia ukitu gabe. Fresko egiten zuen, baina goizaldeko freskura zen eta bazirudien gerora egunak argituko zuela, azaroa bazen ere. Berokiaren kremailera goraino igotzeko geratu zen kalean. Halako batean, atzetik presaka antzean zetorren gizon batek tupust egin zuen berarekin.
-Kaben la puta de Aro!- irten zitzaion Ramoni.
-Barkatu, presaka nabil eta ez zaitut ikusi- hasi zen azalpenak ematen bestea. Gizon txikia zen, Ramon baino txikiagoa. Goitik behera trajez jantzita zihoan, dotore. Begi txiki batzuk antzematen zitzaizkion betaurrekoen atzean eta ilea urdintzen hasia zuen. Ramoni ezaguna egin zitzaion aurpegi hura.
-Nik hi ezagutzen haut.
Bestea ere ohartu zen aurrean zuena nor zen.
-Ramon! Hi haiz hi! Ez haiz batere aldatu!
-Txema.- Ramonek ez zekien zer erreakzio eduki behar zuen. Txema, eskolan zuen lagun bakarrenetakoa zen, ikasle ona, eta Ramon uneoro errespetuz tratatzen zuena. Aspaldiko lagun bat ikusteak barneak halako zirrara bat eragiten zion, bere bakardadeak ematen zion mina ezabatu nahi balu bezala. Baina aldi berean bakardadean gustura bizi zen, edo hori uste zuen berak, eta ez zuen eguneroko bizitzan ezohiko ezer gertatzerik nahi izaten, errutinak drogatuta edukiko balu bezala.
-Aizak, itxura ederra daukak! Hik egingo duk kirolen bat edo- bazirudien Txema pozik zela Ramon ikusita.
-Ez, motel…zabor biltzaile lanetan ibiltzen nauk gauetan kamioiarekin. Ez diat izerdi askorik botatzen.
-Ez zakiat, ez zakiat…kontainerrak gora eta behera mugituz ariketa nahikoa egiten dela esaten ditek- Ramonek ez zekien egiatan edota arpa jotzen ari zitzaion.
-Eta hi, zertan habil? Itxura behintzat dotorea daukak…horrela jantzita ez zakiat ba… funtzionario edo ibiliko haiz- azkenean bakardadearen deabrua uxatzen ari zen Ramon.
-Ez motel, ez. Enpresa bat zuzentzen diat.
-Enpresa e? Banekian nik zerbait, arrain handiren bat hintzela hi…
-Ramon, presaka al habil?
-Ez, orain amaitu diat lana eta etxe aldera noak lo kuluxka bat botatzera.
-Ba hi, hementxe bizi nauk eta familia erakutsi nahi diat. Lanera beranduxeago sartuta ere inork ez zidak ezer esango.
Berriro ere barne indar batek ziztatu zuen Ramon. “Esaiok ezetz, esaiok azken autobusa orain igarotzen dela”. “Ezin zioat hori esan, oraintxe esan zioat presarik ez daukadala. Gainera, ez likek sinestatuko autobusarena, ez al zaik hori baino hoberik bururatzen?”. Deabrua isildu egin zen.
-Beno, joango gaituk ba.
Txemaren pauso bizkorrei jarraitu zien Ramonek. Ez zegoen seguru egiten ari zenaz baina beste erremediorik ez zuen. Denbora luzea zen Txema ikusten ez zuela. Azkenekoz, institutuko kurtso amaierako bidaian izan zen berarekin. Orduan, biak ala biak ziren lotsatiak eta neskekin esperientzia gutxikoak. Baina orain, bazirudien Txemak lortu zuela familia bat sortzea eta Ramonek inbidia sentitzen zuen. Denboran atzera egiteko gogoa zuen, zerotik hasi. Iruditzen zitzaion orain arte bizitutako denbora alferrikakoa izan zela, ez zuela ezer ikasi, irauten soilik bizitu zela. Gizaki oro dago aukeratzera kondenatua, zer izan nahi duen, bizitzako helburu zer duen aukeratzera. Ramonen aukera berak aukeratu ordez bizitzari aukeratzen uztea izan zen, eta damu zen.
-Iritsi gaituk- esan zuen Txemak sakelako giltzatakoa eskuetan hartzen zuen bitartean.
Ramonek etxeari begirada bota zion. Dotorea zen oso. Burdinazko ate bat igaro behar zen lehenik, eta jarraian lorategi baten erdian zegoen harrizko bidexkatik aurrera egin. Lorategian mota guztietako loreak zeuden landaturik, itxura ederrekoak.
-Emazteak zaintzen ditik- asetzen zuen Txemak Ramonen harridura- ni lantegira joaten nauk eta bera hemen gelditzen duk etxeko lanak egiten eta txikia zaintzen.
Etxeari zahar ukitua ematen zioten tartekaturik zituen harri zatiek baina ederrago bihurtzen zuten aldi berean. Paretak “beige” kolorez pintatuak, pare bat solairu eta ganbara zituela zirudien lehen begiradan eta azkenik, teilatu gorria. Ramon ez zen ohitua halako lekuetan egoten.
-Ramon, hau Rosa duk, nire emaztea- hasi zen Txema- Rosa, hau Ramon da, aspaldiko lagun bat.
-Urte askoan- Rosak.
-Berdin- Ramonek. Horixe poztu zela Ramon halako emakume eztia aurrean ikusita. Beltzarana, oso lerdena. Ikusten zen zuen adinerako asko zaintzen zela. Gainera, modako arropa janzteak eta makillaje erabiltzeak izugarri gaztetzen zuten. “Nola harrapatu ote dik Txemak horrelako emakume puska?”, Ramonen harridura itzelezkoa zen.
-Urte asko dira elkar ikusten ez dugula eta gaur kalean egin dugu topo- hasi zen Txema emazteari azalpenak ematen- institututik ezagutzen dut Ramon eta geroztik gure bizitzak erabat aldendu dira elkarrengandik, ezta Ramon?
-Bai, hala da bai.
-Bururatu zait etxe aldera ekartzea zerbait hartzera.
-Ez, Txema, ez, ni ederki gosalduta nagok eta ez diat ezer behar.
-Zerbait hartuko duzu- Rosak esan zuen.
-Ez, ez, eskertzen dizuet baina ez daukat batere goserik.
-Ezta kafesne bat ere?
-Ez, ez, benetan, eskertua dago.
-Nahi duana- esan zuen Txemak- baina Rosaren kafesneak oso gozoak dituk e?
-Ziur baietz, baina ez nauk gose.
-Ongi zegok ba.
Ramonek ez zituen atsegin horrelako egoerak. Hala ere, aspaldi zen ez zuela halakorik bizitzen eta nahiko lasai hartu zuen.
-Non da txikia?-galdetu zion Txemak Rosari.
-Oraindik lo dago, baina laster esnatu behar luke.
-Ikusi nahi al duk, Ramon?
-Bai, baina lo badago ez esnatu nigatik.
Orduan, garrasi ozenak entzun ziren goiko solairuan.
-Kar-kar egin zuen barre Txemak- bazirudik entzuk egin diala.
Goiko solairura igo ziren. Itxura polita zuen neskatxak. Ez zen urte betera ere iritsiko. Ramonek Rosaren antza hartu zion, Txemaren begiak bazituen ere.
-Oihane dik izena- azaldu zion Txemak bederatzi hilabete bete berriak ditik.
-Oso polita duk.
Rosak umea besoetan hartu zuen bularra emateko. Ramonek unea alde egiteko aprobetxatu zuen.
-Beno, ni etxe aldera joango naiz, lo ere egin beharko dugu eta.
-Ongi zagok, ateraino lagunduko diat- erantzun zion Txemak.
Rosa agurtu eta sarrera alderantz abiatu ziren.
-Ba Txema, orain bazakiat non bizi haizen eta egongo gaituk behin edo beste.
-Bai, Ramon, egongo gaituk.
Txemak gonbidapen bat luzatu zion:
-Aizak, larunbat honetan enpresako lagun batzuekin afaria zaukaat. Etorri nahi al duk? Oso jatorrak dituk.
Ramon harritu egin zen hori entzutean. Ia hogei urte baziren elkar ikusten ez zutela, eta halako konfiantzan hasi behar ote zuten ba hain denbora gutxian? Ez zekien zer erantzun. “Esaiok lana daukaala ”. “ Ez zioat hain erraz ziria sartuko, hau gizon azkarra duk nire aldean ”. “ Saia adi ”. “ Ez ”.
-Beno, azalduko nauk ba- esan zuen azkenean aspaldiko partez parranda pixka bat egiteak ez zidak kalte handirik egingo.
-Ederki ba, Ramon. Larunbata arte, orduan.
-Bai, larunbata arte.
Izkina
Ramonen zapata berriek espaloi bustiaren aurka jotzean ateratzen zuten soinua zen bere pausu azkarraren salatari. Bizkor zihoan, ez baitzuen afarira gainerakoak heldu ostean azaldu nahi. Iristerik nahi ez zuen eguna iritsi zen, larunbata. Aste osoa egun honen beldur igaro zuen, eta eguna heltzean, beldurra are handiagoa zen. Larunbata izan zuen kamioiko gaueroko gogoeten gai nagusi. “Ezetz esan besterik ez hion, oraindik denbora gutxi duk elkar ezagutzen zaretela ”. “Bere lagun horiek nolakoak ote dituk? Ez ote ditek harpa joko?”.
Beldur zen Ramon, nola jokatu behar zuen beldur. “Izan hadi heu ”. “Bai, baina nolakoa nauk ba ni?”. Dudak ziren nagusi Ramonen barnean. Eta duda artean iritsi zen “Izkina ” -ra.
“Bar- Restaurante Izkina”, salatzen zuen gauaren iluntasunetik argi gorri bizi batek. Sartu -ez sartu duda-mudan ari zela entzun zuen Txemaren ahotsa atzetik.
-Ordurako hator, Ramon.
-Gabon, Txema.
-Gainerakoak laster dituk etortzekoak, gu bitartean barrura joatea zer iruditzen?
-Ongi zegok.
Polita zen “Izkina”. Bi kaleren artean izkina egiten zuelako zuela horrela izena ondorioztatu zuen Ramonek. Sarrerako atetik sartu eta tabernako barra ikus zitekeen, inguruan hiruzpalau mahai zituela. Aitona-amona batzuk zeuden bertan mutil koxkor batekin azeitunak eta mostoa hartzen. Euren iloba izango zela pentsatu zuen Ramonek. Tela eta egurrez eginiko pareta antzeko batek bereizten zituen taberna eta jangela.
-Sei lagunentzat prestatuta daukaten mahai hori duk- esan zuen Txemak, leiho ondoko mantel gorriko mahai bat seinalatzen zuelarik.
Ramon eseri egin zen eta Txema parez pare jarri zitzaion.
-Oso jatorrak dituk, lasai egon hadi.
Ramonek hasperen batekin erantzun zion.
Handik gutxira azaldu ziren lau lagun, guztiak ere adina bertsukoak. Denek ala denek nabaria zuten sabelaren pisua, euren jantzi dotoreekin ezkutatzerik ez zuten lortzen. Bazirudien espero zutela Ramonen presentzia, inork ez zuen harridura keinurik egin.
Aurkezpenak egin zituzten. Victor, Patxi, Angel eta Ińaki. Guztiek hartu zuten ongi Ramon. Baina hori ez zuen nahikoa izan urduritasuna saihesteko. Ez zen halako egoeretara ohitua. Ez zekien nola jokatu, nolakoa izan. “Izan hadi heu”. Alferrik zen, bere burua topatu ezinik zebilen. Norbait behar zuen, zerbait, babesa eskainiko ziona, laguntza emango ziona. Azkenean, babes hori bazkariarekin batera mahai gainera ekarri zituzten ardo botiletan topatu zuen. Alkoholaren esku utzi zuen bere izatea, gau hartako bere jarrera. Agian ez zuen itxurarik onena emango, agian, baina sufrimendua arintzen lagunduko ziola argi zuen, ezinegon amaigabe hori. Eta hala izan zen. Tragoek gehiagora egin ahala, alkohola egin zen bere buruaren jaun eta jabe. Ramon miope bihurtu zen, errealitatea zirriborroan ikusten zuen, ez zen egiten zuenaren kontziente. Beno, izan bazen, baina ez zitzaion axola. Eta gustura sentitzen zen, lortu baitzuen gainean zeraman mamua uxatzea.
Gau hori hala igaro zuen, ametsetan balego bezala.
Rosa
Egongelako kanpaidun erlojuak arratseko laurak jotzearekin batera ireki zen Ramonen ezkerreko begia. Begirada azkar bat bota zuen ingurura: maindire guztiak lurrean nahaspilan botata zeuden, aulki gainean zegoen Ramonen amerikana berriak tabako usain ezatsegina zabaltzen zuen logela osoan zehar, eta Ramon ohean etzanda zegoen bezperako traje ia guztia soinean zeramala. Buruan hogei kiloko harri puska zeukala iruditzen zitzaion. Eskuineko begia irekitzen saiatu zen. Ez, argi gehiegi zegoen gelan horretarako. Berriro ezkerrekoa itxi eta ohearen goxotasunera itzuli zen. Ez zuen jaikitzeko gogorik.
Handik ordu erdi batera, Laika zakur zaharrak esnarazi zuen berriro ere: jatekoa behar zuen gaixoak. Nagusia madarikazioen artean altxatzea lortu zuen azkenean. Gorroto zituen igandeak Ramonek.
Zakur jana preparatzen ari zela bezperako gauean pentsatzen jarri zen. Ez zuen ia ezer ere gogoratzen, gehiegi edan zuen. Urteak ziren Ramonek halako atxurrik harrapatzen ez zuela, nahiz eta alkohola egunerokoan bere alboan beti egon.
“Hartzak, eta utzidak bakean ”. Laika isildu eta jaten hasi zen.
Une batez amerikana berrira joan zitzaion Ramoni soa. Bazirudien txartel baten antzeko zerbait zuela sakelan. Hurreratu eta eskuetan hartu zuen: hura Txemaren kreditu txartela zen. Ramonek ez zekien nola iritsi zen horraino. Hala ere, onena berari itzultzea izango zela pentsatu zuen, ahalik eta azkarren hobe.
Armairuan lehendabizi ikusitako arropak jantzi eta Txemarenera abiatu zen. Berak uste baino hobeto gogoratu zuen bertarako bidea. Begi aurrean zuen berriro ere etxe eder hura. Ez zen sekula ohituko halako jauregiak begien bistan ikusten. Etxea ikustearekin batera galdera sorta etorri zitzaion burura: “atzo gauean nolako itxura eman ote huen gainerakoen aurrean?”, “besteek ere hik adina edan ote zuten?”, “nolatan iritsi zuan Txemaren kreditu txartela hire sakelara?
Ezin zuen bakar bat ere erantzun. Dudak Txemak argituko zizkion esperantzarekin jo zuen etxeko txirrina.
Han, ordea, irekiko zuen inor ez zen ageri. Ramon harritu egin zen, izan ere, Txema bezperan berarekin batera etxeratu bazen, duela gutxi esnatu beharra zuen, eta gainera, emaztea eta alaba ere ez egotea…
Hasieran duda egin zuen nola jokatu. Gero, ordea, halako bidaia alferrik ez zuela egin eta etxeari begirada bat ematea erabaki zuen. Modu ez oso susmagarrian hasi zuen behaketa, bizilagunek lapurtzat jotzeko beldur baitzen. Lorategian barna eginiko bueltaxkan ez zuen arimarik aurkitu, ezta autoa aparkatzeko tokian ere. Leihoetatik begiratzeari ekin zion, ahalik eta era diskretuenean. Seguru zen han barnean norbaitek egon behar zuela, Txema lotan egongo zen akaso. Sukaldean ez zuen inor aurkitu, baina bat-batean egongelan norbait ikusi zuen mugitzen. Han behean, lurrean arrastaka… zauritua zegoela zirudien. “Ez duk posible”, Ramonek ez zekien nola jokatu.
-Rosa! -egin zion oihu leihoaren kanpoaldetik.
Baina Rosak ez zuen ezer entzuten, ala ez zuen entzun nahi. Ramon gertatu zenaz ohartzen hasi zen: “ez duk posible ”.
-Rosa! –berriro saiatu zen- Ramon naiz! Ireki atea eta lagunduko dizut.
Alferrik ari zen, barnetik ez zen erantzunik entzuten. Ramonek leihoko kristala hautsi zuen zartako batez eta barnera sartu zen. Negarrez ari zen gaixoa. Itxura negargarria zuen: ezker bekaina erabat hazita zeukan, eta sudurretik odola zerion. Ramonek lurretik besaulki gainera igotzen lagundu zion. Besotik heltzean, Rosak garrasi ozen bat egin zuen. Ramonek begirada azkar bat botatzea nahikoa izan zuen hautsita zegoela ohartzeko. Erdi biluzik zegoen Rosa, eta gorputz osoa zehar ubelduak ikus zitezkeen.
-Lasai, Rosa, dena bukatu da- Ramonek ez zekien nola hasi- nik lagunduko dizut ospitalera.
-Ez! –oihu egin zuen Rosak- ez dut ospitalera joan nahi, ongi nago.
-Rosa… zu nirekin etorriko zara, nahi ala ez nahi.
-Ez, mesedez!
Ramonek besoetan hartu eta gogoz kontra autora eraman zuen. Zauri larriak zituen Rosak eta erokeria litzateke bertan uztea. “ Txema putaseme hori, nola jo dezake andrea?”. Ospitalerantz zihoazen autoan. “Ni baino mozkorrago ailegatuko zuan etxera eta astindu ederra eman zioan andreari. Hala ere, egin duenak ez dik barkamenik. Ez zioat hitz bakar bat ere berriro egingo ”. Rosa negar zotinka zihoan atzean. “ Ez nian uste Txema halakoa zenik ”.
-Non da Txema, Rosa?
Izena entzun orduko negarraren intentsitatea nabarmen igo zuen Rosak. “ Berdin dik, andrea jo eta ihesi joango zuan umearekin ”.
Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan utzi zuen Rosa. Egun batzuetan han egon beharko zuela esan zioten. Rosa poztu egin zen.
-Laster epaitegian ikusiko dut- barne-indarrez gainezka zirudien- mila esker Ramon.
-Ez da ezer izan, nahi duzunerako prest naukazu.
Ospitaleko atetik irten zen Ramon. Ilundua zen jada. Ez zuen etxera joateko gogorik. Pentsatu egin behar zuen, gertatu zena gogoratu, bakarrik egon. Farolen argiei jarraika itsasertzera joatea erabaki zuen. Agian horrek lasaituko zuen. Ez zitzaion itsasoan bainatzea gustatzen, ez, oso igerilari txarra zen Ramon. Baina leku hark bazuen zerbait, amaigabeko ur putzu erraldoi hark, Ramon erakartzen zuena. Itsasoari begira hasi zen paseatzen, poliki, lasai. Bai, lasaigarria zen hura, droga bat bezalakoa. Farolen argiaren isla nabari zitekeen olatuen gainean, atzean, ilargiarena. Hori asko maite zuen Ramonek.
Aurrera begiratu zuen une batez. Emakume bat ikusi zuen, polita, itsasoari begira. Emakume hori ezaguna zitzaion. Bai, bat-batean dena oroitu zuen, bezperako gauean gertatu zen guztia, buruak orain arte oroitzapenak ezkutatu balizkio lez, eta orain berriro ere bereganatu balitu bezala. Emakume hura, dudarik gabe, Roxana zen.
Roxana
Bezperako oroitzapen berreskuratuak oroitzen hasi zen Ramon. “Izkina”n sekulako mozkorra harrapatu zuen eta gainerakoek bere pausuei jarraitzea erabaki zuten. Ardo botila mordoa hustu zituzten, eta amaitzeko beste hainbat kopa ere edan zituzten. Guztiak ere non zeuden ez zekitela aurkitzen ziren. Hala zeudela, Txemaren lagun batek esan zuen:
-Ideia bat zaukaat, mutilak. Aspaldi ez gaituk joan “Errota-Berri” aldera. Gaur egun aproposa duk horretarako.
-Arrazoi duk- erantzun zuten gainerakoek. Ramon, gainerakoekin batera autoan sartu eta “Errota-Berrira” abiatu zen. Hirigunetik kanpora joan ziren, bidexka estuetan barna, zuhaitzen babesean, autoa larri-larri eramanez. Heldu ziren. Parking-ean utzi zuten autoa. Alboan etxe handi bat ikusi zuen Ramonek, argiz betea, kartel polit bat ate gainean zuela: “Errota-Berri Pub”. Gustatu zitzaion izena Ramoni, “Pub” hitzak zer esan nahi zuen ez bazekien ere.
Atea ireki zuten. Usain gozo batek zeharkatu zituen Ramonen sudurzuloak. Oso polita zen barrutik. Gorri-arrosa koloreko paretak zituen, eta leopardo larruarekin dekoratutako sofa lerdenak. Sabaitik zintzilik argi koloretsuak. Mahai batzuk ere bai, eta gainean neskak biluzik agertzen ziren errebista batzuk. Baina neskak nahi zituenak bazituen bertan. Tabernako barra izkina batean zegoen, eta monologoetan erabiltzen diren aulkien antzekoen gainean eserita, dozena-erdi neskatxa ikus zitezkeen arropa erakargarriz jantzita. Hala ere, Ramonen begirada barra atzeko atso titi-handiarengana joan zen. Ez zitzaion batere gustatu.
-Nora etorri gaituk?-galdetu zion Txemari.
-Ramon, orain goza ezak motel, hau hiretzako leku aproposa duk.
-Zer diok baina? Leku honi ez zioat itxura onik hartzen…
-Egon hadi isilik, gizona…begira…har ezak nire kreditu txartela eta joan hadi ikusten duan ederrenarekin.
Txartela amerikana berriaren aurreko sakelan sartu zion. Ramonek ez zekien zer egin. Larruzko sofek itxura ederra zuten. Bertan eseri zen Ramon, eta neskei begiratu zien. Batzuk politak ziren, beste batzuk ez. Hala ere, kontzientziak horiekin ez joateko esaten zion. Mozkorrak, berriz, joateko. Hala zebilela, eskaileretatik neska berri bat jaisten ikusi zuen. Ramoni ezin ederragoa iruditu zitzaion. Azal zuri-zurikoa, ilea ere ia zuria zuena. Zuria, oso, neska. Aurpegi zurbilekoa, maitatzen ahaztu zitzaiola zirudien. “Ederragorik!”. Norbaiti zerbitzua eskaini berria zela zirudien, eta deskantsatu asmoz, Ramonen aurreko sofan eseri zen zigarro bat erre asmoz. Ramon, mozkorrak bultzatuta edo, hizketan hasi zitzaion.
-Nola duzu izena, polit horrek?
-Zer behar duzu? Itxaron ezazu zigarro hau bukatu bitartean…-lehorra zen neska.
-Ez, ez…nik nola izena duzun soilik jakin nahi dut. Harritu egin zen neska. Hala ere, hoztasun handiz erantzun zion:
-Roxana.
-Roxana…polita izena. Nongoa zara?
Neskari ez zion grazia handirik egin galderak. Une batez isilik egon ostean, baina, erantzun egin zion:
-Errumaniarra.
-Eta jakin al daiteke zer egiten duen zu bezalako dama eder batek halako toki batean? - Ramon berotzen ari zen.
Ez zion erantzun. Zigarroa amaitu gabe alde egin zuen eskaileretan gora. “Azkarregi ibili haiz, Ramon”. Pena hartu zuen Ramonek, sekula ikusi zuen neska politena baitzen. Hala ere, ingurura begiratu zuen, gertatutako ahaztu asmoz. Barran zegoen atsoa keinu arraroak egiten hasi zitzaion. Ramonek erantzuten ez ziola ikustean, baina, haserre aurpegia jarri eta lanean jarraitu zuen. Txema eta bere lagunak non ziren begira hasi zen Ramon, baina ez zen inor ageri. “Ariko dituk…zerri halakoak”. Ez zuen han gehiago egoteko asmorik eta alde egin zuen, etxera.
Orain Roxana zuen parez pare. Beldur zen Ramon, bezperan bezala ihes egingo zion beldur, baina itsasoak emandako babesagatik edo neskaren edertasunagatik, berriro ere hizketan hastea erabaki zuen Ramonek.
-Kaixo, Roxana.
Neskak harridura keinu bat egin zuen. Ez zekien nola jokatu. Azkenean, baina, onena Ramonekin hitz egitea zuela erabaki zuen.
-Kaixo.
-Zera barkatu atzo mindu bazintudan, ez zen nire asmoa.
-Lasai, ez ninduzun mindu, baina lanera joan beharra nuen. Zuk zer moduz igaro zenuen?
-Ez, ez…etxera joan nintzen…leku hori ez dut gustuko.
-Nolatan joan zinen bertara bada?
Ramonek istorio guztia kontatu zion. Neskak gustura entzuten zuela ikustean, bere bizitzari buruz galdetzea erabaki zuen.
-Errumaniarra naiz, atzo esan nizun, eta familia behartsu bateko alaba zaharrena. Aita hil egin zitzaigun, eta bizimodua aurrera ateratzeko lanean hasi beharra nuen. Baina ez naiz legezkoa hemen, eta prostituzioaren bideari ekin beharra izan nion.
Ramon gustura ari zen entzuten. Roxanak jarraitu zuen:
-Hasieran kalean ibili nintzen, diru nahikoa lortuz, gainera. Hala ere, behin sekulako jipoia eman zidan bezero batek, eta ordutik “Errota- Berri”n nabil. Ez dut lehen adina irabazten, baina segurua da, gutxienez.
-Roxana…hori ez da zu bezalako batentzako lana, zu… oso ederra zara eta… edozer egingo nuke zure egoera hobetzeko.
Ramonek zirrara berezi bat sentitzen zuen gorputzean. Maitemintzen ari zen. “Zer ari haiz, Ramon, adin honetan?”. Berdin zion. Gustuko zuen Roxana, bere itxura, bere hitz egiteko era berezia, bera…
-Edozer?-galdetu zuen Roxanak.
Farolak
Farola bakartiei begira zegoen berriro ere Ramon. Maite zituen farola bakartiak. Bera bezalakoak zirelako agian, edota Roxana gogorarazten ziotelako akaso. “Itzuliko naiz ” soil bat esan zion Ramoni, baina Ramonek fede itsua zuen beragan. Bai. Itzuliko zen. Bere familia bisitatu asmoz joan zen Errumaniara, Ramonek dirua utzita, hilabete inguru igarotzera. Ramonekin ezkondu zen azkenean. Ez zen, ordea, maitasunezko ezkontza eder bat izan. Larunbat goiz batez, udaletxean, diskretua. Roxanak bertako nazionalitatea lortu zezan egin zuen Ramonek, beste lan bat bilatzeko aukera izan zezan. Ramon ere gustura zegoen, ez aseta, ordea. Maite zuen Roxana, barrenetik maite. Eta zerbaitek esaten zion itzuliko zela, eta berarekin jarriko zela bizitzen, eta seme-alabak edukiko zituztela…
Jaimeren ahots garratza mintzatu zen walkytik:
-Aizak Ramon, atzo agur esan zidaan.
-Pauso garrantzitsua duk hori…ongi ari haiz.
-Aizak, hik uste, nik esanez gero…kasu egingo didala?
-Jaime… berrogei urte dituk ia… eta neska gaztea duk. Izango ditik seguruena nahiko mutil gazte lerden buruan. Hi zahartua hago horrelako gauzetarako…-pentsakor geratu zen baina, eta erantsi- Aizak… zer demonio, esaiok! Bai, esaiok! Esperantza galtzen baduk, akabo!
-Mila esker Ramon, hik balio duk hik.
Gustura utzi zuen Jaime. Ramon ere pozik zegoen. Laika zakur zaharra udazkenean hil zitzaion, orain udaberria zen.
Eta farolei begira jarraitu zuen. Farolak ez dituk alferrik igarotzen.
|
|
| |
 |
 |
|