IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   













HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Kultura »  Donostia Antzerki Saria

Donostia Antzerki Saria
“Gure bide galduak”antzezlanak irabazi du

XII. Donostia Antzerki Saria
Dejabu konpainiak ekoiztutako antzerki lana martxoaren 27an eskainiko da Victoria Eugenia Antzokian

Dejabu konpainiaren “Gure bide galduak" antzerki lanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako "XII. Donostia Antzerki Saria". Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian.

Talde irabazleak 10.000€ eta Txiki Agirre, Keixeta, artistaren margolan bat jasoko ditu. 8.000€ orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 € jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian. Horrez gain, ikuskizun berri hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzio gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari.

Sari emate ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, 20:00etan egingo da. Saria emanaldiaren hasieran banatuko da eta ondoren “Gure bide galduak” antzerki lan saritua ikusi ahal izango da –2011n Donostian euskaraz eskaini den antzerki lan onena alegia-.

Donostia euskarazko antzerkiaren erreferentea

2011. urtean 9 antzerki lan eta 19 emanaldi eskaini ziren Donostian.

Donostia Kulturak eta orain arte Donostiako Euskararen Udal Patronatua izan denak adostutako hitzarmena medio, euskarazko antzerkiaren eskaintza zabala eta egonkorra izatea lortu da azken urteetan, beti ere, urteko ekoizpena kontuan hartuta. Garai hauek ez dira aldekoenak antzerkiarentzat baina Donostian eutsi egin zaio programazioari. Bi erakundeon elkarlanari esker, urtean zehar Donostia Kulturaren antzoki eta guneetan euskarazko antzerki lanak kontratatzen dituzte eta lan bakoitzetik gutxienez bina emanaldi eskaintzen dira, biak osorik ordainduta. Horren ondorioz, 19 emanaldi eskaini ziren euskaraz 2011n Donostian.

2012ko programazioari dagokionez, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren lankidetza medio, euskarazko antzerki ikuskizunak bermatuta egongo dira. Are gehiago, neguko programazioaz gain, aurten udan ere euskarazko antzerkia eskaintzea erabaki da urte osoko programazioa osatuz. Horrela, uztailean antzerki lan bat eta abuztuan bi eskainiko dira, horietako bat Aste Nagusian.

XII.Donostia Antzerki Sarian parte hartu duten taldeak eta lanak

Higa (Espazio hutsak)
Dar-Dar (Etzi)
Txalo (Baginaren bakarrizketak)
Pikor (XL Town)
Gaitzerdi (Euria esan eta euria erortzea)
Dejabu (Gure bide galduak)
K Uranga/F Lasuen (Jon Mirande)
Tanttaka (Ipar haizearen kontra)
Buruz behera (Takoiak airean)

“Gure bide galduak", belaunaldi gazte batek gure gertuko historiaz elkarlanean egindako hausnarketa

Donostia Antzerki Saria ematen duen epaimahaiak antzezlan biribila dela aipatu du. Lana sorreratik aipagarria da epaimahaiaren iritziz “jatorrizko lana izateaz gain, elkarlanean sorturikoa delako. Belaunaldi gazte batek gure gertuko historiaz, 70. hamarkadaz, elkarlanean egindako hausnarketaren emaitza da. Gure iraganaren interpretazio berezia da”. Ezin da ahaztu gainera euskaraz sortutako lan bat dela. Eszenografiari dagokionez, soila izan arren oso eraginkorra da epaimahaiaren esanetan. “Harrigarria da ikusteak nola lor daitezkeen hainbeste emozio hain objektu gutxirekin. Elementu guztiak agerian dauden arren emanaldiaren hasieratik, hauen erabilera sinbolikoa ezin hobea da”. Lanaren eszenaratzea adimen handikoa da, zentzuduna: planteamendu sinpletik konplexutasun semantikorantz doana, konponbide eta trantsizio eszeniko anitz sortuz. Honetan aipagarria da zuzendaritza lana. Zuzendaritza lana ere nabarmentzekoa dela adierazi du epaimahaiak “denbora eta espazioa neurtzeko duen maisutasunagatik”. Aktoreen lana ere oso maila onekoa da eta orekatua gainera. Horrez gain, zuzeneko musikak ekarpen handia egiten dio lanari. Gainera, epaimahaiak gogoratu du “Gure bide Galduak” antzezlanak harrera oso ona izan duela ikusleen artean, “desberdina, gertukoa eta hunkigarria izateaz gain, harrera ona izan du ikuslegoaren artean eta ez ohiko ikusleak erakartzea lortu du”.

XII. Donostia Antzerki Sarian parte hartzeko baldintzak

- 2011n programatutako euskarazko ikuskizuna izatea
- Talde/konpainia profesionalek egindakoa izatea
- Helduei zuzendutako ikuskizuna izatea
- Aretoetarako ikuskizuna izatea eta kultur gune edota antzokietan eskaintzea. (Salbuespen gisa eta pisuzko arrazoi batengatik ikuskizuna areto horietatik kanpo eskaini arren, sarian parte har dezake gainerako baldintza guztiak betez gero).

XII. edizioko epaimahaikideak:

Kepa Errasti (Euskal Aktoreen Batasuna)
Pablo Barrio (EHAZE-Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea)
Ane Gabarain (AISGE
Agus Perez (Antzerki kritikoa-Berria)
Norka Chiapuso (Donostia Kultura)

Donostia Antzerki Saria jaso duten lanak

2001: Tanttaka taldearen "Ozeanoko pianista"
2002: Vaiven taldearen "Lotsa Gabe"
2003: Ados taldearen "John Wayneren laguna"
2004: Tanttaka-Kukai taldeen "1937"
2005: Antzerkiola Imaginarioa taldearen "Yuri Sam"
2006: Chimeres -Pok taldeen "Kaukasiar Kreazko Borobila"
2007: Txalo konpainiaren “Artea”
2008: Tanttaka konpainiaren ”Emakumeak izarapean”
2009: Le Petit Théâtre de Pain konpainiaren “Juglarea, puta eta eroa”
2010: Hika konpainiaren “Aitarekin bidaian”
2011: Le Petit Théâtre de Pain&Artedrama&Dejabu taldeen “Errautsak”
2012: Dejabu taldearen “Gure bide galduak”

gurebidegalduak