ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


V Antzerki Saria



V. Donostia Antzerki Saria



Antzerkiola Imaginarioa taldearen Yuri Sam antzezlanak irabazi du V. Donostia Antzerki Saria. Marta Cardenasen "Beirategiak 2003 "arte lana eta 9.000 euro jaso ditu saritutako obrak.

Euskararen Udal Patronatuak, Donostia Kulturarekin batera eratu duen Saria martxoaren 27an, Nazioarteko Antzerkiaren Egunean, emango da Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Sari emate ekitaldia eta horretarako antolatutako gala bereziaz gain, antzezlan saritua, "Yuri Sam", ikusteko aukera izango da.

Euskararen Udal Patronatuak, Donostia Kulturarekin batera, euskarazko antzerki profesionala sustatzeko asmoarekin sortutako Donostia Antzerki Sariaren bosgarren edizioa irabazi du Antzerkiola Imaginarioa taldeak. Konpainia honen Yuri Sam antzezlana izan da 2004. urtean Donostian eskainitako zortzi euskarazko antzezlanen artean onena.

V. Donostia Antzerki Sariaren irabazleak 9.000 € eta Marta Cardenasen "Beirateak, 2003" arte lana eskuratuko ditu.

Talde sarituak saria jasotzearekin batera, beste antzezlan bat sortu eta Donostian estreinatzeko konpromisoa hartzen du bi urteetako epean. Modu horretan, euskarazko antzerkigintza sustatzea lortzen dute Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia Kulturak

Epaimahaikideak:
Olatz Beobide (Euskal Aktoreen Batasuna)
Joserra Fachado(Eskena)
Agus Pérez (Antzerki kritikoa-Berria)
Sonia Fernandez (Sgae)
Norka Chiapuso (Donostia Kultura)

Donostiako V Antzerki Sarian parte hartu duten antzerki lanak, hau da, 2004. urtean Donostian taularatutako zortzi euskarazko lanak, ondokoak izan dira:


“Yuri Sam”. FTI Antzerkiola Imaginarioa.
“Bazen behin…gutxi gora behera”. Campingags.
“Ohe handi bat”. Logela multimedia
“Dekameronea”. Ados teatroa.
“Ezetz lepoa jarri”. Campingags
“Sonata segundu batean…eta piku”. Tartea produkzioak.
“Marra zapaldu”. Pikor Teatroa.
“Iturrian zer dago?”. Xukan.

Epaimahaiaren arrazoiak lan hau aukeratzerako.

Epaimahaiak, Yuri Sam saritzea erabaki du Antzerkiola Imaginarioakoek egindako ikerketa estetikoan eta dramaturgikoan oinarrituta batetik eta antzerkiaren alorrean egindako mestizajearen aldeko apustuarengatik bestetik. Antzerkiola Imaginarioakoak bide berriak irekitzen ari dira, ausardiaz ari dira lan horretan eta Euskal Herriko zein kanpoko tradizioak lantzen dituzte, Indiako Kathakalia esaterako. Gainera beren sorkuntza jasoa da oso eta lan bikaina aurkeztu dute.

Donostia Saria ematerakoan epaimahaiak artista gazteek sortutako proposamen interesgarri hau babestu nahi izan du, ikerketaren ondorioz euskaraz sortutako lan originala eta ausarta baita. Euskal Herrian une honetan egiten den antzerki motarekin ez du inolako zerikusirik, beste bide batetik doa talde honen proposamena eta gainera oso lan sendoa eta kalitate handikoa dela adierazi behar da

Eman zaien saria: "Beirateak, 2003" artelana. Fitxa teknikoa

Urtero artista desberdin baten artelan bat ematen zaio irabazleari. Aurten Marta Cardenasen koadro bat aukeratu da.


Egilea: Marta Cardenas
Izenburua: Beirateak, 2003
Teknika: Akuarela akrilikoa
Neurriak: 23x35zm (3 zati)

Beirategiak, 2003 Marta Cardenasek kritalezko beirategien gaineko proiektu baten barruan sortutako lana da. Paper gainean eta akuarela akrilikoaren teknika erabiliz egindakoa da. Lan hau sorta zabal batetik aukeratu da, artistak 2001ean hasi baitzuen beirategien gaineko egitasmoa.