ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Antzerkiaren Nazioarteko Eguna

2008ko martxoaren 27a Antzertiaren Nazioarteko Eguna
Robert Lepageren Nazioarteko Mezua

Hainbat hipotesi daude antzerkiaren jatorriari buruz; aldiz, gehien harritu nauenak elezahar baten forma dauka:

Gau batean, aspaldiko garai batean, gizon-talde bat harrobi batean bildu zen su baten inguruan berotzeko eta istorioak elkarri kontatzeko. Bat-batean, haietako bati altxatzea otu zitzaion, bere itzala kontakizuna argitzeko erabiltzearren. Sugarren argia baliatuz, harrobiaren hormetan naturakoak baino pertsonaia handiagoak agerrarazi zituen. Besteak, txundituta, indartsua eta ahula, zanpatzailea eta zanpatua, jainkoa eta hilkorra txandakatzen zirela antzeman zuten.

Egun, proiektagailuen argiak hasierako poz-sua ordezkatu du eta eszenatokiko makineriak, berriz, harrobiko hormak. Eta zenbait puristak gustuko izango ez duten arren, elezahar honek gogorarazten digunez, teknologia antzerkiaren jatorrian bertan dago, eta ezin dugu mehatxutzat jo, elkartzen duen elementutzat baizik.

Antzezpen-artearen biziraupena bere burua asmatzeko gaitasunaren mende dago, tresna berriak eta mintzaira berriak integratuz. Bestela, nola jarrai lezake antzerkiak bere garaiko erronka handien lekuko izaten eta herrien arteko ulermena sustatzen, irekitzen dela frogatuko ez balu? Nola harrotu liteke intolerantzia, bazterketa eta arrazakeriaren arazoari konponbideak emateaz, praktikan edozein mestizaia eta edozein integrazio ukatuko balu?

Mundua bere konplexutasunean adierazteko, artistak forma eta ideia berriak proposatu behar ditu, eta itzalaren eta argiaren betiereko jokoan gizateriaren ingerada bereizteko gai den ikuslearen inteligentzian konfiantza jarri.

Egia da suarekin gehiegi jokatuz, gizakiak erretzeko arriskua hartzen duela, baina harritzeko eta argitzeko parada hartzen du ere.

Robert Lepage Quebec, 2008ko otsailaren 17a

Antzertiaren Nazioarteko Eguna 1961ean sortu zuen Antzertiaren Nazioarteko Erakundeak (ITI). Antzertiaren Nazioarteko Eguna urtero ospatzen da martxoaren 27an, ITI guneen eta antzertiaren nazioarteko komunitatearen ekimenez. Hainbat ekitaldi nazional eta nazioarteko egiten dira ospakizuna nabarmentzeko.

Ekitaldi horien artean, nagusienetako bat Antzertiaren Nazioarteko Eguneko Mezua mundu osoan zabaltzea da. Mezu hori normalean mundu mailako garrantzia duen antzertiko pertsona ospetsu batek idazten du Antzertiaren Nazioarteko Erakundeak gonbidaturik, eta bertan gaiaz dituen gogoetak elkar banatzen ditu. http://www.iti-worldwide.org