|
Brikolajea eta seriean egiten den hilketaren arteko erlazioa geroz eta estuagoa izan da, hiltzaileek eta beren zuzendariek orijinaltasuna bilatu izan baitute beti eta, gainera, merkatuan psychokiller exijenteenen gustuak asetzeko adinako tresna berriak agertuz joan baitira. Zerra mekanikoak, bihurkinak, mailuak… eta izen bitxiak dituzten hainbat eta hainbat tramankulu, Kristian Pielhoff baino eskrupulu gutxiago dituzten pertsonen eskuetan, hiltzeko tresna bihurtu dira. Hirurogeita hamarreko hamarkada bukaeran, Donnie Donnellyk zuzenduriko filmak erreminta-kaxa bat hiltzeko arma bihurtu zuen, obratan zegoen apartamentu-eraikuntza batean odola eta hilotzak bazter guztietan utziz. Zuzendariak telebistan eskarmentu handia du, The Streets of San Francisco, Dallas edo The A-Team telesail ezagunetan lan egin baitu.
|