![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
| Azaroaren 3an, Antzoki Zaharrean film labur guztiak eskainiko dira jarraian sesio batean eta euskarazko azpitituluekin. (175 min.) |
| Animal Farm |
|
|
(2007). Jeong Min-ji. Hego Korea. 12 min.
Egunero, eguzkia sartzen denean, K jaunak bere etxea uzten du. Emaztea eta alaba utzi eta hiriko kalezuloetan barrena ibiltzen da etxean aurkitzen ez duen plazerraren bila. Gaua, bera bezala, bakardadeari aurre egiteko asmoa duen jendez betetzen da, beren mozorroaren atzean egungo gizartearen arterietan lagunak bilatzen dituzten pertsonez betetzen dira espaloiak, prostituta mari-zikintxoek beren buruak erakusleihoetan nola erakusten dituzten begiratzen duten gizonezkoz. Eskuz aldatzen den dirua, odola darion haragi gorria, izerdia, kutsadura eta zikinkeria. K jauna etxera bueltatzen da bere gaueko aferen ondoren eta bere familiari begiratzen dio. “Zenbat eta zerria handiagoa izan, hainbat eta samurragoa izango da bere haragia”. |
| Ark |
|
|
(2007). Grzegorz Jonkajtys. Polonia. 8 min.
Gizateriaren gehiengoa gaixotasun bitxi batek jota hil da. Bizirik dirauten gutxiak, giza-arrazaren etorkizuna babestu asmoz, kutxa moderno batzuetan itsasoratzen dira birusa iritsi ez den lur berrien bila. Espedizioa gizon batek zuzentzen du. Poloniako animazioa egoera onean dagoela adierazten duen beste film bat, Platige Imagek aurkeztua, azken urteotan The Cathedral eta Fallen Art bezalako filmak produzitu dituena. Lan ikaragarri eta apokaliptiko honek gizakia bere etorkizunera, hau da, bizitzara eramateko eginkizuna duen gizonaren istorioa kontatzen du, “ero batek kontatutako ipuin hori, zarata eta amorruz beterikoa, ezer esan nahi ez duena”, laburmetraia irekitzen duten William Shakespeareren hitzetan. |
| Artificial Worlds V.3.0 |
|
|
(2006). Richard Fenwick. Britainia Handia. 7 min.
Munduaren azkena; gizadia infernuaren ateetan; zortzi arima, korrika eta korrika eta ihes egin nahian doazenak, datorrenari ihes egin nahian: euren atzetik doan eta zuhaitzen artetik itsasoraino erasotzen dituen Apokalipsiari, euren atzetik ziztu bizian doan akabuari ihesi nahian. Ez dago irteerarik, ez dago konponbiderik, ez ihesbiderik, ez eta salbaziorik; ez dago argirik begien bistan; ahal deneraino eustea besterik ez da geratzen; eustea; ihes egitea eta korrika eta korrika egitea, egiteko ezer besterik geratzen ez den arte; xurgatua izan arte, desagertu arte —polita izan zen iraun zuen bitartean—; amaitu arte, etorkizunak, Gaizkiak, irekitzen doan amildegiak irentsita, abiada betean eta errukigabe hurbiltzen ari den heriotzak irentsita; ez dago etorkizunik. |
| The Cat and Claudia |
|
|
(2006). Lily Coates. Australia. 13 min.
Claudiak bainu suspergarria hartzen duen bitartean, bere katuak (“El Coronel” izen erreala duenak) istripu bat du eta ondorioz, lanpara bat erortzen da bainuontzira. Australiako film labur urdinxka, pertsona baten heriotza eta mundua, edo gutxienez bere ordezkarietako bat, horretaz konturatzen den bitarteko denbora zatian garatzen dena. Pertsona bat noiz desagertzen da, desagertzen den unean bertan ala besteak desagertu dela konturatzen direnean? Heriotza besteekikoa DA? Melbourneko Unibertsitateko Victorian College of the Arts eskolatik datorren lan honek gai interesgarri horiei guztiei buruz (eta beste batzuei buruz, adibidez, etxeko animaliak etxean edukitzeko aukera, bakarrik bizi bazara geletako ateak ixtea komeni den edo bainuontzian irakurtzeari buruz) hitz egiten du. |
| Codehunters |
|
|
(2006). Ben Hibon. Britainia Handia. 9 min.
Oso urrun ez dagoen etorkizun ezezagunean, gizon bat portua duen Lhek izeneko hirira iristen da. Inguruan duen paisaia izugarria da: hiria erabat suntsitua dago eta ia abandonatua. Testuinguruak beste hiru heroi bakartirekin batera, krimen antolatuaren gaizkile-taldeen, ordena-indar ustelen eta odol-egarri diren munstroen aurkako borroka krudelera eramango du protagonista. MTV Asiak etorkizunera hurbiltzen gaituen filma aurkezten du Ben Hibonen zuzendaritzapean; honek Japoniako eta Mendebaldeko teknikak nahasten ditu eta Mad Maxen antzera, anime eta western apokaliptikoen inguruko lurraldeetan mugitzen da. Monakoko Imagina jaialdi famatuan aurtengo Film Labur Hoberenaren Saria jaso du. |
| Columba palumbus |
|
|
(2007). Koldo Almandoz. Espainia. 4 min.
“Gertatu izan da uso basati batzuk norabidea galdu eta gainontzeko usoak norabide okerrean eramatea. Hegazti-saldo osoak, orientazioa galduta, arrazoirik gabeko hegaldiagatik akituta, hilda bukatzen du”. Ehiztari bat. Bere arma hartzen du. Autotik jaisten da. Atea erdi irekia geratzen da. Talaiara daraman bidea hartzen du; tiroak handik botatzeko asmoa du. Zuhaitzak eta errekak zeharkatzen ditu. Behatokira igotzen da. Koldo Almandozen lanetan, denborak beste abiadura bat du. Jesús Mari Zamora mitikoa jaio zen egun bereko donostiarra (urte batzuk beranduago bada ere) dugu Almandoz eta Belarra, Amuak edo Midori gisako lanekin, azken urteotan euskal film laburren (utzi nahi ez duen arloaren) ahots garrantzitsuenetariko bat bihurtu da. |
| The Descendent |
|
|
(2006). Robert Glickert. EE.BB. 15 min.
Bi hiltzaile profesional kotxez doaz beren lan berria burutzera. Jonathan hil behar dute. Etxe bakartira iritsi, eskailerak igo eta atea irekitzen dutenean, Jonathan haur bat dela konturatzen dira. Eta zalantza egiten hasten dira. Baina Damien ere haurra zen. Denbora gutxi bizi izanak ez du gaiztoa izatetik salbuesten. Batzuetan kontrakoa pentsa badaiteke ere, zortzi edo bederatzi urte izateak ez du esan nahi ontasuna haurraren zain guztietan barna dabilenik. Hiltzaileetako batek aurrera jarraitzea erabakitzen du. Azken finean profesionala da. Eta hau beste lan bat besterik ez da. Edo ez? |
| In the Wall |
|
|
(2006). Mike Williamson. EE.BB. 15 min.
Gogoan den Urtezahar-gau beroenean, haurdunaldi luzea daraman gaztea etxera bueltatzen da eta han, bere senarra sofan etzanda aurkitzen du, beti bezala. Emakumeak haurraren etorrera pozik itxaroten du. Gizonezkoak familiarentzat beste plan batzuk dituela dirudi. Bai izu klasikotik eta baita gaur egungo beldurrezko zinemagintzatik edaten duen film labur iluna, erreferentziaz betea, Poeren adaptazio baten itxurarekin hasten dena, ondoren, Larry Cohenen unibertsotik gertuago bukatuz. Duela hiru urte Astean egon zen The Silvergleam Whistle filmaren arduraduna, Mike Williamson, da film labur honen zuzendaria, film luzeen arima duen laburra eta antzerkiak dardarka jarriko dituena. |
| Lapsus |
|
|
(2007). Juan Pablo Zaramella. Argentina. 3 min.
“Ez ezazu inoiz alde ilunaren boterea gutxietsi”, dio El desafío a la muerte edo Viaje a Marte filmen arduradun Juan Pablo Zaramella animatzaile argentinarraren azken lanaren promozio-esaldiak. Moja batek argia uzten du eta iluntasunean murgiltzen da, eta bizitzeko era aukeratu zuenean baztertu zituen bideak hartuko ditu, zuri-beltzaren apoteosi dibertigarri honetan. Hiru minutu nahikoak izango dira serorak alde ilunaren indarra ezagut dezan eta, Anakin Skywalkerren antzera, beraganako nahitaezko erakarpena senti dezan. Dena ez da zuria Jaunaren erreinuan, beltzarentzat eta John Bryant eta bere Oh My God ospetsuaren oroitzapenarentzat (gorriarentzat) ere badago tokia. |
| The Listening Dead |
|
|
(2007). Phil Mucci. EE.BB. 14 min.
Berriz ere konposatu nahian pianoaren aurrean orduak eta orduak eserita ematen dituen konpositorea. Bere emaztea, Karen. Gazte baten espiritua etxean barrena dabil. Hiruki honek egituratzen du zinema mutuko alegia dotore hau. Filmak Fritz Lang eta Murnauren hogeiko hamarkadako pelikulak omentzen ditu eta Phil Mucci New Yorkeko argazkilari ospetsuak zuzendu du. Egilea hemen izango da lehen aldiz musika maitatzen duen mamu baten istorioarekin; emazteak, heriotza aspergarritik esnatu duten gau-emanaldiekin bukatzeko mehatxua egin du eta mamuak esku hartu behar izan du, gau-emanaldi horiekin berriz ere zerbaiten plazera sentiarazi baitiote... bizitzaren antzeko zerbait ote? |
| Même les pigeons vont au paradis |
|
|
(2007). SAMUEL TOURNEUX. FRANTZIA. 8 MIN.
Moulin jaunaren ordua iritsi da, nekazari frantses bat 72ko udare-pattarra armairu gainean bilatzen ari zela erori ondoren, hiltzeko zorian dagoena. Heriotza bere etxera iritsi aurretik, eliza han da, betidanik Gaizkiaren aurka duen gatazka horretan, bere aldera, bere paradisura, erakarriko duen arima baten aurrean beti adi. Moulin jaunarentzat bi bidai-helmuga eta betiko bizileku desberdin agertuko dira; hala ere, bere zorroan bekatu asko dauzka eta horrek bere etorkizuna infernuko galdaretara eramateko arriskua du... baina, noski, franko batzuk konpondu ezin dutenik ez dago. |
| Morsure |
|
|
(2007). DAVID MORLEY. FRANTZIA / FRANCIA. 13 MIN.
Gauean, etxe bat basoaren erdian, beldurrezko istorioak sortzen dituztenek irudikatzea gogokoen duten eskenatokia da. Denetarik gerta litekeen lekua da, imajinatzen zailenak izan daitezkeen amesgaiztoak ere gauzatu daitezkeen lekua. Ilargiaren argi eskasak gertatzen ari dena ozta-ozta ikusten uzten digu, batzuetan dirudiena ez delarik gertatzen ari dena. Emakume bat basoan barrena ikaratuta doa ihesi. Gizon bat bere atzetik doa. Emakumea etxera iristen da; etxea zuhaiztiaren erdian dago, betiko beldurrezko istorio bat bere pareten artean gertatzeko eskenatoki perfektu bihurtzeko prest. Gizakiei eta hain gizaki ez direnei buruzko filma, animaliei eta hain animalia ez direnei buruzkoa. |
| Niebla |
|
|
(2006). EMILIO RAMOS. MEXIKO-ESPAINIA. 7 MIN.
Zahar batek bere herriaren bizia denbora batez aldatu zuen gertaera kontatzen du malenkoniaz. Herria “miseria eta behe laino” hutsezkoa da, mendietan galduta, mundutik isolatua, abandonatua eta ahaztua, eta denbora batez, aparteko gertaera bati esker, beti gainean zeraman tristura atzean utzi zuela zirudiena. Zaharrak ardi batzuk herriaren aurpegia aldatu eta alaitasuna kale eta enparantzetara ekartzera etorri zireneko egunaren istorioa kontatzen du. Baina ez zuen gehiegi iraun, Benedettik esango lukeen bezala “tregoa bat besterik ez zen”, eta behe-lainoa Prósperoko etxe eta bizilagunen bihotzez jabetu zen berriz ere. |
| The Pearce Sisters |
|
|
(2006). Luis Cook. Britainia Handia. 9 min.
Hau Lol eta Edna Pearce ahizpen istorioa da. Olatuek astintzen duten kostako leku urrun, soil eta behartsu batean bizi dira itsasoak ematen dienarekin elikatuz, arrainak harrapatu eta ondoren ketuz. Beren denbora bakardadean igarotzen dute. Euren konpainia bakarra batak besteari ematen diona da. Egunak berdin-berdinak dira, haizeak, hotzak eta euriak astinduak. Beren bizitzak itsasoan galduta zegoen gizon batek aldatuko ditu, susper dadin etxera eraman baitute. Maitasun, bakardade, odol, indarkeri, tripak eta teari buruzko ipuin beltza, Aardman faktoria ezagunak produzitua eta zuzendari honen lehen lana. |
| Souffle de vie |
|
|
(2006). Jérôme Yermia. Frantzia. 4 min.
Edo tamainak noski axola duela. Hutsik dagoen hondartza batean hasieran ezinezkoa zirudien amodiozko istorio bat haziko da. Gulliver pertsonaiaren antz izugarria duen erraldoiak Liliputeko neska eder batekin egiten du topo eta segituan elkarrekin ondo konpontzen dira. Biak batera korapilo sexual nahasietan murgilduko dira, elkar ezagutzeko hautua egin eta nora daramatzan oso ondo ez dakiten arren, oraingoz gozagarria den harremanari ekingo diote. Jonathan Swiftek bukatu gabe utzi zuen eta urte askotan irakurleen eta helduentzako zinemagileen irudimena sustatu duen istorioaren zati bat kontatzen saiatuko da Jérôme Yermia. |