Fausto, bere arima Deabruari saldu dion gizona. Literaturara, antzerkira, zinemara… askotan eraman izan duten elezaharra. Orain, David Quinn eta Tim Vigilen nobela grafiko homonimo hau Brian Yuznak eraman du pantaila handira erabat eguneratuta. Bertan, artista arrakastatsu baten historia kontatzen zaigu. Bere maitearen heriotzagatik mendeku hartu nahian, paktu bat egiten du M misteriotsuarekin, hiltzaile maltzur bihurtuko duenarekin. Fantastic Factory-tik sortutako lehenengo pelikula da, Filmax-ek sortutako generoko filmen ekoizpen etxetik. Aipatzekoa da Factory-k eraman zuela Brian Yuzna Bartzelonara, azkeneko bi hamarkadetako Estatu Batuetako B serieko beldurrezko generoaren zinemagile gailenetakoa, Re-Animator-en ekoizlea eta, besteak beste, Society, Progeny eta The Dentist pelikulen zuzendaria.
|