IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Kultura »  Donostiako kantak »  Donostiako Kantu Jira »  Kantu Jirako bertsoak

Kantu Jirako bertsoak

Donostia Kantuz

Egilea: Xabier Mujika Kasares
Doinua: Oi, gure antziņako!
1
Hilero hirugarren
larunbata dela (bis)
jakizu Bilintxera
hurbiltzen naizela.
Kantuan aritzeko
aukera itzela,
ez baitute eskatzen
kantari txartela,
zer eginik ez nuke
izango bestela.
2
"Kaixo! Zer bizi modu?"
"Hemen gera berriz" (bis)
elkar agurtzen dugu
keinuz eta irriz.
Ordua izan arren
oso lasai gabiltz,
bitartean Joserra
aurpegi urduriz,
"has gaitezen" esanaz
dozenaka aldiz.
3
"Epa, Joxe Mari! ta
zer moduz Ainhoa?", (bis)
sortu ohi den giroa
benetan sanoa.
Hasiko ote gera
behingoz, arranoa!
Joserra esatear
dagola "ba noa",
Itziarrek eman du
hasteko tonoa.
4
Pare bat abesturik
martxan gera jarri (bis)
berriz ere kontuak
esanaz elkarri.
Bidean goazela
nork ez du igarri
denok umore ona
dugula ekarri?...
Amaiaren soinua
denon gozagarri.
5
Geldialdi guztitan
daiteke ikusi (bis)
fandango, arin-arin,
irrintzi ta guzi.
Gauza bat gertatzen da
pixka bat itsusi,
betiko desoreka
dugu erakutsi,
dantzan andre asko ta
gizonezko gutxi.
6
Gitarra jotzaileak
dira batzuetan, (bis)
baita dultzaineroak
beste zenbaitetan.
Ordun ibiltzen gera
gustura benetan,
Sabinoren makilak
hartuz eskuetan,
pastoralen itxura
gure urratsetan.
7
Gaur ere "Boga Boga"
zen azken aurrena, (bis)
azkena Xalbadorren
heriotzarena.
"Agur Pepita eta
Joseba Mirena,
orain etxera noa
ahal den azkarrena,
erreko zait bestela
labean detena".
8
Emana dugu, bada,
kantuz eguerdia (bis)
ezkutarazi gabe
kantuz eguzkia.
Hurrena berriz ere,
Kantuz aitzakia,
bilduko gera denok
kantuz, alegia,
osorik jarri asmoz
kantuz Donostia.
Donostia 2004