IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Kultura »  Donostiako kantak »  Donostiako Kantu Jira »  Kantu Jira kantuen bidez

Kantu Jira kantuen bidez

Kantu Jira kantuen bidez

Egilea: Xabier Mujika Kasares
Doinua: Erkudengo ama (Altsasu)
1

Hilean behingo elkartze horrek
nola baduen distira,
egun batzuek lehenagotik
larunbatari begira.
“Triste bizi naiz” kantuarekin
hasten dugu gure jira,
bainan tristurak kantuen bidez
erraz uxatu ohi dira.
2

Bilintx dendaren alboan Bilintx
zenaren hitzak egoki,
penak kentzeko modu onena
da aitortzea ozenki.
“Zurekin ,jai,jai!” esango dunik
nahiz ez den faltako noski,
kantuen bidez bizipozari
egingo diogu toki.
3

“Hegoak” kantaz seme-alaben
oroipenek bete naute,
ume izanak haunditu dira
kabitik aldegin dute.
Pena pixka bat emanagatik
kexu naizenik ez uste,
kantuen bidez esaten diet:
“nik txoria nuen maite”.
4

Zenbait kantutan gure ahotsak
elkarturik entzutean
herri sentipen ukaezina
pizten da gure artean
Kantuen bidez aitorpen hauxe
datorkit bete-betean:
“ez zaigu hilgo Euskal Herria
ni bizi naizen artean”.
5

Kantuen bidez esan nahi dizut
niretzat zaren guztia,
gau ilunean solas isila,
egun argiz eguzkia.
Ezpain dardarti xuxurlariez
doakizu abestia:
“Zure begiek ene maitia
badute … dirdir eztia”
6

Xiberoako kantuen bidez
datorkigun oihartzuna,
herri bat lotzen duen haria
edo ta amets urruna.
Oihal batetik jantziak gara
herri egiten gaituna,
“Guraiziakin bereIzi arren”
euskara dugu jostuna.
7

Ordu pare bat igaro eta
ase nago eta lasai,
Kantuen bidez hasierako
tristurak joanak dira bai.
Ahal den neurrian bizi nahi nuke
lagunen artean alai,
eta “bestela datozen penai
ez diet surik bota nahi”
8

Xalbadorrena kantatu eta
gaurkoa bukatua da,
hurrena ere gozatu nahiaz
hemen elkartuko gara.
Eta barruko sentimentuak,
ekarri lasai plazara,
lotsarik gabe, kantuen bidez
bidali “lau haizetara”
Donostia 2006ko azaroa