1.
Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz. |
2.
Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratu deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.
|
3.
Siziliako uharte ederrak
emana digu lorea.
Han jaio baitzan gure Ageda,
zorioneko gaztea.
Txikitatikan gogoz hartu zun
Jesukristoren legea.
Maitasun honek ekarri zion
bihotzeko poz betea.
|
4.
Edertasunez jaunak apaindu
zuan Ageda gaztetan.
Haren begiak izar bi ziran,
aurpegi gozo haretan.
Gizon gaiztoen grina zitalak
esna zitzakeen benetan.
Laster izutu zen Kintziano
Agedaren ederretan.
|
5.
Agedak bere maite bakarra
Jesus aukeratu zuan.
Horregatikan beste maiterik
ez zan harentzat munduan.
Kintzianoren eske guztiak
arrez baztertu zituan.
Baina agintarik gaizto harek
kristautzat salatu zuan.
|
6.
Emakume gaizto baten mende,
sartu zuten giltzapean,
Agedaren bihotz garbi hura
zikin ote zezakean.
Alperrik baina ahalegindu zen
andre lizuna lanean.
Honek esanak ez ziran sartu
Agedaren bihotzean.
|
7.
Amorru biziz oinutsik jarri
dute Ageda zintzoa,
txingar gorien gainean gero
ibilarazi gaixoa.
Ondoren, bular bat ebakita,
uzten dute urratua.
Baina Jainkuak bihurtu zion
gau hartan bular mindua.
|
8.
Alperrik gizon gaiztoak zuten
oinazez erdi hilik utzi.
Jesukristoren maitasun hartan
ez zuna inola etsi.
Otoi gozotan gogoa isuriz
mundu hontatik ihesi,
zeruetako zori ederra
betiko zun irabazi.
|
Mendi tontorrak elurrez zuri,
atai aldean laiotza.
Etxe hontako nagusi jaunak,
urrezkoa du bihotza.
Santa Agedak kendu digu gaur
eskean hasteko lotsa,
dirurik ez bada, berdin zaigu
gizendutako bildotsa.
|
Zelai erdian loreak argi,
larros, krabelin ta lili.
Etxe hontako etxekoandreak
Ama Birjina dirudi.
Etxe hontako urdaiazpiko
asko, kakotik zintzilik,
ta lukainka gorriak ugari
poltsa betetzeko guri.
|
Dios te salve, ongi etorri!
Gabon Jainkoak diela!
Legearekin kunpli dezagun
Santa Ageda bezperan.
|
KOPLAK
1.
Hau haizearen epela,
airean dabil orbela.
Etxe hontako jende leialak,
gabon Jainkoak diela.
|
2.
Zapata zuri paperez,
euri danean batere ez.
Nagusi jauna, esan bezaigu
hasiko geran edo ez.
|
3.
Horroko hor goian izarra,
errekaldean lizarra.
Etxe hontako nagusi jaunak
urre gorrizko bizarra.
|
4.
Horroko hor goian elorri,
hondoa jo ta erori.
Etxe hontako etxekoandreak
Ama Birjina dirudi.
|
5.
Etxeko seme zalduna
Jesukristoren laguna,
horla bakarrik gaizki zaude ta
behar zenduke laguna.
|
6.
Etxeko alaba, non zera?
Inon ageri ez zera.
Atoz honera ate ondora
gure ilunak kentzera.
|
7.
Lau galai gazte badauzkat,
jarriko dizut aukera.
Neroni ere garaian nago
baldin gustatzen bazera.
|
8.
Emango bauzu emazu,
bestela ezetz esazu,
ate ondoan hotzak hiltzera
amak ez gaitu bialdu.
|
9.
Eskupekoa hartu degu ta
orain abia gaitean
adiosikan ez degu eta
agur ikusi artean."
|
|