ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Aurkezpena



Liburuaren Mundu Eguna 2006

Apirilaren 21ean Gipuzkoa plazan

Liburuaren eguna apirilaren 23an izaten bada ere, aurten igandea izango dela kontuan hartuta, 21ean egingo da hainbat hiritan, horien artean Donostian. Horrexegatik eta tradizioari jarraituz, Liburu Saltzaileen Elkarteak ostiral horretan egingo du Gipuzkoa Plazako ohiko Azoka. Bertan, 20ren bat liburu-dendak, banatzailek eta argitaletxek aurkeztuko dute beraien erakusketa.

Duela hainbat urte Donostia Kulturako Udal Liburutegi Sarearen eta Liburu Saltzaileen Elkartearen artean finkaturiko lankidetza-ildoari jarraipena emanez, karpa bat jarriko da erdian, eta hainbat jarduera gauzatuko da bertan egunean zehar. Liburutegia kalera aterako da sinbolikoki, bere burua ezagutzera emateko.

Egunari hasiera emateko, goizeko 9:30ean Txistularien Udal Bandak joko du eta Andoni Arantzegik, Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko lehendakariak, Azoka irekiko du. Aurten, Jose de Arteche, Bilintx eta Pío Baroja izango ditugu gogoan. Egile hauen hainbat obra, gainera, azokan aurkitu ahal izango dira.

Egun osoan zehar, karpara hurbildu den pertsona orok aukeratu duen egilearen paragrafo edo kapitulu bat irakurtzeko aukera izango du. Irakurraldia 5 minutukoa izango da, gutxi gorabehera.

Honela, etengabeko irakurraldia osatu nahi da gonbidatuen eta publiko orokorraren artean, hasi 9:30ean irekitzen denetik eta 21:00etan ixten den arte.

Euskararen Donostiaren karpan Euskara Patronatuak Irutxuloko Hitza, Bagera elkartea eta Donostia Kulturaren laguntzarekin argitaratutako Bilintx 175 urte direla eta... liburua eskuratu ahal izango da (*). Honekin hasiera emango zaio idazle donostiarra duela 175 urte jaio zela-eta aurten antolatu den egitarauari.

Horrez gain, Euskararen Donostiak argitaratutako lanak erakutsiko dira eta bi ordenagailu egongo dira erabiltzaileen esku euskaraz.net-ek Interneten jarri dituen Bilintxen lanak kontsultatzeko. Gune honetan, Donostiako beste hainbat idazleren testuez gain, Bilintxen bertso eta doinu guztiak jarri ditu Euskararen Udal Patronatuak.

Donostia Kulturaren karpan, berriz, argitalpen eta liburuxkez gain, aurten orrialdeak markatzekoak, pegatinak eta liburutegi-sarearen berri ematen duen liburuxka banatuko dira. Iñaki Martiarena, "Mattin", izan da hauen ilustratzailea. Bi orrialde-markatzeko egin dira, eta horietako batek Pio Baroja gogoratzen du, hil zela berrogeita hamar urte bete diren honetan.

Karpan, gainera, Liburutegi Sarean eskuragarri dauden heldu zein haurren monografiko berriak aurkitu ahal izango dira.

Honez gain, egun osoan zehar hainbat jarduera gauzatuko da: ipuin kontatzea, ilustratzaileak jendaurrean marraztea, marrazki-lehiaketa eta abar.


Liburuaren Mundu Egunaren aurkezpenaren grabazioa mp3n 4,6 mega


(*) Irutxuloko Hitzaren irakurleek Euskararen Udal Patronatuko karpan eskuratu ahal izango dute Bilintx 175 urte direla eta... liburua edo, apirilaren 23tik aurrera, Donostiako udal liburutegietako batean.