|
Erein-Euskadiko Kutxa
Donostia, Opera Prima
Narratiba Sariak
Donostia, 2007
2003. urtean Erein argitaletxeak, Euskadiko Kutxaren eta Donostiako Udalaren lankidetzarekin, EREIN-EUSKADIKO KUTXA eta “DONOSTIA OPERA PRIMA” literatura sariak eman zituen, sariketaren lehen edizioari zegozkionak. Sari hauen helburua euskaraz idatzitako literatura bultzatzea da, eta orobat da euskal egileak sustatzea. Sariketa bi urtez behin egiten denez, hirugarren saioa 2007. urtean egingo da.
|
Erein&Euskadiko Kutxa
Narratiba Saria 2003
|
|
|
Hamar urte barru
Joxe Belmonte
1973an egindako argazki bat dago eleberriaren argumentuaren oinarrian: lau mutil gazte ageri dira argazki horretan, Gorbeia mendiko gurutzearen aurrean. Hamar urteren buruan, 1983an beraz, berriro ere elkartuko direla agindu diote lau mutilek elkarri. Azken urteetan, ordea, izugarri urrundu dira elkarrengandik: bata erbestetik itzuli berria da, ezker abertzalearen munduan murgildurik bestea, talde bakezaleen oinarrietara lerrotua hurrengoa, eta droga, prostitutak eta poliziari emandako informazioa txandakatzen dituena azkena. Politikoki, sozialki eta sentiberatasunaren aldetik lau muturretan jarrita daude, beraz, eleberriko protagonistak. 1979tik hasita, hurrengo urteetan Euskal Herriak bizitutako zenbait pasadizo dabil narrazioan bueltaka: gerra zikina, atentatuak, manifestaldiak eta bakearen aldeko jarduerak.
Zarata eta burrunbots horren zimurretan, berriz, bizitza, maitasuna eta mundu gogorrak. Bilbo hiritzarraren bihotzetik kontatuta dago eleberria, gordin eta gogor.
"Hard times": heriotza garaile.
Joxe Belmonte F. de Larrinoa Bilbon jaio zen, 1960an, ekainaren 16an. Historian lizentziatua eta unibertsitate-berezilaria bigarren hizkuntzen irakaskuntzan, euskara arloan. Egun Leioako Mastitxu udal euskaltegiko zuzendaria. 1990ean Ez dira ilunak eleberria argitaratu zuen. 1999an Amodio zoroak ipuin bilduma. Bitartean hainbat ipuin lehiaketa irabazi ditu, “Imajina ezazu Euskadi”, “Donostia Hiria”, “Gabriel Aresti”...; baita hizkuntzen irakaskuntzari buruzko hainbat artikulu espezializatu ere.
|
Donostia, Opera Prima
Narratiba Saria 2003
|
|
|
Tango urdina
Aitziber Etxeberria
Komunera joan eta alboko bainugelan norbait zegoela konturatu nintzen batean, jakin-minak bultzaturik, begia paretaren kontra jarri eta zirrikitutik begiratu nuen. Ikusi nuenak ia arnasarik gabe utzi ninduen. Berebiziko emakume bat zen nire bizilaguna eta biluzik zegoen, bainuontzira sartzeko asmotan. Badakit ez dudala ondo egiten, baina orduan sentituriko zirrara beste behin dastatu asmoz konponketa atzeratzea erabaki nuen eta horrela nire hasierako asmo ona bertan behera geratu zen. Badakit espia nazkagarri bat bilakatu naizela, baina bakardadeak honelako gauzak egitera bultzatzen nau batzuetan.
Ez daki berak ongi zenbat atsegin dudan bere biluztasuna! Horrela ikustean, bera bezain ahaltsua sentitzen bainaiz.
Beti erritual bera egiten du Iosunek. Bainugelara sartu eta, argia piztu ondoren, ispiluaren aurrean geratzen da eta adi-adi bere aurpegi guztia aztertzen du.
Kopetatik hasten da beti, ondoren bekainak, betazalak, betileak eta sudurra etortzen dira, eta azkenik masailak, ezpainak, kokotsa eta lepoa. Bere edertasuna itsustuko duen ezer ez dagoela bermatu ondoren, aurpegia garbitu eta olio usaintsu batez masaje txiki bat ematen du astiro, gozotasunez.
|
Donostia, Opera Prima
Narratiba Saria 2003
|
|
|
Koadro isila
Xabier Etxaniz Rojo
"Urduri zaude oso.
Laurarekiko harremanak hondoa jota daude. Badakizu hurrengo galdera ez dela ea noiz izango duzuen seme-alabarik. Hurrengo galdera zera izango da, ea zer egingo ote duzuen amaiera ahalik eta samurrena izan dadin.
Egun batetik bestera emaztea zein maitalea galduko dituzu. Batak ziurtasuna ematen zizun. Besteak sexua. Batak zurekikoa amaitzea erabaki du. Besteak laster hartuko du erabaki bera.
Eta zera pentsatu duzu, ezin izan duzula ezer egin gauzak horrela izan ez daitezen. Edo bai?
Ez dakizu. Ez dakizu, eta ez duzu horretan pentsatu nahi.
Etorriko da etorri beharrekoa.
Eta orain Jessica da etortzekoa".
|
|
| |
 |
 |
|