Antzerkia
Donostia euskal antzerki modernoaren sorreran dago. Logikoa ere bada, antzoki eta euskaldun ehuneko handiena zeukan hiria zenez. Beste hainbat arlotan bezala, ekimen pribatuak bideratu zuen euskara taula gainean azaltzea, eta bertako hiru izeni ageri da lotua.
MARZELINO SOROA
Karlos VII.aren urte berean jaio zen, eta karlista aldeko ideiak zeuzkan. Bere lehen lan literarioa bertsogintza izan zen, kopla satiriko batzuk atera zituen alkatearen kontra, eta alde egin behar izan zuen liberalez beteriko Donostiatik, mehatxu gogorrak hartuta. Zorionez, Euskal Herriak badauka Iparraldea izeneko lurralde bat. Lapurdin kokatu zen, Ziburun, eta han, beste zenbait errefuxiaturekin zeukan tertulian, denbora-pasako ikusgarri batzuk antolatu zituen gaztelaniaz eta euskaraz. Horrela sortu zen Iriyarena, euskarazko kantuak zeuzkan komedia traketsa, baina gero, Donostiara itzulita jokatu zenean, egundoko arrakasta eduki zuena: koxkerokeria bat, soka-muturra eta guzti!
Horrelaxe gertatu zen euskararen abiatzea antzerkian.
Gimnasioa zabaldu zuen Marzelino Soroak, klaseak eman zituen, berak ere ariketa gimnastiko gaitzak egin izan zituen jendaurrean... Bere gidoiak idazteko ahalmena zeukan zirku-gizona izan zen Soroa gaztetan, antzerkigile baino gehiago. Ospetsua egin zen oso, eta dohain horiek kontuan hartuta, ez da harritzekoa abizenaz baliatuta donostiarrek «Txoroa» esatea. Zer besterik du merezi, antzerkia euskaraz egin nahi zuenak?
Piskanaka, idazle bihurtu zen Marzelino Soroa, gero eta pieza hobeak idatziz. Antzerkiaz landa bertso asko idatzi zituen. Baita kronika politak ere, gaztelaniaz. Bitoriano Iraolaren salbuespena eginda, bere garaiko donostiar idazle gehienen eredua da Soroa: euskara poesiarako eta dialogoetarako, prosarako gaztelania.
¡Adiós D. Marcelino!
Cosas donostiarras
Marcelino Soroa
On Marzelino Soroari
Pepe Artola
TORIBIO ALZAGA
Zorionez, Euskal Herriak badaukala Iparraldea izeneko lurralde bat: Ziburun Marzelino Soroak antolatzen zituen bilkura haietan jokatzen zutenetan bazen gaztetxo bat, antzerkiak liluratu eta orduan ez zekien arren, Soroa maisuaren lana jarraitu ez ezik gailenduko zuena.
Donostiako Udalak 1915ean Euskal Izkera eta Iztunde Ikastola sortu zuenean, Alzaga hautatu zuen zuzendari. Hautu zuzena, ordurako bost komedia polit eta opera bat, Txanton Piperri ospetsua, baitzeuzkan eginak eta zuzenduak. Iztunde Ikastolak bere dohain guztiak garatzeko aukera eman zion. Idatzi, figurinak diseinatu, irakatsi, entsaiatu, zuzendu... Benetako antzerkigilea zen, ez idazle hutsa.
Komediak idatzi zituen gehienbat, baina Soroaren lanek ez zeukaten egitura dramatikoz tajutuak. Euskal Iztundea sortu zenean bera hautatu zuten zuzendari, eta urte luzeak eman zituen postu horretan lanean. Esan liteke euskararen aurreneko funtzionarioetako bat izan genuela.
Esku hartze zuzena izan zuen hiriko eta are Euskal Herriko euskalgintzan, adinduta ere ibilaldi asko egin zituen bere jokalariekin batean eta bestean antzerkiak ematen.
Primer día del teatro euskaldun
El organizador del teatro vasco
Ayer, en el Principal
Bidegileak bilduma
AVELINO BARRIOLA
Aitaren lanbidea jarraitu nahi izan zuen, eta horretarako Parisera bidali zuten. Baina berriro Donostira etorri zenean zapatagintzan jardun baldin zuen arren, antzerkiaren grina ekarri zuen handik. Zinegotzia izan zen, eta berak aurkeztu zuen 1914an Toribio Alzagak zuzenduko zuen Euskal Iztundea erakundea sortzeko txostena, Lore Jokoen Batzarrearen eskaria bideratuz. Horregatik besterik ez balitz ere, leku berezia mereziko zuen gure antzerkiaren historian: Iztundeak aktore asko prestatu zituen, eta antzerkirako testuak eginarazi, bai idazleak sustatuz, bai itzulpenak eginez, eta Euskal Herri osoan barreiatu zituen estreinaldiak.
Horretaz gainera, ordea, Barriola antzerkigilea izan genuen: Lagun txar bat, Goi-Argi, Gai dagoanaren indarra, Zozoarro... bere lanek fedearen eta familiaren aldeko mezu moral bat daukate beti, eta horrek, bitxia badirudi ere, euskal antzerkiaren aurrerapena ekarri zuen, komediatik dramara -melodramara, zuzenago egin baitzuen urrats.
Santomasak Antzoki Zaharrean
Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia
Barriolaren «Goi-argi»