Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Gaiak
 
Gaiak
ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA

Eskola

 

        Astarloak Durangokoaren egoeraz Humboldti esaten dizkion hauek molda diezagukete, oro har, eskolaren egoera 1801eko Hego Euskal Herri hartan:

        «Maisuak eraztun bat ematen dio haur bati aste hasieran. Haur honi erregea deritza. Erne egon behar du nork egiten duen hitz bat euskaraz eskola barruan edo kanpoan beste eskola-ume batekin, eta eraztuna ematen dio. Honek ere erne egon behar du eta eraztuna eman eta horrela. Aste amaieran maisuak eraztunaren galde egiten du eta batak besteari eman dioten haur guztiei galdetzen die. Guztiek ere zutik jarri behar dute eskuak luze, alkandora altxatzen zaie atzetik, eta zigortu egiten dituzte».

        Alkandora, noski, bruxa da, ipurdian hartzen zutela zigorra umeek, ulertu behar dugu. Gaurko ikuspegitik inmoral, anakroniko eta antipedagogikoa iruditzen zaigun jokamolde hau ez zaie egotzi behar, soilik, maisu beltzei edo Madrilek diseinaturiko garbiketa linguistikoren bati. Guraso askok, zer ziren kontzientziarik gabe, halako gomendioak egiten zizkieten maisu-maistrei, hebain zitzatela seme-alabak, erdaraz ikas zezaten. XVIII. mendeko agirietan Elgoibarrek, Aiak, Beasainek... maisua kontratatzerakoan, eraztuna eta zigorrak erabil ditzala eskatzen dute, haurrari eta euskaraz egiten ez uzteko «ez eskola barruan ez kanpoan».

                    Chispazos en el agua

        Beti daude salbuespenak, Agustin Pascual Iturriaga idazlea dugu horietako bat. Hernaniarra, latin gramatika irakasten zuen bertan, eta dirudienez, bere ikasleak asko nabarmentzen ziren Oñatiko Unibertsitateko azterketetan. Iturriagak eskaera bat egin zion Diputazioari 1817an, ikastetxe bat zabaltzeko Hernanin, bere anaia Cayetanorekin eta Manuel Larrarte maisu eta organistarekin batera. Tolosako Artxiboan dagoen espedientean argitzen da ez litzatekeela zigor fisikorik erabiliko, «ningún maestro ni inspector podrá poner las manos sobre los alumnos por motivo ni pretexto alguno». Gure agintariek lehenago Joannes Etxeberrik latina ikasteko euskaraz egindako metodoari ezetza eman zioten bezalaxe egin zitzaion uko Iturriagaren eskaerari. Arrazoi ilunak egon zitezkeen tarteko, bere herrian salatu egin zuten entziklopedista eta Voltaire-zaletzat. Iturriaga izpiritu landua zen, maiz etortzen zen Donostiara, bertako intelektualekin biltzera, eta ihes egin behar izan zuen Iparraldera. Itzuli zelarik, ez zuen berreskuratu behialako asmoa, tamalez.

                    El maestro Rodríguez

 

 

IRACURTZAREN ASIERAC

 

        «Esta lengua que está tocando casi a su fin...» esaten du Lardizabalen Gramática Vascongada argitaratzeko Gipuzkoako Diputazioaren erabakiak, 1856ean. Eta lehen mailako maisuen artean banatzeko agindua eman zuen, euskararen ikaskuntza zabaltzearren. Euskara argiaren zabalkunderako oztopoa zela esaten zuten Inperioaren eta Errepublikaren teorikoek Frantzian, Espainian ere ez zebiltzan motel ideia horretan. Donostian, eskoletako inspektore izan zen Juan María de Egurenek defendatzen zituen euskararen aurkako argudioak. Karlistek begirune handia agertu zioten hizkuntzari, tradizioaren oinarritzat hartu zuten. Gogor salatu zuten, besteak beste, foru batzarretan gaztelania hutsa erabilia.

                    Comisión de Instrucción Pública

        Gipuzkoako Diputazioak agindu bat adostu zuen 1874an, herrietako alkateei neurriak har zitzatela eskatuz eskola publiko guztietan zuzendari euskaldunak izateko, eta lehen irakaskuntza euskaraz eman zedin. Katixima euskaraz irakatsi behar zen, eta irakurtzen euskaraz ikasi behar zuten umeek aurrena. Horretarako, ordea, metodoa falta zen, eta laster sorrarazi zuen Diputazioak berak Iracurtzaren asierac izeneko liburukia, eta Tolosan inprimarazi. Baina urte hartan bertan amaitu zen gerla, karlisten porrotarekin.

 

 

ESCUELAS VITERI

 

        Pedro Viteri Arana jaunaren leinua arabar jatorrikoa zen, nahiz eta Arrasaten jaioa izan. Ahaide Nagusietatik zetorkion aitari aberatsaren grazia, eta anaiarekin batera eskolarik onenetan ikasi zuen... Parisen. Pedro hau zen gazteena, eta aita eta anaia hil artean ez zuen ezer berezirik egin, ezpada ezkondu (Doña Celine Wood & Bland harturik emazte), naturaren xarma miretsi eta Miarritzeko txaleteko lorategia zaindu. Oinordeko bakar gelditu zenean, dirutzaren poxi bat Arrasateri uztea erabaki zuen, bere izeneko patronato bat sortuz. Diputazioko lehendakaria, Entzutegiko lehendakaria eta Gipuzkoako bigarren hezkuntzako institutuko zuzendaria izango ziren kudeatzaileak.

        «En su deseo de favorecer a la villa de Mondragón, su pueblo natal, considera que el mayor servicio que le puede prestar es la de impulsar el fomento de la instrucción popular, base de la prosperidad, agente principal de la moralidad y ennoblecimiento, condición necesaria de la educación social y requisito primero de la regeneración nacional».

        Lurrak erosi zituen, eraikuntza jaso zuen: eskola bat. Mustu zutenean, herriko maisu Lacalle jaunak eginiko bertsoak eman zizkion haur batek, «pergamino ikusgarri batean» idatziak:

                Todos dicen con verdad

                Que educando bien los niños

                Darán ellos sus cariños

                A toda la Humanidad.

                Y como su caridad,

                Señor Viteri, es inmensa,

                El pergamino condensa

                La vida y el corazón

                Que os dedica Mondragón:

                ¡Recibidlo en recompensa!

 

        Arrasaten ez ezik, Gipuzkoako hamar herritan eraiki zituen eskolak XIX. mendearen amaieran Viteri jaunak: Hondarribia, Errenteria, Antxoko Pasaia, San Juango Pasaia, Irun, Hernani, Urnieta, Aretxabaleta eta Donostian, guztira 774.600 pezeta emanez. Damurik, ez berak ez berak izendaturiko kudeatzaileek egin zioten hizkuntzari konturik.

 

 

FUNDACION OSTOLAZA

 

        Jose Manuel Ostolaza gipuzkoarra zen Gaztelan jaioa izanagatik; gurasoek Valladolid aldera jo zuten karlistaldia zela eta, baina amaitutakoan berriro itzuli ziren beren herrira, Debara. Itsas kapitainaren ikasketak egin zituen, eta Habanan gelditu zen harat-honatez aspertu zenean. Kafe merkataritzan hasi zen, eta gero Mexikon jipi-japa deitu kapeluak egiteko fabrika antolatu zuen. Dirutza eginik, Mexiko, EEBB eta Deba artean bizi izan zen. Irakaskuntza eta kultura bultzatzeko Fundazioa sortu zuen, Ostolaza izenekoa, 1928an legeztatua. Euskarak ez zuen lekurik hartu ahal izan bertan.

                    La educación en 1928

                    La escuela de párvulos

                    La escuela de la compañía

 

 

OFIZIALTASUNAREN BILA

 

        Euskararen defentsak, piskanaka, oinarri zientifikoa hartu zuen. Tradizioaren edo erlijoaren oinarritzat hartu beharrean, gure hizkuntza gaztelaniaz ez zekiten haurrak eskolatzeko tresnarik egokiena zela hasi ziren zabaltzen teorikoak. Defentsa hau oso uzkurra zen, ez baitzuen hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen, baina hala ere lehen oinarria ezarri zuten Eduardo de Landetak eta bere ondokoek elebitasunaren teorian.

                    El bilingüismo escolar

        Lan teoriko honek Belgikako eta Ingalaterrako zenbait lege hartu zituen abiapuntu gisa, eta katalanek egiten zuten politika ausarta eredu gisa. Kezka eta aldarrikapena batu zituen mugimendu hau Eusko Ikaskuntzaren lehen hiru batzar nagusietan nabarmendu zen bereziki.

                    Alfonso XIII.aren hitzak 1918an

                    Julian Elortzaren hitzak

                    Alfonso XIII.aren hitzak 1922an

 

 

MIGEL MUÑOA

 

        Migel Muñoa Donostian jaio zen 1868an, eta Donibane Lohizunen hil, 1953an. Gazterik hasi zen euskalgintzan, hizkuntza oinarrizko heziketan sartzeko asmotan, eta 1914an euskaraz jarduten zuten bi gela osatu ahal izan zituen. Handik hiru urtera karmeldarren komentuan kokatu ahal izan zuen «Euskal Ikastetxea» izeneko eskola: hauxe dateke Donostiako lehen ikastola. Gorabehera handi samarren artean iraun zuen 1920 arte; dirua galdu egiten zuen Muñoak gehiago, euskalgintza aurreratu baino. Baina orduan klaratarren esku gelditu zen komentua, eta akordio berri baten ondoren «Koruko Andre Mariaren Ikastetxea» hartu zuen izena 1924an, aita Zabala-Arana buru zeukala. Bere patrikatik ordaindu zituen Muñoak bai irakasleak eta bai ikasleek behar zituzten liburuak: Zabala-Aranaren beraren Gramatica Vasca, Zenbakiztia, Lutelestia... Garai gogorrenetan lan isil eta kementsua egin zuten beste hainbat euskaltzale bezala, ahaztua daukagun figura dugu Migel Muñoarena. Ez dauka karrikarik, ez monumenturik, Viterik edo Ostolazak bezala. Orixe ikastolakoak bakarrik oroitu dira gizon handi honetaz...

                    Migel Muñoa

                    Donostiar haiek garaiak

 

        On-Bide zineman, Errenterian, Euskaltzaleak erakundeak hitzaldi sorta bat antolatu zuen 1931ko urtarril-otsailean. Ekimen honen helburua lehen irakaskuntza euskaratzea zen, edo lehen irakaskuntzan elebitasuna ezartzeko aurrerapausoak egitea, kasu honetan publizitarioak. Hizlarietako bat Donostiako Etxeberria jauna izan zen, Aitzolek aurkeztua: Elias Etxeberriak zortzi urte daramatza euskarazko klaseak ematen, eta matematika eta zientzia guztiak euskaraz ematen, Koruko Andre Mariaren Ikastetxean... Migel Muñoak finantziaturiko eskola honetan ikasitako lau mutiko ekarri zituen Etxeberriak jendaurrean frogak egiteko. Entzule guztiak txunditurik gelditu ziren. Izan ere, S. Oyangurenek interes buruketak egin zituen, Xabier Ubillosek lehen graduko ekuazioa argitu zuen, Joakin Aranberrik geometriako buruketak burutu zituen, zilindroaren bolumena kalkulatuz, J.M. Romaratek geografiako galdeei erantzun zien... dena eta laurak euskaraz!

                    Lección de castellano

        Argia astekariak izugarrizko albiste bezala jakinarazten du 1926an, hamaika gazte euskaldun maisu egin berri direla Iruñean. Hauetatik hiru nafarrak dira, eta Gipuzkoakoak besteak, Alkiza, Albistur, Arrasate eta Anoetakoak, tartean Emiliano Mujika idazlearen semea dagoela. Askoz gehiago behar ziren, jakina, lehen mailako irakaskuntza euskalduntzeko. Baina hamaika maisu euskaldun kopuru ederra zatekeen, azpitik, gurasoengandik eta kudeatzaile politikoengandik indar handirik egiten ez zen hartan. Donostiako eskoletan euskara gai bezala ikasten duten haurren kopurua ematen digu Aitzolek 1931n, eskoletako umeak eta alfabetatze klaseetan zebiltzan helduak nahasiz, itxura batean:

       

                Koruko Amaren euskal eskola: 300

                Arantzazuko Ama euskal eskola: 130

                Euskal Eskola Munizipala: 90

                Eusko Etxeako katedra: 110

                Euskaltzale Gaztedia: 40

                «Euskaltzaleen» klaseak: 20

                San Bartolome ikastetxea: 140

                San Migel ikastetxea: 125

                Mirakrutz ikastetxea: 15

                Jesusen Bihotza ikastetxea: 12

                Los Angeles ikastetxea: 250

                Euskal Ikasle eta maisuen elkartea: 85

                Nazaret sindikatua: 160

                Jesuiten ikastetxea: 90

                Martuteneko ikastetxea: 23

                Santa Teresa ikastetxea: 48

 

        Ikastetxe guztiek dute asmoa euskarazko katedrak sortzeko. Maristek eta salletarrek laster aterako dituzte euskaraz ere, erdaraz argitaratzen dituzten testu-liburuak. Aitzolek urte garrantzitsutzat ematen du 1931-32 ikasturtea, hasieran ez baitziren hamar euskarazko klaseren bat ematen zuten ikastetxeak. Amaieran ehunetik gora izango zirela ziurtatzen zuen (kopuru hau probintzia osorako ulertu beharko da noski). Esperantza honetan antolatu zen Donostian 1931ko abuztuan, Salon Novedadesen «Congreso Vasco de Bilingüismo» izenekoa, Gipuzkoako 497 maisu-maistra eta Bizkaiko 437 bildu zituena, era eta ideologia guztietakoak, Bonifacio Echegaray zutela lehendakari. Irakasle hauetako gehienak erdaldunak ziren, eta kezkak zeuzkaten elebitasunaren aurrean, pentsatzekoa da lanpostua kolokan ikusiko zutela Euskal Herriak Kataluniaren bidea hartuz gero. Hala ere, jardunaldi hauen buruan erabaki zen Europan elebitasunarekiko onartuak zeuden neurriak Euskal Herrian aplikatzea, eta pedagogia talde bat sortzea Aita Altzo (Aniceto de Olano) buru zuela, Europan elebitasuna lantzen zuten taldeekin harremanetan jartzeko. Altzok Bizkaian egin zituen bere lanik interesgarrienak gerra garaian, baina donostiarra zen.

 

 

NOLABAITEKO BEROTASUNA

 

        1931n Espainiak Errepublika ezarri orduko, Kataluniako Generalitateak bere gain hartu zuen irakaskuntzaren eskumena maila guztietan, Madrilen transferentzien zain egon gabe. Handik hamabi egunera, apirilak 26, honelakoak azaldu ziren El Dia egunkari nazionalistak editorialean, kataluniarren eredua laudatuz:

        «Numerosas y reiteradas han sido las reclamaciones vascas por el logro de una enseñanza peculiar adaptada a las especiales circunstancias de Euskalerria. Todo ese cúmulo de peticiones y reclamaciones, de una mansedumbre y prudencia exquisitas, han sido perfectamente estériles e ineficaces. Nos hemos contentado, hasta el presente, con cursar telegramas redactados según las normas de un formulario que no ha traspasado los linderos de una actuación sin fe, ni decisión. Porque nos faltaba valor para actuar aquí, nos han despreciado allí, conscientes de nuestra impotencia».

        Berdintsu dihardu Oñate izeneko batek El Pueblo Vascon, egoera politiko berriak bide aski zabalak eskaintzen zituen lanerako:

        «Emen euskaldun guztiak garrantzi aundia eman bear diogun gai bat. Euskalduntzat dauzkagun erri guztietan, euskal ikastolak irekitzea. Ikastola aben alde lanean aritzeko, iru zergatiko dauzkagu, irurak indartsuak. Irakaskuntzaren aldekoa bat, Uzkurtzaren aldekoa bestea eta Aberriaren aldekoa irugarrena (Pedagógico, religioso y patriótico)».

        Baina euskaldungoa oro har, eta bereziki hizkuntzaganako kezka eta ardura eduki behar zuketen maila gorenak, urte luzeak eginak zeuden erdarari amore emanda. Pasibotasun horren ondorioa, epelkeria izan zen. Salaketa eta autokritika gogor batekin hasitako editoriala honela amaitzen zuen, izan ere, El Díak:

        «Queda hecha una noble y suprema advertencia a todos. No es sólo hora de comentarios pesimistas; es la hora suprema de trabajar, de actuar reconstituyendo los grandes valores de la raza vasca, empezando por su lengua. Quizá lleguemos aún a tiempo».

        Lanerako dei sutsua den arren, susmoa hartzen diot azken esaldi horrek ez ote duen salatzen nolabaiteko etsipen bat, euskararen aldeko borroka galdua zutelako ustea. Arzelus-Zubimendi kazetari bikoteak «Biona» sinatuta, suminduraz betetako honakoak irakurtzen ahal ditugu 1932an El Pueblo Vascoren euskal orrialdean.

                    Aitzakia

 

 

ETXEKOANDEREÑOAK

 

        Muñoak subentzionaturiko ikastetxe hartan ez ziren denak fraideak, bazebilen bestelako gonadun bat han, Zumaian jaioa izan arren donostiar petoa, Elbira esaten zioten gaztea, maistra tituluaren jabe zena, eta sei urte arteko umeekin lan egiten zuena. Ez zen nolanahiko neskatila Elbira hura; abertzaletasunaren proselitista zen, Emakume Abertzale Batzako partaide, eta mitinetan ibiltzen zen han eta hemen hizlari (Ira ezizenaz, artikuluetan bezala). Baina neska sutsu hark ez zekien Donostiako ikastolen oinarri-oinarrian egongo zela. Gerrak behartu zuen hartara, gerrak eta gerraondoak.

        Elbira Zipitria 1942an itzuli zen Donibane Lohizunetik Donostiara, eta Antonio Labayen idazlearen Mattin eta Ramon semeei -gero Donostiako alkatea izango zen hau- klaseak ematen hasi zen. Bertan geldituriko familia euskaltzaleen haurrei denetariko klaseak euskaraz ematen jardun zuen 1946 arte, banaka eta talde txikitan, etxeetara joanda. Urte horretan, eta legeak uzten zuen zirrikitu batez baliatuz, bere etxean zabaldu zuen eskola, Fermin Calbeton karrikan, bederatzi urte arteko umeak hartuz. Klandestinitatean bera eta klandestinitatean umeak, nora zihoazen galdetuz gero zer gezur erantzun behar zuten zen aurrena irakatsi behar zien ikastekoa. Klandestinitatean, aipatzekoa da, gurasoak ere: Zipitriaren eskola, teorian eta legez, gaztelaniazkoa baitzen. Horrek ez zuen Elbira Zipitria ikaratuko, gerraurretik ezagutzen zituen emakumeak berriro antolatu zituen, presoentzako jakiak eta arropak biltzen hasia zen, eta mugaz haraindiko mezuak zekartzan aldian behin...

        Mª Dolores Goia, Karmele Esnal, Jone Forkada, Faustina Karril, Amale Artzelus... Zipitriaren ereduari jarraituz 1950eko hamarkadan etxe-eskolak sortu zituzten andereñoak ditugu. Berauei esker aurkitu ahal izan zuten euskaltzale donostiarrek irtenbide txiki bat frankismoaren ito behar hartan beren seme-alabentzat. Eskolok hedadura garrantzitsua hartu zuten hala ere, prestijiodunak ziren beti kolokan egon arren, eta toleratuak izatera pasa ziren, hezkuntzako inspektoreen bisitak eta guzti. Zipitriak bazeukan eskurik itxuraz Gobernu Zibilaren aurrean; izan ere, antzeko esperientzia saiatu zutenean Bilbon 1957an, Elizaren babesa eta guzti, berehala debekatu zituen hango gobernadoreak.

        Elbira Zipitriak oso tinko iraun zuen balore sabindarretan, tradizionalista zen erlijioan eta gizarte ikuskeran. Zahartutakoan, aldamenean zeukan Euskadiko Kutxan azaltzen zen astero, buzoian utzia zioten publizitatearen euskal testuari h guztiak kenduta itzultzeko. Luis Mitxelenak ere kontatu izan zuen nola debekatu zion bere izena aipatzea, onerako bazen areago. Traidoretzat zeukan, antza.

                    Etxea ikastola

                    Elbira Zipitria

                    Faustina Carril

 

 

HASIAK EGINA DIRUDI

 

        Karlos Santamaria eta Jose Migel Zumalabe, bi giltzarri frankismopeko Donostian demokratentzat eta euskaltzaleentzat, kezkaturik zebiltzan, lehen hezkuntza euskaraz egina zuten haurrek txori-lepo estua zeukatelako bigarren hezkuntzarako: ez zegoen zentrorik, eta legeak onartuko zuen bat egitekotan dirutza handiak bildu beharko ziren. Biak ere gurasoak ziren, eta seme-alabak etxe-eskoletan ibiliak zituzten, bazuten premien berri. Errealitatea aldatzeko, etorkizuna eraikitzeko sortu zuten gizonok, besteak beste, Santo Tomas Lizeoa, egun ezagutzen den bezalakoa, 1960an. Aipagarria da, hasiera zail eta neketsu hartan, Joxe Mari Lasarte jaunaren lana eta eskuzabaltasuna. Baina arrazoi zeukaten beren «hasiak egina dirudi» leloan. Hamar urte geroago, azpiegituran eta ekimenean Lizeo honi estuki lotua, Barandiaran Lizeoa sortu zuten Ikasbide, Jakintza, Martutene, Orixe eta Zurriola ikastolek, 1971ko lege batek behartuta: edo Oinarrizko Heziketa osoa ematen zuten, edo eskolaurrekora mugatu beharko zuten. Ikastola hauetako azken hiru urteak Barandiaran Lizeoan egingo zituzten ikastolotako haurrek, 1.600 inguru, Santamariak eta Zumalabek ederki ikusia zuten moduan. Lizeoa harpidetzaz ere finantziatu zen:

 

                10.000 pezetako        400 harpide        4.000.000

                20.000 pezetako        200 harpide        4.000.000

                25.000 pezetako        100 harpide        2.250.000

                50.000 pezetako         50 harpide        2.500.000

                GUZTIRA        950 harpide        13.000.000

 

        Filosofia horrek, ezinbestean, herriaren parte hartzea ekarri behar zuen, maila guztietan. Ikastolak herri-emaitza izan dira, inolaz ere, eta herriak zerbait propio bezala hartu izan du historikoki: guraso euskaldunek kuotak ordainduz, guraso erdaldunek euskaldunduz, gurasoak ez zirenek laguntza-bonoak hartuz, guraso eta ez guraso lanbidedunek zurgintzan edo hormagintzan jardunez, elkarteek festetan tabernak antolatuz... eta ikasleak berak eskola eredu frankistak onartzen ez zuen eztabaida eta elkarlanean haziz. Elite batzuek hasi zutena, herriak jarraitu zuen. Urtez urte, 2.500 haur berri hartzen joan ziren ikastolak ikastaro bakoitzeko.

                    S. Tomas Lizeoko zuzendariarekin hizketan

                    1977ko kanpaina..

                    »Haur bat naiz, eta zer?»

                    Donostiar haiek garaiak

 

 

ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak