Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Gaiak
 
Gaiak
ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA

Irratigintza

 

 

LEHEN IRRATIZKIÑA

 

        XX. mende amaieran konputagailuek ekarri zuten komunikabide-iraultzaren parekoa izan zen mende horren hasieran, 20-30 hamarkadetan zehazkiago, irratiak ekarri zuena. Komunikabide modernoena zen hura, hotsa, euskal hotsa, «zabalean» heda zezakeena, garaiko terminologia erabiliz. Beste aurrerapen askorekin gertatu bezala, euskara oso atzean gelditu zen teknologia berriaren erabileran, nahiz hasieratik bertatik erdararekin batera aireratu.

 

«Europa guztiko «radio» soñuak edo arigabeko «telefonia» aitzeko Autodino Radiomax tramankulua bear diran tresna guziakin 190 pesetan saltzen degu. Tramankulua erabiltzea oso erreza da. Bear diran zuzenpideak ere bialtzen ditugu. Berreun baño geiago jarri ditugu Euskalerri guzian. Etxe ontako guziak euskaldunak dira. Urreta ta Leizaola. Garibay, 28. Urrutizkiña 25-05. Donostia.»

 

        Donostiako Udalak nahi izan zuen irrati bat antolatu, «turismoa indartzearren». Ez zuen Madrildik baimenik lortu, baina Udalak ezin eskuratu izan zuena Sabino Uzelaieta jaunari eman zioten 1925ean (alkateordea zelako, menturaz!), eta hala sortu zen EAJ-6, Radio San Sebasti n. Kronikek esaten digutenez, euskaraz ere ematen hasi zen saioren bat: 1925eko irailaren 29an zabaldu zen euskara aurrenekoz irrati bidez. Honek oso harrera ona izan zuen euskaltzaleen artean, ikusten baitzuten, Argia asterokoek bereziki, nolako posibilitateak ematen zituen irratiak, oraindik ere gehiengoa analfabetoa zuen publikoarengana hurbiltzeko. Hona hemen saio haietako baten egitaraua:

                Lehenengo atala:

                        1. Eresia

                        2. Radio-onespena

                        3. Mendi-mendiyan: tenor abestiya

                        4. Irule, donostiar aba

                        5. Recóndita armonía (Pucchini)

                        6. Eusko rapsodia

                        7. Carmen eresia

                        8. Lezoko Kristo

                        9. Eusko Rapsodia

                Bigarren atala:

                        1. Abestia euskaraz

                        2. Kitolis, bakarrizketa euskaraz (Alzaga jaunak)

                        3. Eusko-eresia

                        4. Dantza-eresiak, Donostiako txistulariak

                        5. Amezketako Pernandoren ipuiak (Egileor jaunak)

                        6. Ator mutil, Ijitoak

                        7. Eresia

                        8. Ijitua

                        9. Abestia

                        10. Ariñ-ariñ

 

        Musikan oinarrituriko programa hauetaz gainera, ageri zen, nonbait, gerora Pello Kirtenen figurak bilduko zuen umore narrats eta alienatuaren hazia. Horixe salatu zuen behintzat Arzelus'tar Ander Luzear-ek.

                    Erritarren lepotik parre egitea

        Baina kritika honek ez zuen eragin handirik izan. Handik urtebetera ere kexu zen Nabarriztarra (Jose Zabala-Arana): «Astero beintzat baserri-lanentzat euskerazko itzaldia irredatzea ez ote degu iritxiko? Nork egin bai omen da-ta». Eta lehentxeago, artikulu berean: «Tamalez irratizkin onek gauza benagorik ez irredatzea!».

        Herri-kontzientzia eta euskararen zabalkunderako berariaz sorturiko tresna zirudien irratiak. Baina ez zen hala gertatu. Menturaz urte haietan ezin suma zitekeen urte gutxiren buruan irratia merketu eta etxeko tresna arrunta bilakatuko zela...

 

 

ORDU BETE ASTERO

 

        Euskarazko irratsaioek bigarren loraldi bat izan zuten Donostian 1932an, bertako Joseba Zubimendiren eraginez eta Eusko Gaztediren laguntzaz, erakunde honek hartzen zuela bere gain hartarako behar ziren antolaketa guztien ardura. Bazuten beldurra, saioaren berri ematen eta publizitatea egiten hasi zirelarik, jendeak trufatzat hartuko ote zuen. Aurreneko saioaren egitaraua eman ondoren, honela zioen Joseba Zubimendik El Pueblo Vascon:

 

«Arazo orren gain au baldin badezu lenengo izparra, agian, isekaz diogula usteko dezu. Baina, ez; sinista zazu. Aste asko baino len, zeure etxean edo besteren batean irratizkina entzuteko tresna bat badaukazu, entzungo dezu eusko abotsa».

 

        Harrigarria da: aurretik euskarazko saiorik inoiz egon ez balitz bezala mintzo dira Errepublika garaiko euskaltzaleak. 1932ko martxoak 2 zituela eman zen lehen euskal programa finkoa Donostian, Union Radio San Sebastian izeneko etxean eta arratsaldeko zortzietatik bederatzietara bitartean. Sail hauek osatu zuten programa: Joseba Zubimendiren agurra, Beorlegi eta Egileor antzezlari bikainen jostaldi bat, Gabriel Olaizolak zuzendutako Eusko Abesbatzaren saioa, eta Ander Arzelusen hitzaldi laburra. Zubimendiren poema bat izan zen saio historiko honi hasiera eman ziona, agur gisa.

                    Ua, ua...!

                    Unión Radio San Sebastián

                    Euskera radioz

                    Joseba Zubimendi, estropaden emankizunean

        Joseba Zubimendi izan zen saio honen nondik norakoa diseinatu eta mantendu zuena, urteetan. Euzko Gaztedikoen laguntzaz, hainbat idazleren ahotsa eman zuen, hitzaldi laburrak eginaraziz. Hala ariko ziren mikrofonoaren aurrean Joxe Ariztimuño, Xabier Lizardi, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, eta baita herrietako kronikariak ere. Hango eta hemengo txistulariak eta abeslariak ere ekarri ohi zituzten, Zarauztik, Errenteriatik, Lezotik, Pasaiatik... beti ere Txomin Olano piano-jole «sona aundikoaren» laguntzaz. Saioak ezinbestez zuzenean egin behar zirela kontuan hartuta, lan gaitza egin behar izango zuten arduradunok estudioan bertan ez ezik astean zehar ere, jendea inplikatzeko, saioak prestatzeko, partehartzaileak garaiz etorrarazteko.

                    Hor dago okerra

                    Berri on bat

                    Euskera irrati bidez

                    Centésima emisión

        Hogeiko hamarkadan Argiakoek eskatzen zuten baserritarrentzako irratsaioa frankismoan sortuko zuen Radio La Voz de Guipúzcoak, Caja de Ahorros Municipalak lagunduta. Mª Dolores Agirre Euskal Iztundekoak gidaturik estilo bat markatu zuten Enrike Zurutuzak eta Manu Oñatibiak erdal izena zuen euskarazko saio hartan, Charlas con nuestros baserritarras, nekazaritako gaiak landuz... Euskal irratigintzaren historia dira, eta fonotekan gordeak eduki beharko lirateke «Kaixo Joxe Migel!» hura eta «Fanderiko pentsuak, ez merkeenak, bai onenak!» beste hura. Programa honekin batera, Basarrik bete zuen euskararen kuota erdi sinbolikoa irratian garai gogor haietan, «Nere bordatxotik» izeneko saioarekin, ferien eta herri kirolen berri emanez. Programa horrek, ordea, maila jasoagoa eduki zuen hasieran, Nemesio Etxaniz zeukanean esatari eta, batez ere, gidoilari. Baina onegia zen Don Nemesio, gauza onerako.

                    Nemesio Etxanizen gutuna

                    Basarri

 

 

24 ORDU EGUN BATEAN

 

        Loiolan aurrena eta Donostian hurrena, Herri Irratia izan zen euskara komunikaziorako tresna baliagarri unibertsal bezala erabili izan zuen hedabide ia bakarra. Bertsolaritzatik eta albistegi xumeetatik beste esparru batzuetara ausartuz, gero eta programa gehiago egin izan zituen euskaraz, aldi berean profesional talde garrantzitsu bat osatzen zuela: Nikolas Aldai, Txaro Arteaga, Jose Ramon Beloki, Joxe Mari Iriondo, Karmelo Otaegi, Jose Mari Otermin, Iñaki Zubizarreta... Talde honek antolatu zuen irratigintzan ez ezik euskalgintzan mugarri eta eredu den ekitaldi erraldoia: 24 Orduak Euskaraz.

        Halaxe egin zuten gainera, 1976ko martxoaren 27an Loiola, Iruñea, Bilbo eta Donostiako Herri Irratiek, elkarlanean eta Euskal Herri osora hedatzeko etengabeko irratsaioa hogeita lau orduz. Funtsean, euskal kulturaren bilduma handi bat izan zen, urte batzuk lehenagotik herri mailan hainbeste ugaritu ziren aste eta hamabostaldi kulturalen ondorioa, nolabait. Eta traba guztien gainetik egin zen.

        Intelektual inportanteenak elkarrizketatu ziren: Joxe Migel Barandiaran, Pierre Lafitte, Patxi Altuna, Joxe Azurmendi, Martin Ugalde, Julian Ajuriagerra, Julene Azpeitia...

        Mahai inguruetan parte hartu zuten garaiko idazle gazte eta konsakratu gehienek, antropologoek, ekonomilariek, artistek, editoreek: Zumeta, Mendiburu, Goenaga, Telleria, Kortadi, Larramendi, San Martin, Lizundia, Haranburu, Agirrebaltzategi, Zavala, Unzurrunzaga, Larrea, Gorroño, Ansola, Kanblong, Torrealdai, Amatiño, Unanue...

        Kronikariak, luxuzkoak izan ziren: Iñaki Azkoaga, Gorka Kn»rr, Patxi Zabaleta, Kepa Zalbide, Jean Haritxelhar, Roger Idiart, Leopoldo Etxeberria, Amatiño, Mikel Argiñarena, Iñaki Zabala, Inazio Xabier Azkue, Jesus Atxa, Patxi Uribarren, Mikel Ugalde, Axentxio Hondartzabal, Juan Mari Mendizabal, Juan Luis Goikoetxea, Joxe Angel Irigarai, Joxe Mari Satrustegi...

        Eta amaitzeko, kantaldi eder bat antolatu zuten belodromoan, han izan ginenok hunkiturik oroituko duguna beti, egunari Zumetak egin zion afixa ederrarekin batera.

        Hala ere, 24 Orduak Euskaraz haiek ez ziren osoro izan euskaraz. Elkarrizketatuen artean izan ziren bi pertsonaia gure hizkuntzan jarduteko gai izan ez zirenak: Jorge Oteiza eta Julio Caro Baroja. Baina ez zuten nahikoa erdara egin, hala ere, 24 Orduak Euskaraz ekitaldi historikoak aipamen jator bat eduki zezan erdal prentsan.

                    Peio Ospitalen hitzak

                    24 orduak euskaraz

                    Gabonetarako irratia-telebista euskaraz

                    Noizko...?

 

 

ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak