Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Gaiak
 
Gaiak
ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA

Kantagintza berria

 

 

FESTARIK BEHAR BADA...

 

        Donostia beti festarako pronto. Festak, zer dudan egin, musika dakar, alderantziz ez bada behintzat. Piralak, joana zen mendeaz 1900an egin zuen kronikan, Ibarguen, Chanboliñ eta Shagarrarbola danbolinteroak aipatzen ditu. Horiek ziren garaiko herri-musika, plazakoak; ganbera musikarako Sociedad Filarmonica zegoen... Nonahitik hasi gintezke Donostia eta musika lotzen.

 

                Txistulariak: Ansorenatarrak...

                Errepertorioa: San Sebastian egunekoak, Kaldererotakoak, Iñauteritakoak...

                Abesbatzak: Orfeon Donostiarra, Eusko Abesbatza, Coro Easo...

                Konpositoreak: Santesteban, Sarriegi, Usandizaga, Sorozabal...

                Kantu-biltzaileak: Jose Manterola, Aita Donosti...

 

        Mota guztietako musika jo eta egin izan da Donostian, berdin elizakoa, militarra edo dantzakoa.

        Hiriburuko kaletarren libertimendu handienetako bat kaleak utzi eta inguruetako larre eta mendietan erromeriak egitea zen. Loiolako erromeria deskribatzen digularik, Marzelino Soroak hasperen egiten du «xaxi-danbolina» baztertu dutelako tresna berri batzuek, «esos ingratos instrumentos de inverosímil nombre», bildu eta zabaldu egiten diren traste «inarmonikoak». Hitz-joko ironikoak egitea maite baitzuen Soroak, «inarmonica» hitzaz, noski, «filarmonika» adierazi nahi du. Hortxe daukagu, uste gabean, trikitixaren lehen aipamena Gipuzkoan, 1894an. Donostiarra beti berritasunean.

                    A Loyola, a Loyola!

                    Euskal Erriko kanta zarrak

 

 

DON NEMESIO

 

        Nemesio Etxaniz, Don Nemesio, gerra aurrean apaiztua zen, Comillas-en Orixe irakasle izanda gero. Lizardi hildakoan idazten hasia, askok pentsatu izan zuten Astiz'tar Xabier bezala sinatzen zuen hark beteko zuela laster zarauztar handiaren heriotza goiztuak utzitako hutsunea. Baina beste idazle askori bezala, gerrak moztu zion gorantz zekarren ibilbidea. Atxilotuta Burgosera bidali zuten, eta behin baino gehiagotan esan izan zuen horrek salbatu zuela, Burgosera gabe Donostiara ekarri izan balute, adibidez, fusilatu egingo zuketela. Aitzol zeukan gogoan, noski.

        1956an azaldu zen Donostian Don Nemesio. Hona heldu baino lehen edukia zen bere arazotxoak agintariekin, baina Donostian garatu ahal izan zuen osorik bere sen politikoa. Apaizgoa herriaren zerbitzuko ulerturik, hainbat gutun idatzi zien garaiko gobernadore zibilei, 1958-68 bitartean: euskaraz ezin publiko egitea, halakoren semeari poliziak eman zion jipoia... Honek, noski, «amaika adiskideren oztasuna» eta «gotzaien makilkada» ekarri zion, bereak dira hitzak.

                    Nemesio Etxanizek gobernadoreari

 

 

AMILLAITZ

 

        Baina Nemesio Etxanizek, donostiartu egin zen azkoitiarrak, bazuen beste lanbide gozoago bat: kantagilea zen. Berak bota zuen agerian, 1951ean, gure kantu ederren hitzak arloteak zirela. Etxanizen iritziz, euskal olerkariek letra berria sortu behar zieten doinu zaharrei, hitz apainagotan, soineko atseginagoz erakusteko. Eta horretaz gainera, kantu berriak sortu behar ziren, erdal aireak bezala, gazteen ezpainetan zabal zitezen. Amillaitzek berak, Don Nemesioren heteronimo musikalak, bazeukan dohain berezi bat kutsu tradizionaleko kantuak asmatzeko...

                    Antoni ta Anton

        Era guztietako kantuak sortu behar ziren, bai euskal usaindunak eta bai kanpo haizedunak ere. Liburuxka hartan, Don Nemesiok tangoak, rumbak, foxak eta pasodobleak proposatu zituen, gero hain ezaguna egingo zen Ana hura bezala:

                Ana! Auxe da lana!

                Zu gabe gozagaitz zait dana:

                jana eta edana

                kaltegarri ditut, laztana.

                    Ana!

                    Biotza kilipatzen

                    Laztan bat

        Bi helburu zeuzkan asmo honek; batetik atzerriko abestien «esan lizunak» kentzea, «eta maitasun garbizko euskal itzak» sartzea; bestetik gure hizkuntza halako gaietarako gai zela erakustea, eta horrenbestez euskara gazteen ezpainetan ugaltzea. 

        Don Nemesioren proposamenak harrera ezin hobea izan zuen gazteen artean, euskaraz aritzen ziren jazpana bakanetan eta trikitilarien artean. Eta apaiz asko eta zahartzale ez gutxi eskandalizatu zituen arren, azkoitiarrak ereindakoak lan isilean jardun zuen urteetan gure kantarien buruan: Kanbon, goizeko ordu bietan ilargituta, Michel Labeguerie medikuak ohetik jaikita kantuak egiteari ekingo zion; Jose Mari Iriondo, Loiola irratian euskal kantagintza promozionatzen ez ezik kantuaren mundutxoa biltzen eta antolatzen hasia zen Las Vegas kafetegian eta Euzko Gaztediko aretoan eginiko batzarretan (Nemesio Etxaniz, Jose Antonio Villar oñatiarra, Julen Lekuona, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi...); Jarrai antzerki taldekoek bazeukaten asmo bat musika berria plazaratzeko; eta apur bat beranduago hasiko zen kantari apaiz gazte bat, Julen Lekuona, Don Nemesioren argudioak baino arrazoi sakonago bat zeukana kitarra eskuan hartzeko: «Inolaz ere ezin gintezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen hasi, hori baino tristeagoak badaudelako.» Atzerriko aire berriek adinako bortxa egiten zuen bertako errealitateak euskal kantagintza tradizionala gainditzeko.

                    Euskal musika berria

 

 

YE-YEAK

 

        Euskal Jaiak 1953an hasi ziren egiten Donostiako gerraostean. Estu eta mehatxupean izan arren, beti egin ahal izan zuten euskaltzaleek agerpenen bat bertan, bertsolari jaialdiak antolatuz edo hitzaldi gisako pregoiak eginez.

        Ignazio Mª Barriolak egin zuen 1965ekoa:

 

«Joan ziran retorika legun eta maitekor garaiak. Naikoa esan da onezkero gure mendi ta baserrien edertasunaz, guraso zaarren sukalondoko egoeraz, itxasgizonen lan gogorretaz, elizaren kereizpeaz, neskatx polit eta umil sendoaz, arte, lili, aritz eta pagoaz... Gaurko egunean, ludia txiki agerturik, gizonak andik kanpora, utsaren erdian igari dabiltzala, illargia olerkarien gaia izatetik jakintsuen eginkizuna biurtu danean, leengo xamurtasunak pixka bat aldera dezazkigun...»

 

        Eta herri-kirolak gailentzen ziren euskal jai haien gorazarrea egin behar zuenak, honelaxe burutu zuen:

 

«Jolasbide utsak, ezin gure gogoa bete. Atseden aldietako utzita, kultura bideetara jo dezagun...»

 

        Urte berean, Donostiako apaiztegiak Boga-boga (Erri abesti xorta) argitaratu zuen... laugarrenez. Maritxu nora zoaz eta Boga-Boga betikoen beraren mailan dator, herri-kantu bihurtua, Don Nemesioren harako hura, Anttoni eta Antton.

                    Boga, boga

        La Voz de España egunkariak Festival Concurso de Artistas Noveles antolatu izan zuen urtero, 1960az geroztik, hainbat alorretan: magia, dantza espainiarra, kantu arinak... Haietan ageri ziren lanak zirela-eta, artikulu adierazgarri bat argitaratu zuen Juan Antonio Letamendiak Zeruko Argia-n:

 

«Gaurkoz, txapelketa hoietara ez daukat joaterik. Donostiatik urrin nago ta gaiñera lotuta ordu horietan. Beraz periodikuaren bidez ezagutzen ditut soilki. Ta... azaltzen al du gure Euskerak bere burua saio hauetan? Abeslariak-eta gure herrikoak ditugu: Eibar, Tolosa, Mondragoe, Donostia.... Ba ote dago iñor hortaz kezkatzen dana? Ezetz egingo nuke. Konkursu hauek Barzelonan izan balira, batere dudik gabe talde askok katalanez jardungo zukean. Emengoak ordea, Eibarko izanik, berdin-berdin madridetarrak izan zitezkean edo «Torrejón del Medio»koak. Denak nai dute personalidade berezi bat izatea: illea luze, jantzi beltzak, deadar, marru ta arrantzak izugarriak, edo dana dala. Halere ahaztu dute bere jatorrizko ezagugarririk sakonena, bereziena: bertako izkuntza.»

 

        Don Nemesiok hamalau urte lehenago sumatu izan zuen gazteria berri hartakoa izanik, Letamendiak, oso lotsa gutxirekin, zin egin zuen kabaret batean Boga-Boga kantari hasitakoari bera izango litzatekeela aurrena, harrika ematen.

                    Musika gaztea

        Ikastolak, euskarazko heziketa integrala, euskara batua, euskaldun-fededun uztarria apurtzea, diglosia galtzea, kulturaren sekularizazioa... 1960ko eta 70eko hamarkadetan gordinduko ziren belaunaldiek ekarritako berrikuntzak izan ziren, uholde emankor batean, benetako iraultza kulturalean. Gure herriaren aro modernoan behintzat aurrenekoz, euskalduna ez zen uzkur ageri, bazegoen harrotasun puska bat gazteak beti izan ohi duen gurasoekiko menpekotasuna hautsi nahian ez ezik, zaharkitu, kamuts eta elkor zaion kulturmolde bat iraultzeko asmoan ere. Lurdes Iriondok 162 kantaldi eman zituen 1965-66 urteetan, kantagintza modernoa sortzen hasia zen debekuen gainetik, boikoten gainetik, mehatxu publiko eta anonimoen gainetik:

 

                Oso errexa da bazterrak jorratzen

                nor berea utzita mundua gobernatzen.

                Lekuona, Lekuona, Lekuona apaiza,

                leku onian dago zure apaizgintza.

                Elizan, elizan,

                Ars'ko apaiz santuaren gisan.

                Ori da zurea, ori da zurea,

                apaiz izan, apaiz izan.

 

                    Lurdes Iriondo

 

 

1966, URTARRILAK 23

 

        Victoria Eugenia antzokia leku mitikoa da Donostian, jatetxeari Guria izena kenduagatik txintik atera ez zuten arren habanerak kantatzen dituztenek. Donostiarra gustura joaten den lekua da, egitate soziala da noizean behin Victoria Eugeniara joatea, dela zinema soinudunaren nobedadia ikusteko, dela aita Labururen hitzaldia entzutera Ezkioko agermenez, dela Sofia Loren bera etorri delako zinemaldira... edo dela gazte batzuek jaialdi berezi bat antolatu dutelako: 1966ko urtarrilaren 23an antzokiak ez du leku bat bera ere hutsik, dena gazte musikazalez eta euskaltzalez betea dago...

 

                Benito Lertxundi

                        (Iaz bigarren saria La Voz de Españak antolatutako lehiaketan).

                Kemen neska hirukotea

                        (Pilarmonikarekin).

                Mikel Laboa

                        (Kantu zaharrak «berrituta bezala» eskaini zituen).

                Mari Lurdes Iriondo

                        («Ez du inoren beharrik kitarra hartu eta zoragarri abesteko»).

                Zuaznabar anaiak txapalarta joz.

                Arantxa Gurmendi

                        (Bere era berria txairo eta dotore, orkestinarekin).

                Julen Lekuona

                        (Kitarra eskuan, abesti sakonak eta zirrarakorrak).

                Bikondoa hauspojotzailea

                Pelotari pelikula

                        (Euskaraz).

 

        Badatoz aurkezleak, Marian Arregi, Trio Kemen-ekoa, eta Ramon Saizarbitoria, Jarrai antzerki taldekoa:

        —Gazteok, izan zaitezte yeye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak!

        Hurrengo asteko Zeruko Argiak «garaipen aundia izan du gure izkuntzak» idatzi zuen jaialdi hartaz. Ez zen urrun ibiliko Don Nemesio.

                    Raimon

 

 

PROFANATZAILEAK

 

        Jaialdi hau bera Hernanin emana zuten bi aste lehenago, eta Donostian eman izan ez balitz ez zuen erdal prentsan oihartzunik lortuko, seguru aski. Ordura arteko ahaleginak isilean pasatzeko modukoak ziren, Groseko Yoloak taldeak rocka kantatzea aurrenekoz euskaraz (Beltz-beltzaaaak...! oihukatuz, Black is black ospetsuaren bertsioa) edo Mikel Laboak disko txiki bat egitea kantu zaharrekin molde berrian (O Pello, Pello...). Baina erdi sasiko zebilen harroalditxo hura hiriko antzoki nagusiara ausartzea mugimendu gisa plazaratzeko Bellas Artes-en La Voz de Españak bere Concurso de Artistas Noveles egin behar zuen egun eta ordu berean, sobera larria zen. Eguneroko prentsak isildu egin zuen arrakasta, eta handik egun batzuetara kartak eta artikuluak hasi ziren azaltzen, Victoria Eugenian eginikoa kritikatzen, euskal kulturaren kaltegarritzat hartuz. Beste gai eta garai askotan bezala, Karlos Santamaria azaldu zen publikoki gazteen alde.

                    Profanación

                    Hay que darles la razón

                    Laboa eta Raimon Donibane Lohizunen

        Jose Luis Zubiaurre oldartu zitzaion orduan Santamariari, «euskal arima» ahotan hartuta.

                    El alma vasca

        Maria Elena Arizmendik, bere aldetik, gutun ageri batekin erantzun zion Santamariari, Jose Luis Zubiaurreren hitz berdinak erabiliz:

 

«Ni usted ni yo somos quienes estamos en juego, sino el alma vasca.»

 

        Santamariak ez zeukan erantzun beharrik, agerian utziak zituen izpiritu minkurinen argudio faltsuak. Barre egingo zuen noski Pax Christi nazioarteko erakundeko idazkariak, kantari modernoek «euskal arima» arriskuan jartzen zutela irakurritakoan.

        Folklorea errespetatzea eskatzen zitzaien, hain zuzen, folklorea eskaintzeko batere asmorik ez zeukatenei. Eta harrigarria zen, bestalde, folklorezaleak halako amorrua agertzea gitarraren aurka. Iparragirrerena erlikia nazionala dugu, eta Donostian daukagu tresna horri egin zaion laudatze politenetako bat euskaraz... XIX mendean!

                    Nere guitarchoari

        Ye-ye-en jaialdi hura antolatu zutenetako batek, Iñaki Beobidek, ezin biribilago erantzun zien borondate oneko gaitzesteei edo asmo zitaleko iritziei.

                    Gitarra euskeraz

                    Festival de Jazz, 1970

                    Baga, biga, higa..

                    Elkarrizketa Benito Lertxundirekin eta Lurdes Iriondorekin (1967)

 

 

ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak