Lau ahotsetarako musikatu baitzuen Sarriegik, gure zortzikoteek eta abesbatzek oso maitea duten kantua dugu.
Erdarazko itzulpenarekin publikatu zituen Jose Manterolak bertso hauek, eta hari jarriki egingo zuen Antonio Trueba bizkaitarrak (Anton el de los Cantares esaten zioten kritikoek), seguru aski, honako bertsioa:
Perdiendo su hermoso brillo / poco a poco el sol declina / sus diamantinos colores / se ajan y se debilitan / la forma de un globo de oro / toma su forma indecisa / lentamente, lentamente / de la altura se desliza / y en el fondo de los mares / por ocultarse termina...
Ramon Artolak oso berea zuen gai hau. Igeldora igoko zen, noski, eguzkiaren sarrera dastatzeko eta barruan zeukan malenkonia adierazteko. Horietako batean, Eguzkiaren sarrera izenekoan hain zuzen, honela dio:
Eguzkiak makurka mendien atzean
gordetzen du argia ilunabartzean,
gero urre dizdirak itsasperatzean
eta goiak tinta fin politak hartzean
tristura bat sentitzen baita bihotzean.
Eguzkia hasten da jetxitzen, jetxitzen
disdizera ederra zaiola gutxitzen.
Diamantezko printzak zaizkanean galtzen
urrezko bola baten itxuran da jartzen,
ta geldi-geldi da itsaspera sartzen.
Jiratzen dan denboran itsaspe haundira,
paletako kolore guztiak han dira;
hain pintura politak goien jartzen dira,
ustetzen da zerua ahuspez dala jira,
ezin asper liteke berari begira.
Sarri beltzez jantzirik zabalde guzia,
txori txikien kantik ez da aitzen ia;
izarrez apaintzen da zerupe garbia,
eta bazter denari emanaz argia,
azaltzen da goi-farol eder ilargia.