Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Afalondokoak
 
Afalondokoak

KONTXESIRENTZAT

        Bilintx, 1858

 

Doinua (MIDI) | Partitura (PDF) | Diskografia

 

        Bilintx ez zen bertso-jartzaile hutsa, bertsolaria zen eta pentsatzekoa da ez zuela silabak kontari idatziko, baizik eta letra kantari, doinuak eramanda. Hala ere, berak idatzi zuen eta, noski, kantatu zuen «Gure probintzi Gipuzkoakoan» hori herriak «Gure probintzi Gipuzkoako» kantatu ohi du, silaba bat janez, «Gipuzkoakoan» itsusia egiten zaiolako, edo kakofonikoa, hizkera teknikoa erabiliz.

        Euskal musek hartu behar luketen izena da Kontxesi. Bilintx ez ezik Iztueta ere izen bereko batek inspiratu zuen, eta biek ere bertso ederrak ondu zituzten. Iztuetaren Kontxesi erreala zen: kartzelan zegoen gainera. Bilintxena zer ote? Amodio inposible horietakoren bat? Hala balitz, mesprezuzko detaile polita deskribatzen du bertsolariak: «Begiratutzen nizun guzian bista kendutzen zenidan».

        Baina eskumuinak bidaltzen dizkio, eta horrenbestez kontsolatzen da Bilintx. Kantari sentimentalentzat idazten zuen Antzoki Zaharreko atezainak, letrista gaitza izango litzateke gaur egungo diskografikentzako.

 

Kantatutzera indar haundiko desio batek narama,

Kontxesi, zuri nahi dizut eman merezia dezun fama.

Gure probintzi Gipuzkoakoan igualik gabeko dama,

bedeinkatua izan dedila zu egin zinduen ama.

 

Zerorrek uste ez zenuela egon nitzaizun begira,

lehenbizikoan oinetara ta hurrena berriz gerrira.

Oinak dituzu txiki politak, gustagarriak txit dira,

gerrian berriz eman litzazke kana bat zintak bi jira.

 

Handik hurrena ipini nizun erreparoa petxura,

orduantxen bai eman nizula aingeru baten itxura.

Jainkoak berak deitu izan balit igo nedila zerura,

zure ondotik hara joan beharrak emango zidan tristura.

 

Ondoren jarri nitzan denboran begiratuaz lepora,

bihotzak salto egiten zidan irten nahiean kanpora:

irten ta zuzen, badakit zierto, joango zan zure kolkora.

Nik jakitera nahi zenuela, utziko nion gustora.

 

Atentzioa begietara paratu nizun segidan,

ez dakit zierto begiak edo eguzki berri bi ziran,

ondo ikusi ez nizkizun ta nola esango det zer diran?

Begiratutzen nizun guzian bista kendutzen zenidan.

 

Ile beltz eder dizdizaria oparo dezu buruan,

konparatzeko balio duen sedarik ez da munduan.

Trentza eginik zeneukan dana erregin baten moduan,

diamantezko koro eder bat falta zitzaizun orduan.

 

Ointxo politak, gerria mehea, grazia mila petxuan,

lepo biribil dirudiena egin berria tornuan,

paregabeko begi argiak, ile ederra buruan,

zu baino aingeru politagorik ez da izango zeruan.

 

Beti ariko naiz Jaunari eskaka ondo izan zaitezela,

ez ezazula uste nere bizian zutzaz ahaztuko naizela

Eskumuinak maiz bidal nazkitzu orain artean bezela:

hainbeste egin behar didazu, penaz hilko naiz bestela.

 

 

Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak