Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Afalondokoak
 
Afalondokoak

NERE ETORRERA / HARA NON DIRAN

        Jose Maria Iparragirre, 1877

        Musika: Jose Maria Iparragirre

 

Doinua (MIDI) | Partitura (PDF) | Diskografia

 

        Ugari samarrak dira gure kantutegian herritik kanpora egon denaren etorrera gai duten abestiak. Baina ezagunenetan, ezagunena ez bada, erdaldunek «azken koplaria» esan zioten harena dugu noski. Ez bakarrik bere doinu ederragatik: kantu honek badu, euskaldun modernoari, politikoki zuzena egioten ez zaion zera bat... «Hendaian nago zoraturikan / zabal-zabalik begiak / hara Espaina! lur hoberikan / ez du Europa guztiak.»

        Zuzendu nahirik, «Hara Euskadi, lur hoberikan...» kantatu izan da aspalditik. Baina anakronikoa da, Iparragirreren garaian oraindik ez baitzegoen Euskadirik, edo baldin bazegoen inork ez zekien nola izendatu, asmatu gabe zegoen. Beste bertsio hau ere oso zabalduagoa dago: «O Euskalerri, lur hoberikan...»

        Hala ere, askok diote herri-kantuak belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnez, beti aldatu eta moldatu egiten direla, eta zer ardura du, beraz, kantua sortu zer garaian Euskadi hitza jaio gabea izanagatik? Utikan historizistak!

        Eta halaxe kantatzen dute lasai «Hara Euskadi!», eta hara non «España» ahotan ez hartzeagatik, zeharbidez, Hendaia ez dagoela Euskadin adierazten zaigun. Hendaiak ez baitu eduki inoiz bidaiariak lehorreratzeko porturik, «Hendaian nago» horrekin mugan zegoela ulertzen dugu. Sasi-mugan edo.

        Arazo polit horrek ezkutatu du bigarren estrofan Iparragirrek egiten duen Donostiaren laudorio handia: «Veneziaren grazi guziak gaur Donostian badira».

 

Hara non diran mendi maiteak;

Hara non diran zelaiak!

Baserri eder zuri-zuriak,

iturri eta ibaiak.

Hendaian nago zoraturikan,

zabal-zabalik begiak,

hara, Espaina! lur hoberikan

ez du Europa guztiak.

 

Gero pozik bai Donostiara

Okendoarren lurrera,

zeru polit hau utzi beharra

nere anaiak hau pena!

Irutxulueta maitagarria

loretokia zu zera,

Veneziaren grazi guziak

gaur Donostian badira.

 

Oi, Euskal Herri, eder maitea!

hara hemen zure semea,

bere lurrari muin egitera,

beste gabe etorria.

Zuregatikan emango nuke

pozik, bai, nere bizia,

beti zuretzat hil arteraino

gorputz ta arima guztia.

 

Agur bai, agur Donostiako

nere anaia maitiak,

Bilbaotikan izango dira

aita zaharraren berriak.

Eta gainera hitz neurtuetan

garbi esanez egiak,

Sudamerikan zer pasatzen dan

jakin dezaten herriak.

 

 

Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak