Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Afalondokoak
 
Afalondokoak

PARERIK GABEA

        Jose Artola, 1883

 

Doinua (MIDI) | Partitura (PDF)

 

        Bilintxek hasitako ildoan jarraitu zuen Jose Artolak amodiozko kantuetan. Gaia, jarrera eta irudiak ere antzekoak ditu, kalitate apalagokoak baina. 

        Interesgarria da biek darabilten irudi hau alderatzea:

 

                «begiratutzen nizun guzian bista kendutzen zenidan»

                        (Bilintx)

 

                «bista kendutzen baitu be'iratzean hari»

                        (Jose Artola)

 

        Damaren ederrak itsutu egiten duela adierazten du Artolak, hari begiratutakoan damak bista beste norabait (beste norbaitengana?) daramala adierazten digu Bilintxek...

        Aktore, bertsogile, kantari eta musikari handia izan zen Jose Artola. Maiz kantatu izan zituen bere bertsoak gitarra joz, antzerki lanetako atsedenaldian: Bilintxen ildokoa zen letretan, eta Iparragirrerenekoa kantuan.

 

Dama gazte bat bada gure Donostian

parerik ez duena Españi guztian.

Mila grazi badauzka bere arpegian

hartuko nuke pozik besoen erdian.

 

Aingeru hori maite det aspaldi honetan

zeinaz ikusten dedan jai arratsaldetan

berak pentsatzen ez du zertsu min daukatan

sendatuko lirake baleki zer detan.

 

Hain da ikusgarria dama gazte hori

bista kendutzen baitu be'iratzean hari

Donostian ez dira horrelakoxe bi

zerutik jetsitako izarra dirudi.

 

Gorputz liraina dauka arpegi txit fina

gerriak badiruri moldean egina

biziro oin politak pausoa arina

ezin fama liteke hark merezi dina.

 

Buruan ile beltza diz-dizka darama,

ibileran ere hark du guztizko fama.

Nork ez du maitatuko horrelako dama?

Bihotzak harengana ni behintzat narama.

 

Ezin bizi naiz ondo ni mundu honetan

biziro suerte txarra det gauza denetan

bada eskatzen dizut erreguz benetan

ez eduki azteko luzaro penetan.

 

Izar guztiz argia goitik amildua

zuregatikan daukat bihotza sutua

gainera arkitzen naiz oso argaldua

amorioak nauka honela galdua.

 

Egia esaten det sentimentuakin

ezkondu nahi dedala betiko zurekin

izango ginake gu ondo elkarrekin

zeinek ez izan ditxa aingeruarekin!

 

Zerutik jetsitako izarra zera zu

argia begitikan bigaldutzen nazu

planta txarrian nago, arren, har nazazu

eta bihotz sutua itzalduko nazu.

 

Nitzaz kupiturikan har nazu betiko

zu gabe ez det bada munduan etsiko

zuk hartzen ez banazu jarko naiz tisiko

eta penaturikan zugatik naiz hilko.

 

 

Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak