Kantu honek badu zenbait gako: Petra «isilik» doa, alegia, konpetentzia lotan dagoela, beste saltzaileak baino lehen iristeko; «ekatzu baldetxo bat / baina ongi betea / Martin, nere maitea» hori ez da senarrari egindako diosala, traineru patroi guztiei die «nere maitea» esaten, prezioa leuntzeko teknika da; «mokadu goxo preskoagorik / dukeak ere ez du jaten!» oihukatzen duenean eroslearen gustu ona laudatzen du eta, bidenabar, aberatsenaren pare jartzen du karrikako oinezkoa; sartagian edo sagardotegiko arranbarrilan oso goxoak direla kantatzen duenean ez digu deskripzio bat egiten, ideiak ematen ari zaigu, etxerako ez bada lagunarterako eros ditzagun, alegia, gizonezkoak xarmatzen ditu erostera anima daitezen; haurrari troxak aldatu eta bularra eman behar diola esaten duenean «presa daukat, eros iezazkidazu azken dozenatxio hauek» erregutzen du...
Nolako saltzailea, Petra hau!
Treinerua kaiera
goizean goizaldera
txardin preskuarekin
sartzen bada,
nahiz mototsa zintzilik,
bi saltoan isilik,
lehendabiziko Petra
kaiean da.
Ekatzu baldetxo bat,
baina ongi betea,
Martin, nere maitea,
txestu hontan
segiduan kalera
joan nadien saltzera
esnatuaz daudenak
oraindik lotan.
Txardin berriak,
bizi-biziak,
txestu hontatik zaizkit joaten,
mokadu goxo preskoagorik
dukeak ere ez du jaten!
Ez da ostaturikan
hartzen ez duenikan
udako fruta eder
hontatikan,
ez det ezagutzen nik
gustatzen ez zaionik
bakar bat, esateko,
oraindikan.
Sartagian prejitzen,
zabal-zabal jarriak
txardin berri biziak,
maziakoa,
eta beren mamia
gogorra ta lodia,
lupiarena baino
gozoagoa.
Txardin berriak...
Sagardotegietan
goiz eta artsaldetan
han ere txit ederki
dira jartzen,
brasa bizi-bizia
estalirik guzia
behatz puntak erreaz
dira hartzen.
Eta lehenaz emanak
badira bi gatz ale,
nola ez izan zale
haietara?
Prejituak, erreak,
zein baino zein hobeak,
goxoak dira alde
denetara.
Txardin berriak...
Oilagor ta eperrak
dirala txit ederrak
txiki-txikitandik det
aditua,
baina mokadu fina
txardin bizkar urdina
atzea aldetik ondo
okertua.
Arranbarril gainean
jarritzean erretzen
begira irrikitzen
beregana.
Ez da nolanahikoa
alafedetakoa,
Galizian kapoitzat
jaten dana.
Txardin berriak...
Hara goian Benita
txeletaka jarrita,
txokaturikan dago
farrez lehertzen
baina begira horri,
koloreak zer gorri
aitatu detalako
zaizkan jartzen.
Orain zuengandikan
penaz utzirik dana
nere haurrarengana
noa etxera.
Pixoihala txuriak
badaukazki bustiak
mudatu ta bularra
ematera.
Txardin berriak...