Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Afalondokoak
 
Afalondokoak

ZUGANA, MANUELA

        Jose Maria Iparragirre, 18??

        Musika: Jose Maria Iparragirre

 

Doinua (MIDI) | Partitura (PDF) | Diskografia

 

        Iparragirre ez da bertsolari ona, bere hizkera ere oso nolabaitekoa da... eta hala ere, beste ezein bertsolari baino hobeto iritsi zen herriarengana. Arrazoi bat baino gehiago dago arrakasta honen jatorrian: egilearen jarrera politikoa, bere bizitzaren bohemia...

        Gureganaino heldu diren Iparragirreren kantuetan ez dira gutxi detaile biografikoak aipatzen dituztenak. Horrek sinesgarritasun eta hunkidura bereziz jotzen du entzulea. Hala sortuko zitzaizkion Iparragirreri kantuak, bihotzetik, barrua hustu behar batean.

        Kantu honetan ere, lehen ikusian edo entzunean hala ez dirudien arren, alderdi biografikoa gailentzen dela dirudi:

 

                Zuk esan behar zenduen «Hemendikan alde,

                egiaz ez naiz ni bizardunen zale».

 

        Hori esan behar ziokeen ez Manuelak, Angelak baizik, ikusi hutsarekin enamoratu zuen hamazazpi urteko Angela Kerexetak. Handik urteetara, alargundu zelarik, Angelak berak deklaratu zuen «bizar polita zuela» ezagutu zuenean.

        Ezagutu, Tolosan ezagutu zuen. Horregatik amesten du Iparragirrek Manuela Donostian, ostatuan neskame baino libre nahi duelako, plazan, dantzan... Donostia, euskal maitaleen Paris.

 

Zugana, Manuela, nuanean pentsatu,

uste det ninduela deabruak tentatu;

ikusi bezin egin naiz enamoratu,

ojala ez bazina sekulan agertu.

 

Amodioz beterik esperantza gabe,

zergatik egin zinan bihotz honen jabe?

Zuk esan behar zenduen «Hemendikan alde,

egiaz ez naiz ni bizardunen zale».

 

Ahaztu nahi zaitut baina ezin, ezin ahaztu,

zure amodioak burua dit galdu...

Orain behar zenuke bihotz hori bigundu,

eta maitagarri horrek pixka bat lagundu.

 

Barkatu behar dituzu nere erokeriak,

zuri begira daude nere bi begiak;

garbi, garbi esan ditut nere ustez egiak,

zoraturikan nauka zure arpegiak.

 

Gauean ibili naiz guzizko ametsetan:

Donostian nengoela Andre Marietan;

eta ikusi nuela herri hartako plazan

erdian zebilela Manuelatxo dantzan.

 

 

Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak