Udaletxea
Plaza Berrian edo Kasino Zaharrean, udalak paper garrantzitsua jokatu du hizkuntzaren auzian.
Denetarik gertatu da udaletxean: aurrera egin da euskararen erabileran, atzerapausoak eman dira, kaltea ere egin da on ustean...
Hizkuntzaren kontzientzia hartzea fenomeno moderno samarra dugu Donostian, probintzia osoan bezala. Foruen galtzearekin lotzen da, eta halaxe da gutxi gora-behera.
Eztabaida gogorrak eta kritika zorrotzak sortu izan zituzten, geroztik, udalaren euskararenganako zenbait erabakik. Sonatuenak, 1891n hartu zuen erabaki batek sorrarazi zituen.
Udala bera, egia esan, gutxitan azaldu da euskaraz. Elebitasunaren babesean gorde izan da gehienetan. Horregatik merezi du aipamentxo bat Joakin Lizasoain alkateak 1813an egindako diskurtso publikoak.
Herriagandik hurbileneko dagoen erakundea izanagatik, udalean ongi islatu dira, tamalez, euskarak maila ofizialetan aurkitu dituen trabak.
Euskararen Plan Orokorra abiatzea da udalak aspaldian hartu duen erabakirik garrantzitsuena (1997).
Plan hori burutzeko, hainbat inkesta eginarazi zituen udalak 1996an. Datu haien arabera, Donostiak 57.000 euskaldun zituen, hau da, donostiarren %33. Eta etorkizunari buruzko itxaropenezko datua: hemeretzi urtetik beherako donostiarretan, euskaldunak gehiengoa ziren.
Planaren helburuak honakoak ditugu:
1. Donostiarren euskalduntzea bultzatzea.
2. Euskara ohiko hizkuntza izatea erakunde publiko eta pribatuetan.
3. Donostiar guztien eta bakoitzaren hizkuntza eskubideak bermatzea.