Ondarreta
Ondarreta hondartzari lotua da XX. mende erdialdetik hona. Luis Martin Santos idazle donostiarrak, basamortu baten deskribapena egiten duela bere Tiempo de silencio nobela ezagunean, «pequeñas ondarretas» erabiltzen du, hondartza gaztelaniaz hobeki ezin adieraziz.
Antiguak zeuzkan etxe ilun haietakoak ziren Ondarreta inguruko gehienak, eta bertan erditu zen Maria Sanz Llorente 1906an, martxoak 10 zituela, mutiko batez. Bi astez gorde zuen haurra, baina utzi egin behar izan zuen: beste bi haur zeuzkan, eta senarra kartzelan. Bere lagun batzuek Buen Pastor-eko tornuan utzi zuten haurra. Orduan hasi ziren Jacinto Rivas Sanz izango zenaren joan-etorri ugariak. Noizbait, Bergarako Intxuzabal baserrian jasoa zeukatela, trikitixa entzun zuen. Horrek aldatu egin zion bizitza, eta soinu-txikiaren maisu handia, «Intxuzabal» edo «Elgeta», bihurtu.
Etxe triste haietan tristeena, kartzela zen. Gaur egun «Ondarreta» esanda hondartza datorkigu gogora, baina XIX. mende amaieratik XX. mende erdirainokoan, «Ondarreta» esateak kartzela adierazten zuen. Harrigarria bada ere, Ondarretako kartzela izan zen, batere dudarik gabe, Donostian euskara gehien eta libreen erabiltzen zen eraikuntza publikoa. Hala presoen arteko solasetan nola bisitetan, euskaraz egitea zilegi izan zen baita Primo de Riveraren diktadura garaian ere... Behin debekatu zen, Errepublika garaian, eta eskandalo handia ekarri zuen.