Loiola
Zurriolan txaluparatu, ibaian gora ikusmiraz gozatzen joan, Loiolan lehorreratu ezker edo eskuin, ibaiondoko larreetan edo inguruko mendi magaletan lekua hartu, otarrea zabaldu, botila ireki...
Horixe zen Loiola XIX. mende amaieran, donostiarren erromeria. Bazter bukoliko bat, artistek bereziki maite zutena. Besteak beste, Pablo Uranga bizi izan zen bertan.
Marzelino Soroak
egindako erromeria horietako baten deskribapenari esker aurkitu ahal izan dugu trikitixaren lehen aipamena, ustez, 1894an. Ez du tresna berria sobera maite, nonbait, gure idazleak.
Gaur ez dago erromeriarik egiteko lekurik, ezta zementu gainean ere, Loiolan. Zeinen zabar tratatu dituen Donostiak bere errebalak!
Ibai ondokoak izaki, arraunzaleak izan dira beti loiolatarrak. Ospe handikoa izan da aspalditik Ur-Kirolak elkartea, tosta mugikorreko arrauna egin zuen lehena. Ibai ondoan dute orain ere egoitza... baina autobide azpian!
Noizbait, La Salle ikastetxea eraikuntza erraldoia zen. Gaur beste asko bezalako zatarkeria besterik ez da. Bertako eskubaloi taldea estatuko onenetakoa izan zen, «Salleko» izena zeraman. Atletismo taldea berriz «Igeltegi» zen. Halako izena dauka ikastetxe ondoko villa ederrak, erriberako biztanle kantariek emana. Ez da izen itsusia, laster hiritartuko den zabaldegirako...
Donostiarrei Loiola aipatu eta burura erromeria etortzen zitzaien bezalaxe datorkio akordura gipuzkoar askori soldaduzka, Loiola entzun orduko. Eskolan utzitakoa berriz hartu beharra. Erdara, alegia.