Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Mapa
 
Mapa
AIETE ALTZA AMARA ANTIGUA AÑORGA ATEGORRIETA EGIA GROS
IBAETA IGELDO INTXAURRONDO JAI-ALAI KAIA KONTXA LOIOLA MARTUTENE MIRAKRUTZ
ONDARRETA PARTE ZAHARRA SAN MARTIN UDALETXEA ZENTROA ZUBIETA

Kontxa

 

        Hiru txulo zeuzkan Donostiak, eta bi golko, Kolka-ene eta Kolko-ene etxe izenaren azpian gordeak, biak orografiaren fenomeno berdinak izendatuak.

        Amaran, Mundaiz aurrean Urumeak egiten duen bihurgunean, perra moduko horren aurrean, baserri bat zegoen antzina, Kolkoene izenekoa, jabego eskrituretan «Presaburu» azaltzen bada ere. Izen horrekin, hurbil ibaia. Josu Tellabidek egindako lan erraldoiari esker, orain badakigu baserri hori Urumeak Amaran, alegia, «Amarako Erriyuak» egiten duen bihurgunearen parean zegoela. Hortik Kolko-ene izena, toponimian ohikoa denez, inguru geografikoaren itxurak emana. Bizkaiko Golkoa, beraz, ez da Euskaltzaindiak asmaturiko ezer, sustrai luzea dauka «golko» edo «kolko» hitzak topografia zehazteko.

        Txillardegik, Antigua izeneko liburu ederrean, Kolkoa proposatzen du Kontxa izendatzeko; proposatu baino, ez ote zen hori jatorrizko izena gure badia esateko, uzten digu susmoa: Antiguan ere bai baitzen Kolka-ene bat, badiari begira. Kolkoa lurrean barneratzen den itsaso zati zabalari esaten zaio, eta oro har itsasertz kurbatua eratzen duenari (Bizkaiko Golkoa, Golkoko Gerra, Pertsiar Golkoa). Ez da hipotesi txarra. Kontxako hondartzari, nola esango genioke orduan? Golkoeneko hondartza, eta Donostiako Badiari berriz Donostiako Golkoa. Eta Mirakontxari, nola esango genioke? Golkogaina, jakina.

        Baina poetak esan diezaguke: «Kontxak badu bere perla, eta perla hori Donostia da. Kontxaren ordez Kolkoa edo Golkoa proposatzen baldin baduzu, sistema sinboliko oso bat jartzen duzu kolokan». Kolkoa kolokan, alegia. Eta arrazoi luke. Zinema Festibalak ere Kontxa ematen du saritzat, maskorra. Zer eman behar luke, kolko bat?

        Baina harrigarria da, euskaldun erradikalenek ere ez dute Kontxa euskaratzearen nekea hartu. Entzun duzue inoiz Maskor edo Maskorreko edo Maskorraren Hondartza esaten? Alabaina, orain urte batzuk hondartzaren goiko aldean egindako etxe batek Maskor-gain dauka izena.

        Kolko edo Golkoaren hipotesira garamatzan datu berri bat aurkitzen dugu ustekabean, edo La Concha nolabait zalantzan jartzen duena behintzat. Siro Alcainek, bere Iruchulo Zar Donosti Berri liburuan zabal eskaintzen duen Angel Muro jaunaren aipamen batek jakinarazten digunez «hondartzak oraindik ez zuen Kontxa izena». Muroren artikulu aipatu hori La Voz de Guipúzcoa egunkarian azaldu zen 1893ko uztailak 6 zituela, eta El veraneo en San Sebastián hace cuarenta años dauka izenburutzat. Neke handirik gabe ateratzen ahal dugu beraz, Kontxak ez zuela izen hori 1853an, alde batetik, eta izen hori norbaitek —eta ez inguruan bizi zen herriak— ezarria dela, bestetik. Datua fidagarria dela dirudi, egin dezagun kontu 1858an hasi zirela hondartzaren ingurua urbanizatuko zuten lanak. Lopez Alenek esaten duenez, «vino el año 58 y con él el hombre con su destructora piqueta, y dando golpe aquí y allá, niveló cuestas, deshizo montones, y trazó el paseo que más tarde había de llamarse de la Concha». Berak zuzentzen zuen Euskal Erria aldizkarian eginiko artikulu berean hondartzaren euskal izenaren posibilitatea erakusten digu: «Los de aquella época, que no conocieron casetas ni Perla, atestiguan y juran solemnemente que la Concha, mejor dicho «el frente de San Martin», aun con más propiedad, «San Martingo atari malda» superaba al estado actual en que se halla».

        Orain lantxo hau besterik ez zaigu gelditzen: 1858tik, edo ziurrago egoteko, 1853tik honako paper eta egunkarietan miatzen hastea, «Concha»ren lehen aipamenak aurkitu arte... Kazeta ale batzuk iritsi zaizkigu, XIX. mende erdialdekoak, egundaino. Korpus eskasa ezer topatu ahal izateko. Horren ordez, bidaiariak dauzkagu, edo hobe esan, beren kronikak.       

        Madrildar batek gutaz eginiko lehen kronika luzea Francisco de Paula Madrazorena da, 1848ko udan idatzia eta hurrengo urtean argitaratua. Andoaindik barrena datorrela, hainbat baserri suntsitu ikusten ditu; honek gerra zibilari buruzko gogoeta egiteko bide ematen dio. Noizbait ohartua da Donostian dela: «Mas dejando a un lado ideas desconsoladoras, saludemos a San Sebastián, cuya preciosa concha salpica casi con sus olas de plata las ruedas de nuestro carruage». Horrelaxe, letra xehez, ez toponimo gisa, baizik eta badia edo kolkoaren sinonimo bezala. «Concha», izan ere, generikoa da (Espainiako Hizkuntzaren Akademiaren hiztegian, «concha» badia itxia da: «Seno, a veces poco profundo, pero muy cerrado, en la costa del mar»), nonahiko badiari esaten ahal zaio, ez Donostiakoari espreski; honi lehen ere «la rada» esan izan baitzaio, eta «la bahía» (Pasaiakoari bezalaxe, hain zuzen). Mapa zaharretan egungo Kontxaren lekuan  «hareatzak» ageri da; 1840an Francisco Marin de Yerro ingenari komandantean eginikoan «La Concha o puerto» ageri da, eta Antonio Kortazarrek 1862an hiriaren zabaltzeko eginikoan «Bahia» jartzen du, besterik gabe. Mañe i Flaquer-ek Viaje al País de los Fueros ezagunean «La entrada de la bahía o Concha de San Sebastián, entre el pie oeste del castillo y el sur de la isla de Santa Clara, es de 1.300 pies castellanos de extensión» dio, 1879an.

 

Preciosa concha
Hace cuarenta años

 

1641eko planoa
Arratsaldeko bainuzaleak
Idi-karrua eta tximist-gurdia

 

AIETE ALTZA AMARA ANTIGUA AÑORGA ATEGORRIETA EGIA GROS
IBAETA IGELDO INTXAURRONDO JAI-ALAI KAIA KONTXA LOIOLA MARTUTENE MIRAKRUTZ
ONDARRETA PARTE ZAHARRA SAN MARTIN UDALETXEA ZENTROA ZUBIETA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak