Jai-Alai
Lucio Gonzalez enpresaria zen, Donostian uda ematen zuten madrildar ugarietako bat. Enpresaria, poeta bezala, beti ari da lanean: oporretan ere gogoetaka, nondik lortuko edertasun berri bat. Lucio Gonzalezen edertasuna zirkuak eta ikusgarriak ziren. Atzemana zion zezenketak ez zirela nahikoa udatiarrak libertitzeko. Eta udatiarrak ez ezik, bazegoela gure artean bertakoak ere zoratu egiten zituen zerbait. Ideia on bat izan zuen, inspirazio bat. Lur puska bat erosi zuen Donostiako irteeran, eta euskaldunek egiten zuten sportari zirkua eraiki zion. Donostiako lehen frontoi itxia, 2.374 ikusle hartzeko modukoa.
Enpresariak beti behar baititu harremanak, Gonzalezek adiskide mina zuen Romero Robledo parlamentario eta ministroa arduratuko zen publizitatea egiteaz madrildar ospetsuen artean. Eta honek, jakina, moda ezarri zuen. Entretenigarri izatetik, ikusgarri izatera eraman zuen Don Luciok pilota: sarrerak kobratu, apustuak arautu, palko erosoak antolatu...
Enpresari batzuek benetan baitute poesiaren sena, Gonzalez madrildarrak euskal izen eufoniko bat eskatu zion Serafin Barojari.
Honek, gogor pentsatu ondoren, «Jay-Alay» proposatu zion. Dirudienez, sasoi hartan indarrean zegoen «high-life» («bizimodu ederra», nolabait esatearren) termino ingelesaren hots-kidetasunean sortu zuen Barojak izena.
Egun ez dago frontoirik, baina izena gelditu da, Shanghaik, Tanpak eta Manilak Jay-Alay frontoi bana duten bezalaxe.
Ertamerikan, pilota aipatzen baduzu, ez dizute euskal pilota ulertuko, beisbola baizik. Han gure pilotan aritzeari «jai-alai jokatzea» esaten zaio... Horra hor donostiarrek, madrildarrarekin bat hartuta, zerbait unibertsal lortu, Serafin Barojaren seme Piok uste ez bezala!