Intxaurrondo
Baserriz eta merenderoz osaturiko Intxaurrondo haren lehenengo desjabetzea 1970ean egin zuten, autobidea egiteko, eta 1979an bigarrena, Donostia handitzeko. Hainbat baserrik osatzen zuten Intxaurrondo, eta izen berezi samarrekoak asko eta asko: Arruex, Arjel-etxeberri, Arjel-aundi, Arjel-txiki, Xiustegi, Xibili-txiki, Xibili-aundi, Londres, Paris, Zarategi, Lizardi, Basotxiki, Sagastieder, Baratzategi, Igola, Otxoki...
Oso ipuin ezaguna da. Ba omen zihoan behin Londresko morroia kargatu samarra bidean ziraldoka, eta guardia zibilek alto eman omen zioten. Nor zen eta nora zihoan. Londresera zihoala. Berriak ziren, nonbait, guardia zibil haiek paraje hauetan, eta muturra okertu zuten Londresera zihoala entzundakoan. Edo harrituta begiratu zioten elkarri. Nola edo hala, Londres hori baserri bat dela adierazi die morroi gizajoak. Eta horra ipuinaren funtsa: Non da Londres hori? Zer uste duzue erantzun ziela morroiak? Ba horixe bera... Parisen ondoan! Ipuinaren azkenak, ordea, ez du barregurerik ematen.
Espropiazioa egin zuten, bota zituzten baserritarrak, kalte-ordainak eman zitzaizkien noski... Baina jakin beharrekoa da baserritar gehienak maizter zeudela, etxeak eta lurrak Merry del Val markesarenak zirela.
An utzi ditut aran-arbolak
utzi ditut gereziyak
an utzi ditut piko ta udare
sagar gez eta gaziyak
nere biotzan zain bana dute
an dauden arbol guziyak
nere barrena samindutzen du
orrela galtzen utziyak
Patxi Lazkanok, Otxoki baserriko semeak jarritako sail batekoa da bertsoa, 1975ekoa. Bazuen beldur pittin bat ere, kargu hartuko ote zioten, bertsoak oso ezagunak egin baitziren orduan, basakeria baten aurreko ezintasuna eta amorrazioa dotore islatzen dutelako. Altzak ez dauka haltzik, Intxaurrondon ez dago intxaurrondorik. Gelditu den baserri ia bakarra, auzoari izena ematen diona da. Etxe tartean dago eta tintoreria bat dauka beheko solairuan. Baserriak akordu bat besterik ez dira, karriken izenetan ekarria. Babes ofizialeko etxe ugari egin dira, jende uholde bat etorri da auzo honetara, jende xume eta pobrea, kasu askotan. Eta bitxia da, zer pentsatua ematen du: Donostiako erdialdean ez bezala, hiru urtetik hona zabaldu diren taberna guztiek euskarazko izena daukate, tabernari gehienak erdaldunak diren arren.
Gaztelu, Marrutxipi, Mons... nortasun bereziko auzotxo asko ditu garai batean Altzako auzoa zen Intxaurrondok. Gaur berriak sortu dira: Buztintxulo, Sagasti Eder... Multzo berri hauek, ordea, metropoli handiek erabiltzen duten terminologiaz izendatu dira, erdaraz: Intxaurrondo Sur.
Ez litzatekeela berdin barregarria euskaraz?